Izadi Jakintza»Izadi jakintza
Lipidoak
LABURPENA: Lipidoak oso izaera heterogeneoko gaiak dira, funtsean karbono,
hidrogeno eta oxigenoak osatuak, nahiz eta askotan fosforoa, nitrogenoa edo sufrea ere
badituzten. Lipidoetako lehen talde batek gantz azidoak dauzka bere molekuletan, hau
da, katea hidrokarbonatu luzeko gai organikoak. Azido horiek ez edukitzea da gainerako
lipidoen ezaugarria.
Lipidoen funtzioak era askotakoak dira, baina erreserba-energia izatea da ezagunena.
Isolatzaile termikoaren eginkizuna dute babes funtzioetan, eta baita metabolismoaren
egiteko oso berezietan ere, lipido horietako batzuk bitaminak edo hormonak baitira.Lipidoak definitzerakoan, oro har, izaera
guztiz heterogeneoko biomolekulak direla
esan daiteke; karbonoa (C), hidrogenoa
(H) eta oxigenoa (O) dituzte gehienetan osagaiak,
molekula handiak moldatzeko elkarturik,
osaketa horietan aipatu diren lehen bi
bioelementuak izan ohi direlarik nagusi. Fosforoa
(P), nitrogenoa (N) eta sufrea (S) ere
zenbaitetan lipidoen osagai izaten dira.
Lipidoak, izaera askotariko gaiak izan
arren, talde bakarrean bildu dira, haiena
guztiena den tasun sail bera dutelako:
- Uretan, eta orobat ura bezala polobidunak
diren disolbatzaileetan ere, disolbaezinakizatea. Beste isurkari ez polarrek (bentzenoak,
kloroformoak, metanolak edo eterrak),
aldiz, erraz disolbatzen dituzte. Lipidoen
molekulen konposizioan aurkitzen da
berezitasun horren arrazoia, halakoetan
lotura kobalente baten bidez (1. irudia)
elkartzen baita karbonoa hidrogenoarekin
kasurik gehienetan, eta horregatik ez da ura
bezalako disolbatzaileen bipolaritateak eragina
izan dezakeen atomo kargaturik gelditzen.
Lotura horren bidez elkarturiko atomo
multzoei dagokienez, oso gutxitan baizik ez
da gertatzen elektroiak haien osagai baten
aldera aldatzea; molekularen zati txiki horiei
ioitzea gerta dakieke, baina horrek ez du eragiten
molekularen disolbagarri izatea.
- Gai oso erreduzituak dira, hots, hidrogeno
atomo asko dituztenak. Hidrogenoak
beste molekula batzuei uzten ahal zaizkie
(H + eta elektroi moduan) oxidazio-erredukzio
erreakzioetan. Erreakzio horiek dira
katabolismoan energia ematen dutenak;
horrexegatik, hain zuzen, oso molekula
energetikoak dira erreakzio katabolikoz prozesatzen
direnean.
Lipidoen funtzioak askotarikoak dira; halaxe
baitagokie, hain zuzen ere, horren biomolekula
heterogeneoei. Horietako garrantzitsuenen
artean honako hauek aipa daitezke:
- Izaki bizien egituraren nahitaezko osagaiak
dira, haietako batzuk nagusi baitira
zelula mintzaren osaeran.
- Energia iturri dira izaki bizientzat.
- Isolatzaile termiko eta organismoen barneko
babes elementu gisa jokatzen dute.
- Inmunitate fenomenoetan parte hartzen
dute, zeluletako mintzen markatzaile gisa
baitihardute.
Lipidoak beren artean hain molekula desberdinak
izanik, ezin daitezke denak batera aztertu,
non eta ez bada aldez aurretik egiten horiek guztiak ulertu eta ordenatzeko aukera emango duen
sailkapen ahalegin bat (I. Koadroa).
Lipido Saponifikagarriak
Gantz azidoak izatea da lipido mota honetako guztien ezaugarri komuna, beti izaten baita molekulen barruan.
