Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Historia Unibertsala»Egungo aroa

1920ko hamarraldi zoriontsutik 1929ko krisira

John Maynard KEYNES (1883-1946). Ingeles ekonomialaria, Cambridgen jaioa eta hezia, unibertsitate horretako ekonomiako irakasle baten semea.

Gerra garaian hasi zen nabarmentzen, Ingalaterrak aliatuei egiten zizkien maileguak kontrolatuz, eta Estatu Batuekin ekonomiaren alor horren politika orokorra adostuz. Gerra bukatu zelarik, 1919an, ordezkari izan zen Parisko Bake Konferentzian, eta Alemaniari ipini zitzaizkion gerra ordainak gogor kritikatzen zituen liburu bat argitaratu zuen (Bakearen ondorio ekonomikoak). 1923an Diru erreformari buruz argitaratu zuen, Ingalaterrako Bankuaren politikagintzak, orduan ohikoa zenaren aurka, egin beharko zuena finkatzen zuena.

1930ean berrargitaratu zen lan hori, Ingalaterra berriz ere urre patroian sartu izana kritikatzen zuena. Sei urte geroago agertu zen Enpleguari, interesari eta diruari buruzko teoria orokorra liburu ospetsua, zeinean ekonomia prozesuan eskaerak izan behar duen papera erreibindikatzen zuen, auzitan jartzen zuen aurrezkiari egozten zitzaion usadiozko eginkizuna, eta estatuaren interbentzioa proposatzen, krisi garaietan gastu publikoa eta defizita gehitzeko, eskaera murriztua zuzpertzeko, eta enplegua eta kontsumitzaileak sortzeko. Ekonomia eskola berri honek, Cambridgekoak alegia, ?gobernatu? zituen estrategia makroekonomikoak Bigarren Mundu gerratik aurrera.

Ingalaterrako Bankuko gobernari izan zen, eta postu horretan, bere herriaren ordezkari izan zen Bretton Woodseko Konferentzian (1944), eta hartatik aterea zen Nazioarteko Diru Fondoa.

Bi gerren arteko aldian gertatu ziren, hurrenez hurren, ekonomiaren zuzpertzea, nolahalako oparoaldia eta krisia. Aldi horren erdi-erdian, 1929an, ordu arte ezagutu zen ekonomia krisirik gogorrena pairatu zen. Krisi horren ondorioek ekarri zuten, besteak beste, faxismoen goraldia, eta, azken finean, baita bigarren gerra handia ere. Baina era berean, eta batez ere, XIX. mendean ohiko zen kapitalismo liberal zaharraren ukatzea izan zen 29ko krisia, eta orobat beste era bateko kapitalismo baten jaiotza mingarria. Kapitalismo berri horrek, kapitalismoaren beraren ezaugarri nagusiak gorderik ere, estatuari eman zion paper protagonista ekonomia erregulatu zezan, eta esku ikusezinak berez ezin aurkitu zuen oreka bila zezan.

Gerrak nahastutako ekonomia

Lehen Mundu gerrak, bere handiarekin, usadiozko prozedura ekonomikoak aldatzera behartu zituen estatuak. Hasteko, XIX. mendeko liberalismo ekonomikoan ezin pentsatuzkoak ziren baliabide eta eginkizunak beretu zituen estatuak. Estatuaren tresneriak, gerrako ekonomia salbuespenezkoaren buruzagitza hartuta, prezioak eta soldatak kontrolatzen zituen, barneko ekoizpena hobetzeko, industria korporazio handiei kredituak emateko? lan merkatua erregulatzen, armadarekin eta enpresa pribatuekin akordioak egiten. Bestalde, nazioarteko harremanak aldarazi zituen gerrak, eta, hala, Ingalaterra zaharrak ?eta, hedaduraz, Europa zaharrak? potentzia sortu berriari, hau da, Ameriketako Estatu Batuei leku eman behar izan zion.

