Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Izadi Jakintza»Izadi jakintza

Gizakiaren zirkulazio aparatua

1. Irudia: Bihotza.<br>320

LABURPENA: Zelula asko dituen organismo konplexu orok garraio sistema bat behar izaten du zelulak elikagaiez hornitzeko eta haien hondakinak kentzeko. Gizakian zirkulazio aparatuak betetzen du zeregin hori: odola ibilarazten duen hodi sistema itxi batek (arteriak, zainak eta kapilarrak), eta bihotzak, zirkuitu horren ponpa gisa aritzen den organoak. Bihotza biriken artean dago, perikardioaren barruan bildua. Bi aurikula eta bi bentrikulu ditu barnean, bi erditan edo ponpa desberdinetan banaturik. Bihotzeko paretak hiru geruza ditu (epikardioa, miokardioa eta endokardioa); horien artean miokardioa da aipagarriena, bihotz giharreko ehunaz eratua dagoena. Gihar geruza horren barruan ehun berezi bat dago, ehun nodala; bihotzaren automatismoa erregulatzeaz gainera, horixe da taupada bakoitzean bihotz bulkadaren eramaile.
Aurikulen eta bentrikuluen artean, eta aorta arteriaren eta biriketako arteriaren artean, balbula batzuk daude. Arteriak eta zainak ehunezko hiru geruzek eratutako hodiak dira. Arterietako pareta lodi elastiko eta gihartsua da aipagarria hiru horien artean, bihotz taupadak sorrarazten duen odol presio aldakorra erregulatzen baitu. Zainek garrantzi handiko balbula batzuk dituzte, odolari atzera egiten uzten ez diotenak. Azkenik, kapilarrak hodi mikroskopiko batzuk dira; hor egiten da gai trukea.

 

Sarrera

Zelulen elikaduran zerikusia duten aparatuetako bat da zirkulazio aparatua. Zelula guztiek zelulaz kanpoko ingurunetik (odoletik batez ere) hartu behar izaten dituzte elikagaiak eta oxigenoa, eta ingurune horretara bota behar dituzte orobat metabolismoan sortzen diren hondakinak. Gizakiaren gorputzak, animalia gehienen gorputzak bezala, odola zelula bakoitzera eramango duen garraio sistema bat behar du. Horixe da zirkulazio aparatuaren zeregina: odola organismoko zeluletatik eta zeluletaraino garraiatzea, organismoak bere elikatze premiak ase ditzan.
Gizakiaren zirkulazio aparatuak hodi sistema itxi bat du odola garraiatzeko (arteriak, zainak eta kapilarrak) eta ponpa bat (bihotza), odola hodietan barrena mugiarazteko.

 

Bihotza

 

Ezaugarri nagusiak

Bihotza organo gihartsu bat da; bularrezurrak eta saihetsek eratzen duten aurreko bularralde paretaren atzean dago kokatua, mediastinoan, behean diafragma duela, eta bi aldeetan birikak. Ez dago gorputzaren ardatzarekin simetrian; 1/3 eskuineko aldeari dagokio, eta gainerakoa ezkerrekoari. Alderantziz jarritako kono baten itxura du, erpina aurrerantz proiektatua duela, 5. eta 6. saihetsen artean. Pertsona heldu batean 300-350 gramoko pisua izaten du gutxi gorabehera.Bihotza mintz zaku baten barnean zintzilik dago; zaku horri perikardioa deritza.
Mintz horrek bi geruza ditu: kanpokoa edo berez perikardioa dena, eta barrukoa edo epikardioa. Diafragmari, pleurari eta bularrezurarri itsatsita baitago, perikardioak gogor eusten dio bihotzari. Bi geruza horiek, tartean duten isurkari labaingarri bati esker, bata bestearen gainera irristatzen dira taupadaren higiduren eraginez. Perikardioa elastikoa ez denez, ez du uzten behar baino odol gehiago sartzen bihotzean.
Bihotzak lau barrunbe ditu, bi aurikula eta bi bentrikulu. Izan ere, bi bihotz edo bi ponpa desberdin daudela esan beharko litzateke, eskuinekoa bata eta ezkerrekoa bestea, dagokion zirkuitura (biriketako zirkulaziora eta zirkulazio orokorrera) odola ponpatzeko zeregina baitu ponpa horietako bakoitzak.
Pertsona helduaren bihotzean pareta mehe batzuek zeharo bereizten dituzte bi erdi horiek, eta bereizketa horri esker odol oxigenoz gabetua eta odol oxigenoduna ez dira nahasten. Gizakiaren enbrioi aldian bihotzak ez du bereizketa hori izaten, zulo batek lotzen baititu bi aurikulak.

