Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Literatura Unibertsala»Literatura

Liburua

Pieter Jamssens : «Emakume bat irakurtzen».<br><br>

Liburua mezu idatzia da, gehienetan inprimatua, aski luzea, jendartean zirkulatzeko pentsatua eta material aldi berean arin eta iraunkorrez egina. Kultura gordetzeko tresna ezinbestekoa izan da literatura' idatzia izan duten zibilizazio guztietan. Tipo mugikorrez inprimatutako liburua, Europan, XV. mendean agertu zen, eta erabateko kultura iraultza ekarri zuen, informazioa, hezkuntza eta kultura ordu arte sekula ez bezala zabaldu baitzituen gizartean. Alabaina, liburuaren jatorria askoz ere lehenagokoa da ; liburu klase hori agertu baino lehen, zuhaitz azal, papiro, pergamino, larru edo buztinaren gainean idazten zen.

 

Antzinako zibilizazioetan

Liburuaren historia hertsiki loturik dago zibilizazioen historiarekin. Kristo aurreko hirugarren milurtekoan, Egipton, papiroa erabiltzen zuten testu sagaratu, politiko, administratibo edo literarioak gordetzeko.

Papiroa bildu egiten zen, eta gero zurezko kutxetan edo buztinezko pitxarretan gorde.

Papiro hauek, batzuetan, ikaragarri luzeak izaten ziren (18 eta are 37 metroko papiroak ezagutzen dira) ; hori zela-eta, obra luzeak papiro diferenteetan idazten ziren.

Ezagutu ahal izan dugun Egiptoko kulturako testurik garrantzizkoena Hildakoen liburua da, Kristo aurreko 1800. urtekoa, gutxi gorabehera.

Mesopotamian buztinezko oholtxoen gainean idazten zen, zeinu kuneiformeekin.

Oholtxo hauek egosi egiten ziren gero. Zibilizazio hartako testuak erlijiosoak, administratiboak eta politikoak izaten ziren, baina baita literarioak ere. Testu zaharrenak Kristo baino lau mila urte lehenagokoak dira.

Ekoizpen idatzia, Txinan, geroago sortu zen. Hasieran erabiltzen zuten materiala zurezko oholtxoa zen. Papera Txinan asmatu zen, Kristo ondorengo 11. mendean.

Lehengai hau, kulturan erabakigarria izan zena, mendebaldean ez zen XIIL mendea arte ezagutu. Arabiarren bitartez iritsi zen, txinarrengandik ikasi eta hartu baitzuten haiek VIII. mendean.Papiro bilkaria Kristo aurreko VII. mendean sartu zen Grezian. Greziako kultura, papiro bidezkoa, izugarri aberatsa izan zen, batez ere Alexandro Handiaren inperioa erori eta geroko aroan, aro hartan jakintsu greziar asko bildu baitzen Alexandrian ; papiro bilduma handiak egin ziren, eta Alexandriako liburutegia eratu zen, antzinaro guztian inportanteena.

Bitartean, Asiako Pergamon larrua erabiltzen zen liburuak egiteko. Han idazteko erabiltzen zen larrua pergamino izenaz ezatzen da. Material honek arrakasta izan zuen, beste hainbat gauzaren artean, erraza baitzen bertan idatzitakoa ezabatzea ; hori delaeta, batzuetan bi testu edo gehiago idazten ziren hurrenez hurren, bata bestearen gainean . Testu bat ezabatu eta gero gainetik beste testu bat idatzita duten hauei palimpsesto deitzen zaie. Pergaminoa, hasieran, bilkarietan biltzen zen, papiroa bezala . Pergamino hauek erosoago erabili ahal izateko, kodize itxura hartzen hasi ziren. Kodizeak antz handiagoa du liburu modernoarekin . Kodizeak egiteko, pergaminoa orrietan moztu eta larruzko zein zurezko bi azalen artean jartzen ziren.

Erroman liburuen salerosketa oso handia izan zen; Greziako literatura eta liburuak argitaratzen ziren, baita erromatarrek berek sorturikoak ere ; horretarako, horretan espezializaturik zeuden jopuek eskriba lana egiten zuten.

Erdi Aroan, eta Erromako Inperioa erori eta gero, garai historikoak nahasiak eta gatazkatsuak izan ziren, halako moldez non erakunde erlijiosoak izan baitziren antzinako jakintza gordetzeaz, eta, hortaz, liburuak gordetzeaz arduratu zirenak. Bizantzio izan zen Greziako kulturaren lehen babeslekua . Ez da inola ere ahaztu behar arabiarren lana ; izan ere, arabiarrek obra klasiko asko itzuli zuten, batez ere medikuntza, matematika eta astronomiari buruzkoak. Horrela, guregana iritsi den jakintzaren zati esanguratsu batek grezieratik arabierarako bidea egin zuen, eta gero berriz arabieratik latinera. Hala ere, eta lehen esan den bezala, Europako mendebaldean ordena erlijiosoen lana erabakigarria izan zen. Beneditarrek, esaterako, kultura gordetzea zuten helburua, eta kultura lanak aztertzen eta kopiatzen zituzten. Geroago, liburua zabaltzeko oso garrantzizkoa izan zen beste gertaera bat unibertsitateen sorrera izan zen.

