Historia Unibertsala»Egungo aroa
Industria iraultza. Ondorioak
Industria iraultzak, eta haren gertaleku izan zen ekoizpen modu kapitalistak, aldaketa
sakonak eragin zituzten gizartean. Aldatu egin zen bizimodua, aldatu ziren jokabideak,
usadioak eta ohiturak. Aldi berean, jaunek eta jopuek osatzen zuten gizarte zaharraren
lekuan, pixkana, beste gizarte bat eratu zen, jabe eta langileena, zeinek bere bizi baldintzekin
eta baita kultura modu bereziak zituela.
Baina, horrez gainera, aurrerabide materialak gizartea zatitu bazuen ere, beste ondorio
garrantzitsu bat ere izan zen lehen uneetan, alegia, biztanle asko eta asko pobretu
zirela. Antzinako jopuak estamentukako gizarte hierarkizatu baten mende bizi ziren,
baina aldi berean bazuten babes sare baten laguntza (gremioa, anaidia, laguntza
sozialeko sistema informala?): gizarte berrian, libreak ziren, formalki, bazituzten eskubide
teorikoak, baina erabat babesgabe zeuden bizitzaren aurrean. Izan ere, industrializazioaren
garaian, ziurtasun faltarena zen herrian zabalduen zegoen sentipena, alegia,
segurtasunik eza etorkizunaren aurrean.
Langile proletarioen sorrera
E.P. Thompson ingeles historialariaren
hitzetan, ?lanerako indar? bihurtu zen aldi
honetan ?gizadi langilea?. Kontzeptu hori
lan eskuaren arrazionalizazio prozesuarekin
dago lotua, eta, arrazionalizazio horren baitan,
objektutzat hartzen zen langilea, makina,
lurra edo indar higiarazlea bezalaxe.
Aldaketa hori ez zen bat-batean gertatu, jakina.
Hasieran, lanaren indarra ?finkatu?
behar izan zen, eta ekoizpenaren espazioari
(fabrika) eta bizimoduaren espazioari
(hiria) lotu behar izan zitzaizkion baserrilanetan edo antzekoetan soberan zeuden
langileak. Espazioa, beraz, aldatu egin zen,
eta espazioarekin batera, baita antzinako
denbora lasaia ere, industriaren denboraren
zorroztasun arautuaren pean. Denbora
ordutegi bihurtu zen. Ohitura berriak ikasarazi
zitzaizkien langileei, lehen ez zeuzkatenak
edo garrantzi handirik ez zuten ohitura
batzuk: garai ibiltzea, diziplina, lanerako
grina, dirua aurreztea, zuhurtasuna?
Azkenik, behera egin zuen langile guztien
bizi egoerak, pobreak ikaragarri ugaritu ziren,
eta, lana bazutenak ere, etengabeko
arriskuan geratu ziren, ez baitzuten eritasun,
istripu, langabezia, zahartzaro eta abarren
kontrako babesik.
Pobreen legeak
XVIII. mende bukaerako Ingalaterran
argi ikusten da prozesu honetan gizarteak
ordaindu behar izan zuena. Nekazariak, lurretatik
egotzi zituztelarik, lanik gabe gelditu
ziren, eta, hortaz, arriskutsu bihurtu
ziren. Pobreen legediak arautu zuen (poor
laws) langile horiek nola zuzendu eta sartu
fabrikek eskatzen zuten erritmoan. Lege
horien arabera, limosna moduan-edo ulertzen
zen kopuru baten truke lan egin eta
workhouse direlakoetan bizi behar zuten;
etxe horiek, izan, kartzela modukoak ziren,
mugimendu guztiak zainduak baitzeuzkaten
bertan bizi zirenek. Industriak
langile haien beharra zeukanean, zainketa
murrizten zen eta fabriketara eramaten zituzten.
Halako zorroztasunik izan ez zen
herrietan, behartsua arriskutsua zen, gizarteak
esetsi egiten zuen, eta etengabe iraintzen
(gogoratu Victor Hugoren Miserableak
liburua).
