Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Historia Unibertsala»Egungo aroa

Irak-Iran

Tanke irakiar bat eta, atzean, petrolio hobiak sutan Golkoko Gerran, Kuwaiten.<br><br>

 

1980-1988: Alferrikako gerra bi etsai historikoen artean

Mendebaleko herrialdeak hornitzen dituen petrolioaren %25 eta Irakeko hidrokarburoen %30 eta Iraneko %90 Iran eta Irak borrokan ari izan ziren eremu horretan dago.

Gerra hura izugarria izan zen eta diru galera handiak ekarri zituen: milioi bat hildako, asko eta asko zibilak, eta 500.000 milioi dolarreko galera. Gerra horrek otomandar inperioak eta pertsiar-safawiar inperioak izan zuten liskarrean ditu sustraiak, batak zein besteak Mesopotamia beretu nahi izan baitzuten eta batez ere Shatt al-Arab, 200 kilometro luzerako lurraldea, Tigris eta Eufrates ibaiek Arabiar-Pertsiar Golkora urak isurtzen dituzten lekua. XX. mendearen erdialdean Irakek eta Iranek beste liskar bat izan zuten; Irak Sobiet Batasunaren aldeko Baas alderdiaren mende zegoen, eta Iran, berriz, Estatu Batuen aldeko Reza Pahlavi sharen agintepean. 1975eko bake hitzarmenak bi zatitan banatu zuen Shatt al-Arab eta Pertsiar Golkoko joan-etorri librea ziurtatu zuen. Islamiar iraultzak 1979an Iranen aginpidea hartu zuenean gaizkoatu egin zen bi herrialde horien arteko auzia. Teheraneko agintariak Bagdadeko errejimena aginpidetik botatzen saiatu ziren, Irakeko xiien laguntzaz, haiek baitziren biztanleriaren gehiengoa.

1980eko irailean Saddam Husseinen errejimenak Iran inbaditu zuen, baina Iranek ez bakarrik aurre egin zion eraso hari, baizik eta 1982an Irakeko lurraldera eraman zuen gerra.

Iraken helburuak Shatt al-Arab eta Irango Juzistan beretzea zen, islamiar iraultza gelditzea orobat, inguruan zabaltzen ari baitzen eta arriskuan jartzen baitzituen Iraken aliatuak ?Saudi Arabia eta Pertsiar Golkoko Emirerriak?, eta arabiar herrialdeen gidaritza berreskuratzea, azkenik. Baina barne arazo batzuk ere konpondu nahi zituen: etsai historiko baten kontrako gerrara deituz, indargabetu nahi zituen oposizio komunista gero eta indartsuagoa, iparraldeko gerrilla kurdoak eta hegoaldeko xiiak, Iraneko bere anaien garaipenak gogoa berotu baitzien.

Antzeko arrazoiak izan zituzten Teheranen.

Nazio erresistentzia aitzakia egokia zen iraultzaren geldialdiak zapuztuta zeuzkan biztanle haiek gerrara deitzeko, gainera gudaroste berri baten premia ziurtatzen zuen, eta apaiz kontserbadoreenek bazuten hala erreformak ezerezteko eta errejimenarenjoera liberalenak eta aurrerakoienak indargabetzeko aitzakia egokia: Bani Sadr lehendakariak erbestera joan behar izan zuen, eta ezkerreko alderdiak zanpatu zituzten, muyahidinak eta Tudeheko komunistak batez ere.

Mugaren alde batean eta bestean hamaika eraso egin ondoren, bi alderdien nekeak ez galtzailerik ez garailerik gabeko egoera sortu zuen. 1988an Khomeiniren errejimenak NBEk behin baino gehiagotan proposatutako su-etena onartu zuen; lehenik, fronte guztietan izan zituen galerengatik, hegoaldean batez ere, 1982an irakiarrek Fao uhartea berreskuratu zutela; bigarrenik, irispide handiko misilez eta arma kimikoz Irakek Irango hiriak bonbardatu izanak kalte handiak egin zituelako eta zeharo bihozgabeturik zeuzkalako herritarrak; eta, azkenik, Irango agintaritzako joera politikoak izan zuen bilakaeragatik: Rafsanyani legebiltzarreko lehendakari izendatzeak mendebalaren aldeko aldaketa abiarazi zuen islamiar iraultzaren baitan. Irakek ere gerra bukatzeko premia zuen, kostu handiegia baitzuen ekonomiaren aldetik: 80.000 milioiko kanpo zorra zuen eta beste horrenbeste beharko zuen gerra ondoren herrialde osoa berregiteko.

Saudi Arabia eta Kuwait zituen Irakek hartzekodun, eta horrek izan zuen eraginik 1990-1991ko Pertsiar Golkoko gerran.

