Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Historia Unibertsala»Egungo aroa

Sobiet Batasuna Jrushchoven eta Brezhneven garaian

Jrushchov Nazio Batuen 15. Biltzar Orokorrean.<br><br>

1953 eta 1982 urteen artean bi agintari izan ziren Sobiet Batasunean: Jrushchov eta Brezhnev. Jrushchoven agintaldia Stalinen aroaren amaiera gisa hartzen da hainbat alderdiri dagokionez: masen izua desagertu zen, esaterako, nahiz eta indarrean iraun zuten Stalinek asmaturiko formula politiko eta ekonomikoek. Baina Jrushchoven agintaldia erreforma garaia ere izan zen, eta berrikuntza haiekin larridura sortu zitzaion burokrazia agintariari. Jrushchoven berrikuntza batzuk ez ziren uste bezain ongi atera, baina ekonomian zabalkunde aldia bizi zenez, oparotasunak ezkutatu zuen porrota.

Zabalkunde garaia Brezhneven agintaldian amaitu zen. Brezhnevek antzinako erakundeak eta formulak berreskuratu zituen; ez zen izan, askotan esan den bezala, estalinismorako itzulera, baina garrantzi handia izan zuten garai hartako joerek, eta erakundeak eta agintea zaharkituta gelditu ziren. Garai hartan Sobiet Batasuna nazioarteko potentzia handi izatetik ateratzen zituen etekinetatik bizi zen, nolabait esateko, baina bistakoa zen sobietar sistema usteltzen ari zela eta usteltze horrek krisi larria ekarriko zuela.

 

Jrushchoven erreformak

JRUSHCHOVEK STALINEN POLITIKARI KRITIKA EGIN ZION, KRITIKA NEURRITSUA BETIERE, ETA HAINBAT ERREFORMA EGITEN AHALEGINDU ZEN, NAHIZ ETA ASKOTAN EZ ZUEN EMAITZA ONIK LORTU ERREFORMA HORIEKIN.Stalin hil ondoren Jrushchovek eskuratu zuen agintea, nahiz eta itxuraz, behintzat, bazen agintera iristeko Jrushchovek baino aukera gehiago zuen hautagairik.

Sobiet Batasunean aldaketak gertatuko zirela Jrushchovek 1956an PCUS alderdiaren XX. kongresuan eman zuen hitzaldian antzeman zen lehenengo. Hitzaldi horretan Stalinen gurtza eta haren garaian egindako garbiketa handiak kritikatu zituen; hala ere, ez zuen zalantzan jarri Stalinek 1930 inguruan hartu zituen ekonomia neurrien baliagarritasuna.

Jrushchoven gidaritzapean Sobiet Batasunean egindako berrikuntzak zirela eta, haren kontra jarri zen burokrazia agintaria.

Aginpidearen goi mailetan tirabira asko gertatu ziren ?»Alderdiaren kontrako taldea»rena besteak beste?, berrikuntzek agintariei eragiten zien larritasunaren ondorioz ia gehienak. Jrushchovek ordu arte baino jarrera toleranteagoa izan zuen eskakizun nazionalistei zegokienez, planifikazio sistemaren deszentralizazioa bideratu zuen eta lurraldez lurraldekako erakundeak antolatu zituen, baina koordinazio arazoak zirela, batzuetan, eta berrikuntzak gauzatzeko neurri egokirik hartu ez zirela, besteetan, azkenean ezerezean gelditu ziren haren asmoak.

Nekazaritza berpizteko prozesua ere Jrushchovekinhasi zen, baina ez zuen arrakasta handirik izan.

Dena dela, Jrushchov agintean egon zen hamarraldian ekonomiaren egoera nahiko ona izan zen; nazio errenta, esaterako, %65 igo zen 1958-1965 bitartean. Horrez gainera, herritarren gizarte eta lan egoerak onera egin zuen, asko ez bada ere. Jrushchoven agintaldiaren azken urteetan, ordea, zentralizazioaren aldeko neurriak hartu ziren berriro eta gastu militarrak gora egin zuen, eta ikertzaile batzuen ustez, haiek izan ziren hurrengo urteetako krisi sakonaren lehenengo aztarnak.

 

Brezhneven garaiko geldialdia

BREZHNEVEN GARAIA GELDIALDIA IZAN ZEN SOBIET BATASUNARENTZAT; GELDIALDI HORRETAN HASI ZIREN SOBIET BATASUNAREN KRISI SAKONAREN EZAUGARRIAK NABARMENTZEN1964ko urrian Jrushchov bere kargutik kendu ondoren troika batek hartu zuen haren tokia: Brezhnev, Kosiguin eta Podgorni zien troikako kideak. Urteak aurrera egin ahala, ordea, Brezhnev nagusitu zitzaien gainerako biei.

Hasiera-hasieratik gelditu zen agerian Jrushchoven erreforma saioek hondoa jo zutela eta burokrazia agintariarentzako lasaitasun eta sendotze aldia zetorrela. Agintaldi berria geldialdi gisa hartu zen; ezin esan daiteke Sobiet Batasuna atzera estalinismora itzuli zenik, baina egia da Jrushchovek politikan harturiko neurri liberalagoen ordez formula zaharrak erabili zirela berriro,atzera egite horren kontrako erresistentzia zibila, edo disidentzia, antolatu zen arren.