Gantz azidoa definitzerako, esan daiteke molekula hidrokarbonatua (karbonoz eta hidrogenoz osatua) dela, lineala eta aski luzera handikoa (6 karbono atomo baino gehiagokoa), mutur batean karboxilo talde bat daramana (-COOH, azido funtzioa kimika organikoan).
Gai organikoetan gutxitan aurkitzen dira gai hauek berez aske. Ohikoa izanagatik ere, ezezagauna den zerbaitek adibide gisa balio ahal izango du. Oliba olioa duten botiletan beti “azidotasun gradua” adierazi ohi da, 0,4tik (olio horixka) 1erainokoa (lehen zanpaldiko oliba olioa, berde kolorekoa); zenbaki horrek produktu horretan (olioan, alegia) libre aurkitzen diren azido oleikozko (gantz azido mota bat da) molekulen portzentaia adierazten du, besterik gabe; sukaldaritzarako garrantzi handiko datua da, lehen zanpaldiko oliba olioa “oso sendoa” izaten delako.
Izadian gehien aurkitzen diren gantz azidoek karbono atomoen kopuru bikoitia izaten dute, nahiz eta badiren kopuru bakoitiko batzuk Monera erreinuan, bakterioen osagai direnak (II. koadroa).
Gantz azidoen katea osatzen duten karbono atomoak lotura kobalente bakunez egon daitezke elkarri loturik (hau da, lotura bakarra beti bi karbonoen artean); halakoak gantz azido aseak dira. Gerta daiteke, orobat, karbono atomo pare baten edo pare gehiagoren artean bi lotura kobalente (lotura bikoitza) izatea; halakoak gantz azido asegabeak direla esaten da. Horiek izan dezakete katea osoan lotura bikoitz bakar bat (monoenoikoak edo monoasegabeak), edo izan ditzakete lotura bikoitz bat baino gehiago (polienoikoak edo poliasegabeak).
Gantz azidoetan lotura bikoitzak izatea ala ez izatea garrantzi praktiko handiko gauza da; hori herri hizkeran ere nabarmentzen da. Hala, eskuarki, “gantza” (animalia jatorrikoa normalean) eta “olioa” (landareetatik lortua normalean) bereizi egiten dira, bi gai koipetsu eta disolbaezinen erreferentzia egiten denean (maila honetan ezaguna ez bada ere, gantz azidoak sartzen dira haien konposizioan); ingurukotenperaturan lehena gotorra eta bigarrena isurkaria
izatea da bien arteko bereizgarria.
Gantz azidoen urtze puntuari erreparatuz
gero, aise ikus dezakegu molekula luzera
handiagokoek urtzeko puntua garaiagoa
dutela. Hori logikoa da, zeren eta gantz azidoak
zenbat eta luzeagoak izan, molekula
desberdinen arteko loturak eratzeko (Van
der Waals-en indarrak) aukera gehiago baitago;
gainera, lotura bakunak bira egin dezake
eta modu horretara molekula “bihurritu”
egin daiteke eta konformazio asko har dezake
(2. irudia); horrek guztiak molekulak
elkartzen eta gorputz gotor bat sortzen
laguntzen du. Nolanahi ere, gantz azido asegabeen
urtze puntuak katearen luzerari
legozkiokeenak baino askoz apalagoak dira
(azido estearikoarena eta oleikoarena konparatu
besterik ez dago); hori lotura bikoitzak
daudelako gertatzen da, molekulak espazioan
ordenatzeko aukera gutxiago dagoelako.
Lotura bikoitza beti bihurgune finkoa da
katea linealean, katea hau biratu ezinik gertatzen
da eta, modu horretara, nekezago ager
daitezke molekula desberdinen arteko loturak.
Hala, ondorio orokor batera iristen gara:
inguruko tenperaturan gantz azido asegabeak
isurkariak dira, baina azido aseak ez.
Elikaduraren alorrean berebiziko garrantzia
du egoera fisikoaren desberdintasun horrek.
