Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Historia Unibertsala»Egungo aroa

Ongizatea, garapena eta desberdintasunak

Haurrak lanean, adreiluak garraiatzen, Bogota (Kolonbia).<br><br>

Gaur egun ongizateaz mintzatzea, herri pribilejiatuen multzo txiki bat aipatzea baino ez da, munduko biztanleriaren parte handi bat, ez ongizaterik ez garapenik ez duenez gero, bazterturik geratzen baita.

Garapenaz edo ongizateaz mintzatzea mundu osoa hartzen duten desberdintasunez mintzatzea da, Iparraldearen eta Hegoaldearen arteko aldeez, herri garatu eta azpigaratuez, edo herri aberats eta pobreez. Aurrenekoak munduko ekonomiaren zentroa dira, eta munduko gainerako herriei eragiten dieten erabaki garrantzitsuak hartzen dituzte.

Bigarrenei dagokienez, lehen aipatu diren herrialdeek ustiatzen dituzten baliabideak dituzten herrialdeak dira eta izan daitezkeen alderdi guztietan ia dira haien mendeko.

Herri garatuak Ipar Ameriketako, Europa Mendebaleako eta Asia Ekialdeakoak dira, oro har; herri azpigaratuak berriz, Latinamerika, Afrika, Europa Ekialde eta Asiako gainerako lekuetakoak dira. Hirugarren Munduak etengabe eskatzen du laguntza, baina laguntza horrek kanpoko zorrak handitzen ditu, eta, zenbaitetan, baita haren baliapideak hipotekatu ere, herri garatuen alde.

 

Globalizazio ekonomikoa

Iparralde/Hegoalde desberdintasuna areagotu egin du azken urteotako ekonomiaren globalizazioak edo ekonomia-munduak.

Mundu osoa hartzen duen merkatu bat da, nazioen mugak hausten dituena, eta ekoizpenaren erabilerari merkataritza nagusitzen zaiona.

Estatuek behar lukete izan ekonomia globalizatu honen eragile, baina enpresa multinazionalek aginpide izugarria hartu dute, eta gobernu askok nekez jardun dezakete aginpide horren kontra.

Gai baten balioa konkurrentziaren araberakoa denez gero, merkatu globaleko enpresek konkurrentzia ezabatzea dute helburunagusia. Horretarako, anexio, erosketa eta bateratze asko egitea izaten da enpresen joera; goitik beherako loturaren aldeko apustua egin dute, sektore baten atal desberdin guztiak kontrolatzeko asmoz, hau da, ekoizpen osoa eginez. Multinazionalen arteko lotura horiek, hain zuzen ere, bihurtzen dituzte munduaren jabe.

Multinazional hauek oso indartsuak baitira, enpresek ez dute kokapen finkorik izaten, eta, hala, herrialde batetik bestera aldatzen dira, nolako abantailak eskaintzen dituzten. Badituzte halaber nazioarteko informazio sareak, eta orobat ikerketa eta garapenean inbertitzeko aurrekontu handiak.

Kanpoko zorra mundu osora zabaltzea bihurtu da Hirugarren Munduko herrien garapenerako arazo eta eragozpen nagusia.

 

Garapenerako laguntza

BIZI AHAL IZATEKO GUTXIENEKO BALDINTZAK ESKURATU NAHIAN, GARAPENERAKO LAGUNTZA BIHURTU DA ZENBAIT HERRIREN ESPERANTZA BAKARRA, BAINA PRIBATIZAZIOAREN ALDEKO JOERAK EZ DIE INOLAKO ONIK EGITEN.II. Mundu Gerraren ondoren, eta Europako ekonomia berreraikitzeko, nazioarteko laguntzak ematen hasi ziren, gerra hotzaren testuinguruan. Kolonialismoaren amaierarekin, Asian eta Afrikan estatuak ugaritu izanak laguntza horren parte handi bat erakarri zuen; izan ere, kalte ekomiko, sozial, politiko eta kultural larriak utzi zituen kolonialismoak herri haietan.

Urteak pasa ahala, merkataritzaren beharrak gailendu zaizkie bestelakoei Mendebaleko herrietan. Eta, hala, Ekialde-Mendebal areriotasuna amaitu denean, Sobiet Batasun ohiak eta Ekialdeko Europako herri berriek hartu dute Hirugarren Munduaren lekua, eta horiek dira orain Mendebalak, beti ere estatu berriotan beren merkatuak zabaltzeko helburu agerikoaz, eskaintzen dituen baliabideen hartzaile nagusiak. Baina egia da, halaber, herrialde batzuetan oso kontuan hartu direla arrazoi humanitarioak laguntzak eskaintzeko orduan.