Gerra baino lehen, Europako hiru herrialdek, Britainia Handiak, Alemaniak eta Frantziak, egiten zuten munduko eskulanen %36 (Ipar Amerikaren antzera), menderatzen zuten munduko merkataritzaren %60 ?haren erdia Europa barnekoa zen?, eta urre erreserben heren bat. Gerrak betiko hautsi zuen erlazio horren oreka. Amerikarrak asko handitu zuten ekoizpena gerran parte hartzen zuten Europako herrialdeentzat, eta, modu horretan, beren ekoizpen ahalmena handiagotu, errentagarriago bihurtu eta europarrak beren mende jarri zituzten urteotan: Wall Streetetik, ez Londresko Citytik, gidaturiko finantzen mende, urre bihur zitekeen diru bakarra zen dolarraren eta gerrako maileguen mende, Europa barnekoa izatetik kontinente arteko izatera igaro zen markataritza baten eta EstatuBatuetan erosteko baldintzapeko kredituen mende? Urrutiko herrialde bat, Japonia, izan zen beste irabazlea, gerra ondoren hasi baitzen hura ere gora egiten, harik eta Ozeano Bareko potentzia bihurtu zen arte.

A.J.P. Taylor historialariaren hitzetan, Europaren historiaren amaiera seinalatu zuen 1914-1918ko gerrak, eta munduaren historiaren hasiera. Horixe adierazi zuen 1929ko krisiak. Azkenik, berrikuntza teknologikoek eta lanaren antolamendu modernoenek (taylorismoak) sustraitik berriztatu zuten ekoizpen sistema hura, izugarri handitu zuen bere ekoizteko ahalmena; horretarako, saialeku ezin hobea izan zen gerra (gatazka bukatzen zenerako ere egokia).

Urte eroak

Ez da harritzekoa, beraz, 1920-30 urteekin lotzen den oparotasuna, egiazki, Estatu Batuena bakarrik izatea. Are gehiago, ?zoriontsu? hitza ez da egokia modu orokorrean esanez gero, eta kontraesana da gainera. Nolabait ere, kontzeptu bikoitza da: sozio-kulturala eta sozio-ekonomikoa.

Aurrenekoari dagokionez, errotikako ohitura aldaketa izan zen Lehen Mundu gerraren ondoren gertatua. XIX.. endeko mundu ordenatu eta elitistaren ordez, beste bat etorri zen, zoro samarra eta protagonista gizarte masak zituena. 20- 30 urteetan gertatu zen aldaketa hori, berrikuntza askorekin: emakumearen protagonismo handiagoa, zinema ahostuna, irratiaren hedapena, moda, masen kirola, zeluloideko heroiak, jazza, automobilen fabrikazio eta salmenta zabala, aireko garraioen garapena, telebistaren lehen urratsak. Hirietan gertatu ziren aldaketa guztiak. Amerikarren oparotasun maila iritsigabe ere, edonongo hirietan igerri zen berrikuntza, gero eta gehiago baitziren, eta gero eta handiagoak. Baina ekonomian bestelakoak ziren gauzak. Oparoaldia, izatekotan, 1925etik 1929ko udazkeneko krisia arte izan zen, Estatu Batuetan bakarrik iritsi zen, eta ezta Estatu Batuetako leku guztietan ere. 1925 arte ez zen orokorra izan gerra ondoko ekonomia eta dirua berreraikitzeko prozesua (Dawes plangintza, Poincaréren libera, diru berriari ?Reichmark? loturiko Alemaniaren zuzpertzea, lan publikoko politika Italian eta Espainian?).

