Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Historia Unibertsala»Egungo aroa

Japonia, India eta Txina XIX. mendean

Japonia XIX. mendearen hasieran, Ando Hiroshige-ren margolana.<br><br>

Asiako gizarteak, gizarte nekazariak oro har, lekuan lekuko nobleen mende egon ziren XIX. mendearen erdialdea arte; noble haiek eskumen eta autonomia handia zuten aginpide zentralari buruz, Pekinen mantxu dinastiak edo Japonian Tokugawa shogunek ezarri zuten aginpide zentralari buruz adibidez. Indiaren erdialdean mogolen dinastiak agintzen zuen, Delhiko egoitza nagusitik, baina nagusitasun hori teorikoa baizik ez zen. Mendebaleko herrialdeen esku hartzeak garrantzi handiko mugimenduak sorrarazi zituen Asiako herrialde gehienetan; mugimendu horiek ezaugarri bereziak izan zituzten herrialde bakoitzean eta bana-banako azterketa egitea eskatzen du horrek.

Txinako inperio handiaren administrazioak hondoa jo zuelarik, mendebaleko merkataritzak ez zuen zailtasun handirik izan lurralde haietan sartzeko, nahiz eta bertako herritarrei gutxiesgarria iruditu zitzaien europarrek beren nagusitasuna horrela nabarmentzea.

Japonian, aldiz, mendebaleko herrien eragina beren gizarte eskeman txertatu zuten, Meiji enperadoreak 1868az gero bultzatutako modernizazioaren bidez. Prozesu hari esker Europako herrialdeen antzeko zabalkundea lortu zuen Japoniak Ekialde Urrunean.

India eta Asiako hego-ekialdea europarren kolonia bihurtu ziren; hasieran merkataritza izan zen kolonialisten interes nagusia, baina mendearen amaieran inbertsio handietan oinarrituriko inperialismoa bideratu zuten. Mendebaleko herrien esku hartzearekin metropoliaren interesen arabera antolatu ziren Asiako herrietako ekonomiak. Lekuan lekuko elite indigenek ?1857ko Indiako matxinadaren ondoren bereziki aintzat hartuak? laguntza eman zieten europarrei. Baina elite haiek sortu zituzten, halaber, lehenengo askapen mugimenduak, nahiz eta indar handirik ez zuten izan XX. mendea arte.

 

Txina, erraldoi larrutua

Qing dinastia mantxuak oso inperio ahaltsua eratu zuen; Asiako erdialdeko lurrak beretu zituen eta bere mendeko basailu bihurtu zituen Asia hegoaldeko estatuak XVIII. mendean. XIX. mendean, ordea, inperioaren krisia etorri zen. Ustelkeriak administrazioa hondatu zuen eta herritarrak administrazioaren kontra jarri ziren; garai hartan, bestalde, biztanle kopuruak nabarmen egin zuen gora (350 milioi biztanle zituen 1800ean eta 430 milioi, berriz, 1850ean). Inperioak ez zizkion bere mugak zabaldu nahi mendebaleko merkataritzari, eta britainiarrak kontrabandoan hasi ziren Indiako opioa Txinan saltzeko, oso aintzat hartua baitzen gai hori Txinan. Txinaren politika zapaltzailea aitzakiatzat harturik, eraso militar gogorra antolatu zuen Britainia Handiak eta txinatar gudarostea menderatu zuen. 1842ko bakearen ondoren merkataritza askea ezarri zen Txinan, eta horrek barne ekonomia hondatu eta istilu asko sortu zituen.

Txinako matxinadarik aipagarriena taipingena izan zen. Lurraren banaketan oinarrituriko erlijio berri bat zabaldu zuten taipingek, eta horrela nekazariez osaturikogudaroste bat antolatu eta Txina erdialdearen kontrola (Nankin) lortu zuten 1851-1864 bitartean. Etniek antolaturiko matxinadetan, berriz, aipatzekoa da iparraldeko nien etniarena, besteak beste. Baina izan erlijio talde batek ala izan etnia batek antolaturikomatxinada, guztietan izan zuten garrantzi handia gizarte arazoek.

Inperioaren agintaritza krisian zegoen, beraz, eta galtzaile atera zen, gainera, opioaren bigarren gerran (1856-1860); gerra haren ondorioz Txinak ez berdintasunezko hitzarmen gehiago sinatu behar izan zituen atzerriko herrialde ahaltsuekin; merkataritzari ateak zabaldu eta kalte ordain gehiago eman behar izan zituen. Ekonomiaren gainbeherarekin langileek (kuliak) oldeka emigratu zuten kostaldera, mendebaleko herrialdeek eragin gehien zuten aldera hain zuzen, eta baita Asiako eta Ameriketako beste lurralde batzuetara ere.

