Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Izadi Jakintza»Izadi jakintza

Elikatzea

1. Irudia: A) Venus euli-harraparia, landare haragijale bat. Gizakiaren bizkarroi batzuk. B) Tenia, hesteetako platelminto bat. C) Potro zorria. D) Zigarra. E) Zorria. F) Zimitza.<br><br>

LABURPENA: Izaki biziek kanpotik hartu behar izaten dituzte bizi egiturak eta prozesuak mantentzeko beharrezkoak dituzten elikagaiak; elikatzea deritza elikagai horiek hartzeko prozesuari.

Elikagaiak nola lortzen dituzten kontuan hartuta, autotrofoak eta heterotrofoak izan daitezke izaki biziak. Izaki autotrofoek eguzkiaren energiaren bidez (fotosintesia) edo energia kimikoaren bidez (kimiosintesia) sintetizatzen dituzte beren molekula organikoak, kanpotik hartzen dituzten molekula inorganikoak oinarritzat harturik; heterotrofoek, berriz, kanpotik hartzen duten materia organikotik sintetizatzen dituzte beren molekula organikoak. Elikagaiak nola hartzen dituzten kontuan hartuta, izaki biziak holozoikoak, saprofitoak edo parasitoak izan daitezke.

 

Sarrera

Izaki bizietan gertatzen diren oxidaziozko eta erredukziozko erreakzio kimiko askoren bidez agertzen da bizia; metabolismo esaten zaio erreakzio multzo horri. Erreakzio horien bidez, endekatu egiten dira energian aberats diren kanpotik hartutako gai asko -katabolismoa-, eta energia hartu ondoren beste gai berri batzuk sintetizatzen dira -anabolismoa-. Organismoek kanpotik hartzen dituzten gaiak elikagaiak dira, eta elikatzea da gai horiek hartzeko prozesua.

Inoiz hazirik erein duenak, edo landare baten edo perretxiko baten hazkundeari erreparatu dionak, edo txakur txiki bat izan duenak, antzemango zuen denbora iragan ahala izaki horiek tamainaz eta morfologiaz asko aldatu direla. Aldaketa horiek gerta daitezen, haziak, landareak edo txakur txikiak behar-beharrezko gai jakin batzuk hartu behar izaten dituzte kanpotik, erreakzio kimiko batzuen bidez beren gorputzen baitan eraldatuko direnak; erreakzio kimiko horiei esker, gorputz berri bat ?eratzen? da, gorputz hori konpondu egiten da kalterik duenean (energia ekartzeko beharra molekula berrien loturak eratzeko), eta beste molekula batzuk endekatu egiten dira (energia lortzea).

Izaki biziak tamainaz handitzen diren eta kanpotik hartzen duten erregaiari esker funtzionatzen duten makina gisakoak dira; etengabe ari dira materia eta energia kanpoaldearekin trukatzen. Automobila gasolinari esker mugitzen da; gasolina hori molekula txikiagoz osaturiko gasetan eraldatzen da, eta errekuntza esaten zaion eraldatze horretan molekuletako loturak hautsi, eta energia askatzen dute; hala eta guztiz ere, ibilgailuenaren antzekoa bada ere izaki bizien prozesuaren zati bat -elikagaien endekatzeak askatzen duen energiari esker bizi gara-, badago alderik bien artean, ibilgailuak ez baitu gasolina kopuru bat erabiltzen haztekoedo bere burua konpontzeko, eta izaki biziek, berriz, bai. Gainera, izaki biziek antolamendu maila handia dute, eta energia kopuru handia behar izaten dute antolamendu maila horri eusteko. Molekula organikoak dira izaki bizien erregaiak; batzuetan izaki biziek janarietatik lortzen dituzte molekulak, eta beste batzuetan izakiek berek sortzen dituzte, kanpoko energia erabiliz, eguzkiarena edo gai elkartu kimiko inorganiko batzuena.

Izaki biziek oso makina konplexuetan egiten dituzte eraldatze eta eratze prozesu biokimiko horiek guztiak, zeluletan, alegia.

Animaliek eta protista askok hiru betekizun dituzte, bizirik iraungo badute: jateko bila ibili behar izaten dute ia bere bizitza osoan, kontuz ibili behar dute besteren bazka ez izateko, eta eremu bat behar dute janaria bilatzeko eta inoren harrapakin ez izateko. Horiez gainera, badute ondorengoak edukitzeko premia ere; biologiazko funtzio gehienak arestian aipaturiko betekizun horiek ahalik eta hobekien betetzeko bideak dira beraz.