Brezhneven aroak hiru ezaugarri nagusi hauek izan zituen: gerontokrazia sendotzea ?ez ziren erakundeak eraberritu eta adin handiko politikariak jarri ziren haien buru? ; zentralismoaren aldeko joera eta nazioen berezitasunak baztertzea ?horren erakusgarri da «sobietar herri» esapidea sortu izana? ; eta, azkenik, ekonomia hazkundearen beheraldia, 1965-1970 bitartean ekonomiaren hazkunde negatiboa ekarri zuena. Hiru ezaugarri horiez gainera kontuan hartu beharrekoak dira beste hauek ere: erabakiak hartzeko orduan neurri irrazionalak erabili ziren eta zentralizaziorako joera hartu zen, ustelkeria zabaldu zen, ez zen nekazaritzaren etekinak hobetzeko ahalegin eraginkorrik egin, gizarte zerbitzuetarako inbertsioak murriztu ziren eta gastu militarrak, aldiz, oso handiak izan ziren. Egoera hura aldatzeko berrikuntzak egiteko beharraz eztabaidak egin ziren ?Kosiguin izenaz ezagutu zena adibidez?, baina azkenean ez zen berrikuntzarik gauzatu.

 

Arerioen blokearekiko norgehiagoka

JRUSHCHOV ETA BREZHNEVEN AGINTALDIETAN KANPO POLITIKAREN ALORREAN MUNDUKO POTENTZIA NAGUSIETAKO BAT ZELA ERAKUTSI ZUEN SOBIET BATASUNAK, BARNE ARAZO ASKO IZAN ZITUEN ARRENJrushchoven kanpo politikak hainbat kontraesan izan zituen. Batetik, Stalinek utzitako nazioarteko harremanen antolaketa onartu zuen, baina, bestetik, «bakezko elkarbizitza» lortu nahi zuen, bi blokeen arteko norgehiagoka alde batera utzi gabe. Jrushchoven garaian lan handia egin zen alor militarrean eta horri esker armategi nuklear handia osatu zuen Sobiet Batasunak.

Jrushchovek Mendebalarekiko harremanak hobetzeko ahalegina egin zuen askotan, baina arazo ugari izan zituen, Berlingo eta Kubako krisien ondorioz besteak beste.

Sobietar blokearen baitan ere izan ziren tirabirak; Sobiet Batasunak eraso militarra egin zuen 1956an Hungarian, esaterako. Sobiet Batasunak Txinarekin zuen harremana okertu egin zen 1955-1960 bitartean, baina aldi berean onera egin zuten Indonesia, Egipto, Vietnam eta Indiarekikoek.

Brezhneven garaian Sobiet Batasunaren eta Estatu Batuen arteko harremanetan gorabehera handiak izan ziren; batzuetan harreman hobea izan zuen, eta oso txarra, berriz, besteetan. Horrela, nahiz eta Varsoviako Hitzarmenak ?Sobiet Batasuna buru? indarrez zapaldu zuen Pragako Udaberria, eta nahiz eta Vietnamgo gerran Sobiet Batasuna eta Estatu Batuak elkarren etsai izan ziren, bataren zein bestearen arma nuklear estrategikoen kopurua mugatzeko hitzarmenak sinatu zituzten. Hitzarmen haien ondoren, ordea, Sobiet Batasunak ekinaldi militar gehiago egin zituen eta Hirugarren Munduan esku hartzen jarraitu zuen (aliatuak egin zituen Portugalen mendekotasunetik askatu berri ziren kolonietan). Sobiet Batasunaren eta Txinaren artean ere tirabirak izan ziren 1969an, muga arazoak zirela eta.Dena dela, 1970eko hamarraldiaren amaieran larriagotu egin ziren Sobiet Batasunaren kanpo gatazkak. Batetik, sobietar gudarosteak Afganistani eraso zion; bestetik, Estatu Batuek arma kopurua handitu zuten, euromisilak ezarri ziren eta Polonian Solidarnosc sindikatua sortu zen. Nazioarteko harremanetan, beraz, oso ondorio txarrak izan zituen Brezhnev aroak.

 

Krisiaren ezaugarriak

1970-1980 URTEETAN KRISI OROKORRARI BEHAR BEZALA AURRE EGITEKO AZKEN AUKERA GALDU ZUEN SOBIET BATASUNAKSobietar sistemaren sakoneko krisiaren ezaugarriak 1970-1975 inguruan nabarmendu ziren guztiz. Kontuan hartu beharrekoa da krisi horrek hainbat alderditan zuela jatorria.

Batetik, ez zegoen egokitasunik erakunde zaharkituen eta gizartearen artean, denboraren joanean garrantzi handiko aldaketak (urbanizazioa, industrializazioa, heziketa) gertatu baitziren gizartean; bestetik ekonomiaren hazkundea gero eta txikiagoa zen, eta horren ondorioz ezin ziren ase industriaren beharrak, ezin zen teknologia iraultzarik egin, herritarren kontsumo maila oso kaskarra zen, nekazaritzak etekin txikiak ematen zituen eta militarrek beretzat eskatzen zituzten hainbat ondasun.

Bestalde plangintza zentralizatuak eratzeko ardura zuten egiturek ekonomiaren gaineko kontrola galdu zuten. Indar iraultzaile, gerra edo zapalkuntzarako tresna eraginkorrik ezean, gizarteak bizitasuna galdu zuen. Gizartearen krisiaren ondorioz demografia datu larriak bildu ziren: bizi itxaropenak behera egin zuen eta haurren heriotza tasa asko igo zen.

Egoera kaskarra zen Brezhneven garaian eta Brezhnev hil ondoren ere sobietar sistemak ez zuen hobekuntza handirik izan. 1982 eta 1985 bitartean Andropov eta Chernenko izan ziren Alderdi komunistaren buruzagi, baina ez zuten politika ofizialean aldaketa aipagarririk egin. Sobiet Batasunak erreforma sakonak behar zituen, aspalditik bistan zegoen hori, baina egoera hura ez zen, bestalde, perestroikari behar bezala aurre egiteko egoerarik egokiena ere.