Esaterako, gurinen osaketa zehazki aztertzenda: “animalien” gantz azidoez (eta ez beti behi
esnetan daudenez bakarrik) eratuak dira, eta
horregatik inguruko tenperaturan gotorra izan
ohi da. Dena den, azken aldiotan elikadura
“naturala” eta kolesterolaren fobia (ikus geroago)
modan daudela eta, margarinak, gotorrak
hauek ere baina “landare olioetatik” sortuak,
boladan jarri dira. Olio horiek gotortzeko trikimailua
zera da, olio horiek hidrogenatzea,
hots, molekulan hidrogenoa sartzea, horrela
lotura bikoitza hausteko eta produktuaren
ezaugarriak aldatzeko; eta horrenbestez produktu
hori ez da, zinez, batere “naturala”.
Gantz azidoek urarekiko duten jokabide
anfipatikoa da biologiarako garrantzi handia
duen beste ezaugarri bat; horren arrazoia gantz
horiek duten osaera da: izan ere, badituzte,
alde batetik, disolbatzaile polarrekin batu ezin
daitekeen eta katea hidrokarbonatuz osatua
den alde hidrofobo bat, eta bestetik, beste alde
hidrofilo bat, karboxilo taldeaz eratua. -
COOH multzoa kargak desorekaturik dauzkan
atomo talde bat da (3. irudia); horregatik,
hain zuzen, urak ioitu dezake, eta dagozkion
ioi hidratatuak, H + eta -COO – , eman ditzake.
Ezaugarri horri esker gantz azidoek dispertsio
koloidal bat eratzen dute, hau da, urarekiko
afinitatearen arabera orientaturiko molekula
multzo txikiak, mizelak deituak. Zelula
mintzaren egituraren oinarria dira mizelak.
Gantz azidoen beste ezaugarri batzuk
garrantzitsuak dira, biologiaren ikuspegitik ezezik,
kulturaren ikuspegitik ere bai (4. irudia).Esterifikazio erreakzioaren bidez gantz azidoak
alkoholekin elkartzen dira eta ester bat
ematen dute, ur molekula bat galduz. Erreakzio
hori lipido bakun guztien oinarria da.
Baseekin ere elkartzen dira, xaboia sortuz
(III. koadroa); erreakzio horri saponifikazio
deritza. Gure birramonetako asko benetako
maistrak ziren sukaldetik sobratzen ziren
gantza eta olioak, sutan jarritako pertz batean,
sosarekin nahasi eta xaboi puskak egiten.
Azken erreakzioa autooxidazioa izenekoa
da, hots, zenbait gantz azidotan agertzen diren
lotura bikoitzen eta oxigenoaren arteko erreakzioa,
aldehidoak ematen dituena. Horiei
egotzi behar zaie janarien “mindu kutsu” ezagun
hori. Horregatik kontserbatzen zailak izaten
dira lipido asegabeak dauzkaten janariak,
izoztuta daudelarik ere. Haragiekin (arkumea,
oilaskoa) eta zenbait arrain oso koipetsurekin
erabili ohi den trikimailua zera da, gantza
kentzea izozten jarri aurretik. Ugaztunen dietan
gantz azido jakin batzuk ez izateak gaixotasunak dakartza, sintoma guztiz konplexuak
agertzen dituztenak. Ikerketen arabera, gabezia
hori bi gantz azidori dagokie: linoleikoa eta
linolenikoa. Ugaztunek ezin dituzte azido
horiek bestelako gaietatik sintetizatu, horregatik
funtsezko gantz azidoak deritzaie. Gainera
oinarrizkoak dira prostaglandinak sortzeko;
prostaglandinak, hain zuzen, funtzio biologiko
askotan dira beharrezkoak.
Saponifika daitezkeen lipidoen artean gai
elkartuen bi familia bereizten dira, beraietako
molekulek duten konplexutasunaren arabera:
- Lipido bakunak:
+ AzilglizeridoakAzilglizeridoak gantz azidoen eta polialkohol
baten (glizerinaren) ester bezala defini
daitezke. (5. irudia).
