Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Izadi Jakintza»Izadi jakintza

Estratigrafia eta sedimentuzko harriak

Estratigrafia sedimentuzko harri estratifikatuen azterketaz, harri horien arteko espazio eta denborazko erlazioez, eta bertan txertaturik geratu diren historia gertaeren interpretazioaz arduratzen den jakintzaren partea da. Sedimentuen gogortzeak eratu dituenak dira sedimentuzko harriak. Horrek esan nahi du aldez aurretik, arroken meteorizazioz, sortuak behar dutela sedimentuek, eta leku egokian kokatu (sedimentazioa), han gogortzeko; hainbat bidetatik iritsiko dira gero geratzen diren lekuraino (garraioa).Eguneroko bizimoduan etengabe gaude harriekin harremanetan; etxean bertan (lurra marmolezkoa izan daiteke, granitozkoak sukalde gainak, hautsontziak agatazkoak, tximiniaren parte bat kararrizkoa, hareharrizkoa balkoia), kalean (granitozko galtzada harriak, kararrizko espaloi ertzak, kararrizko eraikin fatxadak), eta hiriko edozein lekutan ia; harria da zer esan nahi duen ez dakigun parkeko estatua bitxi hori ere. Gauza bera gertatzen da mendira joaten garenean, itsasoak jotzen duen amildegiei begira gaudenean, kaitik pasieran edo frontoian gabiltzanean.

Baina zer da harri bat? Harria tamaina askokoa izan daitekeen gorputza da, mineral bateko edo askoko bikor ugariek izadian eratua.

Harriaren ezaugarriak ere era askotakoak izan daitezke: adibidez, zatikien neurria eta atxikidura maila, eta zein mineralek osatzen duten.

Harriak, sorburuaren arabera, hiru talde edo sailetan banatzen dira. Harri magmatikoak dira fusioan dagoen masa batek, hau da, magmak (gogora sumendi baten laba, azaleratu aurretik) finkatzean eratu dituenak, bai Lurraren barnean ?sukalde gainetako granitoa bezala?, bai Lur azalean, edo azaletik bertan, basaltoa bezala. Sedimentuzko harriak dira meteorizazio, garraio eta sedimentazioz osatu direnak, kararria edo hareharria adibidez. Azkenik, beste harrietatik eratu dira, presio edo tenperatura aldaketen ondorioz, harri metarmofikoak, billar mahaietan edo etxe batzuetako teilatuetan erabiltzen den arbela adibidez.

 

Sedimentuzko harriak. Eraketa

Sedimentuen gogortzeak eratzen du sedimentuzko harri bat. Horrek esan nahi du harrien meteorizazioz eratu behar dutela sedimentuak aurrena, eta leku egoki batean kokatu behar direla (sedimentazioa), han gogortzeko; leku horretaraino hainbat bidetatik iritsiko dira (garraioa).

Meteorizazioa: suntsipen prozesuak dira, harrien gainean gertatzen direnak, hainbat eratako eragileen jardunaz; hau da, arrazoi kimiko,fisiko eta fisiko-biologikoak direla medio, Lur azalean diren harriak une jakin batean desegin, eta urak edo haizeak eramaten ditu.Eratu diren lekutik oso gertu gera daitezke meteorizazioz sorturiko harriak, garraiaturik, urrutirago pilatu.

Garraioa. Gutxitan geratzen dira eralekuan bertan meteorizazioak sorturiko materialak.

Normalean, beheragoko lekuetara mugitzen dira (ibarretara), edo itsas edo aintzira sedimentazioko arroetara, urak (ibaiak), haizeak edo hormategiek eramanda. Higadura aipatubehar da hemen, goragoko hiru garraiari horiek sortua: ibai batek, adibidez, meteorizazioz sorturiko materialak eramaten ditu, baina bide batez higa ditzake pasatzen den lekuetako harriak ere. Aldi berean, material erauziak gastatu egiten dira garraioan; halakoak dira, adibidez, ibaietan ikusten diren errekarriak edo legarrak. Garraioan zehar neurri eta pisu hautaketa bat gertatzen da, lasterrago eta urrunago garraiatzen baitira harkozkor txikienak eta arinenak.

