Historia Unibertsala»Egungo aroa
Gerra hotza
1947an, Walter Lippman, Estatu Batuetako kanpo politikaren analistak ironiazko izenburua zeraman liburu bat eman zuen argitara: “Gerra Hotza”. Harrezkero II. Mundu gerra ondoko nazioarteko harremanak definitzeko erabili da esapide hori; Estatu Batuen eta Sobiet Batasunaren arteko tentsio egoera luzea adierazteko, zehatzago esanda; bai eta, hedaduraz, bi superpotentziek norbere aurkakoari beldur emateko helburuarekin gauzaturiko praktika multzoa ere (bloke militarren sorrera, etengabeko probokazio eta mehatxuak, suntsipenaren dialektika eta iritzi publikoa berariaz nahastea, zerbitzu sekretuen goraipamena, kideko ez ziren gobernuak eroraraztea eta, aliatuen bitartez, planetaren luze-zabalean buruturiko gatazkak). Guztiarekin ere, EEBBek eta SESBk ez zuten inoiz elkarren aurka jo zuzenean, zeren eta bi-biek sustaturiko armamentu lasterketa neurrigabeak “izuaren oreka” delakoa ekarri baitzuen. Hau da, gerra nuklearra lehertuz gero, garailerik gabe amaituko litzatekeelako segurtasuna. Errusiarren eta Estatu Batuen arteko harremanetan hainbat aldi bereiz daiteke, baina SESB 1991n deseginik geratu artean ez zen gerra hotzaren psikosia erabat gainditu.
Gerra hotzaren jatorria
II. Mundu gerran, garaiko kinkak ez bestek behartu zituen Estatu Batuak eta Sobiet Batasuna beren arteko aliantza militarra egitera. Etsai komunak eragin zuen elkar hartze hura, Berlin-Erroma-Tokio Ardatzaren hedapen inperialistak eta faxistak alegia. Baina behin garaipena lorturik, bi superpotentzien arteko mesfidantza etsaitasun irekia bilakatu zen, Europaren etorkizunari zegokionez behintzat.
Europa, haserrebide
Gerra amaitu aurretik aliatuek gerraondoko munduaren antolakuntza eztabaidatu bazuten ere, alferrikakoak izan ziren Yalta eta Postdam-eko bilkuretan lorturiko itunak.
SESB guztiz sendoturik irten zen gerratik, 1945ean Moskutik Berlineraino hedaturik zeukan bere gudaroste erraldoia, eta etekina atera nahi izan zion garaipenari. Stalinek segurtasun eskualde zabala ezarri nahi zuen sobietar mugaren mendebalera, eta, gudaroste gorriak askaturiko herrialdeei dagokienez, ez zegoen prest ez hauteskunde askeak egiteko ez gobernu demokratikoak ezartzeko haietan. Gainera oso zorrotz jokatu zuen mugak zuzentzeko eta kalte ordainak eskatzeko orduan. Gero eta zailagoa gertatu zen Aliatuen arteko Batzorde Kontrolak okupaturiko Alemania elkarrekin administratzea: sobietar gudarosteak gero eta askeago jokatu zuen bere mendeko eskualdean. Denbora laburrik barne, Estatu Batuetako kapitalismo liberalaren eta Sobiet Batasunaren komunismo kolektibistaren arteko lankidetza ezinezkoa gertatu zen. Aldi berean, bai hizkera eta bai jarrera politikoak oldarkorragoak egin ziren.
1946ko martxoan, Europa bitan zatitzenzuen “altzairuzko oihal” haren lehen aipamena
egin zuen Winston Churchillek. Urtebete
geroago, Trumanek, “euspen doktrina”
deiturikoa aplikatuz, laguntza ekonomiko
eta militarra agindu zien sobietarren
mehatxuari eusteko prest agertzen ziren
herrialde guztiei. Erantzuna A. Jdanov, Internazional
Komunistaren idazkariarengandik
etorri zen: Estatu Batuen politika inperialista
eta erreakzionarioa gaitzetsi zuen eta
indar aurrerakoi guztiak adoretu zituen
mundu osoan iraultzaren alde lan egin zezaten.