 

Elikatze motak

Elikatzeak urrats hauek ditu: elikagaiak organismoan sartu, eraldatu, erabili, eta organismoak baliatu ez dituen gaiak kanporatu.

Organismoek zer behar izaten duten kontuan hartuta, bi dira elikatze motak: autotrofoa eta heterotrofoa.

Autotrofoa: izateko eta hazteko behar dituzten molekula organikoak (proteinak, karbono hidratoak, lipidoak, azido nukleikoak) molekula inorganikoetatik sintetizatzeko gauza diren organismoen elikatze motari esaten zaio autotrofo; molekula inorganikoak kanpotik hartu behar izaten dituzte.

Sintetizatzeko behar duten energia eguzkitik hartzen badute (argiaren energia) fotosintesi esaten zaio prozesu horri; gaiinorganikoen (amonio ioiak, burdina, sufrezko gai elkartuak, etab.) oxidaziotik ateratzen badute energia (energia kimikoa), orduan kimiosintesi esaten zaio.

Landareak, bakterio batzuk, algak eta protista fotosintetikoak organismo autotrofo multzoak dira.

Heterotrofoa: era honetara elikatzen dira behar duten materia organikoa gai inorganikoetatik berez ezin sintetizatu duten izaki biziak; materia organikoa kanpotik hartuz, alegia. Hala eta guztiz ere, badute materia organikoa sintetizatzeko halako gaitasun bat; behar dituzten gai elkartu organiko gehienak sintetiza ditzakete, baina kanpotik ekarritako molekula organikoetatik egin behar izaten dute sintesi hori. Xerra bat jan eta txegosi ondoren, xerra horren proteinak banako txikiagoetan hausten dira; banako horiek, peptidoak eta aminoazidoak, gorputzeko zeluletara iristen dira, eta gorputzak behar dituen proteinak eratzeko erabiltzen dituzte zelulek gai horiek. Izaki heterotrofoak horma bat eraikitzeko gauza dira, baina horretarako beste izaki bizi baten horma bota behar dute lehenengo, eta horma horretako adreiluak bereizi; izaki autotrofoak, berriz, gai dira buztina hartu, adreiluak egin, eta eguzkiaren argia edo gai elkartu inorganikoen arteko erreakzio kimikoetan askatzen den energia erabiliz, beren horma eraikitzeko.

Animaliak, bakterio eta protista asko, eta onddo guztiak, heterotrofoak dira; onddoak, jende askok besterik uste badu ere, ez dira landareak, aitzitik, erreinu berezi bat eratzen dute, fungi erreinua.

Organismo soil-soil batzuk autotrofo edo heterotrofo gisa aritzeko gai dira, eta beste batzuk fotoorganotrofoak dira, alegia, argiaren energia hartzen dute, baina gai elkartu organiko jakin batzuk beretu behar izaten dituzte ingurunetik.

Elikatze heterotrofoaren baitan, hiru mota desberdin daude: holozoikoa, saprofitoa eta parasitoa.

Elikatze holozoikoa: era honetara elikatzen dira beste izaki bizi batzuk edo izaki horien aztarnak harrapatzen edo zuzenean irensten, txegosten eta xurgatzen dituzten organismoak.

Multzo honen barnean daude haragijaleak (tigrea, lehoia, otsoa, etab.), animaliak jaten dituztenak, belarjaleak, barazkiak jaten dituztenak (behiak, ardiak, ahuntzak, etab.) eta orojaleak, animaliak eta barazkiak jaten dituztenak (gizakia). Sarraski jaleek (saiak adibidez) animalien gorpuak jaten dituzte, aurrerago aipatuko diren saprofito askok bezala, baina beste era batera elikatzen dira.

Landare haragijaleak ere aipatu behar dira (1A irudia). Organismo autotrofoak dira, eta bizi diren inguruneak -toki zingiratsuak- elikagai jakin batzuk (nitrogenoa) ez dituenez, landare mota honen Europako aldaerak intsektuak harrapatzen ditu, eta Borneoko eta Malaysiako aldaerek, berriz, txori txikiak eta ugaztunak; harrapakin horien proteinetatik lortzen dute lurretik ateratzerik ez duten nitrogenoa.Elikatze saprofitoa: era honetara elikatzen dira berak usteltzen dituzten animalia edo landare aztarnez elikatzen diren organismoak.

Horrela elikatzen dira bakterioak, onddo asko eta desegile esaten zaien intsektu batzuk.