 

Egitura

Bihotzeko paretak hiru geruza ditu: epikardioa, miokardioa eta endokardioa. Arestian esan dugun bezala, perikardioaren barne geruza da epikardioa. Ehun konektiboaren gainean dagoen epitelio lau batek eratzen du epikardioa.
Miokardioa edo bihotz giharra bihotzeko paretako geruza handi bat da, taupada sorrarazlea.
Gihar ehun batek osatzen du; ehun ildodunaren antzekoa da itxuraz, baina ezaugarri berezi batzuk ditu. Haren zuntzek bana edo bina gune dituzte, Y itxuran daude adarkatuta, eta zubi tartekatu batzuen bidez elkarri lotuta daude. Antolamendu horrek zuntz guztiak elkartzen dituenez, haietako bat kitzikatuz gero, zuntz guztiek erantzuten dute, eta ez kitzikadura jaso duenak bakarrik (gihar ildodunetan gertatzen den bezala).
Aurikuletako eta bentrikuluetako gihar zuntzen artean ez dago jarraitasunik (zuntz ehunak bereizten baititu), eta, beraz, bihotzak bi gihar dituela esaten da: aurikula giharra eta bentrikulu giharra. Ehun nodaleko sorta aurikulobentrikularrari esker, bi barrunbeen artetik transmititzen da bulkada.
Miokardioaren barruan badago bihotz giharrezko ehun espezializatu berezi bat, ehun nodala, taupada bakoitza sorrarazi eta miokardio osoan barrena bizkor eta era koordinatuan hedarazten duena. Sistema nodal horrek lau atal ditu. Lehenengoa nodulu senoaurikularra da (S-A edo taupada markatzailea, taupada sortzen den lekua); eskuineko aurikulako paretan dago, goiko kaba zainaren ondoan. Haren zelulak bihotz giharrekoak baino txikiagoak dira, eta ez dira ia uzkurtzen, aitzitik, taupada abiarazten duten bulkadak sorrarazten dituzte.
Aurikulen bidez gihar zuntzek barrunbe aurikulobentrikularreraino (A-V) igortzen dituzte uzkurtze bulkada horiek. Gune hori aurikulen arteko pareta meheko behealdean dago, eta handik sorta aurikulobentrikularra (Hisen sorta) ateratzen da, zuntz luzeko bi adarrek eratua. Bentrikuluko miokardio osoan hedatzen diren Purkinjeren zuntzak esaten zaien zuntzetan dute adar horiek jarraipena.
Endokardioak estaltzen du barrutik pareta hori. Geruzetan dago estalki hori banatua, horien artean ehun konektibo trinko eta elastikoa duela, eta barrenaldean endotelio mehe bat du estalki gisa.
Aurikulek pareta mehe bat dute; mehetasun hori bat dator haien zeregin nagusiarekin: kaba zainetatik eta birika zainetatik bihotzera datorren odola hartzearekin, alegia. Aurikuletako miokardioa ez da ia uzkurtzen, odol guztia bentrikuluetara aterarazteko adina bakarrik uzkurtzen da.
Bentrikuluetako paretak, berriz, oso miokardio lodia du, ezkerrekoak batez ere.
Zabaltzen direnean odola xurgatzen dute aurikuletatik, eta, uzkurtzen direnean,arterietara botatzen dute; ponpa bultzatzaile bat da, alegia. Zirkuitu orokorra biriketakoa baino askoz handiagoa da, eta horrexegatik da ezkerreko bentrikuluko miokardioa indartsuagoa. Hala ere, odol kopuru bera ateratzen dute bi bentrikuluek bihotzetik kanpora (bihotzaren emaria), bestela zirkuitua trabatu egingo litzateke-eta.
Bihotza odol biltegi bat da, baina ezin du zuzenean elikatu; aortaren hasieratik ateratzen diren bi arteria koronarioen bidez elikatu behar izaten du.

 

Balbulak

Bihotz ponpek balbula multzo bat dute (ponpa mekaniko askok bezala), odolak atzera egin ez dezan. Aurikuletako eta bentrikuluetako zuloek endokardioaren tolesturek eraturiko balbula bana dute. Ezkerrean balbula mitrala (edo bikuspidea) dago, bi tolestura dituena; eskuinean, berriz, balbula trikuspidea, hiru tolesekoa. Balbula horien behealdetik zuntz batzuk ateratzen dira (gihar zainetako lokarriak), balbulak bentrikuluen paretetako irtenune batzuetaraheltzen dituztenak. Bentrikuluetako sistolea hasi denean eta balbula horiek ixten direnean, gihar zainetako lokarriei esker balbulak ez dira aurikulen aldera tolesten.
Beste bi balbulak aortaren eta birika arteriaren irteeran daude; ilargi erdi formakoak edo sigmoideak deitzen zaie (aortakoa eta biriketakoa). Bi balbula horiek endokarpioaren hiruna toles dituzte (balbula trikuspideak bezala), eta ez dute gihar zainetako lokarririk.
Aortako balbularen ondo-ondotik bi arteria koronarioak ateratzen dira.

