Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Historia Unibertsala»Egungo aroa

Ameriketako Estatu Batuak Europako bi gerren artean (1919-1945)

Woodrow Wilson, Estatu Batuetako lehendakaria 1913–1921 urteetan.<br><br>

Versaillesko itunean (1919) Estatu Batuek herrialde ahaltsua zirela erakutsi zuten, eta Yaltako itunaren (1945) eta bi gerra handien arteko garai nahasiaren ondoren garbigarbi ikusi zen munduko bi herrialde indartsuenetako bat zela. Bi hitzarmen horien arteko garaian industria handi eta kontsumo izugarrian oinarrituriko oparoaldia bizi izan zuten Estatu Batuek, 1920ko hamarraldian hain zuzen, 1929ko Krisi Handia bitartean.

Krisi Handia iritsi zenean herri guztia lanean jarri eta Batasuneko erakundeen baliabide guztiak erabili behar izan ziren (New Deal) Estatu Batuetako ekonomia eta gizartea berpizteko, eta lan horri esker lortu zuten Estatu Batuek II. Mundu gerran demokrazien aitzindari izatea. 1920ko hamarraldian erreakzio kontserbadore eta nazionalista gertatu zen, eta aldi berean astialdiko kultura berria (jazza eta kirolak) sortu zen. 1930eko hamarraldian, azkenik, ongizatearen estatuaren oinarriak finkatzeko aukera eman zuten berrikuntza programak gauzatu ziren.

 

Back to normalcy

Warren G. Harding lehendakariaren normaltasunera itzultzea esapideak bikain adierazi zuen gerra ondoan Estatu Batuetako gizarteak zuen nahia. Izan ere, Lehen Mundu Gerrak ez zien hondamena ekarri Estatu Batuei, Europari ez bezala –aitzitik, oso mesedegarria izan zitzaion hango ekonomiari–, baina atsekabea eta etsipena nagusitu ziren kulturan, gizartean eta politikan.

Gizarteak atzera jo eta balio tradizionalak berreskuratzeko ahalegina egin zuen. Aurrerazaletasunaren gainbehera etorri zen, eta nazionalismoaren barne gogoeta, probintzianismoa, intolerantzia eta beldurra. Aldi berean, ordea, gero eta diru eta denbora libre gehiago sortzen zuten Estatu Batuek, eta blues eta jazzaren kultura esportatzen zen Europara.

Intolerantziaren lehenengo arrastoak 1919ko «izu gorria» deritzonarekin agertu ziren. Atzerriko erasoaren beldurrarekin, greba handiekin (Seattle, otsailean, edo polizien greba Bostonen, istilu eta harrapaketa askorekin), iritzi publikoak sindikatuak baztertu zituen eta zapalkuntza latza antolatu zen (Espioitza eta Matxinada legeak berreskuratu ziren, anarkista ospetsuak atxilotu ziren, epaiketa sumarioak egin ziren, Sacco eta Vanzettirena adibidez). Giro horretan emigrazioa murrizteko legeak eman ziren (1921 eta 1924), aurreko usadioak erabat aldatuz (emigranteen errotiko murrizketa, asiarrei ateak ixtea, emigrante gehienak Europa iparraldeko eta mendebalekoak izatea, eta «hispaniarrei» ateak zabaltzea); Ku- Klux-Klana berriro agertu zen (Georgia,1915), beltz, papista, judu eta atzerritarren kontra, eta 1925ean iritsi zuten gorena eta urte hartan bertan jo zuten hondoa; irakaskuntzako lege dogmatikoak eman ziren (Tennesseee, 1925); eta Hemezortzigarren zuzenketa (1920), debekua, ezkutuko tabernak eta gau klubak eta krimen antolatua hiri handietan (Chicago) ekarri zuena. Giro horretatik ihes egin zuten idazle batzuek (Eliot, Pound, Hemingway) edo Estatu Batuetatik bertatik kritikatu zuten (Dos Passos, Steinbeck). Ez zaio duena baino garrantzi handiagoa eman behar, beraz, intolerantziari.

The Republic eta The Nation aldizkari aurrerazaleek arrakasta handia izan zuten, eta baita belaunaldi errebeldeko idazleek ere.

Egoera hura administratzeko ardura Warren G. Harding (1920-1923) eta Calvin Coolidge (1923-1928) lehendakariei egokitu zitzaien. Wilsonen suhartasunaz nekatuta zeuden hautesleak, eta hori zela-eta Harding hautatu zuten lehendakari 1920ko hauteskundeetan.

