Historia Unibertsala»Egungo aroa
Estatu Batuak: Trumanengandik Reaganengana
1945eko apirilean hil zen Roosevelt, EEBBetako
lehendakari karismaduna. Hala, harekin
lehendakariorde izandako Harry Truman
heldu zen Etxe Zurira. Jatorri apalekoa zen,
luxurik gabeko ohiturak zituen, eta administratzaile
onaren fama ere bai. Europan
gerra amaitzeko zorian zegoela hartu zuen
lehendakaritza. Berak eman zuen baimena
Hiroshiman eta Nagasakin bonba atomikoak
jaurtitzeko. Berehala eta baldintzarik gabe
errenditu zen Japonia (1945eko iraila). Behin
garaipena eskuratu ondoren, Trumanek
kanpo politika berri baten oinarriak finkatu
zituen, Marshall, Acheson eta Kennan bere
aholkularien laguntzarekin. EEBBen kanpo
politika berria hiru zutabeotan oinarritzen
zen: komunismoaren hedazaletasunari eustea,
?mundu askearen? defentsa, eta itun militarrak
Hego eta Erdiko Amerikan, Europan
eta Ozeano Barean (OEA, 1947; OTAN,
1949; ANZUS, 1951). Etengabe SESBaren
aurka aritu beharrak Europa Mendebaldean
eta Ekialde Urrunean gudarostea zabalduta
eta prest edukitzera behartzen zituen EE-
BBak. Aurkakotasun horren pasarte gogorrena
Koreako gerra izan zen (1950-53).
Nazio barruan, EEBBetako ekonomia
bake arora egokitzeak sorrarazi zituen arazoei
egin behar izan zien Trumanek aurre.1945etik 1947ra bitartean 10 milioi t?erdi
soldadu (biztanle guztien %7,5) gudarostea
utzi eta eguneroko bizitzara itzuli izanaren
ondorioz, inflazioa izugarri igo zen, soldatak
jaitsi ziren, eta langabeziaren mamuak
berriro indar hartu zuen. Ekonomiaren motelaldiaren
erdian, Truman 1948ko hauteskundeetara
aurkeztu zen, Roosevelten ideietan
oinarritutako gizarte egitasmo batekin.
Fair Deal izenaz ezagutu zen egitasmo politiko
hark gizarte babeserako sistemak indartzea,
gutxieneko soldata igotzea, etxebizitzak
eraikitzeko asmo hedadura handiko
bat bideratzea, nekazariei laguntzak ematea,
eta arrazazko bereizkeria bukaraztea
agintzen zituen. Langileen, behartsuen eta
baztertuen botoei esker, inork gutxik espero
zuen garaipena lortu zuen Trumanek.
Baina ezin izan zuen egitasmo oso hura
aurrera atera, gehiengo errepublikarrak oztopoak
jarri baitzizkion kongresuan. Trumanen
agintaldiak, ordea, izan zituen bere alde
ilunak ere: Fair Deal-ari buruz demokraten
artean sortutako zatiketa, Koreako gerrak
herritarrengan izan zuen arbuioa, eta Mac-
Carthy senatoreak abian jarritako histeria antikomunista,
hark bultzatutako ?jarduera antiamerikarren
aurkako borroka? garai hartako
benetako sorgin ehiza bihurtu baitzen.
Urte oparoak (1953-1960)
Hogei urtez lehendakari demokratak
izan ondoren, errepublikarrek irabazi zituzten
1952ko hauteskundeak, Eisenhower jenerala
lehendakarigai zutela. Politikan esperientziarik
ez zuen arren, Europako gerran
gudaroste aliatuaren buru izandako
hark nahikoa izan zituen bere izen ona eta
Korearako irtenbide azkar eta ohorezko bat
bilatzeko agindua hauteskundeak irabazteko.
Eisenhowerren garaipena amerikar herritar
arruntaren segurtasun eta lasaitasun
gogoaren adierazle zen. Bere ideia antikomunista
sendoetan oinarriturik, eta arma
nuklearren eguneratzeari uko egin gabe,
Eisenhowerrek aldi berri bat hasi zuen Sobiet
Batasunaren eta Estatu Batuen arteko
harremanetan (elkarri eraso gabe bakean
bizitzea deitu zitzaion). Giro baketsu hark
Kruschevek Washingtona egindako bisitan
izan zuen goren maila ?Suezko krisialdia
(1956) izan zen tartean, baina konponbidea
aurkitu zioten?. Barne politikaren arloan,
Eisenhowerrek demokraten gehiegizko
interbentzionismoaren eta errepublikarren
ohiko liberalismo ekonomikoaren arteko
oreka bilatu nahi izan zuen.
1950etik 1965era bitartean, Estatu Batuetako
BPG 2,5ez biderkatu zen, industria produkzioa
bikoiztu zen, eta per capita errenta
%45 hazi (boom demografikoa izan bazen
ere). Goraldi ikusgarri horren arrazoiak hiru
izan ziren: teknologiaren garapen ikaragarria,
barne eskariaren hazkundea (arma industria
barne zela), eta Mendebaleko Europarekin
eta Hego eta Erdiko Amerikarekin
zituzten pribilejiozko merkataritza harremanak.