Glizerina edo propanotriola trialkohol bat
da, horregatik gerta daiteke berorreran alkohol
esterifikatu bakarra aurkitzea (monoazil-
91glizeridoa), bi aurkitzea (diazilglizeridoa)
edo hiru aurkitzea (triazilglizeridoa).
Izaki biziek erreserba gisa baliatzen dituzte
gai hauek, balio energetiko handia baitute,
gluzidoena edota proteinena baino handiagoa:
hauek mol bakoitzeko 4 kcal ematen
duten bitartean, gantzek 9 kcal/mol ematen
dute batez beste.
Ornodunei dagokienez adipozitoetan, hots,
ehun adiposoaren zeluletan aurkitzen dira.
Erreserba hori ez izatera, organismoak ezin die
janaririk ez den egoerei aurre egin, ez eta ohikoa
baino energia gehiago erabili behar den estresezko
egoerei ere. Horregatik, gantzik ez duen
pertsona bat laster ahitzen da halakoetan eta,
are okerrago dena, energia beste gaietatik, hala
nola proteinetatik, hartzera beharturik aurkitzen
da; eta hala, gai horiek ehunen egiturazko
osagai direnez, organismoak kalteak jasaten
ditu, bere alderdirik eginkorrenetan bereziki,
bihotzean edo nerbio ehunean adibidez.
Gainera, hotzaren isolatzaile izateko eginkizuna
betetzen duen mintz mehe bat eratzen
dute gantzek larru azpian, eta gorputz azalak
halako elastikotasun bat izan dezan eragiten
dute. Aise egiazta daitekeen gauza da klima
hotzetako jendeak (eskimalak adibidez),
batez beste, gantz gehiago duela larru azpian
klima beroagoetakoak baino. Guztiz ezaguna
da, halaber, baleek itsaso hotzetan ematen
dutela bizialdi gehiena; arrazoi horregatik
gantz geruza lodi bat daukate larru azpian, eta
hori izan da, hain zuzen ere, horien suntsipen
ia erabatekoaren zergatia.
Bitxia da sifonoforo izenez ezagutzen diren
itsas organismo batzuen kasua, hobeki flotatzearren
gantz tanta bat baitaramate barrenean.
Gantzek babes eginkizuna ere betetzen
dute. Seguruenik harategietan zintzilikatutako
arkumeei erreparatuko genion inoiz
edo behin. Pieza horietan errai guztiak
erautzirik egon ohi dira, giltzurrunak izan
ezik; giltzurrun horiek gantz geruza batezestaliak agertzen dira. Ugaztunetan, giltzurrunak
guztiz organo minberak baitira,
horiek babesteko zeregina ere badu gantzak;
gantzik izango ez balitz, “zintzilik” geratuko
litzateke organo hori, eta gorputza mugitzerakoan
haren hormen kontra jo lezake.+ Argizariak
Gantz azido baten eta katea luzeko (26-34
karbono atomo) alkohol baten esterrak dira.
Gotorrak dira inguruneko tenperaturan eta
tenperatura hori igo ahala malgutuz joaten
dira harik eta urtzen diren arte.
Gai babesgarriak dira, bai animalientzat bai
landareentzat. Nork ez du sagar bat mahukan
igurtzi distira ateratzeko! Fruitua estaltzen
duen argizariak eragiten du itxuraldatze ikusgarri
hori. Berdin gertatzen da landareen hostoekin;
hori egiaztatzeko barne landare askotako
hosto handiak zapi batez igurtzi besterik
ez da egin behar. Intsektuek, koleopteroek
bereziki (kakalardoak), kolore ikusgarriak izan
ohi dituzte, haien exoeskeletoa estaltzen duen
argizari geruza mehean argia islatzean eragindakoak
batzuetan. Animalia askoren larruazala
eta ilea ere estaltzen du argizariak; horregatik,
ahateak eta beltxargak lumadi guztiz
lehorra dutela ateratzen dira uretatik.