 

Hodiak

 

Arteriak

Odola bihotzetik kapilarretara eramaten duten hodiak dira. Hiru eratako arteriak daude: elastikoak (aorta, karotidak eta biriketako arteriak; horiek dira handienak), banatzaileak edo txikiagoak (gehienak), eta arteria txikiak. Irudian ikus daitezke gorputzeko arteria nagusiak.
Hiru ehun geruzek eratzen dute hodi hauen pareta: a) barneko geruza (barnekotunika) ezkatadun endotelioz eta zuntz elastiko eta kolagenoz estalia; b) erdiko geruza (erdiko tunika), hori da handiena, eta gihar laua eta zuntz elastikoa duten zuntz askok eratzen dute; c) kanpoko geruza (kanpoko tunika edo adbentizioa) mehea da, eta zuntz elastikoz eta kolagenoz dago osatua.
Arterietako pareta zainetakoa baino gogorragoa da oro har, eta, beraz, odol presio askoz handiagoa izan dezake. Arteria guztiak ez daude berdin osatuta, alde handiak daude arteria handien eta arteria txikien artean; handiek (aorta, biriketako arteriak eta karotidak) lodiagoak eta elastikoagoak dituzte paretak; txikiek, berriz, meheagoak eta ez hain elastikoak. Horrez gainera, arteria txikietako pareta dago; erdiko geruzak gihar zuntz zirkularrak ditu, eta horiei esker erregulatzen da odolak kapilarretara duen iraganbidea.

 

Zainak

Odola kapilarretatik bihotzera eramaten duten hodiak dira horiek. Era askotakoak dira: zain handiak (kaba zainak), axalekoak, erdikoak, txikiak eta zain txikiak. Zainetako paretan ere hiru geruza daude, baina desberdintasunak ditu arterietako paretarekiko: askoz meheagoa da, eta zuntz elastiko eta gihar zuntz gutxiago ditu. Zainetako paretak badu garrantzi handiko bereizkuntza bat arteriakoarekiko: zainek, tarteka, ilargi erdi formako balbula batzuk dituzte, tolesturez eratuak; balbula horiei esker odolak ez du atzera egiten, batez ere behealdeko zainetan, presio hidrostatikoa gaindituz egin behar baitu odolak aurrera. Behealdeko zainetan (hanketakoetan, adibidez) askoz handiagoa da presio hidrostatikoa, eta zain horien erdiko geruza nahiko lodia da beraz.

 

Kapilarrak

Arteriak (arteria txikiak) eta zainak (zain txikiak) lotzen dituzten hodiak dira kapilarrak.
Hodi horietan trukatzen dituzte gaiak odolak eta zelulek (edo zelulak ukitzen dituen zelulaz kanpoko inguruneak), eta hori da, hain zuzen ere, zirkulazioaren helburu nagusia. Kapilarren kopurua oso handia da (10.000 bat milioi), zelula bat bera ere ez dago, beraz, kapilar batetik 0,5 mm baino urrunago.
Arteria txiki baten bukaeraren eta zain txiki baten hasieraren artean kapilar sare konplexu bat dago, eta kapilar horietan barrena ibiltzen da, geldi-geldi, odola. Gainera, bi hodi mota horiek beste era batera lotuta egoten dira askotan. Hodi sistema konplexu horrek osagai hauek ditu: a) arteria txikien eta zain txikien arteko lotura zuzenak, diametroz kapilarrak baino askozhandiagoak diren hodi batzuen bidezkoak; b) arteria eta zain zubiak, arteria txikienen antzeko paretak dituztenak; c) kapilarrak.
Aukera ugari horiei esker, odolaren igarobidea asko alda daiteke, gorputzeko atal bakoitzaren premien arabera. Gainera, arteria txikietako paretan, kapilarren sarreran, gihar zirkularreko esfinter batzuk daude,odolaren igarobide hori irekitzeko eta ixteko aukera ematen dutenak.
Kapilarretako pareta oso mehea da (7 eta 10 mm bitarteko diametroa), endotelio ezkataduneko geruza bakarraz eratua dago (oso zelula gutxi izaten ditu gehienetan), ez du ez gihar zuntzik eta ez zuntz elastikorik, eta oinarrizko mintz mehe batez dago inguratua.