Prezioen politikek nekazaritza zigortu zuten: gerra garaian sortu ziren itxaropenak zirela-eta, iparramerikar nekazariek zor handiak beretu zituzten, eta, hala, prezioak jaitsi zirenean, krisia zabaldu zen; herrialde ?berrietan?, nekazariakbaitziren, eta gerrarekin sartuak mundu merkatuan, gariaren, kafearen eta abarren prezioak jaitsi ziren, stockak hazten zitzaizkien artean. Ingalaterran, soldatak ez igotzearen ondorioz antolatu ziren 1926ko greba handiak. Langabezia, Europan, %10 eta 20 artera igo zen; Estatu Batuetan beretan %4tik ez zen inoiz jaitsi, nahiz eta, aldi berean, nazio errenta %20 igo zen 1922 eta 1919 artean.

Izua Wall Streeten

1925tik aurrera hasi zen igartzen Ameriketako ekonomiaren igoera, baina urte horretatik aurrera ?nahiz eta oinarri sendoak ipini ziren 1922 eta 1925 artean?, krisia ekarriko zuen espekulazioa ere zabaldu zen. Europar merkatuak ixteak ?hamarraldiko lehen urteetako erantzun protekzionistarekin?, eta prezioen beherekadak kredituaren inflazioa bultzatu zuten. Diru asko hasi zen mugitzen burtsako interesen irabazien bila, interes horiek industriako inbertsioa baino askoz ere gehiago baitziren. Argi ikusten da benetako ekonomiaren eta ekonomia espekulatiboaren arteko desegokitasuna, kontuan hartzen bada burtsako balioen kotizazioa 105tik 220ra igaro zen artean, 120ko indizera baino ez zela iristen negozio bolumena. Ekonomia agintarien beranduko erreakzioak are txartu zuen egoera. 1929ko urrian, aldaketa gogor baten seinaleak hasi ziren antzematen burtsan, goranzko joeraren guztiz kontrakoak. Argi zegoen dibidendu deskontatuak ez zirela arriskuaren baliokide ?interesa Burtsaren lehen ?abisuarekin? erori zen, martxoan?, eta kreditu murriztu batek ezingo ziola kotizazioen goranzkoari eutsi. Hilaren 24an, ostegunez, lehertu zen crack-a, eta hamairu milioi akzio atera ziren merkatu motel batera.

Krisia beste hiru astez luzatu zen, eta krisiaren ondorioek berriz 1933aren erdialdera arte iraun zuten. Aldi horretan, 1926koaren herenera jaitsi zen Burtsako tituluen prezioa. Berehalakoa izan zen Burtsaren krisiaren eragina, eta amerikar banku askok kiebra jo zuten (5.000 inguruk; estatalak ziren, ez federalak). Hortik, industria eta merkataritza enpresetara iritsi zen beheraldia, eta oro har, ekonomiaren alor guztietara.

1929 eta 1933 artean %56 jaitsi zen Estatu Batuetako nazio errenta, eta prezioek, laborantzakoek batez ere, lur jo zuten.

Nekazaritzaren hondamendia erabatekoa izan zen, eta langabeak, 1933an, 13 milioi izatera heldu ziren (biztanleria aktiboaren %27). Etena geratu zen eskaintza eta eskaeraren makina. Depresio handiaren garaia izan zen.

Krisiaren hedapena

Estatu Batuen ekonomiaren pisuak eta gerra handiaren ondoren izan zituen ezaugarriek agertzen dute 1931tik aurrerako krisiaren hedapena eta larriagotzea. Atzerrira eramandako kapital ugariak (inbertsioak), europarrak batez ere, berreskuratzea izan zen amerikarren lehen neurria; neurri horrek bankuen kiebra eragin zuen Austrian (Vienako Kredit-Anstalt, Austriako banku aktiboen %70), eta Alemanian (kanpoko zorraren ordaintzeak eten zituen, eta lehiatilak ixteko baimena eman zien bankuei; Danatbank-en kiebra); tentsio larria sorrarazi zuen Londresko Cityan, eta, hala, 1930eko irailean urre patroitik atera zuen libra (debaluazioa ezkutatuz). Estatubatuarrek, une horretan herrialde guztien ezaugarri zen protekzionismo berri horri (autarkia ia) erantzunez, heren batera baino gutxiagora murriztu zituzten atzerriko gaien erosketak, eta, horren ondorioz, areagotu egin zen industria europarraren eta, ekonomia handiak lehengaiez eta nekazaritza gaiez hornitzeko, gerraren ondoren mundu merkatuan sartu ziren ?herrialde berrien? krisia. Estatu Batuetan %70 bat jaitsi ziren inportazioak 1929 eta 1932 artean.