Horrekin batera kontzentrazio prozesu
handiak gertatu ziren industriaren eta finantzen
munduan: 1960an langile guztien lautatik
bat Estatu Batuetako enpresa handienetan
zeuden enplegatuta, eta enpresa berorietan
sortzen ziren soldaten eta industriako
mozkin guztien heren bat. Kudeatzaile
modernoen jestiopean eta kapitalismo ?herrikoiak?
finantziatuak (General Motorsek bi
milioi akziodun txiki zituen) enpresa asko
multinazional bilakatu ziren (Ford, IBM, Firestone, e.a.). Oparotasunarekin batera kontsumoko
gizartea etorri zen: 1955 aldera, Estatu
Batuetako hiru herritarretatik batek autoa
zuen, etxeen %81ean telebista zuten (eta
ia denetan hozkailua eta garbigailua). Hirietako
biztanleria asko hazi zen, eta hirugarren
sektoreak inoiz ez bezalako eragina izan
zuen ekonomian: 1960an esku langileak biztanleria
aktiboaren %33 baizik ez ziren (eta
nekazariak %10era ez ziren iristen). Klase
arruntak bilakatu ziren gizarte amerikarraren
bizkarrezur, eta gizarte mota haren bizimodua
eta hiritik kanpoko haien etxe lorategidun
erosoak Estatu Batuetako bizimoldearen
ikur bihurtu ziren.
Amerikar ametsa kolokan
Kennedyk gorpuztu zituen belaunaldi
berriaren aldaketa gogoak. Aberatsa, kultura
handikoa, eta Massachussetseko senatore
demokrata zen lehendakari hautatu zutenean.
Behin Etxe Zurian zela, amerikar
aurrerakoienen oniritzia bilatu zuen, Eisenhowerren
aldiko kontserbadorekeria hausteko.
Kennedyren gobernu egitasmoak Roosevelt
eta Keynes izan zituen, erdi bana,
inspirazio iturri. Amerikar aurrendarien espiritu
ausarta eta elkartasunezkoa beretzat
hartuz, ?muga berri? baten konkista proposatu
zuen. Nazio barruan, oparoaldia luzatuz
eta aprobetxatuz, baztertuak gizarteratu
nahi izan zituen, pobreziaren eta arrazakeriaren
aurka borrokatuz. Kanpoan berriz,
Estatu Batuen aitzindaritza berrezarri nahi
izan zuen, Hirugarren Mundua nazio arteko
plazara agertzen ari zen aldi historiko
hartan. Kennedyren administrazioak onartu
zuen gizona ilargira eramango zuen espazio
hegaldien egitasmo munta handikoa;
Erdiko eta Hego Amerikarako Bake eta
Garapen Itun bat proposatu zuen; berdinen
arteko merkataritza hitzarmen handi bat sinatzea
eskaini zion EEEri; eta, bake egoera
hautsi gabe, irmotasunez eutsi zien bere
jarrerei. Sobiet Batasunarekiko harremanetan
(Berlingo bigarren krisia, 1961; misilen
krisialdia, 1962). Kennedyk bere herritarrengan
itxaropena sortzen jakin izan zuen,
amerikarren irudi toleranteena eta aurrerakoiena
banderatzat harturik. 1963ko azaroaren
22an hil zutenean mito bihurtu zen.
Baina izan zituen hutsegiteak ere, Vietnamgo
gerra hastea, esate baterako.
Johnsonek amaitu behar izan zituen
Kennedyk hasitako proiektuak. Haren gizarte
politikak ?Kongresuan gehiengo demokratari
esker onartu zenak? arrakasta handia
izan zuen: arrazagatiko bazterketa debekatu
zuen, gutxiengo beltzaren eskubide botoa
bermatu zuen, eta epaile beltz bat izendatu
zuen Epaitegi Goreneko kide; giro hartan
Martin Luther Kingi eman zioten Bakearen
Nobel Saria. Pobreziaren aurkako borrokak
ere eman zituen fruituak: pobreziaproportzioa %20tik 13ra jaitsi zen 1960tik
1968ra bitartean. Baina datu horiek ez ziren
nahikoa izan Johnson hauteskundeetara aurkezteko.
Haren ospea ahuldua gelditu zen
Vietnamgo gerragatik eta herrialde guztian
piztu ziren matxinada bortitzengatik.
Jendearen nahigabea ez zen baretu,
nahiz Nixonek eta haren aholkulari Henry
Kissingerrek kanpo politikan arrakasta handia
izan zuten: Txina eta EEBB elkarri hurbildu
zitzaizkion, Nixonek 1972an Pekina
egindako bisitaldiaren ondoren; Vietnamgo
gerra bukatu zen, 1973ko urtarrilean. Balantzaren
beste aldean, dolarraren ahultasuna,
inflazioa (1971ko abuztuan prezioak
eta soldatak blokearazi zituen) eta petrolioaren
krisia jarri behar dira. Hirurogeiko hamarralditik
EEBBetan nagusitua zen nortasun
krisia areagotu egin zuen Watergate eskandaluaren
berri izateak, argi geratu baitzen
Ipar Amerikako politikarien moraltasun
falta. Nixonek, berrogeita hamarreko hamarraldiko
maccarthista zaharrak, ezin izan
zuen amaitu bere bigarren agintaldia eta
Gerald Ford lehendakariordeak hartu zuen
haren ordez aginpidea Etxe Zurian.