Hirugarren Mundurako laguntzetan nagusi den eredua Garapenerako Laguntza Fondoena da. Hiru laguntza mota bereizten dira.

Bi aldeko laguntza: Esparru hitzarmen baten baitako lankidetza mota bat da, estatu garatu baten eta garapen bidean den beste baten artean egiten dena. Garapena sustatzeari gutxien begiratzen dion laguntza mota da. Era honetako laguntza gehienek laguntza ematen duen herriaren ondasun eta zerbitzuak erostea dute xedea (laguntzaren %70 bat ere ondasun eta zerbitzu hauek erosteko izan daiteke), eta hori, laguntza baino areago, gehiago da salmenta zuzena eta monopolioa.

Laguntza alde-anitzak: Garapenaren laguntzarako organismo ofizialek ematen dituztenak dira, eta hiru multzotan sailka daitezke.

Lehena, munduko nahiz eskualdekako Garapen Bankuen ingurukoa da (Mundu Bankua). Bigarrena Nazio Batuen mendeko erakundeekin eta harekin loturiko organismoekin zerikusia duten laguntzena da.

Europako batasunetik datozenek osatzen dute hirugarren mota, garapenerako laguntza gisara, hala Lomé I eta Lomé II laguntzak, ACP herriekikoak (Afrika, Karibe eta Ozeano Barekoak). Bi aldekoak ez bezala, garapen globala sustatzeko irizpideetan oinarrituak izan ohi dira laguntza hauek. Laguntza hauei egiten zaizkien kritikak herri hartzaileek laguntza jasotzeko bete behardituzten baldintzetatik datoz (Egokitzapen Estrukturaleko Plangintzak).

GKEak: Askoz ere garrantzi gutxiago dute (laguntza osoaren ehuneko hamarra).

Gobernuz Kanpoko Erakundeak deritzaten organizazioen egitasmoak gune mugatu bati buruzkoak izaten dira, eta, batez ere, landa alde edo biztanle gutxiko lekuei buruzkoak.

Laguntza hau, bestalde, unean unekoa izaten da, eta aldian aldiko finantzaketa iturrien mendekoa; jarduna mugatua izaten da, eta, garrantzitsuena dena, laguntza hau bultzatzen duen jendea herri garatuetakoa izaten da, eta noizbehinka egiten dute lana.

 

Azpigarapenaren ezaugarriak

Gauza jakina da nazioarteko laguntzaren emaitzak eskasak eta eraginkortasun gutxikoak izan direla herri azpigaratuetan, eta erraza da hori sinesten, kontuan hartzen bada garapenerako laguntzak ez direla ondo antolatu. Horretarako, beharrezkoa da nazioarteko laguntzaren nolakotasuna berriz aztertzea, sarritan izan duen eragin bakarra hondamendiren baten ondorioak zertxobait arintzea besterik ez baita izan.

Hirugarren Munduak, ekonomia ezaugarriak kontuan harturik, nazioarteko laguntzarako epe luzerako egitasmoen premia du, garapenaren bitarteko izan daitezen, eta bizi kalitate gutxieneko bati eutsiko dioten egitura ekonomiko, politiko eta sozialak sortzen lagun diezaioten. Hauek dira herri azpigaratuen egitura ekonomikoaren ezaugarriak.

Lehenik, erabat kanpora bideratua dagoen ekoizpen bat besteren mendeko ekoizpen bihurtzen da, eta mendebaleko merkatuen beharrak mugatua da, Hirugarren Munduak ekoizten eta esportatzen baitu biltegi aberatsek behar dutena.

Kanporakako ekonomia horretan hirugarren sektorean aritzen da biztanleria aktiboaren gehiengoa; kanporakakoa izateaz gainera, baita industriarik ia ez dagoelako ere. Biztanleriaren parte handi bat nekazaritzan aritzen da; lurjabe gutxiren jabetzako lur sail izugarriak erabiltzen dira esportazioko nekazaritzan. Kontraesana dirudien arren, esportazio nahi gehiegizko honek, zenbaitetan, hornigai krisia eta hornigaiak inportatu beharra ekartzen du. Horrek guztiak are gehiago trabatzen du laborantza modernoagotzea.

