Izadi Jakintza»Izadi jakintza
Zitoplasma I.. itosola eta zitosoleko egiturak
Laburpena: Bada zelularen barruan osagai lauso eta zehazgabe bat, zitoplasma “amorfo”
moduko bat, zelularen organulu gehienek ez bezala, egitura sendorik eratzen ez duena eta mintzez
inguraturik ez dagoena: zitosola edo hialoplasma. Gai askotariko nahastura bat da, eta,
neurri handi batean, proteinez osatua dago. Zitosolaren betekizun nagusia bitarteko metabolismoari
laguntzea, gantzak eta gluzidoak metatzea, eta, erretikulu endoplasmatikoan sintetizaturik,
proteinak garraiatzea da.
Zitoeskeletoa, berriz, halako sare gutxi-asko trinko, zabal eta aldakorra da, elkarren artean
gurutzaturik dauden hari edo harizpi moduko batzuez osatua. Hiru osagai mota nagusi ditu:
mikrotubuluak, aktina harizpiak eta bitarteko harizpiak. Hiru osagai horietako bakoitzak osakera
eta betekizun bereziak ditu; proteinez osatuak daude hirurak, eta zelularen mugimenduekin
eta itxuraldaketekin zerikusia duten zereginetan parte hartzen dute.
Zentrioloek, zitoeskeletoko mikrotubuluek bezala, proteinazko osagaiak dituzte. Binako
multzoetan aurkitzen dira animalien eta zenbait landareren zeluletan. Zelula zatiketa bitartean
mitosi aparatua eratzen eta eragiten parte hartzen dute. Haien oso antzeko beste egitura batzuk
zilioen eta flageloen gorputz basalak dira.
Zilioak eta flageloak hari gisako egitura beraren aldaerak dira; mikrotubuluz osaturiko zilindro
modukoak dira, mintz plasmatikoz inguratuak. Zelulak mugiarazten dituzte, eta, gainera,
beste betekizun batzuk ere badituzte, hala nola inguruan dabiltzan zatikiak harrapatzea, estimuluak
edo kitzikadurak hautematea, etab.
Sarrera
Zitoplasma da inondik ere zelula eukariotoan
bereizi ohi diren hiru osagai nagusietarik
konplexuena. Osatzen duten egiturek
zelularen eginkizun gehienetan parte hartzen
dute, elikaduran batez ere; ez zaio alferrik
zelularen “makina gela” deitzen.
Zitoplasmaren barruan bi egitura modu
bereiz daitezke: batetik, organuluak, bere
mintzean ongi bildua eta bereizia bakoitza,
eta, bestetik, zitosola, halako masa gutxiasko
isurkari bat, era berean hainbat egituraz
osatua (zitoeskeletoa, zentrioloak, zilioak
eta flageloak).
Zitosola
Egitura nolabait mugatua duten osagai
guztiak zitoplasmatik kendu ondoren geratzen
dena da zitosola (edo hialoplasma).
Zitosolaren hedadura, beraz, urrituz joan da
zelulari buruzko ezagutza aurreratu den
ahala. Izan ere, XIX. mendeko zientzilari
batentzat ia zitoplasma guztia zen zitosola.
Plasma garden moduko bat da, urez osatua
neurri handi batean (%70-90), eta proteinez
(%20), eta baita beste gaiez ere (ioiak,aminoazidoak, transferentziazko RNA, eta
metabolitoak). Zelulak zer premiak dituen
baina, aldeak daude haren osakeran zelulatik
zelulara. Nahastura gutxi-asko gelatinatsu
bat da, trinkotasunari dagokionez lingirdatsuagoa
aldi batzuetan eta beste batzuetan
isurkariagoa. Tasun fisiko horiek direla eta,
bera da zelula organuluen euskarri nagusia,
haiek igeri eta batetik bestera dabiltzan
ingurunea.
Zitosolak jarduera kimiko handia du.
Han gauzatzen da bitarteko metabolismoa,
gluzidoen eta lipidoen metabolismoak
dituen erreakzio kimiko guztiekin (glikolisia,
esate baterako). Baina berdin balio du
erreserbako gantzak eta gluzidoak metatzeko
eta proteinen parte bat garraiatzeko. Ez
da harritzekoa beraz milaka entzima izatea
erreakzio horien guztien katalizatze lanean.