Alemaniaren zatiketa
Herrialde aliatuak ez ziren ados jarri Hitlerren ondoko Alemaniaren geroaz. Postdam-en herrialdearen okupazio militarra eta elkarrekiko administrazioa erabaki zuten, gobernu aleman bat eratzeko baldintzak gauzatu bitartean. Halaz guztiz, errusiarren eta amerikarren arteko tensio geroz eta handiagoek estrategia aldaketa ekarri zuten.
Sobietarrek beren okupazio eskualdean nekazaritza erreforma abiarazi, mugak zuzendu eta alemanen industria SESBera eramaten zuten bitartean, mendebalekoek beren eskualdeetako administrazioa batu, alderdi demokratikoak berreraikitzen lagundu, hauteskundeetara deitu eta herrialdearen berreraikitze ekonomikoa –deutschemark delakoaren sorreratik hasita– azkartzea erabaki zuten. Baina sobietarrek bai diru erreforma bai Marshall Planak eskainitako laguntza arbuiatu zituzten, eta 1948ko ekainean lau eskualdetan zatiturik zegoen Berlin hiriko lur komunikazioak moztu zituzten.
Hamaika hilabetean (1948-VI-24/ 1949-V-12) sekulako aire-zubia eratu zuten aliatuek bi milioi eta erdi berlindar –mendebaletarren aldekoak gehienak– hornikuntzarikgabe ez uztearren. Berlingo blokeoa,
egundoko etsaitasun keinutzat harturik, erabakigarria
izan zen Alemaniaren zatiketan.
1949ko irailaren 15ean, aliatuen babespean,
Alemaniako Errepublika Federaleko (RFA)
kantzelari izendatu zuten Konrad Adenauer;
zenbait aste geroago, urriaren 7an, Alemaniako
Errepublika Demokratikoko (RDA)
lehendakari izendatu zuten Wilhelm Pieck
komunista.
Gerra hotzaren aldiak
EEBBen eta SESBren arteko harremanak beti mesfidantzak eta tentsioak markaturik ageri baziren ere, jarrerak leundu eta gutxieneko hitzarmenak lortu egin ziren une jakin batzuetan. Mendebalaren eta Ekialdearen arteko lehia eta liskar ideologikoa inoiz desagertu ez baziren ere, denborarekin, adierazi gabeko hitzarmen multzo bat ezartzera iritsi ziren bi herrialde nagusiak, eta, hartara, aurrez aurreko borroka eta holokausto nuklearraren mehatxua saihestu ahal izan zituzten.
Bi poloko mundu baterantz
Alemaniaren banaketa hura gero munduan
gertau behar zuen banaketa handiaren,
hots, bi bloketan banatzearen aurrerapena
besterik ez zen. Elkarren aurrez aurre
zeuden ekonomia, ideologia eta antolaketa
militarrek bereizi zituzten bi bloke horiek.
1949ko amaieran, sortaldeko Europako herrialde
guztiak sobietarren mende zeuden;
Mao-Tse-Tungen iraultza komunistak garaipena
lortu zuen Txinan eta errusiar zientzialariek
prest zuten bonba atomikoa. Aldi
berean, Estatu Batuek Marshall Planaren eta
OTANen bidez bideratu zuten Europako
mendebalerako laguntza; bien bitartean histeria
antikomunista (macarthismoa) piztu
zen beren lurraldean.