- Lipido konplexuak:
+ Fosfoglizeridoak
Aurrekoak baino zerbait konplexuagoak dira
molekula hauek. Azido ortofosforikoaren mole-
92kula bat glizerinaren beste molekula batekin
elkartzean eratzen dira, glizerinaren molekula
hori bere aldetik gantz azidoaren bi molekularekin
lotua delarik. Azido fosforikoa beste molekula
batzuen alkohol multzoekin elkar daiteke,
hala nola kolina, etanolamina edo serina aminoazidoarekin
(7. irudia). Lotura guztiak azidoalkohol
motakoak dira, hau da, ester loturak.
Fosfolipido molekularen konplexutasuna
edozein dela ere, beti funtsezko ezaugarri
bat mantentzen du: anfipatikoa da. Alde
hidrofobo bat du, gantz azidoen kateek eta
glizerinak osatua, eta beste alde hidrofilo
bat. Azken hau azido ortofosforikoaz eta
harekin elkar daitezkeen beste molekulez,
hau da, oraindik disoluzio urtsuan ioitzeko
gai diren molekulez, eratua da.
Tasun horrek gantz azidoetarako ikusi den
moduan joka arazten die eta mizelak eratzen
ditu. Jokabide hori dela eta, zelula mintzak
eratzeko bereziki egokia gertatzen da molekula
hori, funtsean mintz horiek talde hidrofiloak
azalean dituzten lipidozko geruza
bikoitzak direlako. Funtzio horrek mintzeko
lipidoak izenez ere ezagutzea eragin du.
+ Esfingolipidoak
Lipido hauek, aurrekoak bezala, oso ugariak
dira zelula mintzetan, bai animalien eta bai
landareen zelula mintzetan. Animaliei dagokienez,
bereziki ugariak izan ohi dira nerbio
ehuneko zeluletan, eta are gehiago garunean.
Esfingosina izeneko gaiaz osaturik daude;
katea hidrokarbonatu luzea, alkohol talde bi eta
amino talde bat (–NH ) izatea da gai honen
2
ezaugarria. Alkohol talde bietako bati gantz
azido bat erasten zaio ester lotura baten bidez
eta ondoriozko molekulari zeramida deitzen
zaio. Zeramidak esfingosina librearen alkohol
talde bat dauka, eta beroni zenbait molekula
mota lotzen ahal zaio esterifikazio bidez.+ Esfingomielinak. Ugari dira animalia
nagusien mintzetan, batez ere nerbio zelula
jakin batzuek dituzten mielina leketan.
Kasu honetan azido ortofosforikoak zeramidaren
alkohol librea esterifikatzen du, azido
hori bere aldetik kolina edo etanolamina
molekula batek esterifikatua izanik.
+ Zerebrosidoak. Esfingolipido neutroak ere
deitzen zaie; ugari agertzen dira nerbio zelulen
mintzetan eta mielinaren leketan. Zeramidan
monosakarido batek alkohol librea
esterifikatzean sortzen dira; zerebrosido guztia
mintzean geratzen da, azukrea izan ezik
(alde hidrofiloa) berau zelulatik kanpora
“irtenik” geratzen baita.
+ Gangliosidoak. Hauek ere nerbio ehunean
daude, kopuru txikiagotan bada ere. Zerebrosidoen
antzekoak dira konposizioz eta kokapenazeta birus batzuk zelulei finkatzea bideratzen
duten molekula hartzaileak direla pentsatzen
da. Bestalde, inmunitate fenomenoetan zelulen
ezagutzan ere “markatzaile” gisa parte hartzen
dutela pentsatzen da. Gangliosido bereziak aurkitu
dira minbiziak jotako zelulen mintzetan.
Kasu horretan oligosakarido batek ordezkatzen
du zeramida, zelula azaletik irten egiten delarik.