Industriaren zabalkunde eza dela eta, herriotako ekoizpena eduki teknologiko oso eskasa duten sektoreetara bideratua da oro har, industria arinetara batez ere: ehun langintza, zapatagintza, etab. Horrexegatik, besteak beste, ez dago loturarik herriotako barne merkatuen artean, ez baitute merkatuorokorrik, aitzitik, merkatu txiki elkarretatik bakartuak besterik ez dituzte. Horrek guztiak diru sarreren desberdintasun izugarria dakar berekin: biztanleriaren parte txiki batek errenta handiak dauzka, eta aldi berean biztanle gehienek soldata mixerableekin bizi beharra dute.

Azken ezaugarri horrek ia esparru guztiak hartzen ditu: ekoizpena, merkataritza, finantzak, teknologia eta kultura: herri aberatsek herri pobreen gainean duten aginpidea da, epe laburrera behintzat, nekez saihestuko duten erabateko mendekotasuna dakarrena.

 

Hirugarren munduko industrializazio ereduak

Egoera larri hau nolabait arintzeko, industrializaziorako bi estrategia nagusi hartu ditu Hirugarren Munduak: inportatzen ziren gaien ordezkoak bilatzea eta esportazioak areagotzea.

Lehen estrategiari dagokionez, kanpoko gauzak erosi ordez, barne produkzioari ematen zaio lehentasuna. Horretarako, beharrezko izaten da kanpotik datozen gaiei, arantzelen bidez, eragozpenak jartzea, eta gai horien ekoizpena erraztea, horretarako lekuan lekuko industriak ezarriz. Alabaina, estrategia horrek, sarritan, atzera eragin dio industriaren garapenari, eta horren ondorioz Hirugarren Munduak kanpoko merkatuen aldera egin du, estrategia aldatuz.

Esportazioak ordea, herri pobre gehienetan, gai batenak edo birenak izaten dira, batez ere elikagai edo lehengaienak; horren ondorioz, prezioen gorabeheren mende egoten dira, eta hori oso arriskutsua da.

Nolanahi dela ere, estrategia horrek mundu ekonomia aldera bultzatu zituen 1980-90 urteetan zenbait herrialde, Herri Industrializatu Berriak izendatu direnak: Mexiko, Brasil eta Asiako lau Dragoiak (Taiwan, Hong Kong, Singapur eta Hegoaldeko Korea).Hirugarren Munduko gainerako herrialdeak merkatu globaletik kanpora geratu dira, eta industrializatzeko ahaleginetan dabiltza, baina kanpoko baldintzak kontrakoak dauzkate: ekonomia atzerapena, barne merkatuen hazkunde motelagoa, gehiegizko protekzionismoa, bankuen eskakizun gero handiagoak dirua mailagatzeko… Era berean, ez dirudi Herri Industrializatu Berrietan garapenaren lagungarri izan ziren eragile horiek herrialde azpigaratu hauetan ere badirenik.

Horregatik, herri horietan gara daitezen, barne faktore horiek landu beharko dira, egoera aldekoa izan dadin.

 

Ongizatearen estatuaren krisia

Jende askorentzat, krisian dago ongizatearen estatua, estatuek ez baitute finantza ahalmen aski zerbitzu sozialak gaur egun duten maila berean mantentzeko.

Ongizatearen egoera bi alderdi nagusietatik kritikatu izan da, ekonomiaren eta gizartearen aldetik.

Egingarritasun ekonomikoari dagokionez, ekonomia nazioarteko bihurtzeak kinka larrian jarri du ongizatearen estatua.

Eta eraginkortasun sozialari dagokionez, berriz, hiru kritika hauek dira aipagarriak: erakunde publikoek hiritarren eskaerei jaramon gutxi egitea; gizartean, eta bereziki gizartearen maila apalenetan, sortzen den erantzukizun falta; eta estatuaren indarrik eza arazo sozial askori irtenbidea ematerakoan (langabezia, ingurugiroaren hondamena, hirietako segurtasun falta…).

Ongizatearen estatuak gizarte gero eta garatuago, konplexuago eta elkarren mendeko baten eskakizunei erantzun ahal izateko duen ezintasunak berak, ekonomia nazioarteko bihurtzeak dakartzan presioek areagotua, agerian jartzen du agortu egin dela eredu hori. Estatu eta administrazio eredu berriak aurkitu behar dira XXI. mendeko arazoei aurre egin ahal izango bazaie.