Herri demokraziak: eufemismo bat
Komunismoa Europako ekialdean hedatzean “herri demokraziak” –eufemismo bat, RDA, Polonia, Txekoslovakia, Hungaria, Jugoslavia, Rumania, Bulgaria eta Albaniak SESBrekiko zuten mendekotasuna adierazteko– sortu zituen. Herrialde horietan ez zegoen ez tradizio demokratikorik, ez masa alderdirik, ez eta nabarmentzen zen buruzagi nazionalik ere, eta horri esker atera zen garaile alderdi komunista, guduan partisano gisa bereganatu zuen disziplinatu eta adoretsu ospeak lagundurik. Botereaz jabetzeko lehia hartan, berdintasunaren eta justizia sozialaren aldeko kontsignek huts egin zuten tokietan, indarrez hartu zuten agintea komunistek (1948an Txekoslovakian gertatu bezala). Herrialde horien sobietartzea eredu jakin baten arabera gertatu zen: alderdi bakarra (eskubide zibil eta politikoak ezabatzea, elkarte ez komunista guztiak legez kanpo uztea, disidenteen errepresioa, alderdiak estatu egitura guztiak kolonizatzea, etab.) eta jabego pribatua zein merkatua ezabatzea (produkzio bideen sozializazioa, plangintza ekonomiko zentralizatua eta industria astunean oinarrituriko industrializazio azkarra). SESBk COMECON (Elkarren Laguntza Ekonomikorako Kontseilua) sortu zuen 1949an blokearen politika ekonomikoa koordinatzeko eta teknologia zein merkataritza trukeak errazteko. Gerora Mongolia eta Kuba ere sartu ziren COMECONen.
Blokeak, izenetik benetako lerrokatzera
Estatu Batuek, beren aldetik, bloke kapitalistaren buruzagitza eta defentsa hartu zuten beren gain. 1948an komunistak irtenarazi zituzten frantses eta italiar gobernuetatik; aldi berean, amerikarren laguntza biltzen zuten herrialdeen lankidetza sustatzearren, Ekonomia Lankidetzarako Europako Erakundearen (OECE) sorrera bultzatu zuten.
Ondoko urtean, Europa mendebala defendatzeko hitzarmen militar bat eragin zuen: NATO. Hasieran, Estatu Batuak, Kanada, Frantzia, Bretainia Handia, Italia, Portugal, Belgika, Holanda, Luxenburgo, Islandia, Danimarka eta Noruega izan ziren erakunde horretako partaideak. Gero, beste zenbait erantsi zitzaizkien: Grezia eta Turkia (1952), Alemaniako Errepublika Federala (1955) eta Espainia (1991). Horri erantzunez, SESBk Varsoviako Hitzarmena (1955) eratu zuen: bloke komunistaren hitzarmen honek Europako ekialdeko herrialde guztiak hartzen zituen, Jugoslavia izan ezik. Baina Estatu Batuek, sobietarren hedapena geldiarazteko, hainbat itun militar eginak zituzten ordurako: Latinamerikan (Rio de Janeiroko Hitzarmena, 1947), Asiako hego-ekialdean (OTASE, 1954, Japonia barne) eta Pertsiar golkoan (Bagdadeko Hitzarmena, 1955). Munduko bi potentzia nagusiek, Europan jadanik banaturik, hitzarmen ekonomiko eta militarrak egin zituzten zein bere aldetik, eta horrek, azkenean, mundua bi bloketan zatiturik utzi zuen.
Gerra hotzaren aldiak
EEBBen eta SESBren arteko harremanak beti mesfidantzak eta tentsioak markaturik ageri baziren ere, jarrerak leundu eta gutxieneko hitzarmenak lortu egin ziren une jakin batzuetan. Mendebalaren eta Ekialdearen arteko lehia eta liskar ideologikoa inoiz desagertu ez baziren ere, denborarekin, adierazi gabeko hitzarmen multzo bat ezartzera iritsi ziren bi herrialde nagusiak, eta, hartara, aurrez aurreko borroka eta holokausto nuklearraren mehatxua saihestu ahal izan zituzten.
Hirugarren Mundu Gerrarantz?
Tentsio handieneko uneak 1947 eta 1953 bitartean gertatu ziren, bi herrialde nagusien erradikalizazio ideologikoa eta bi blokeen sendotze estrategikoa zirela kausa.
Gatazka orokorra ezin itzurizkoa zela eman zuen ere une jakin batzuetan. Batez ere Berlingo blokeoan (1948-1949) edo Koreako gerran (1950-1953).