Lipido ez saponifikagarriak
Gantz azidorik inoiz ez izatea da hauen
ezugarria. Garrantzi biologiko guztiz handiko
hiru familia bereizten dira:
Terpenoak
Kimikoek 2-metil-1, 3-butadieno eta biologoek
isopreno deitzen dutenetik eratortzendira guztiak. Zehazki, isopreno molekulen
ondoz ondoko loturetatik eratutako polimeroak
dira. Horren arabera, eratzen dituzten
banako kopuruaren arabera bereiz daitezke:
monoterpenoak (2 banako), seskipenoak (3),
diterpenoak (4), triterpenoak (6), tetraterpenoak
(8) (9. irudia). Terpenoak elkartzean molekula
linealak edo ziklikoak eman ditzakete.
Gai hauen garrantzia era askotakoa da.
Hala, monoterpenoak “usainezko” molekulatzat
har daitezke; geraniola, limonenoa,
mentola, pinenoa eta hain ezaguna den
alkanforra lurrinak dira, usain bereziko landareek
emanak (geranio, limoi, menda, pinu
edo trementina eta alkanfor usaina). Gai guztiz
preziatuak dira industria kimikoan (garbitasun
produktuen esentziak) eta kosmetikan.
Seskiterpenoen artean farnesol izenekoa
nabarmendu beharra dago, kolesterol beldurgarriaren
aitzindaria dena. Triterpeno
bat, eskualeno izenekoa, gai horren sintesian
parte hartzen duen beste molekula bat da.
Diterpenoen artean klorofilaren alkohola den
fitol izenekoa aipa daiteke. Bai eta, gizakiarentzat
ezinbestekoak diren hiru bitamina, A, E eta K.
Tetraterpenoen artean nabarmentzekoak
dira karotenoideak eta xantofilak, fotosintesian
parte hartzen duten pigmentuak.
Terpenoak, zeharbidez bada ere, gure mendean
benetako eromena eragin duen gai baten
erantzule dira, kautxoarena hain juxtu. Gai
hori Amazonasko oihanean hazten den zuhaitz
batetik lortzen da; industria oparo baten sorrera
eragin zuen (jauregiak eta guzti eraiki ziren
oihanaren erdi-erdian, aberastasun horri esker).
Kautxoa politerpeno bat da, banako asko batzearen
ondorioa. Antzeko izaera dute pikondo,
euforbia eta gisa bereko landareen goma tankerako
jariakinek. Talde horretako beste zenbait
molekula apalagoak dira, hala nola ubiquinona
edota plastokinonak, fotosintesiaren aldi argitsuarekin
loturik daudenak.– Esteroideak
Esteranotik eratorritako molekulak dira,
ziklopentano perhidrofenantreno izen teknikoz,
eta eskualenotik sortzen dira.
Gai talde horretan bi familia bereizten
dira (10. irudia):
+ Esterolak. Garrantzitsuena kolesterola da,
zelula mintzen (malgutasuna ematen die) eta
odolaren ohiko osagaia da; odoletan proteinekin
elkartzen da (lipoproteinak). Elkartze
horrek, hain zuzen ere, ekarri die duten fama
txarra, lipoproteinak hodien hormetan jalki
baitaitezke ateroma plakak eratuz; horiek,
hain zuzen ere, aterosklerosia, zirkulazio aparatuaren
gaixotasun larria eragiten dute,
industria gizarteetan oso zabaldua dena. Ateroma
plaka horiek odol hodiak ixteraino irits
daitezke, eta miokardio edo garun infarktuak
eragin ditzakete. Baina kolesterola duten
lipoptoteina guzti-guztiek ez dute aterosklerosirik
eragiten, frogatu ahal izan denez.