Unibertsitateek liburua monasterioetatik atera eta gizarte zibilera zabaldu zuten, eta liburuen salerosketa berpiztu.

 

Berpizkundean

Alabaina, liburuaren inguruan gertatu zen iraultza kulturalik garrantzizkoena Berpizkundean gertatu zen, batez ere inprenta sortu zen unetik aurrera. Inprentak ekarri zuen idatzizko kulturak ahozko kultura gainditzea. Edonola ere, liburuaren bidezko kulturaren eztanda baldintza jakin batzuetan gertatu zen.

Hasteko, baldintza sozialak eta politikoak zeuden : nazio bakoitzaren barruan burgesia gero eta boteretsuagoa zen. Burgesia honen ezaugarrietako bat kulturarekiko interesa zen, kulturaren jabe egitea, beste hainbat erakunderen gainetik, sortzen ari zen klase berriaren ikurretako bat baitzen . Hortaz, kultura klasikoa argitaratzeko beharra sumatzen da, baina, hori ez ezik, nazio bakoitzeko hizkuntzan egiten zen kultura zabaltzea ere eragin handiko faktorea da, horixe baita klase berriarekin batera berrantolatzen ari den Estatu modernoaren beste behar politiko bat. Liburuak, informazioa lasterrago zabaltzeko tresna denez, oso eginkizun garrantzitsua bete zuen XV. eta XVI. mendeetako Europan gertatzen ari ziren gatazka guztietan, erlijio gerrak ere barne, iritzi publikoa sortzen baitzuen.

Bestetik, arrazoi komertzialak eta kulturalak ere baziren, aurrekoaren ondorioz inprentarekin lotutako sektore ekonomikoak dinamismo handia hartu baitzuen.Alfabetatzeak gora egin arauz, liburu saltzaileek ez dute nahikoa klasikoen obrak argitaratzearekin ; gero eta gehiago testu berrien beharra sentitzen dute, ideologia humanista eta erreformatzailearen zaleek beren iritzia eta eragina tinkoagotzeko liburuaren beharra sentitzen duten bezala.

Azkenik, baldintza teknikoak ere baziren . Lehena, gehienetan duena baino garrantzi gutxiago ematen zaiona, gainera, paperaren zabalkundea da ; izan ere, askoz ere lehenagotik ezaguna bazen ere, papergintza gero eta aurreratuago zegoen : paperak azal guztiz leuna eskaintzen duen gaia da, alegia, inprimatzeko ezin egokiagoa.

Bestetik, XV. mendean paratu zuten, Lieja inguruan, lehen labe garaia, inprentak behar duen tresneria ekoiztu ahal izateko guztiz beharrezkoa dena.

Baldintza hauek guztiek egiten dute posible tipo mugikorren bidezko inpresioa ; eta testuinguru honetan ordurako iraultzailea zen tresna agertu zen : inprenta.

 

Guttenberg eta inprenta

Asmaziorik eta gertaerarik garrantzizkoenei izen bakar bat atxikitzeko beharraren ondorioz, Guttenberg aipatzen da inprentaren asmatzailetzat. Guttenberg izan zen, noski, asmazio berriaren ohorea jaso zuena, baina ez zen Guttenberg izan inprenta sortzeko ahaleginetan ibili zen bakarra ; aitzitik, liburu inprimatua zer testuingurutan sortu zen kontuan hartzen badugu, ez gara harrituko jakiten dugunean tipo mugikorren bidezko inpresioa sortzeko saio ugari izan zela. Alde horretatik, gauza jakina da Avignonen eta are Holandan ere hainbat saio izan zirela, Guttenbergena arrakastatsuena suertatu zela egia bada ere.

Bestalde, inpresio xilografikoa -hau da, enbor-azalaren gainean egindakoa- mende batzuk lehenagotik ezagutzen zen Txinaneta Japonian, eta Pi Sheng txinarrak, bere aldetik, tipo mugikorren bidezko inpresioak eginak zituen XI. mendean, hau da, Guttenberg baino lau mende lehenago. Egia da, hala ere, Guttenbergen inprentak aise menderatu zituela txinarren saioen emaitzen erabilgarritasuna eta kalitatea.

Lehen inprenta, beraz, 1450. urte inguruan jarri zen abian. Laster zabaldu zen Europan zehar, eta hiririk garrantzizkoenek laster bereganatu zuten asmazioa. Horrela, badira inprentak Kolonian (1466), Estrasburgon (1458) eta Nurenbergen (1470), Alemanian ; Venezian (1469) eta Erroman (1465 urte inguruan) Italian ; Parisen (1472) eta Lyonen (1473) Frantzian. 1480. urterako, Europako ehun eta hamar hirik bazuten beren inprenta.

