Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Historia Unibertsala»Egungo aroa

Urriko Iraultza eta SESB Leninen aroan

Goian, Lenin eta Trotski urriko iraultzan. Behean, Boltxebikeak Moskuko kaleetan barrena 1917an.<br><br>

Boltxebikeen iraultza (1917), neurri batean, Marxen ideiak aplikatzeko saio bat izan zen, zalantzarik gabe. Baina egia da, halaber, Marxentzat ez zela, inondik ere, iraultza sozialista zabaltzeko lekurik egokiena Errusia, herrialde atzeratu samarra orduan.

Nolanahi izanda ere, Errusian nagusitu zen sistema hartan erraz asko antz eman zitezkeen kutsu desberdineko eraginak. Hala, beraz, nekez azaldu ahal izango da errejimen sozialista kapitaslimoak hartan izan zuen eragina ?hala garapen ekonomikoaren bertuteen idealiazio agerikoan nola kapitalismoaren beraren hierarkia gogorarazten duen buruzagi taldearen eraketan? kontuan hartu gabe.

Jatorrizko proiektuaren eduki sozialistek eragozpen handiak izan zituzten halako leku batean, zeinean agerikoak baitziren historia eta geografia berezia izanaren arrasto nabarmenak ?autoritarismorako joera eta aginpide kontzentrazioa tartean?, azaltzeko.

Ez da harritzekoa izango, beraz, boltxebikeen erakundeetan ere haiek berek eraisten lagundu zuten ordena zahar haren ?tsar agintearen? arrastoak aurkitzea.

Horri guztiari egoera historiko jakin baten ondorioak gehitu behar zaizkio: alegia, Lehen Mundu Gerra, batetik, eta tsarren ezintasuna, bestetik, arazoei aurre egiteko, zeinak, boltxebikeen iraultzari hegoak emateaz gainera ***

 

Errusiako iraultzen aurretikoak

XIX. mendeaz geroztik bazen Errusian tirabira gogor halako bat, gauza askotan lehengo estatu absolutuak gogorazten zituen tsar sistema baten, hirietan bat-batean eraiki ziren industrialde handien, eta harreman mota tradizionalak bizi-bizirik zirauten baserritar ingurune baten artean.

1904. urtean, Errusiaren eta Japoniaren arteko gerraren kariaz, krisia areagotu egin zen. Errusiaren gudarostearen desegigoak zirela eta, asko ugaldu ziren herri protestak, sobietek (langileen ordezkarien batzordeak, hiri handietan sortuak) bideraturik.

?1905eko iraultza? deitzen den horretan ezkerreko zenbait alderdi nabarmendu ziren, hala nola alderdi sozialdemokrata ?boltxebikeen eta mentxebikeen artean banatua? eta alderdi sozialista iraultzailea.

Burgesiaren zati bat ere gogor ari zen tsar sistemaren kontra, ez baitzuen bere interesak defendatzeko modurik aurkitzen erakunde zaharkitu haietan. Iraultza gogor zapaldu ondoren, tsarrak askatasuna zabaldu eta Legebiltzarrari ahal handiagoak eman beste aukerarik ez zuen izan. Hurrengo urteetan, nolanahi ere, gauzak ez ziren askorik aldatu. Aldaketa nagusia nekazaritza berritzeko programa bat izan zen, Lehen ministro Stolypinek bultzatua. Goraldi igarokor hura 1914an amaitu zen, Errusia Alemaniaren kontrako gerran sartu zelarik.

Behin eta berrizko desegigoek, eta industria eta elikagai krisiak aldi berean, indarrikgabe utzi zuten tsarra, zeina 1917ko otsailean eraitsi baitzuten agintetik.

?Otsaileko iraultzaren? ondoren eratu zen ?behin behineko gobernuak?, liberala funtsean, ia ez zuen irtenbiderik aurkitu herrialdeko arazo nagusientzat. Ez zuen, Errusiari dagokionez behintzat, ez gerra amaitu ez ekonomia berrikuntzarik egin, zeuden bidegabekeria lazgarriak zuzentzeko. Eta, finean, sobietekin zituen harreman txarrek are kolokago jarri zuten politika egoera koloka, eta bidea zelaitu zioten hurrengo iraultzari.

 

1917ko urriko iraultza

1917ko azkeneko hileetan asko gogortu ziren Kerenskiren gobernuaren kontrako kritikak, bai alderdi boltxebiketik bai sobietetatik beretatik. Buruzagi boltxebike nagusi Leninen ikuspegiaren arabera, ordu zen ?iraultza burgesaren aldia? ?halakotzat zeukan otsailekoa? gainditu eta agintea langileriari emateko, eta, aldi berean, gerra amaitzeko.

?Urriko iraultzak?, beraz, gobernutik eraitsi Kerenski eta boltxebikeei eman zien aginpidea.

Boltxebikeek formula hierarkizatuak ezarri zituzten, eta ez zuten zalantzarik izan noblezia eta burgesia ezezik ezkerreko beste alderdiak ere gogor zapaltzeko. Biltzar konstituziogilea desegin ondoren, legez kanpo utzi zituzten gainerako alderdi guztiak, eta bat ez zetozen alderdikideen kontra ere jo zuten. Barne antolaketa zorrotza zuten, eta, bai ekonomian bai gizarte arloan, ingeniaritza lan handia egin zuten sozialismora igarotzekobidea errazteko, beherrezkotzat jotzen zituzten baldintzak sortzeko. Sobietak berak lekurik gabe geratu ziren eskema horren barruan, eta burujabetza galdu zuten berehala.

