Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Izadi Jakintza»Izadi jakintza

Ugalketa asexuala

1. Irudia: Ugalketa asexualean, izaki baten ondorengo guztiek aitzindariaren informazio genetiko bera dute (A = B = C…). Sexu bidezko ugalketan, aldiz, ondorengoek bi aitzindarietatik jasotzen dituzte ezaugarriak.<br>

LABURPENA: Ugalketa asexuala oso zabalduta dago izadian, bai izaki zelulabakarretan bai zelulanitzetan. Ugalketa asexualak ez du bi sexuetako izakiek parte hartzea eskatzen, eta izaki baten ondorengo guztiak haren berdin-berdinak dira genetikari dagokionez.

 

Sarrera

Ugalketa asexualak ez du bi sexuetako izakien parte hartzea eskatzen, sexu bidezko ugalketan ez bezala, eta ez da gametorik behar; meiosirik ez da gertatzen, mitosia soilik. Ugalketa mota honen abantaila nagusia da banako bakar batek sor ditzakeela ondorengoak, bikotea osatu gabe; ondorengoek, hala ere, aitzindariaren informazio genetiko berdina dute, hau da aitzindariaren zelula edo zati batetik sorturiko klonak dira.
Gertaera hori mesedegarria izango da baldin eta izaki ugaltzailea ingurunera ongi egokiturik badago eta ingurune horretako baldintzak aldatzen ez badira. Ingurune egonkorretan biologikoki oso baliagarria da ugalketa asexuala, mekanismo bizkorra eta eraginkorra denez eta denbora epe laburrean ondorengoak sortzeko aukera ematen duenez; horri esker berehala ugaltzen da izaki kopurua. Baina ugalketa asexuala duen izakiarentzat eta haren ondorengo guztientzat oso kaltegarriak dira ingurunearen gorabeherak; izan ere, mitosirik gabeko ugalketa denez, aitzindariaren berdinak dira ondorengo guztiak, eta ez dago aldakortasun genetikorik.Sexu gabe ugaltzeko ahalmena izaki batzuek bakarrik dute. Animalietan, ornogabe sinpleetan da ugarien, baina beste erreinu batzuetako izakiek ere egiten dute; hala ere, organismo gehienak ingurune aldakor eta gorabehera handikoetan bizi direnez, sexu bidez ugaltzera behartuta daude motaren iraupena ziurtatzeko.
Ez da nahastu behar ugalketa asexuala birsorkuntzarekin edo izaki bizi batek bere organismoaren parte bat eraberritzeko duenahalmenarekin; ahalmen hori duten animalietan aipagarria da, besteak beste, sugandila, bere isatsa parte bat birsortzeko ahalmena baitu, baina ezin du izaki berri osorik sortu.
Beste animalia batzuek, aldiz, badute ahalmen hori, adibidez itsas izarrak edo zenbait har motek.

 

Ugalketa asexuala organismo zelulabakarretan

Hiru eratakoa izan daiteke: Erdibitzea, fisioa edo zatiketa bitarra (2A irudia). Mota hau da zabalduena; zelula ama izeneko banako bat bi zati berdin edo zelula umetan zatitzen da mitosiaren ondoren.
Ugalketa mota bereziki zabaldua da protozoo eta bakterioetan.
Gemazioa (2B irudia): zelula amari irtenune edo ernamuin bat ateratzen zaio, mitosiaren ondoren zelula horretatik bereizten dena, amaren material genetikoa jasota. Bi zelula umeak neurri desberdinekoak dira, bata bestea baino askoz ere handiagoa. Legamiek egiten dute batez ere, baina animalia zelulanitz sinpleetan ere gertatzen da, besteak beste belakietan (poriferoen phyluma) eta knidarioetan (knidarioen phyluma).Zatiketa anizkoitza, esporulazioa edo eskizogonia (2C irudia): kasu honetan zelula amak behin eta berriz zatitzen du bere nukleoa, prozesu horretan zitoplasma zatitu gabe; zitoplasmaren zatiketa nukleoarenzatiketa amaitu ondoren gertatzen da. Zitoplasma zatitu aurretik, nukleo bakoitza inguratzen dute zitoplasmak eta mintzak, eta horrela zelula amaren baitan zelula asko gelditzen dira elkarren alboan baina aldi berean indibidualizaturik. Ondoren, zelula ama hautsi egiten da eta zelula umeak aske gelditzen dira; mota batzuetan, zelula umeei espora esaten zaie, eta flagelodunak izan daitezke.
Metodo hau erabiltzen dute, batez ere, protista autotrofo eta esporozooek (Apicomplexa phyluma).
Ez da nahastu behar esporen eraketa, hau da ugalketa asexual mota bat, bakterioen esporekin; izan ere, bakterioek kontrako baldintzetan eratzen dituzte esporak, erresistentzia mekanismo gisa, baina ez dute mota bateko izaki kopurua handitzeko ahalmenik.Sarrera

 