Saddam Husseinek iraniar presoak askatu zituen, lurralde beretuak hustu zituen, eta 1975eko Aljerreko hitzarmena berriz jarri zen indarrean. Gerra hark ez zuen beraz ezertarako balio izan.

 

Pertsiar Golkoa sutan

1990EKO ABUZTUAK 2-1991KO MARTXOAK 3IRAKEKO LEHENDAKARI SADDAM HUSSEINEN ERABAKIAK HARK NAHI EZ BEZALAKO ONDORIOAK IZAN ZITUEN: ESTATU BATUEK EKIALDE HURBILEAN ZUTEN NAGUSITASUNA SENDOTU ZUEN.1990eko abuztuaren 2an Irakeko gudarostea Kuwaiten sartu zen, hiriburua beretu zuen eta Iraken mendeko sasigobernu bat jarri zuen aginpidean. Al-Sabah jekeak eta haren familiak berehala alde egin behar izan zuten.

Bere aliatuaren okupazioari erantzunez, Estatu Batuek berehala jarri zituen abian diplomazia bidezko neurri batzuk; NBEn bi erabaki bozkatu ziren: lehenengoak Irakeko gudarostea emirerritik berehala eta inongo baldintzarik gabe erretira zedila eskatzenzuen; bigarrenak indarra erabiltzeko baimena ematen zien Estatu Batuei ?erabaki hori aho batez onartu zen, salbu Kuba eta Yemen, kontrako botoa eman baitzuten, eta Txina, ez baitzuen botorik eman?. Gainera, nazioarteko elkar hartze politiko eta militar bat egin zen, mendebalaren aldeko arabiar herrialdeak barne, eta Moskuren eta Pekinen baietza argi adierazi gabekoa lortu zen, barne arazoek ahulduta baitzeuden; gerra hura bakebidez konpontzeko bitartekotza saio guztiak oztopatu ziren. Aldi berean, gerrarako indarrak prest zeuden: Estatu Batuak 26 herrialdetako 700.000 soldaduko gudaroste baten gidari ziren (haietatik 515.000 Estatu Batuetakoak ziren), mendebaleko eta Arabia aldeko aliatuek emaniko 40.000 milioi dolarretako diru laguntza zuten, eta «Basamortuko Ekaitza» zeritzan erasoa zutenprestatua Saudi Arabiatik eta inguruko kostaldeetatik.

NBEn ultimatuma bukatu eta handik hogeita lau ordura, 1991eko urtarrilaren 16an, hegazkinezko 100.000 erasok hilabetez jo eta txikitu zituzten Irakiarren indar militar guztia eta Kuwaiten bilduta zeukaten gudarostea, baina baita Irakeko industria, teknika eta zibilen guneak ere. Saddam Husseinen gudarosteak Scud misilak jaurtiki zituen Israelera -ez zuen gerra hartan parte hartu-, Saudi Arabiara eta Bahreinera, baina ez zuten misil horiek kalte handirik egin; orobat su eman zien Kuwaiteko petrolio hobiei. Nazioarteko koalizioko indar militarrak otsailaren 24an sartu ziren Kuwaiten eta Iraken, eta hiru egunetan Irakeko gudarosteari atzera eginarazi zioten, Basoraraino iritsi zirelarik, Irakeko lurraldeetan. Guduak otsailaren 28an bukatu ziren. Martxoaren 2an NBEko Segurtasun Batzordeak su-etenerako baldintzak jarri zituen, eta Bagdadeko gobernuak hilabete bukaeran onartu: Kuwaiti 1963az geroztik ezarriak zituen mugak onartu beharra, gerra ordainak ordaindu beharra, Irakeko arma kimiko eta biologikoak suntsitzea, Iraken aurkako blokeoa iraunaraztea, etab.

Gerra bukaerako nahasmenduan, Irakeko iparraldeko kurdu gehienak eta hegoaldeko xiiak Saddam Husseinen errejimenaren aurka matxinatu ziren, baina hil eta herio zapaldu zituzten. Nazioarteko koalizioak ez zuen ezer egin sarraski hura gelditzeko, nahiz berak bultzatuak ziren matxinada haiek. Ez zuen ezta ere ekinaldi militar hura burutu Saddam Hussein aginpidetik kenduz.

