Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Literatura Unibertsala»Literatura aroak

Literaturaren historia.

Definizioa eta sailkapen irizpideak

Batieelli: «San Agustin bere gelan idazten».<br><br>

 

Literaturaren historiaz

Literaturaren historia da literaturaren jakintzaren lau esparru nagusietako bat ; literaturaren teoria, literaturaren kritika eta literatura konparatua dira beste hirurak. Literaturaren historia eta kritika alderatzea argigarria izaten da historia zer den hobeto ulertzeko : kritikak testuen osagai formalen eta gaien analisi sinkronikoa egiten du, eta historiaren helburua berriz testu horien azterketa diakronikoa egitea da, hau da, une jakin batek iraganarekin (iturrien azterketa) eta haren bilakaera eta etorkizunarekin dituen harremanak zertzea : une horren eraginak eta ondorengoak. Alegia, literatura obrak tradizio literarioan eta genero jakinetan, higikunde edo eskoletan, beren garaiko testuinguru historiko eta sozialean txertaturik, aztertzea da literaturaren historiaren eginkizuna.

Literaturaren historialaria, literaturaren teoriak eta kritikak osatu duten metahizkuntza eta ikerketa metodologia erabiliz, testuen nolakotasuna aztertzen saiatzen da, egile, jatorri eta bilakaeraren kontzeptuetatik abiatuta (datazio arazoak, testuaren konposizio data, testuak jasotako eraginak, iturrien erabilera, etab.), testuaren sailkapena egin (zein generotan, eskolatan, estilotan sartzen den), eta, azkenik, hartzailearen edo harreraren arazoa lantzen du.

Literaturaren historia garrantzi handiko azterketa izan zen XIX. mendean, jakintzako diziplina baten ezagutza eskuratu baitzuen, ikerlari tradizio bikain bati esker : M. Menendez Pelayo Espainian, A. Villemain etaeta J.J. Ampere Frantzian, Schlegel anaiak Alemanian, F.P. Veselovsky Errusian, G.

Ticknor Estatu Batuetan, etab. Baina XX.. endearen lehen erdialdean interesa eta ospea galtzen hasi zen literaturaren kritika eskola berrien hegietan (New Criticism, Estilistika, Nouvelle Critique). Rene Wellek-ek, "Literaturaren historiaren gainbehera" titulu esanguratsua duen artikulu batean (1983), beheraldi hori agertzeko, puntu hauek seinalatzen ditu : XIX. mendeko historiaren literatura gertaeren zientifizismo akritikoa eta ikuspegi egokiaren falta, eta horren ondoriozko "biografia, bibliografia, antologia, gai eta forma metrikoei buruzko informazioaren, iturri, neurketa eta balioztatze saioen nahasketa, «historia literario» deitu zen historia politiko eta sozialean txertaturik...", literaturari berari dagokiona ahaztuta. Alahaina, 1970etik aurrera piztu egin da berriz literaturaren historiari buruzko interesa, bereziki H.R. Jauss eta Konstantzako eskolaren azterlanen ondoren.

H. R. Jaussek, literatura historiografiaren ikerketa metodologia berriztatzeko ahaleginean, objektibotasun historikoaren aurreiritzia baztertzea eskatzen die literaturaren azterlariei, eta testuen harreran oinarrituriko literatura historia bat osatzea. Haren iritziz, harreraren teoriaren bitartez uler daitezke literatura lanen esangura eta forma, historian zehar hartaz egin diren interpretazio desberdinetatik abiatuta. Jaussen iritziz, harreraren estetikaren teoriaren bidez, literatura lanaren esangura eta forma ulertzeazgainera, bere "jarraitasun literarioan" txertatu behar da, literaturaren esperientziaren kokagunearen eta esanahi historikoaren berri izateko. Bestalde, literaturaren historiaren helburua, alde batetik, literaturazko emaitza "bere sistemen jarraitasunean sinkronikoki eta diakronikoki" aurkeztea da, eta, hestetik, historia berezia den neurrian, "historia orokorra"rekin harremanetan jarri behar du. Historia orokor horri dagokionez, eginkizun sozial agerikoa du literaturaren historiak, ez bakarrik funtzio erakusgarria duelako (garai guztietako literaturetan aurki daiteke "existentzia sozialaren irudi ereduzkoa, idealizatua, satirikoa edo utopikoa") ; horrez gainera, "munduaren ulerpen" modu bat adierazten du, eta orobat "gizartearen eginkizun hezitzailea, zeren literaturak, gainerako arteekiko eta gizarte aginpideekiko konkurrentzian, gizakia bere lotura natural, erlijioso eta sozialetatik askatzen baitu".