Aldi berean, uretan ?bidaiatzen? dira meteorizazio kimikoak sorturiko gaiak ere.

Argi ikusten da hori euriteen ondorengo ibaietan, urak daramatzan sedimentuen ondorioz hartzen duen kolore arre bereziarekin, edo uholdeen ondoren ikusten diren irudietan, guztiz bereziak baitira, errekarriak eta bestelako materiala pilatuta. Gauza bera ikusiko dugu hondartzan, egun haizetsu batean, aurpegian hondar ale txikien kolpea sentitzen dugunean; haizeak garraiatzen dituen zatikiak dira.

Sedimentazioa gertatzen da meteorizazioak eragindako materialak uretan, airean edo izotzetan suspentsioan egoteari utzi eta, grabitate indarraren eraginez, leku egokietan pilatu eta sedimentuak eratzen hasten direnean.

Lurperatutako materialek ez dute jadanik eguratsa ukitzen, eta trinkotu egiten dira, bolumena gutxitu, eta ura ere galtzen dute, pilatzen doan materialaren pisuak eragiten den gero eta presio handiagoaren ondorioz. Sedimentuen aldaketa honek sedimentuzko harriak erarazten ditu, oso prozesu konplexuen bidez; prozesu horiei guztiei diagenesi esaten zaie; pixkana-pixkana pilatzen diren materialek estratu edo geruzetan antolatzeko joera dute.

 

Sedimentuzko harri motak

Sedimentuzko harriak, zein sorburu duten, detritikoak, kimikoak eta organikoak izan daitezke. Detritikoak dira harri pusken pilaketaz eratu direnak ?harri puska horien tamaina milimetro ehunenetatik hainbat dezimetrotarainokoa izan daiteke?, harri zaharragoen meteorizaziotik edo higaduratik sortuak. Zati osagarrien tamainaren, higadura mailaren eta mineralaren nolakotasunaren arabera, hainbat eratakoak bereizten dira (1. taula).Hainbat modutan eratzen dira harri kimikoak.

Aintzira edo itsas eremu gutxi asko itxi baten ura lurrintzen denekoa da modurik argiena; uretan solbaturik zeuden mineral gatzak, era askotakoak izan daitezkeenak, pilatu egiten dira; eremu idor eta beroetako fenomenoa da, eta ebaporita deitzen dira horrela osatzen diren sedimentuzko harriak (igeltsua, gatza). Prozesu honen zergatia oso argi ikusten da hondartzetako leku harritsuetan, udan, putzu txikietan zegoen ura lurrindu, eta bertan geratzen den gatzezko zakar zuria ikusten denean. Zenbaitetan bestelako arrazoiengatik gertatzen da gatzen hauspeatze hori, tenperaturaren edo pHren aldaketagatik adibidez, kaltzioarekin eta magnesioarekin gertatzen den bezala, horiek ez baitaude aintzira bati edo lurrinketarik gabeko itsas arro bati nahitaez lotuak. Horrela eratzen dira adibidez sedimentu karbonatatuak, uretan solbaturiko kaltzio bikarbonatotik abiatuta, kaltzio karbonato solbaezina hauspeatzen baita horietan, eta geroago eratzen dira harri mota karbonatatuak edo kareharriak. Jatorri kimikoa dute burdina harriek eta harri silizeoek ere.

Sedimentuzko harri organikoek izaki bizietan dute jatorria; landare asko dago, pilaturik, harri bihur daitezkeenak, eta animalia asko, orobat, beren hezurdurak pilatuz, harria era dezaketenak, hala nola diatomeoen oskolak, muskuiluen maskorrak edo koralenak. Ikatza eta petrolioa ere harri organikoak dira.

 

Estratigrafia

Sedimentuzko harri estratifikatuen azterketaz, harri horien arteko espazio eta denborazko erlazioez, eta bertan txertaturik geratu diren historia gertaeren interpretazioaz arduratzen den jakintza da estratigrafia.