Lehendakari berriak (egunkari txiki baten argitaratzailea, aurreko lehendakariaren maila intelektuala iristen ez zuena) bere garaipena Versaillesko Hitzarmenaren zapuzte gisa interpretatu zuen. Hardingek amerikar enpresaren (zerga murrizketak eta gastu publikoa, muga zergak) eta ugazaben alde egin zuen, langileen alde egin ordez, industrietako liskarreran (Virginia eta Illinoisko meatzarien greban, burdinbideko greban). Gobernuko goi karguak handikien esku utzi zituen (Hughes, Mellon). Baina aldi berean bere lagunei eman zizkien administrazioko hainbat kargu (Ohioko banda) eta horrek ustelkeria eta eskandaluaekarri zuen. Harding hil ondoren (1923ko abuztuan) Calvin Coolidgek hartu zuen haren lekua (lehendakari gisa berretsi zuten 1924ko hauteskundeetan). Hardingek hasitako bideari heldu zion Coolidgek, baina ezin izan zituen aurreko agintaldiko eskandaluak zuritu. Dena dela haren agintaldia Estatu Batuen gerra ondoko oparoaldiaren garaia izan zen.

 

Oparotasuna eta krisia

Politikari dagokionez joera kontserbadorea izan zen nagusi, eta ekonomian oparoaldia bizi izan zen 1929 arte. 1921 eta 1929 bitartean nazio produktua %47 igo zen eta soldata errealek %25 egin zuten gora.

Oparoaldi berria, etekin handiak eta enplegu errazagoa produktibitatearen hazkundeari esker iritsi ziren, F. W. Taylorren gestio eredu berriari eta teknologia alorreko berrikuntzei esker hain zuzen ere. Horrekin batera inbertsioek neurrigabe egin zuten gora, enpresa asko elkartu ziren (gobernuak trust-en kontrako legeei ezikusiarena egin zien), «kontsumo gogorreko» salgaien eskaria asko handitu zen (autoa, tresna elektrikoak) eta eraikuntzaren eta zerbitzuen zabalkunde bizkorra gertatu zen. Serieko ekoizpenaren eta kontsumo neurrigabearen (publizitatea, denda kateak, posta bidezko salmenta eta epekakoa) garaia zen. Automobilgintzak indar handia hartu zuen, eta beste industria batzuen bizkorgarri izan zen: altzairua, kautxua, nikela, beira eta larrua. Errepide asko eraiki ziren, eta horrek hiri askoren bilakaera ekarri zuen.

Bilakaera hori zela eta, «nomaden nazio» bat eratu zen, eta beste negozio batzuk indartuziren: motelak, errepideetako jatetxeak, gasolindegiak.

Autobusak trenaren tokia hartu zuen. Eta baita hegazkinak ere: 1918an inauguratu zen Washington eta New York arteko aire bidezko garraio erregularra, eta 1930erako 80.000 kilometroko airetiko bidea egiten zen. Irratiak ere berebiziko garrantzia izan zuen aldaketa handi hartan; 1926an NBC katea sortu zen, eta CBS katea hurrengo urtean.

Garaitsu hartan sortu zen Hollywoodeko ametsen lantegi berria ere. 1920an zinema zen Estatu Batuetako bosgarren industria eta hartzen hasia zen XX. mendeko arte gisa; hala, mende honetako aisialdiko produktu nagusietakoa bihurtu zen kirol ikuskizunekin batera (beisbola, futbol amerikarra eta boxeoa). 1927an lehen film ahostuna egin zen (The Jazz Singer). Izenburua aski aproposa zen, New Orleansen sortu eta orduan ari baitzen alde guztietara zabaltzen jazz musika (Louis Armstrong, Jelly Roll Morton eta Duke Ellington), modernitatearen musika. Horrekin batera charleston eta black bottom dantza berriak agertu ziren.

Eta flapper tankerako emakumezko ausart biziaren moda zabaldu zen, garai hartako emantzipaziorako joeraren ildotik.

Egoera haren aurrean jarrera kritikoa azaldu zuten idazleek, S. Lewis, F. Scott Fitzgerald, E. Hemingway eta W. Faulkner eleberrigileek eta E. O’Neill edo T. S. Eliot antzerkigileek izan ziren besteren artean. Eta margolari batzuek ere agertu zuten beren ezadostasuna, adibidez E. Hopperrek; G.

Woodek, esaterako, nazio pintura egin zuen, eta garai hartako oparotasunetik bazter gelditu zen amerikar baserritarra irudikatu zuen bere obretan (Gotiko amerikarra, 1930).