Literaturaren historiarekin harreman zuzena du literaturaren historiaren zatiketa kronologikoak (aldi edo garaien araberako banaketa, belaunaldi edo higikunde estetikoen araberakoa, etab.), genero, eskola, estiloen araberako ordenamenduak eta sailkapenak ; era berean, literaturaren historiaren baitakoak dira hizkuntzaren historiaren eta literaturaren historiaren arteko harremana, literaturaren historiaren eta haren irakaskuntzaren artekoa kultura eta hezkuntzarekin loturik, etab. Lehenengo biak dira garrantzitsuenak, eta horiexek aztertuko dira ondoren.

 

Literaturaren zatiketa edo sailkapen historiko edo kronologikoa

Literaturaren historia kronologikoki ordenatzen denean, aroa da erabiltzen den irizpide edo ideia nagusietako bat: denbora tarte jakin bat da aroa, literatura lan batzuk eta haien egileak biltzen dituena, nahiz eta horiek berak bestelako ordenamenduetan (edo sailkapenetan) txerta daitezkeen, hala adibidez belaunaldi, eskola, higikunde, joera eta abarretan. Literaturaren garapen kronologikoa hazkunde konplexu batez gertatzen da, zeinaren arabera, C. Guillenen hitzetan, "literatura sistemak modu berezian bilakatzen dira ; osagai batzuen jarraipena, beste batzuen desagertzea, aukera ahantzien ernatzea, berrikuntzen bat bateko agerpena, aukera batzuen beranduko eragina dira modu horren ezaugarriak" . Bilakaera hori kritikoki antolatzeko, eskema kontzeptuala eta metodo egokiak izan behar ditu eskura literaturaren historialariak, haien bitartez literatura sistema desberdinek beren kodeekin duten harremana zehaztasunez eta koherentziaz finkatzeko, eta aipatu diren gertaerak esplikatzeko, alegia, jarraitasuna, desagertzea, berrikuntza, etab.

Eskema teoriko eta metodologia horien bila, historia politiko eta kulturaletik harturiko unitate kronologikoetan zatikatu izan zen hasieran literaturaren historia. Halaxe gertatzen zen Berpizkundeko humanistek zabalduriko historia sailkapenarekin ; adinen araberakoa zen, eta Petrarcarengandik zetorren. Petrarcarentzat hiru adin handietan banatzen zen mundua : Antzinaroa -kulturaren eta letraren Urrezko Aroa (Greziako eta Erromako historiarena)-, Ilunbeen edo mende ilunen Aroa (gero Erdi Aroa deituko zena), eta Aro Berria, argien bersortzea eta modernotasunaren kulturaren zabalkundea ezaugarri zuena, Berpizkundea deituko zena.

Sailkapen hori bakunegia zelarik, eta funtzionaltasun eskasekoa, banaketa xeheago bat etorri zen gero. Horrela agertu ziren mende eta garai kontzeptuak, ardatz gisa pertsona politiko garrantzitsuak hartzen zituztenak : "Periklesen Mendea" (K.a. V.. endea), "Errege-erregina Katolikoen garaia" (XV. mendearen bukaera eta XVI.aren hasiera), etab. Literaturaren historiako eskuliburuetan erabiltzen da gaur mende kontzeptua, eta, mendeen baitan, garaia aipatu ohi da.