Sedimentuzko harrien oso ezaugarri garrantzitsua da fosilak edukitzeko duten ahalmena; izan ere, magma harrietan ez da inoiz fosilik izaten, eta harri metamorfikoetan, berriz, gutxitan. Fosilak oso lagungarriak dira geologia historikoan, denbora geologikoaren ezagutzan; horretarako, funtsezkoa da geologia uniformismoaren hastapena, gaur egun bezalaxe gertatu direla beti geologia prozesuak aldezten duena. Aktualismo biologikoarekin osatzen da hori; beste atal batean lantzen da kontzeptu hau.

Sedimentuzko harri askok elkarrengandik bereiz daitezkeen geruzak osatzen dituzte, eta, hortaz, ezagutu daitezkeenak, fosilengatik.

Fosilak aztertzea baino bide hoberik ez dago oraingoz geruzen adina jakiteko. Sedimentuzko harriek eratzen dituzten geruzak ulertu eta interpretatzeko oinarrizko bi hastapen dira, uniformitarismoaren eta aktualismo biologikoarekin batera geologia historikoaren azterketaren oinarri direnak. Alde batetik, gainezartzearen hastapena, geruza sail batean, beherenekoak direla zaharrenak dioena; bestalde, horizontaltasun hastapenak geruzak sorrarazi zituzten sedimentuak horizontalki kokatu zirela adierazten du.Geruzak (1. irudia) sedimentu trinkotuak dira, askotariko loditasuna dutenak, aurrekotik eta hurrengotik gainalde gutxi asko lauen edo estratifikazio planoez bereiziak; goiko planoa sabaia da, eta behekoa horma. Geruzaren loditasuna potentzia da (era askotakoa izan daitekeena, 1. irudia), eta geruzak lurrean kokatuak dauden modua, estratifikazioa.

Geruzak gainezartzearen hastapenaren arabera pilatzen dira; estratigrafia zutabea da horren adierazpen grafikoa (1. irudia).Geruza guztiak ondo pilatuak dituen estratigrafia zutabe bat, hau da, hasierako ordena kronologiko berean, horizontal eta paralelo, horixe da egoera ideala ?geruza ordenatuak (2A, 3A irudiak)?, baina, sarritan, egoera hori aldatu egiten dute geruzen eraketaren ondorengo geologia prozesuek (2. irudia).

Horrela, geruzek itxuraldaketak, tolesdurak, hausturak edo higadurak pairatzen dituzte, eta, hori dela-eta, desordenatuak direla esaten da, alegia, etenak (3B irudia). Sarritan gertatzen den aldaketa baten arrazoia elkarren gainean jartzea da (2C irudia), geruza sail bat geruza horri berorri desitxuratze batengatik gainezartzen zaionean, faila batengatik adibidez (3C irudia) ?konpresio edo distentsio indarrek eragindako haustura, aldi berean hautsitako harriak lekuz aldatzen direla?, edo toles batengatik ?geruzen uhin modukoak, konpresio indarrek eraginak? (2B irudia); horren ondorioz, aldatu egin daiteke geruzen ohiko ordena (2C irudia). Lerradura mantuetan, geruza batzuk oso urrutira joan daitezke,eta, hortaz, geruza zaharrak askoz ere gazteagoen gainean egon daitezke.

Estratigrafia zutabe ideal osoa aldarazten duten prozesuak oso ugariak direnez gero, zutabea osatzeko, korrelazioak egin behar izaten dira leku aldenduetatik etorritako geruzen artean.

Horretarako, bi eremuetan errepikatzen diren geruzak edo fosil bereziak eduki behar izaten dira (hots, adin eta osakera bereko geruzak, edo fosil mota berdin-berdinak) maila gidak edo fosil gidak. Fosil berdinak dauzkaten geruza sailak, elkarrengandik oso urrun egon arren, baita kontinente desberdinetan ere, sekuentzia berean ageri dira planetako leku guztietan.