Nixonek errepublikarrei sinesgarritasuna
galarazi bazien, gauza bera egin zuen Carterrek
demokraten ospearekin. Washingtongo
azpijokoetatik kanpo, giza eskubideez
kezkatzen zen gizon berri baten gisa aurkeztu
zuten. Behin lehendakaritzan zela,
ekonomia indartzeko abian jarri zituen neurri
gogorrek erabat huts egin zuten: langabeziak
eta inflazioak hazten jarraitu zuten.
Carterren eraginari esker, Ekialde Hurbila
zerbait baretu zen: 1978ko irailean, Egiptoko
eta Israelgo ordezkariek (Sadat eta
Begin) bakea izenpetu zuten Camp Daviden,
Washingtondik hurbil. Baina hurrengo
urtea oso txarra izan zen EEBBen interesetarako:
Khomeini ayatolaha buru zuen islamdar
iraultzak Irango shah amerikazalearen
errejimena erorarazi zuen (otsaila); sandinistek,
Kubaren laguntzaz, agintea eskuratu
zuten Nikaraguan, eta sobietarrek Afganistan
inbaditu zuten (abendua).
Kontserbadoreen iraultza
1980ko urrian hautatu zuten Reagan lehendakari,
eta 1984an berriro irabazi zituen
hauteskundeak. Berak berreskuratu zituen
EEBBen garai bateko konfiantza eta harrotasuna.
Reaganen politika egitasmoa guztiz
bakuna zen: Estatu Batuetako tradiziozko
balioak berreskuratzea (hirurogeiko hamarraldian
zalantzan jarri baitziren), estatuaren
interbentzioa gutxitzea, eta konplexurik
gabeko kanpo politika erasotzailea. Gastu
federala murriztu zuen, zergak jaitsi zituen,
eta enpresa jarduera araugabetu zuen,
ekimen pribatua, inbertsioak eta enplegua
sustatzeko. 1983tik 1989ra bitartean, inflazioa
%4 azpitik egon zen, eta 19 milioi lanpostusortu ziren. Baina ordainetan, zor federala
igo zen, gizarte laguntzak murriztu
ziren, eta aberatsen eta behartsuen arteko
desberdintasunak areagotu egin ziren:
1990ean, biztanleriaren %1ena zen nazio
osoko aberastasunaren %34. ?Zabor bonoak?
eta gobernuko ?eta gobernuz kanpoko?
beste zenbait ustelkeria arazo ere izan zen.
Kanpo politikan, gerra hotzaren garaiko
helburu eta hizkerara itzuli zen Reagan:
SESBekiko harremanak gogortu ziren, gastu
militarrak hazi zituen, eta komunisten
aurkako borroka areagotu zuen fronte guztietan
(Salvador, Nikaragua eta Granada).
Gerra hotzaren eta Reagan aroaren azkena
Reaganekin zortzi urtez lehendakariorde
izandako Bush neurritsuak irabazi zituen
1988ko hauteskundeak. Kanpo politikan,
SESBen hausturaren fruituak jaso zituen:
Berlingo harresiaren erorketa, arma nuklearren
murrizketa (STAR ituna, 1991ko uztaila)
eta, Golkoko gerran, EEBBen aitzindaritza
bakarra eta zalantzarik gabea (1991ko
urtarrila). Baina ekonomia krisialdiak zeharo
belztu zuen haren izen ona: 1992an 10
miliotik gora langabe ziren Estatu Batuetan.
Bushek zergak igo behar izan zituen zor
federal ikaragarria murriztuko bazuen, hala
hauteskundeetan emandako hiza jaten bazuen
ere. Hori gutxi balitz, 1992ko apirilaren
29an 58 hildako eragin zituen matxinada
bortitz bat piztu zen Los Angelesen. Indarkeriazko
nahasmendu handi hura zenbait
hiritako ghettoetako bizi baldintza ezin
kaskarragoek sorrarazi zuten. Beltzak eta
hego amerikar edo asiar jatorrikoak ziren
gehienbat ghetto horietan bizi zirenak, eta
analfabetismoa, langabezia, droga eta lege
hausteak erroturik zeuden haien eguneroko
bizitzan. Hura zen Estatu Batuetako gizartearen
bi aldeetako bat: alde iluna, alegia.
Bush lehendakaritzarako hauteskundeetara
aurkeztu zen 1992ko azaroan, bihozgabetua
eta herri iritzia aurka zuela. Baina Bill
Clinton izeneko Arkansasko gobernadore
gazteak irabazi zion.