Mundu hark 1929an jo zuen hondoa, Depresio Handiarekin. Izan ere 1920ko hamarraldiko oparotasunak oso oinarri ahulak zituen: ekoizpen ahalmen neurriz gaindikoa, baserritarren eta ehungintzako langileen miseria, etekinen igoera handia soldatenaren aurrean, zergak irabazien araberakoak ez izatea, minifundioko banku sistema erabiltzea industria kontzentrazioaren aurrean, ordainketa balantza kaskarra, etab. Eta oinarriak ahulak zirela eta, aski izan zen Burtsako Ostegun Beltza (urriaren 24) dena gainbehera etortzeko (eta krisia mundu guztira zabaltzeko). Langabeziak eta miseriak gora egin zuen: 1925ean milioi t’erdi langabetu zegoen, eta 1932an bederatzi aldiz gehiago (13 milioi). Errepideak eta hiriak eskaleez eta etxerik gabeko jendez bete ziren, milaka baserritar lur jota gelditu zen betiko, eta jende asko harrapaketatik bizitzen hasi zen. Krisi hura izan zen Banakuntzarako gerraz geroko gertaerarik larriena.

Hondamen ekonomikoa Herbert Hoover hirugarren lehendakari errepublikarraren agintaldian gertatu zen (1928-1932). Hooverrek «indibidualismo indartsua» hartu zuenoinarri (politika ultraliberala azken batean) eta etsipena ekarri zien herritarrei. Hiru urteko atsekabea izan zuten eta horrek konfidantza galarazi zion herriari; 1932an errepublikarrek lehendakaritza galdu zuten, eta Franklin D. Roosevelt atera zen garaile.

 

New Deal

Franklin D. Roosevelt lehendakariak New Deal delako politika («Estatu Batuetako herriarentzako beste era bateko tratua») jarri zuen martxan; politika horrek akzioa eta zuzendaritza eskaintzen zuen, eta gainera nazio ekonomia zuzpertzeko proposamena eta gizarte politika eraginkorra egiteko asmoa zuen. Erakundeetan iraultza izan zen eta herri guztia mobilizatu zen, konstituzioak lehendakariari ematen zizkion eskumen guztiak eta lehendakariaren karisma pertsonala (irratiz ematen ziren «sutondoko solasaldiak» eta boluntarismoaren alde han egiten ziren aldarriak dira horren erakusgarri) erabiliz. Baserritarrak miseriatik atera ziren, enpleguaren maila igo zen, argi indarra herrialde guztira zabaldu zen eta azpiegiturak eratu ziren, eta, batez ere, ongizatearen estatuaren oinarriak finkatu ziren.

Aurrez izan ziren erreformatzaile eta aurrerazale guztien programak berreskuratu zituen Rooseveltek, hasi populisten programatik eta Wilsoneneraino, eta biata estatu aurrerazaleenak ere, Wisconsinena adibidez.

Bere politikaren diseinua egiteko laguntzaile talde bat eratu zuen («jakintsuen trusta»), akademikoez (Tugwell, Moley eta Berle jr.), legelariez (Rosenman eta Frankfurter) eta kazetariez osatua.

Lehen aldian (1933-1935) herritarren konfidantza eskuratu zuen, finantzak onbideratuzituen (Banku Larrialdiko legea, Ekonomia legea eta Balioen legea), krisi eta langabeziari aurre egiteko neurriak hartu zituen (Larrialdietarako Laguntzen Zuzendaritza Federala eta Diru Languntza Federalei buruzko legea), baserrietako ekonomia zuzpertu zuen (Nekazaritza Arautzeko Zuzendaritza eta Baserritarrentzako Mailegu Zerbitzua), lan harremanak, negoziazio kolektiboa eta industria ordenatu zituen (Nazio Berreskurapenerako Zuzendaritza eta Industriaren Berreskurapenerako Lege Nazionala), eta herri lanen eta lan publikoen bidez langabeziari aurre egin zion (Gizarte Obretako Zuzendaritza, Kontserbaziorako Talde Zibila eta, batez ere, TVA delakoa, Tennesseeko bailarako Zuzendaritza).

Kongresuan aurrerazaleak izan ziren nagusi 1934az gero, baina Epaitegi Gorenak, kontserbadorea zenez, atzera bota zituen zenbait lege; horrekin bere New Deal politikan aldaketa bat sartu zuen Rooseveltek (1935-1938, batez ere 1936an berriro lehendakari hautatu zutelarik). Epaitegian indar hartzeko eta bere programa zabaltzeko ahalegina egin zuen, eta lortu ere lortu zuen bere helburua. Lehenengo aldian sindikatuen laguntza eskuratu zuten demokratek (batez ere CIOren laguntza) gizarte legeen eta enpresetan zentralen jarduera babesten zuten legeen bidez (Wagner legea).

Hala ere, konstituzioaren inguruko gatazkek min handia egin zioten, kongresuan indarra galdu zuen, eta tratua indar gabe gelditu zen 1938an. Dena dela, New Dealik ezean, Estatu Batuek ezin izango zuten Bigarren Mundu Gerran munduko demokrazien aitzindari izan, eta ez zen superpotentzia gisa agertuko gerra ondoren.