Ugalketa asexuala organismo zelulanitzetan

Landareetan gertatzen da batez ere –gutxiago animalietan–, eta hauen artean eboluzio eskalaren maila apalenekoek erabiltzen dute, adibidez, belakiek, knidarioek edo har zapalek (platelmintoen phyluma). Ugalketa asexualaren barnean mota hauek bereizten dira: Gemazioa: izaki zelulabakarretan gertatzen zen bezala, belaki edo knidarioei irtenune edo ernamuin batzuk ateratzen zaizkie, gero ernamuinak hazi egiten dira eta aitzindariaren antzeko egiturak eratzen dituztenean bereizi egiten dira. Ernamuinak gehiago hazi eta izaki heldu bihurtzen dira gero; belakien kasuan mota bat baino gehiagoko izaki helduak bereizten dira, pedunkuludunak batzuk. Animalia horietan, gainera, ernamuina barnekoa izan daiteke, gemula –ur gezatako motetan–, eta zelulei ateratzen zaizkien eranskin esfera itxurakoak dira.
Kontrako baldintzei aurre egiteko ahalmena ematen dieten erresistentzia mekanismoak dira; neguaren hasieran ateratzen dira, eta tenperatura apalak oso jasan ditzakete, eta are lehorteak ere (3B irudia).
Knidarioetan, eta orobat briozooetan (Ectoproctos phyluma), gerta daiteke gemazioz sorturiko izakiak ez askatzea eta aitzindariari itsatsita gelditzea betiko, kolonia eratzen dutela (3D irudia). Kolonia hauen kanpoaldeko itxura landareen oso antzekoa da, eta hori dela eta zoofito eta animalia-landare deitu izan zaie.
Azkenik, onddoetan ere gertatzen da gemazioa (Fungi erreinua).
Zatiketa: antzina, ostra hazleak kezkaturik zeuden beren haztegietan bizi ziren itsas izarrak zirela eta, ostrak jaten baitzizkieten. Izarrek beren ostrak jan ez zitzaten erditik ebakitzen eta berriro uretara botatzen zituzten;baina konturatu ziren gero eta itsas izar gehiago zegoela. Izan ere, itsas izarrak gai dira izaki berri bat sortzeko organismo helduaren zati batetik, zatiketa izeneko prozesuaren bidez. Ugalketa asexual mota bat da; izaki heldu bat bi zatitan edo gehiagotan zatitzen da eta zati horietako bakoitzak du izaki berri oso bat sortzeko ahalmena. Zatiketa luzetarakoa izan daiteke, baldin eta zatiketa planoa animaliaren ardatz nagusiaren paraleloa bada, ala zeharretarakoa, ardatz horri buruz elkarzuta bada. Luzetarako zatiketak dira, esaterako, bakarrik bizi diren koralenak (alegia, koloniarik eratzen ez dutenena) edo itsasoko anemonenak.
Zeharretarako zatiketei dagokienez, aipagarria da estrobilazioa, marmuka askok egiten dutena (knidarioen phyluma). Estrobilazioa egiten duten izakiek beren bizitza zikloaren parte bat itsas hondoan finkatuta igarotzen dute, zeharretarako zatiketak eginez eta zati txikiak edo efirak sortuz, gero izaki heldu bihur daitezen (3F irudia).
Polienbrionia deiturikoa oso ugalketa mota berezia da, ornodunetan aztertua jadanik.
Umekia beste umeki batzuetan zatitzen da ondoz ondoko estrangulazioz. Horrela ugalzen da, besteak beste, Hego Ameriketakoarmadiloa; sexu bidez umeki bat sortu eta gero lau edo zortzi umekitan zatitzen da, eta informazio genetiko bereko umeak sortzen dira. Gizakiaren kasuan, biki monobitelinoak zigoto bakarretik sortzen dira, zigotoaren zatiketaren bidez.
Landare batzuek errizomak edo lurpean etzanetara hazten diren zurtoinak eratzen dituzte (4B irudia), muturretatik hazi eta landare berriak sor ditzaketenak. Horrela ugaltzen dira, besteak beste, lirioak eta lilipak.
Marrubien estoloiak (4A irudia), tipulen erraboilak (4D irudia) edo pataten tuberkuluak (4C irudia) dira beste errizoma mota aipagarri batzuk. Estoloiak lur azalean hazten dira; ernamuinak ateratzen zaizkie muturretan, gero ernamuinek erroak egiten dituzte eta landare berria sortzen da. Lotura estoloiak hil egiten dira eta landareak erroturik eta bakarturik gelditzen dira. Erraboilak, aldiz, lurpeko ernamuinak dira, hostoak dituzte eta erreserba gaiez beterik daude; era honetakoak dira tipula edo baratxuria.
Tuberkuluak ehun masak dira, erreserba gaiez beterik daude eta ernamuinak dituzte (patataren begiak); landare berria sortzeko gaitasuna dute.
Landareek izaki berria sortzeko duten ahalmen hori erabili izan du gizakiak lorazaintzan, nekazaritzan eta basogintzan; izan ere, landare baten zati batetik izaki berri bat sortzeko aukera ematen du ahalmen horrek.
Gizakiak kontrolaturiko ugalketa asexual mota bat litzateke hori, aldaska, txerto edo ukondo edo bidez egiten dena (4E-G irudia).
Propaguluak: oso zabalduta dago landareen erreinuan. Landare ama baten gainean landare ume asko sortzea du ezaugarri nagusia.
Era honetara sorturiko landaren umeek sustraiak dituzte, eta horrela, umea amagandik askatu eta lurrera erortzean gai da bere kasa hazteko eta landare heldua sortzeko.
Goroldioak ugaltzen dira horrela, besteak beste (Briofitoak).Esporulazioa: animaliek ez dute ugalketa modu hau erabiltzen, organismo zelulabakarrek eta onddoek, algek, goroldioek eta iratzeek baizik. Espora batzuk sexu bidez sortzen dira, espora sexualak, baina badaude beste batzuk sexu gabeko mitosiz sortuak, espora agamikoak edo mikrosporak. Espora egitura txiki arina da; nukleoa du, eta zitoplasma zati txiki bat, babes pareta sendo batek inguratua. Ontzi itxurako organo itxietan –esporangioak– era daitezke, ala kanpoaldean, zelula baten gemazioz –exosporak–.