Gantzak tanta txiki biribil moduko batzuk
eratuz metatzen dira zitosolean. Gantz tanten
kopurua ez da berdina zelula mota guztietan.
Gantz ehunetako adipozitoetan, adibidez,
biltegi edo tanta bakarra eratzen dute,
zeinak ia zelula osoa hartzen baitu. Gluzidoak,
berriz, ale trinko moduko batzuk eratuz
metatzen dira animalia zeluletan, glukogeno
gisa. Era horretako aleak ugariak dira hepatozitoetan
eta gihar zuntzetan.Ez ahaztu proteinak erribosometan fabrikatzen
direla, eta erribosomak zitosola ukitzen
dutela daudela. Proteina molekula batzuk
zitosolean askatzen dira, eta handik
beste organulu batzuetara igaro daitezke
(zelula gunera, mitokondrietara, kloroplastoetara,
etab.), edo zitosolean bertan gelditu
betiko. Proteinen erdiak zitosolean bertan
geratzen dira, eta horietako asko zitoeskeletoa
osatzen duten hainbat motatako harizpiak
fabrikatzeko erabiltzen dira.
Zitoeskeletoa
Mikroskopio elektroniko modernoen
bidez ondo ikusten da zitosolak hodi eta hari
itxurako egitura sare bat duela bere baitan.
Egitura hori oso egitura konplexua eta aldakorra
da, eta zitoeskeleto esaten zaio. Zitoeskeletoan
hiru osagai bereizi dira gutxienez,
proteinez osatuak guztiak: mikrotubuluak,
aktina harizpiak eta bitarteko harizpiak.
Mikrotubuluak hodi zilindriko barrenhuts
moduko batzuk dira, 25 nm inguruko
diametroa dute, eta tubulina proteinaren
molekula askoren elkarketaz osatuak daude.
Egiturak tximinia batena gogorazten du,
hutsa barrutik eta adreiluz osatua; “adreilu”
horietako bakoitza bi esfera elkartuz eratua
dago (esfera bakoitza tubulinaren azpibanako
bat da). Banako edo adreilu horiek
herrenkan lerrokatzen dira, eta lerro horietako
bakoitza protoharizpi bat da; protoharizpi
sorta batek mikrotubulu bat osatzen du.
Banako horiei aise gehitzen edo kentzen
zaizkie beste batzuk, eta, beraz, mikrotubuluak
etengabe ari dira luzatzen edo laburtzen.
Mikrotubuluek zenbait egitura eratzen
dituzte, zentrioloak, zilioak eta flageloak,
adibidez, hala nola zitosoleko zuntz banako
pila bat ere.
Zelulari bere forma gordetzen laguntzearekin
eta zelulako organulu batzuk mugiaraztearekin
zerikusia duten zereginak betetzen
dituzte. Ardatza eta asterra osatzen
dutenez, mitosiko kromosa bikoiztean parte
hartzen dute. Animalien zeluletan ikusi
denez mikrotubuluen eraketan zerikusi handia
du zentrosoma osatzen duen zentriolo
pareak. Goi mailako landareen zeluletan,
ordea, ez da halakorik gertatzen, ez baitute
zentriolorik.
Aktinazko harizpiak (8 nm) aktina proteinaren
(giharretako proteina ezaguna,
zelula eukariotoetan ugarienetako bat, zelula
proteina guztien %10) azpibanakoz osaturik
daude. Zitoplasman barreiaturik izaten
dira aktina harizpiak, baina zelula
askotan mintz plasmatikoaren aldean pilatzen
dira, mintza sendotzen duen azal
moduko bat eratuz. Aktina azpibanakoak
globo baten itxurako proteina molekula txikiak
dira, eta helize trinko moduko bat eratuz
elkartzen dira. Zenbait proteina motarekin elkartzen dira beren funtzioak betetzeko:
gihar zeluletan, miosina harizpien artean tartekaturik,
giharra uzkurrarazten dute; beste
zelula mota batzuetan, uzkurtze eta zabaltze
mugimenduetan, zitoplasmaren itxuraldaketan,
zelulek geruza sendoak eratzeko egiten
dituzten elkarketetan, etab. parte hartzen
dute. Orobat hartzen dute parte zitoplasmaren
zatiketan (zitozinesian, alegia), mitosiaren
ondoren.