Estatu Batuek ez zuten arriskatu nahi izan Irak osoa beretzera, ez baitzuten haren meneko zintzo izango zen alderdi politikorik Saddam Husseinen ordez jartzeko, eta ez zuten ezta ere haren aliatu arabiarrekin etsaitu nahi izan. Gainera, ez zuten Irak zatikatzea nahi, hegoaldea xiien esku gera baitzitekeen bestela, eta gerta zitekeen haiek Iranekin bat egitea, eta iparraldea, berriz, kurdoen mendean, eta hori eredu izan zitekeen Turkiako kurdoentzat, Turkia Estatu Batuen aldeko herrialdea izanik. Beraz, Estatu Batuek Iraken burujabetza mugatzea erabaki zuten, 36 paraleloaren iparraldean eta 33 paraleloaren hegoaldean Irakeko hegazkinentzat nahiz soldaduentzat debekuzkoa izango zen eremu bat sortuz, gainera zigor eta zaintza sistema bat sortu zuten, Estatu Batuen presentzia militarra zuritzen zuena.

Gerra haren kaltedun nagusia ez zen Bagdadeko errejimena izan, oraindik aginpidean baitago, Irakeko herri xumea baizik.

Gerrako 150.000 hildakoez gainera ?466 aliatu hil ziren aitzitik?, oinarri-oinarrizko azpiegiturak suntsituak izan ziren, eta, handik zazpi urtera, indarrean dago oraindikaliatuek ezarri zuten blokeo ekonomiko zorrotza, Irakeko herria behartsu, mendeko eta ahul utzi duena eta milaka eta milaka pertsona heriotzera eraman dituena, haietako asko haurrak direla, nazioarteko hainbat erakundek aditzera eman dituen datuen arabera.

Estatu Batuak izan ziren Pertsiar Golkoko gerra hari etekina atera zioten bakarrak.

Ez bakarrik eremu hartako lur azpiko aberastasunen gaineko bere jabetza sendotu zuen eta arabiar estatuengan duten eragina areagotu zuen, orobat ahuldu zituzten inguru haietako merkatu militar eta zibilean izan zitzaketen mendebaleko lehiakideak, arma kopuru handia saldu baitzion Kuwaiti eta munta handiko kontratuak sinatu baitzituen Kuwait berreraikitzeko. Aldi berean, Washingtonek bere interesen onerako bake prozesu hiru ataleko bat ezarri zuen palestinarren eta israelen artean: Israelek 1967an indarrez beretu zituen palestinar lurralde gehienak behin betiko beretzea, palestinar estatu burujabe bat sortzeko eskariari ezezko biribila ematea, eta palestinar ekonomia zeharo mendeko bat eratzea, haren auzo Israeleko ekonomiarekin sekula leihatzerik izango ez duena. Horrez gainera, alde biko harremanak egin zituzten arabiar estatu moderatuekin ?banan-banan beti, harremankideen ahultasuna ziurtatzeko? eta herrialde haien ekonomia Estatu Batuen eta haren aliatu nagusi Israelen nagusitasun ekonomiko, militar eta politikoaren mende utzirik.

Nolanahi ere, arabiarrentzat hain gogorrak diren baldintza horiek ez baitute inolaz ere oreka eta bakea ekarriko eskualdehartara, Ekialde Hurbilean istilu eta gerra gehiago sortzeko arrisku handia dago.

1990eko abuztuaren 2an Irakek Kuwait inbaditzea Irakek Pertsiar Golkoko emirerri batzuen kontra aldez aurretik egina zuen salaketa kate baten azken urratsa izan zen.

Bagdadeko errejimena 1980az geroztik ari zitzaion bere lurraldean petrolioa ponpatzen ari izana egozten Kuwaiti, eta beraz 2.400 milioi dolarreko kalteordaina eskatzen zion. Saudi Arabia eta Kuwait orobat salatzen zituen OPEP estutu izanaz petrolioaren produkzioa modu artifizialean gutxitzeko eta upel bakoitzaren prezioa ere beheratzeko, era horretara ezin zezan Irakek bere ekonomia indarberritu, zeharo hondatuta baitzeukan Iranekiko gerraren ondorioz. Indarrezko ekintza horren bitartez Husseinek helburu jakin batzuk iritsi nahi zituen: Kuwaiten finantza indarra administratzea, Kuwaiten petrolio baliabideak Irakekoei eranstea, hala Irakek munduko petrolio erreserben %19 izango baitzuen, Arabiar-Pertsiar Golkoaren sarbidea zabaltzea Warba eta Bubian uharteak beretuz, Irakek aspaldi eskatuak zituelarik, eta, azkenik, arabiar herrialde multzo zatikatu haren gidari izatea.

Hori guztia lortu nahi horretan, Irakeko diktadorea ez zen konturatu nazioarteko harremanak aldatu egin zirela: uste zuen Sobiet Batasunak Iraki lagunduko ziola oraindik eta Estatu Batuek ez adituarena egingo zutela, are gehiago laguntza eman ziotelarik Iraki Iranen kontrako gerran. Ez zuen ulertu Washingtonen segadan sartu berri zela, Estatu Batuak aspalditik baitzeuden estrategia esparru berri bat eskualde hartan izateko irrikan.