Laneko diziplina
Bestalde, fabrika benetan zer zen ulertzearen
ondorio izan zen fabrikako diziplina:
?automata handi bat? zen fabrika, eta
denboran eta espazioan oso zorrotz koordinatu
behar ziren gizonak, makinak eta zuzendaritza.
Horregatik, jabeak prestatzen eta
estatuaren legeek bedeinkatzen zuten kode
baten mende jarri zituzten fabriketako langileak;
kode horretan baziren isunak, zigorrak
eta mehatxuak, baina baita sariak eta
estimuluak ere, laneko diziplina berri bat
eta industriaren denboraren ikusmolde berri
bat zabaltzeko.
Langileak
Industrializazioaren garaian langileek
zuten bizimodua dela-eta, eztabaida historiografiko
luze bat izan da, industrializazioaren
beraren hasieran hasi zena. ?Pesimistak?
eta ?optimistak? elkarren kontrajarri zituen eta dituen gatazka baino haruntzago,
honela heltzen diote arazo honi
gaurko historialariek, John Ruleren hitzetan:
?aldaketak bizi izan zituztenen sentimenduak
eta erreakzioak, sufrimenduarekiko
axolagabekeriarik ?epe luzeko
ongizate?aren izenean adierazi gabe, baina
ondoko mendeetako itxaropen eta balioek
aginduko zutenaren arabera haserre
biziegierik ere adierazi gabe?.
Alabaina, kontakizun erromantikoenek
koadro beltzegia marraztu badute ere, Kenteko
Victoriaren erreinaldiaren erdialde inguruan
(1870 inguruan) soldatak dezente
igo baziren ere, eta fabrikak eta hiriak landetan
pentsatu ezinezko aukerak eskaini
(eta horrexegatik, besteak beste, joaten zen
jendea hirira) bazituen ere, behartasun larria
izan zen ingeles industrializazioaren lehen
unearen ezaugarria, eta baita, oro har,
gerora industrializatuko ziren herriena ere.
Soldaten eta prezioen arteko oreka oso kaskarra
zen, sarritan bizirik ozta-ozta irauteko
modukoa. Bestalde, aldeak handiak ziren
soldatetan, merkatuan egoera hoberena
zuten eta okerrena zuten sektoreen artean.
Emakumeen soldatak oso-oso apalak
ziren, baita gizonenen erdia ere, eta
apalagoak, oraindik, haurrenak. Kontsumoa,
gainera, oinarrizko elikagaiena besterik
ez zen izaten, eta oso gutxi geratzen
zen jantzi, higiene edota gizarte zerbitzuetarako.
Laneguna hamabi ordukoa izan zen
XIX. mendearen bukaera arte. Zortzi orduko
laneguna, hain desiratua, Lehen Mundu
gerra arte ez ziren ezarri. Arriskua zen
lan baldintzen ezaugarri nagusia, bai bizirako,
bai osasunerako arriskua, eta, hala,
izugarri zabaldu ziren istripuak eta lanaren
ondoriozko eritasunak. Eskolara joatea,
oso berandu arte, ezinezkoa izan zen
ia langileentzat, nahiz eta Europako hegoaldeko
herriak eta nekazaritza inguruneak
izan horretan atzeratuenak. Bizietxeen
baldintzak ez ziren hobeak, eta, hori zelaeta,
langileek eta beren familiek kalean
egiten zuten bizimodua, edo, gizonek, tabernan.
Alkoholismoa izurria zen hirietan,
zenbait burgesen puritanismoak eta dotrina
sozialistek gogor salatu zuten arren. Tuberkulosiak
eta jabeen eta langileen bizileku
eta elikadura guztiz desberdinetatik
zetozen beste ?eritasun klasistek? jende
asko eta asko hil zuten. Bukatzeko, esan
behar da gizarte asegurantzaren arrastorik
ere ez zegoela, eta mutualitateek edo sorospen
elkarteek lagundu behar izaten zieten
eriei, istripuak izandakoei, langabe eta
alargunei, harik eta XIX. mendearen bukaera
aldean (Alemanian: 1883 eta 1889 arteko
Bismarken legedia), edo XX.aren hasieran,
gerora estatu soziala izango zen
osatzeko lehen urratsak eman ziren arte.