1450etik 1501. urtea arte inguruan inprimatu ziren liburuek izen berezia hartzen dute : inkunableak dira. Inprimatu zen lehen liburua -edo halakotzat hartzen dena bederen-, Guttenbergen "42 lerroko Biblia" deiturikoa da. Inprimatu ziren lehen liburuak, gehien-gehienetan, erlijio-liburuak izan ziren, Bibliak batez ere. Esaten da hogeita hamar eta hogeita hamabost mila arteko inkunable inprimatu zirela ; batez besteko botaldia bostehun alekoa zela ontzat emanik, horrek esan nahi du hogei milioi ale zabaldu zirela 1450. eta 1500. urteen artean. Horietatik, %70 latinez inprimatu ziren ; %7 italieraz, %6 alemaneraz, %5 frantsesez eta gainerakoa beste hainbat hizkuntzatan . Gaiari dagokionez, erdiak ia erlijio liburuak dira ; literarioek -klasikoek batez ere- %30 hartzen zuten, gutxi gorabehera ; zuzenbideari buruzkoek, %10, eta zientifikoek, beste hainbeste. Garai honetan eragin izugarria izan zuen Luteroren Bibliaren itzulpenak. Izan ere, garrantzi erlijiosoa eta politikoa ez ezik, garrantzi linguistikoa ere oso handia izan zuen, alemanera modernoa finkatzeko eta batzeko balio izan baitzuen. Ikuspegi horretatik, Luteroren Bibliaren itzulpena adibide paradigmatikoa da, eta antzera gertatu zen beste hainbat naziotan.

 

Lehen euskal liburua.

Inprenta Euskal Herrian

Euskaraz inprimatu zen lehen liburua Bernat Etxepareren Linguca I asconum Primitica izenekoa izan zen (1544). Bordelen inprimatu zen. Poesia erlijiosoak eta profanoak nahasten dituen liburua da, Berpizkundearen gustuaren arabera zertuak. Euskaraz agertzen den bigarren liburua Itun Berriaren itzulpena da, Joannes Leizarraga apaizak egina, hainbat itzultzaileren laguntzarekin . Itzulpen hau 1571. urtekoa da, eta Nafarroako erregina kalbinistaren laguntzaz egin zen. Mitxelenak berak aitortzen du euskarak letren plazara izan zuen lehensarrera ezin indartsuagoa eta airosagoa izan zela ; damurik, hasiera horrek ez zuen merezi bezalako segida izan. Honi dagokionez, euskaldunen ustezko letrazaletasun eskasa aipatu ohi du zenbaitek, fenomeno honen zein euskal literaturaren anakronia eta urritasun historikoaren azalpena bilatu nahian ; ordea, azalpen pobrea eta funtsgabea dirudi. Zentzuzkoagoa ematen du pentsatzeak ezen garai hartako ideiarik aurreratuenek eman ziotela arnasa euskal letren hasierari ; Europa guztian gertatzen ari zenarekin koherentea zen ekoizpen literarioa egiteko asmoa susma daiteke. Europako beste hainbat naziotan bezala abiatu zen bidea etetea, baina, literaturatik kanpo dauden arrazoiei egotzi behar zaie, inondik ere ; hau da, latina uztea eta bertako hizkuntzetan idazten hastea Estatu modernoek beren burua sendotzeko eskatzen zuten eskaera ezinbestekoa baldin bazen, eskaera horrek zentzua galtzen zuen euskararen beharrik zuen egitura politikoa desagertuz gero, eta, alde horretatik, ez da ahaztu behar 1512. urtean hasi zela Nafarroako Erreinuaren gainbehera, eta laster desagertu zela mapa politikotik, huraxe zelarik, irizpide soziolinguistikoak kontuan harturik, euskarari eutsiko zion orduko egitura politiko bakarra.

Euskal Herrian izan zen lehen inprenta Iruñean paratu zen, eta bertatik sortutako lehen liburua 1489an argitaratu zen. Guillermo Brocario zen inprimatzailea, Erreinu zaharreko liskar girotik aldentzeko laster Logroñora joan zena. Ondorengoa suhia izan zuen, Miguel Egia, inprenta Lizarran paratu zuena. Bilbok izan zuen Euskal Herriko bigarren eta Bizkaiko lehen inprenta (1578. urtean) eta Baionak hirugarrena, 1642. urtean.

 

Aro modernoan.

Liburuaren etorkizuna

Ilustrazioak erreproduzitzeko prozedura litografikoa XVIII. mendean asmatu zen, eta hurrengo mendean inpresioa era mekanikoan egiteko teknikak. Aurrerakuntza hauek balio izan zuten gero eta liburu eskaera handiagoari erantzuna emateko.

XX. mendean, gero eta aurrerakuntza teknologiko gehiago eta handiago baitago, gero eta lasterragoa eta merkeagoa bihurtu du liburuen ekoizpena, halako moldez non liburua mundu guztiarentzat eskuragarria baita.

Aurrera begira, liburuak gaur egun ezagutzen dugun moduan etorkizunik ote duen eztabaida piztu da. Izan ere, elektronikaren bidezko informazio sareek eta tresna gero eta eraginkorragoek kolokan jar dezakete liburuaren eginkizuna. Lehen liburu elektronikoak sortzen ari diren garai honetan, irekita dagoen eztabaida da.