Bitarteko harizpiak 8-12 nm dira lodi; hau
da, aurreko harizpi motei buruz, haien “bitarteko”
lodiera dute, eta horregatik dute izen
hori. Zitoeskeletoko beste egiturak baino
sendoagoak dira, eta aktina eta tubulina ez
bezala –globo itxura dute hauek–, zuntzezko
proteinez osaturik daude. Sendoak direnez
gero, zelularen eta gunearen euskarri dira (oso
ugari izaten dira gunearen inguruan), eta
hezurdura baten zeregina betetzen dute,
beraz. Betekizun hori bereziki garrantzitsua
da tentsioak jasan behar dituzten zeluletan
(epiteliokoetan, neuronaren axoikoetan,
giharretakoetan, etab.). Dirudienez, zelularen
mugimenduan ere laguntzen dute.
Zentrioloak
Zilindro itxurako organulu barren-hutsak
dira zentrioloak, 200 mm zabal eta 400 mm
luze, gutxi gorabehera. Zilindroaren paretak
bederatzi mikrotubulu hirukotez (A, B eta
C) osatuak izaten dira, eta tubulina protoharizpiz
osatua da mikrotubulu bakoitza.
Zentrioloak diplosoma izeneko bikoteak
eratuz (lehenagoko zientzialariek zentrosoma
deitzen zuten hura) aurkitzen dira animalien
zelula gehienetan eta behe mailako
landare batzuenetan. Bikotea osatzen duten
bi zentrioloak zutak dira elkarri buruz. Berez
ugaltzeko gaitasuna dute, eta ugaltzean
–zelularen zatiketa hasi aurretik gertatzen
da hori– sortzen diren bi diplosomak mitosiaparatuko polo banatan kokatzen dira.
Hain zuzen ere zentrioloen jarduerak zerikusi
handia du delako mitosi aparatu horrek
kromosomen banaketan betetzen duen zeregin
garrantzitsuarekin.
Bada oraindik zentrioloei oso lotua dagoen
eta antzeko egitura duen beste gorputzik,
zilioen eta flageloen oinarri diren gorputz basalak
edo kinetosomak, hain zuzen. Mikrotubuluen
proteinen sintesiaz arduratzen den DNA
aurkitu da duela gutxi organulu horietan.
Zilioak eta flageloak
Zelula eukariotoen gainaldean izaten
diren ile gisako egitura mehe-meheak dira
(0,25 µm-ko diametroa). Oso antzekoak
dira biak, baina flageloak zilioak baino luzeagoak
dira. Organismo zelulabakar higikor
askotan izaten dira, eta baita zelulanitz batzuen
ehunetan ere (gizakiaren trakeako eta
bronkioetako epitelioan, espermatozoideetan,
usaimen zeluletan, etab.).
Zilioen eta flageloen barne egitura berdina
da, eta gorputz basalen oso antzekoa, gorputz
horietatik sortuak baitira. Bederatzi
mikrotubulu bikote (eta proteina batzuk
haiei lotuak) dituzte inguruan, eta beste
mikrotubulu bikote bat erdian (“9 + 2” esa-
170ten zaio egitura modu horri). Erdiko mikrotubuluak
osorik daude (hau da, 13 protoharizpiz
osatuak), baina inguruko mikrotubulu
bikoteetan bat osoa eta bestea osagabe dago
(11 protoharizpi besterik ez). Egitura horri
zelula eukarioto guztietan azaltzen da, hala
protozooenetan nola gizakienetan. Lehenago
ere esan den bezala, gorputz basalenaren
luzagarriak dira egitura horiek, baina haiek
baino mikrotubulu bat gutxiago dute inguruan,
eta, haiek ez bezala, mikrotubulu bikote bat dute erdian. Flageloak zentrioloetako
batetik sortuak izaten dira, espermatozoideen
zelula ametan ikus daitekeen bezala.
Zelulak mugiaraztea, zatikiak (elikagaiak
izan edo ez) beretzea, kitzikadura hautematea
etab. dira zilio eta flageloen betetekizun
nagusiak. Gizakiaren sudurreko edo bronkioetako
muki mintzeko zelula ziliodunak,
adibidez, garrantzi handiko zeregina dute
arnasbideetan barrena sartzen diren hauts
zatikiak (gizakiarentzat kaltegarriak) harrapatzen.
Garrantzi handikoa da espermatozoideetan
ere, flageloaren laguntzarik gabe
hura ez baita ernalketarako gauza.