Organismo horiek garrantzi handia dute izadian, materia ?birziklatzen? egiten duten lanagatik. Izaki biziak hiltzen direnean, ?mineralizatu? egiten dituzte, eta izaki horien organismoen baitan zeuden elementu inorganikoak autotrofoen esku uzten dituzte berriz. Saprofitorik ez balego, landare eta animalia hilen barnean geldituko lirateke elikagaiak.

Honela elikatzen dira: txegoste entzimak isurtzen dituzte elikagaien gainean, etahorrela eratu diren gai solugarriak xurgatzen dituzte gero; bakterioek eta onddoek beren gorputzaz zuzenean xurgatzen dituzte gai horiek.Elikatze parasitoa: beste izaki batzuen ehunetatik zuzenean elikatzen diren organismoen elikatzeko era da hau. Bizkarroia bizi den animaliari edo landareari ostalari esaten zaio; parasitoari, berriz, arrotz.

Parasito batzuk kanpokoak edo ektoparasitoak dira (1 C-F irudiak), intsektuak eta akaroak adibidez: akainak, arkakusoak, potro zorriak, zimitzak, zorriak edo zigarrak (1 C-F irudia); ez dira oso arriskutsuak izaten ostalariarentzat. Beste batzuetan, parasitosia barnekoa izaten da, eta orduan endoparasitoak alditxar biziagoak eragiten ditu; protozoo asko endoparasitoak dira eta gaixotasun larriak sortzen dituzte: ameba batzuek, tripanosomek, edo malaria sortzenduen Plasmodiuma, besteak beste. Har zapalen artean ere endoparasito ugari dago: tenia (1 B irudia) -gizakien hesteetako endoparasitoa-, gibeleko duela.. Trikina, gizakiengan bizi den beste parasito bat, nematodo bat da.

Ziurtasun osoz esan daiteke ia animalia guztiek mota bateko edo besteko parasitoren bat izan dutela beren bizitzako uneren batean; parasitoek berek ere parasitoak izaten dituzte batzuetan, hala arkakuso batzuetan bizi diren protozoo jakin batzuk. Nolanahi ere, parasitoak oso gutxitan hiltzen du ostalaria, ondoezak sortzen dizkio, batzuetan larriak eta besteetan arinak; heriotza eragiten duten parasitoei parasitoide esaten zaie. Birusak, eta bakterio eta onddo asko, dira gizakiak izaten dituen parasitoak.

Harrigarria da parasito batzuk morfologiaren aldetik nola egokitzen diren ikustea.

Parasitismoa ez da soil-soilik animalien erreinuan, eta monera edo fungi erreinuetan gertatzen; landare jakin batzuek beste landare batzuetan parasito gisa bizitzeko gaitasuna dute, behar dituzten elikagaiak landare horietatik atereaz. Landare parasito batzuek zeharo galtzen dute fotosintesia egiteko ahalmena, eta berez izaten dituzten egiturak eta pigmentuak orobat; beste landare batzuek fotosintesia egiteko halako gaitasun bat izaten dute hala ere, mihurak (Viscum album) adibidez, sorginek hain maite zutena, eta Euskal Herriko zuhaitz askotan maiz agertzen dena.

Organismo heterotrofo guztiek, zeinahi ere dutela elikatzeko modua, eguzkiaren energia hartzen duten autotrofoetatik lortzen dute energia; horrexegatik gure planetako bizitza, gaur egun ulertzen dugun moduan, eguzkiaren mende dago azken batean.

 

Oinarri-oinarrizko elikagaiak

Animaliek sintesi ahalmen handia dute; ura, gatz mineralak eta oinarrizkoak esaten zaien gai elkartu organiko batzuk kanpotik hartu behar izaten dituzte hala ere. Gai elkartu organiko horien artean oinarrizko aminoazidoak, azido gantzatsuak eta bitaminak dira aipagarrienak. Oinarrizko elikagaiak ez dira berdinak izaten izaki mota batzuetan eta besteetan; adibidez, animalia batzuek C bitamina sintetiza dezakete; gizakiak, berriz, ezin du hori egin.

Antzeko zerbait gertatzen da landareetan; uraz gainera, gatz mineral jakin batzuk behar izaten dituzte nahitaez elikatzeko; 16 dira landareek hazteko eta ugaltzeko behar dituzten oinarri-oinarrizko elementuak (karbonoa, oxigenoa, hidrogenoa, nitrogenoa, potasioa, kaltzioa, magnesioa, fosforoa, sufrea, kloroa, burdina, boroa, manganesoa, zinka, kobrea eta molibdenoa.)