Bakezko elkarbizitza (1953-1975)
Hiru gertakarik tentsioa apaltzea lortu zuten: Estatu Batuen monopolio nuklearraren amaiera, Stalinen heriotza eta Eisenhoweraginpidera iristea. Horiek hirurogeita hamargarren
urteetaraino iritsi behar zuen aldia
zabaldu zuten. Moskuren eta Washingtonen
arteko joko arauak garbi finkaturik ageri dira,
norbere eraginpeko eskualdeen ezagutzaz
hasita. Horrenbestez, 1956ko matxinada zapaltzearren
SESB Hungarian sartu zenean,
esaterako, Estatu Batuek ez zuten zirkinik
egin. Urte hartan berean, aldiz, Estatu Batuen
alde azaldu zen SESB, Suezko krisiari
konponbidea eman beharrez, airez garraiaturiko
gudaroste frantziar eta britainiarrak
kanala okupatu zuenean, arabiarren eta israeldarren
arteko gatazka zela eta. Arian-arian
bi herrialde nagusien arteko negoziazioak
aurrera egin zuen: 1963an saio nuklearren
debeku partziala izenpetu zuten; 1968an
Arma Nuklearrak Ez Ugaltzeko Hitzarmena
etorri zen, eta 1975ean Helsinkiko Hitzarmenak,
hots, Sobiet Batasunak sinatu zuen giza
eskubideen aldeko deklarazio bat. Izualdiak
ere izan ziren, hala nola Berlingo harresiaren
eraikuntza (1961), Kubako misilen krisia
(1962) edota Vietnamgo gerra (1968-1975).
Bi herrialde nagusiek gero eta zailtasun handiagoak
zituzten barne batasuna mantentzeko,
eta horrexek ekarri zuen distentsioa; desadostasunak
agertzen hasiak ziren bi blokeetan.
Estatu Batuak, batetik, hainbat arazoren
aurrean gertatu ziren: De Gaulle-rekiko
gorabeherak –Frantzia OTANen egitura
militarretik kanpo atera zuen–, bakezaletasunaren
hedapena, Vietnamgo gerraren aurkako
jarrera. SESB, bestalde, txinatarren aurkako
gatazka zela-eta azpijana, herrialde komunistendesadostasun geroz handiagoari aurre
egin beharrean aurkitu zen (desadostasun
hori agerian geratu zen “Pragako udaberria”
deituriko hartan, 1968an Varsoviako
Hitzarmeneko tankeek zapaldu zutena).
Gerra hotzaren amaiera
R. Reagan Etxe Zurira iristeak (1982) gerra hotzaren gaizkoatzea ekarri zuen. Erretorika oldarkorra berpiztu zuen EEBBetako lehendakari berriak, errejimen komunistei esesten hasi zen, bai eta Defentsa Estrategikorako Ekimena aldarrikatu ere; hots, satelite artifizialetan ezarritako laser izpien bidez sobietarren misilak espazioan suntsitzea helburu zuen defentsa sistema guztiz sofistikatua.
SESB, ordea, ekonomiaren aldetik aurrera egin ezinik, teknologiaren aldetik atzeraturik eta Afganistango gerrak odolusturik, ez zuen erantzuteko ahalmenik eta ez zegoen erronka berri hari aurre egiteko moduan.
Gorbatxov aginpidera iristearekin (1985) barne aldaketa prozesu guztiz garrantzitsua abiatu zen SESBean. Gastu militarraren gehiegizko pisuaz oharturik eta erortzear zegoen inperioa zutik mantendu ezinean, sobietarren agintari berriak alde bakarreko armagabetzea aldarrikatu zuen; orobat, Europako segurtasun eskualdea bertan behera uzteko nahia eta munduko bake eta segurtasunaren alde lan egiteko asmoa azaldu zuen. 1989ko azaroan Berlingo harresia, Europaren zatiketaren irudia zen lotsaren harresia deituriko hura, erori izanak gerra hotzaren amaiera eta garai berri baten hasiera ekarri zuen.