Filosofiaren eta kulturaren historiaren alorrean, bada beste kontzeptu funtsezko bat, belaunaldia, literaturaren historianmaiz erabiltzen dena, batez ere Alemanian eta Espainian. Kontzeptu honek, aldiak bereizteko irizpidetzat erabili delarik, oso harrera ona izan du azterlarien artean, batez ere XIX. mendetik XX. mendera doazen higikundeak kronologikoki mugatu nahi izan direnean. Horren arabera, guztiz finkatuak daude espainiar literaturan "98ko belaunaldia" eta "1927ko belaunaldia", nahiz eta aurrenekoari dagokionez, eztabaida handiak izan diren, zeren, kritikari batzuen iritziz, sailkapen horrek analisi egokia eragozten baitu. Baina horixe da, izan ere, sailkapen ororen arriskua : gauzak errazteko asmoz -bestela ezin baitira ulertu, eta banakako kasuetan geratuko ginateke beti- ; "gehiegi" erraztea, eta, zenbaitetan, egia ezkutatzea.

Gaurko historiografiak literatura aroa kontzeptua baliatu du, kezka estetikoak, gaienak edota arau jakinei buruzkoek lotzen dituzten egileak edo lanak kronologikoki ordenatzeko. Honela definitzen du aroa R. Wellek-ek: "(Literatura) arau sistema batek menderatzen duen denboraldi bat, sistema horren sorrera, zabalkundea, ugaltzea, txertatzea eta desagertzea bereiz daitezkeena" . Kontzeptu hau, muga kronologikoak ipintzeko irizpide den neurrian, belaunaldiarekin batera erabil daiteke ; hau da, aro batean zenbait belaunaldi izan daitezke . Literatura aro baten ezaugarri nagusia da nola, mugaturiko denboraldian, gainerakoak "menderatzen" dituen literatura arau eta sistema bat gertatzen den, nahiz eta horrek ez dakarren berdintasun estetikorik garai horretako literatura obra guztietan . Hala, XIX. mendean, bi literatura aroguztiz bereziak izan ziren arren (erromantizismoa eta errealismoa), aurrenekoaren estetika ez zen desagertu bigarrenak erabateko nagusitasuna izan zuenean.

Badira historiografian sarritan erabili ohi diren beste kontzeptu edo irizpide batzuk ere : eskola, higikundea, joera, sistema, etab.

Eskola arte edo literatura elkarte edo taldea da ; kulturaren igorle diren maisuak izaten ditu, ideal estetiko jakinak, eta dizipuluak.

Eskolak eratu zituzten adibidez Proventzako trobadoreek, petrarkistak, La Pleyade-ko kideek, XVIII. mendeko neoklasizismoak ; Euskal Herrian ere izan da eskola inportante bat, Sarakoa (XVII. mendea), Axular buru zuela prosa bikaina sortu zuena. Erromantizismotik aurrera, eskolaren kontzeptuak atzera egin zuen, eta, haren ordez, higikunde eta joerarenak zabaldu ziren.

Higikundea ideal estetiko komunak dituzten idazle edo artista talde batek osatua da, eta, taldekideek, nolabait ere, ideal horiek zabaldu eta bultzatzeko asmoa izaten dute. Wellekek dionez, "borrokan diharduen kolektiboa da, bere buruaren kontzientzia argia izanik, ekintza eta agerraldi jakinak egiten dituena". Higikundeak -eman dezagun, XX. mende hasierako higikunde dadaistak edota surrealistak-, eginkizun kritikoa izan ohi du, aurretik ezarria dagoena hausteko asmoa. Joera kontzeptua, aditu zenbaiten iritziz, aroa-ri dago lotua, lehenagotik datorren pentsamendu hari baten modukoa baita, eta, aroari buruz bigarren mailakoa izanik, hurrengora ere luzatu ohi da. Horren adibide dira, beste askoren artean, Berpizkundean bizirik zirauten Erdi Aroko joerak.