Era berean, stockak murriztu nahian, estatubatuarrek prezioak jaitsi zituzten beren konkurrentzia ahalmena gehitzeko, eta gauza bera egin behar izan zuten gainerako herrialdeek ere. Berehala etorri zen Europako estatu batzuen erreakzioa.

Erreakzio desberdinak izan ziren, baina, oro har, krisia Estatu Batuen aldera ?errebotatzen? saiatu ziren 1931. urtean. Europako eta gainerako herrietakoa ekonomia krisi sakon batean sartu ziren. Alemaniako langabetuak, 1932an, %43,7ra igo ziren, austriarrak %29ra eta ingelesak %22ra. Tearen eta gariaren prezioak heren bat jaitsi ziren. Estatubatuarren arazoak zirela-eta, %90 murriztu zuten japoniarrek sedaren produkzioa: ez zen galtzerdirik saltzen.

Munduko industria ekoizpenaren indizea 83,5era jaitsi zen 1933an (100 zen oinarria 1928an); aldi berean, Sobiet Batasunean, bost urteko plangintzekin, hirukoiztu egin zen ekoizpena. Bazen zerbait oker zebilena ekonomia kapitalistan.

Konponbide bila: beste kapitalismo baterantz

John Maynard Keynes ekonomialariak, krisiaz aritzean, harriturik aipatzen zuen ekonomiaren zientzia ez zela industriak eta merkataritzak iritsi zuten mailara egokitu.

Ekonomia, kasu honetan, ez zen ulertzenjabeak bere negozioa bideratzeko duen ahalmenaren zentzuan; nazioarteko baliabideak ordenatzeko ekonomialariak duen trebetasuna zen Keynesen ekonomia. Krisitik ateratzeko Keynesek proposatzen zuen irtenbidea oso kritikoa zen aurreko mendean zabaldu zen kapitalismo liberalarekin.

Bestalde, Keynesen proposamenek bazuten aurrekaririk: gerrako urteetan estatua gehiago sartu zen ekonomian. Cambridgeko ekonomialari garrantzitsu honek ez zuen 1936 arte argitaratu bere Enpleguari, interesari eta diruari buruzko teoria orokorra, eta Bigarren Gerra Handia arte ez ziren haren tesiak zabaldu. Bestalde, zenbait estaturen antzeko erreakzioa, lan publikoen bitartez, adibidez, nazio ekonomiak zuzpertu nahi zituena, Keynesen modukoa zen jada.

Hauek izan ziren, besteak beste, interbentzionismoaren estrategiak: nekazarien erosketa ahalmena berreskuratzea, haien soberakinak erosiz, laborantza gaiak mugatuz edo prezioak finkatuz; krisian zeuden enpresei laguntzak ematea, akzioen parte bat erosiz enpresen egoera hobetzeko, baita enpresak nazionalizatuz ere; merkataritzan aurreko protekzionismoari eustea, nazio ekoizpenak gora egin zezan; lan publiko eta armagintzako politikak bultzatzea burdingintza indartzeko; lanaren antolamenduaren arrazionalizazioa areagotzeko saioak egitea, ekoizpen ahalmena areagotzeko (nahiz eta horrek langabezia gehituko zuen). Horixe egin zuten Estatu Batuek Roosvelten New Deal-arekin; Herri Fronteko Frantziak langileen erosketa ahalmenaren goratzea bultzatu zuen, eta nazismoak asko jaitsiarazi zuen langabezia, estatua ipiniz ekonomiaren erregulatzaile, eta baita kontsumitzaile ere (lan publikoak eta berrarmatzea).