Gertaera horiek guztiak, eta boltxebikeek hartu zituzten zenbait erabaki zirela eta ?ekoizpen bitartekoen jabetza estatalizatzea, esate baterako?, buruzagi talde berri bat eratu zen, burokrazia, alegia. Prozesu horretan guztian, bestalde, ez da ahaztu behar kanpoko presioa, errejimen sortu berriaren kontrakoa erabat. 1918ko martxoan, boltxebikeek, besterik ezinean, Brest-Ltivoskeko bake hitzarmena izenpetu zuten Alemaniarekin.

Hitzarmen horren arabera Errusiako lur sailen eta mea baliabideen parte handi bat alemaniarren esku geratu zen.

Nahiz eta Alemania handik gutxira beheratu, mehatxuak ?atzerriko herrialde ahaltsuenen aldetik? ez ziren horratik bukatu.

 

Gerra zibila eta PEB

1918-1921 bitartean boltxebikeek gerra zibilari aurre egin behar izan zioten. Gerraren sorburuan prozesu bikoitz bat zegoen: alde batetik, ?gudaroste zuriaren? sorrera, tsar errejimena edota urrian eraitsitako behin behineko gobernua berrezartzeko helburuz, eta, bestetik, Estatu Batuetako, Britainia Handiko, Frantzia eta Japoniako gudarosteak herrialdean sartu izana.

Gudaroste zurien artean izan ziren zatiketak, batetik, eta haien proposamenen arrakastarik eza, bestetik, ?ez zuten, adibidez, biztanle sektore behartsuenen egoera aldatzeko konponbiderik eskaintzen, eta, bestalde, beren etsaiak bezain indarkeriara emanak ziren?, lagungarri izan ziren boltxebikeentzat, sortu zuten gudaroste gorriaren babespean orduan. Gerra zibilia 1921ean amaitu zen, gudaroste zuriak menderaturik.

Boltxebikeek ere huts egin zuten Polonian sartzeko ahaleginean. Urte horietan, bestalde, gerra komunismoa delakoa nagusitu zen, zeinak, azkenean, industria erabat estatuaren esku utzi eta ekonomia jarduera pribatu oro eragotzi baitzuen. Uste izatekoa denez, herrialdearen egoera ekonomikoa ez zen, gudu zibilia tarteko, izan zitekeen hoberena.

Egoera horretan kokatu behar da, bada, disidentzia oro zapaltzeko politikarekin segitzen zela ahaztu gabe, Kronstadteko gerra ontzidiaren basean izan zen matxinada anarkiazalea.

1921ean, egoera aski normalizatua, ?Politika Ekonomiko Berria? (PEB) bideratu zen.

Funtsean, eta 1928 arte, bi ondorio nagusi izan zituen PEBk: Estatuak ekonomian zuen aginpidea murriztea, eta merkataritzaren nolabaiteko askapena, zeinaren babesean enpresario pribatuaren irudia azaldu baitzen berriro. PEBk emaitza on samarrak izanzituenhasieran, baina 1925etik aurrera egoerak okerra egin zuen. Ez da ahaztu behar, gainera, PEBk ez zuela politika askatasunik ekarri: alderdi politiko bakarra zegoen eta disidentzia oro gogor zapaltzen segitzen zen.

Urriko iraultzaren ondo-ondoko urteak, bestalde, nazio anitzeko Estatu baten erditze urteak izan ziren ?1922an sortu zen, legez, Sobiet Errepublika Sozialisten Batasuna (SESB)?. Urte haietan, halaber, boltxebikeen babespean, Hirugarren Internazionala eratu zen, sozaildemokratek eta anarkistek mugimendu sozialista gehienetan zuten nagusitasunari aurre egiteko deitua.

 

Leninen atzera begirako azterketa

1918. urtean Leninen osasuna kaskartzen hasi zen, eta 1922rako, hil baino bi urte lehenago, utzi egin behar izan zuen herrialdearen gidaritza. Azkeneko urte horietan, bada, Estatu sortu berri hark hartu zituen politika moldeetako batzuk kritikoki aztertzen hasi zen.

Nolanahi ere, ez da erraza erabakitzea, urte haietan hartu ziren formula ekonomiko bi haietatik ?gerra komunismoa edo PEB? zein zuen Leninek nahiago. Uste denez, boltxebikeen buruzagi nagusiak nahiago zuen gerra komunismoa, baina hura eratu zeneko egoeraren bereziak hertsatu gabea noski.

Azken batean, kontuan izanik, batetik, gerra komunismoak berak topatu zituen oztopoak, eta, bestetik, Europa sartaldeko herrialdeek ez zutela iraultzarik egin behar, besterik ezinean erabaki zen PEB horri heltzea.

Ez dago dudarik, hala ere, Lenin bere bizitzaren azkeneko urteetan oso kezkatua agertu zela berak bultzatu zuen burokrazia hura hartzen ari zen bideaz. Aldi berean, baina arrakasta handirik gabe, Stalin bezalako buruzagiak goratzearen arriskuaz ohartarazi zuen.