Kolesterola duten lau lipoproteina mota
dira, molekularen tamainaz eta pisuaz bereizten
direnak: dentsitate apal edo oso apalekoak
(VLDL), dentsitate apalekoak (LDL),
dentsitate ertainekoak (IDL) eta dentsitate
handikoak (HDL). LDL direlakoak odoletan
kolesterola garraiatzen duten proteina nagusiak
dira eta lipoproteina mota horretarako
hartzaile bereziak dituzten zelulekin elkartzen
dira. Pertsona batzuek, arrazoi genetikoak
direla eta, askotan ez dute hartzaile aski beren
zeluletan; horregatik, lipoproteina odolean
kontzentratzen da, eta kolesterola zelulei
eman beharrean, plakak sorraraz ditzakeen
hiperkolesterolemia sortzen du.Ikusten denez, kolesterola zeluletara
garraiatzen da eta horien barrenean mintzaren
funtsezko zatia osatzen du. Kolesterolaren
beldurrak lipido hori ez duten edo manipulazio
bidez kendu zaien janariak kontsumitzera
eraman du. Praktika hori azken muturreraino
eraman dute herrialde aberatsenetan (hala
nola EEBBetan), non dagoeneko kolesterol
eskasiaz metabolismoaren disfuntzio larriak
ikusi baitira pertsona askorengan.
Esterolen artean behazun azidoak daude.
Gibelean sortzen dira eta gantzen emultsioa
eragiten dute hestean, horien txegosketarako
ezinbestekoa dena. Halaber, bilioproteinak
derizten zenbait landare motaren pigmentu
sintetikoen osagaiak dira. D
bitaminaren taldea ere, kaltzioaren metabolismoarekin
zerikusia duten gai multzoa,
talde horren barne dago.
+ Hormona esteroideak
Talde honen barnean, ugaztunetan
garrantzi handia duten bi gai mota bereiz
daitezke: giltzurrungaineko hormonak eta
hormona sexualak.
* Giltzurrungaineko hormonak. Talde
honetan nabarmentzekoak dira aldosterona,
giltzurrunean likidoen iraizketa erregulatzen
duena, eta kortisol edo kortisona.
+ Hormona sexualak. Androgenoak hormona
maskulinoak dira; horien artean testosterona
da nabarmengarria. Estrogenoak
hormona femeninoak dira, hala nola progesterona
izenekoa. Gai multzo hau kirol alorreko
iruzurretan nahasirik agertu da, anabolizante
ezagunen erabilerari dagokienez.- Prostaglandinak
Azido arakidoniko deritzan gantz azido
batetik eratorriak dira, nahiz eta molekulan
modu horretan ez dauden (11. irudia). Era
askotako funtzioak dituzte, horien artean:
+ Odolaren gatzatzea. Tronboxanoak sortzen
dituzte, plaketak biltzea eta tronboaren
sorrera eragiten dutenak. Prostaziklinek,
prostaglandinetatik eratortzen diren beste
gai batzuek, aurrekoen aurkako eragina
dute, plaketak biltzea galarazten baitute.
+ Min eta hanturazko erreakzioa eragiten
dute. Zauria gertatzean prostaglandinak
askatzen dira; horiek kapilareen zabaltzea eragiten
dute eta “oinazearen hartzaileak” izeneko
nerbio bukaerak sentikortzen dituzte.
+ Sukarra. Prostaglandinak gehitzeak
hipotalamoan du eragina eta garuneko
alderdi horrek, beste zenbait funtzioren
artean, tenperatura erregulatzen duenez,
tenperatura goratzen du.
Hiru funtzio horien inhibizioa eragin
dezake azido salizilikoak. Ezaguna da antzinatik
sahatsaren (Salix spp.) azal egosiak hanturak
eta oinazeak eztitzeko duen bertutea,
baina azido hori bereziki erasokorra gertatzen
da urdailarentzat. Molekula azetilatzeko
modua aurkitzea izan da Bayer etxearen arrakasta
handiaren kausa; hala, urdaileko arazoak
desagertu direnez, benetako erremedio
unibertsala bihurtu da. Azido arakidonikotik
eratortzen diren prostaglandinen eraketa
galaraztean datza horren iharduera; gatzatzea
aldatu eta hanturak eta oinazea eztitu egiten
ditu (hanturakontrakoa eta analgesikoa),
sukarra apaltzeaz gain (antipiretikoa).