Baserriko langilea
Hiriko langilea industrializazioko proletarioaren
ikur modura geratu baldin bada
ere, gauza da XIX. mendearen erdian oraindik
lau lagunetik hiru bizi zirela landa aldean
?Ingalaterran, eta hura zen herrialde
urbanizatuena, lautik bi?, eta horren antzeko
batez-bestekoa hartzen zuen nekazaritzan
aritzen zen langile kopuruak. Nekazarien
egoera ez zen herri guztietan berdina:
nekazaritza aurreratuko herrietan (Herbehereetan)
edo Frantzian (Iraultzaren ondorioz),
laborariak lurraren jabe ziren; beste
herri batzuetan ere jabeak ziren, baina oso
pobreak (adibidez, Espainako iparraldeko
goi-lautadan); beste batzuetan berriz baserritik
egotzi zituzten eta hiriko proletario
bihurtu ziren, edo lurrik gabeko soldatapeko
(Britainia Handia), eta, zenbait kasutan,
oso gutxitan (Errusian eta Europa ekialdean),
jopuak izan ziren XIX. mendea ondo
aurrera arte, eta esklaboak Estatu Batuetako,
Kuba edota Brasilgo lursail handietan.
Lurrik gabeko nekazari langilearen kasuan,
berriz, hauek ziren ezaugarri nagusiak:
lanegun luzeak (goizetik gauera), erabat
sasoiaren mende egotea (lan askoko aldi
baten ondoren, lanik gabekoa etortzen zen),
hiriko langileek baino soldata apalagoak
izatea ?lana jatekoaren truke egiten zen
zenbaitetan?, eta etxea oso kaskarra izatea,
ingeles cottagea adibidez.
Burgesen bizimodua
Industrializazioak proletarioak ekarri zituen,
baina baita burgesak eta erdi mailako
klaseak ere. Gizarte talde hain heterogeneo
honetan nekez egin daiteke sailkapenik, baina,hala ere, badago lau burges talde handiz
mintzatzerik: errentadunak, lurren eta
zor publikoaren jabeak; negozioetako, finantzetako,
merkataritza edo industriako
burgesak; profesionalak, teknikoak eta administrazio
zibil eta militarreko goi karguak;
eta burgesia txikia, dendariez, lantegien jabe
ziren eskulangileez eta ?erdi mailako klase?
zabalean sartzen zen oroz osatua.
Garai hartako ekonomia irauli zuen prozesuan
burgesia izan zen aitzindari. Horretarako,
bizimodu jakin bat beretu zuen:
puritanismo morala, gastu eta gozamen neurrizkoa,
eta denboraren eta grinen kontrola.
Burges zorrotz, leihatu, negozioetarako
ausart eta langilearen irudia bat dator aberastasun
sortzailearen arketipoarekin. Horren
kontrakoa da ordea burgesaren seme
eta ondorengoen arketipoa: gastua eta arrandia,
eta gizartean ospea eskuratu nahia.
Burgesia sortu berri eta iraultzaile hark, aristokrazia
zaharraren kontrako klase moduan
eratu zelarik, nobleen bizimodua imitatzen
saiatu zen azkenean, jauregiak eraiki zituen,
tituluak erosi eta behar baino gehiago gastatu
zuen. ?Jatorrira itzultze? horretan, Sombartek,
burgesen klase berria aztertzen ari
zela, hau idatzi zuen: ?Burgesa, aberasten
den heinean, gizendu egiten da, eta zurrundu;
aberastasuna errenta moduan erabiltzera
ohitzen da, eta, aldi berean, jauntxoen
harrokeriazko bizimodua egitera?. Etxea,
zirkulu, kasino edo elkarte ospetsua, jauntxoen
errituak eta modak, espazio eta ekitaldi
berezietara joatea (opera, kirol batzuk,
turismoa?), noble bihurtzeko ahaleginak
eta endogamia, izan ziren burgesaren aberastasunaren
adierazpide batzuk, eta orobat
aberastasun hori areagotu edo sendotzeko
mekanismoak.