 

Japoniaren zabalkundea

Japoniako uharteetan miseria gorrian bizi ziren biztanle gehienak eta gudarostearen kontrolpean zegoen gizartea. Bestalde, lehia handia zegoen enperadorearen zerbitzari edo shogun gisa aritzen ziren Tokugawa dinastiakoen eta lekuan lekuko nobleen artean, eta haien arteko liskarrez baliatuta sartu ziren mendebaleko herrialdeak Japonian (1853).

Tokugawatarrek eskumena galdu zuten pixkanaka, beste familia batzuk Mutsu-Hito enperadorearekin estatuaren erreforma (Meiji iraultza, 1868) hitzartu ondoren indartu ahala. Kastak deuseztu ziren, merkataritza eta industria indartu ziren, eta jabego indibiduala ezarri eta derrigorrezko soldadutza antolatu zen. Mendebaletik harturiko ereduak erabili zituzten berrikuntza horiek egiteko. Aldaketen ondotik hiriak handitu ziren, baina nekazarien egoera ez zen ia batere aldatu.

Japoniaren bilakaera ereduan bat egin zuten mendebaleko metodoek (hainbat bekadun bidali ziren atzerriko unibertsitateera) eta tradizioaren leialtasunak. Enpresa jabeen eta finantza buruen dinastiak sortu ziren, Mitsui eta Mitsubishi dinastiak adibidez; dinastia horiek beren esanetara zituzten langileak. Europan mende eta erdiz luzatu zen industrializazio prozesua belaunaldi bakar batean bizi izan zuen Japoniak.

Mendebaleko kulturatik gero eta gauza gehiago hartu ziren, eta politika inperialista ere beretu zuen azkenik Japoniak. Lehengai eta merkatu gehiago behar zituen, eta horrela, Koreako penintsulan txinatar gudarostea menderatu zuen (1895) eta ekonomia abantaila eta lurralde asko eskuratu zituen. Garaipen hark, ordea, lurralde haietan nagusitasuna zuen beste inperialismo baten haserrea ere piztu zuen, errusiarren haserrea hain zuzen ere.

Mantxuria eta Korea menderatzeko lehiak Errusiaren eta Japoniaren arteko gerra sorrarazi zuen (1904-1905). Gerra hartan taktika akats handiak egin zituen Errusiak eta bikain aritu zen, berriz, Japonia; Japoniak tsarraren ontzidia suntsitu zuen azkenean.

Horrela Ekialde Urruneko herrialde ahaltsuena bihurtu zen Japoniako inperioa, eta bere zabalkundeak aurrera jarraitu zuen Bigarren Mundu Gerra bitartean.

 

Britainiaren mendeko India

Inperio mogolak Delhin hartu zuen egoitza eta handik Indiako azpikontinentean batasun politikoa ezarri zuen XVIII. mendearen lehen erdian; britainiarren esku hartzearekin, ordea, gainbehera etorri zen Indiako inperioa. Ekialdeko Indietako konpainiak indar handia hartu zuen Bengalan, eta gainerako lurraldeetara konkista gerren bidez iritsi ziren britainiarrak XIX. mendean. Hegoaldean frantsesen konkista galarazi zuten, erdialdean maratha herrialdea eskuratu zuten (1819), Punjab eta shik lurraldeak iparraldean (1849) eta Birmania Beherea ekialdean, 1824 eta 1852 bitartean.

Britainiaren kolonizazioak Indiako lurraldeen ezaugarriak errespetatu zituen, oro har, lekuan lekuko gobernuetako eliteekin hitzarmenak eginez (babes herri bihurtzen zituen beren mendeko lurraldeak). Horren erakusgarri da XVIII. mendeko dinastia askok, Hyderabadekoak adibidez, 1948ko independentzia arte iraun izanak. Printze batzuek eta soldadu indigenek (zipaioek) matxinada antolatu zuten, baina zapalkuntza gogorra jasan zuten; matxinadaren ondorioz kolonien zuzeneko administrazioa ezarri zen eta inperioak indar zentrifugoen gainean zuen eragina azaldu zuen.

Indiako jarduera nagusia nekazaritza zen arren, britainiarrek ezarritako merkatu ekonomiak komunitatean oinarrituriko ekonomiarenhondamena ekarri zuen eta maizter asko pobretu ziren horrela. Nekazari eskulangileek hondoa jo zuten, metropoliak industrian zuen indarraren eraginez. Horrenbestez, hirietara emigratzea (Kalkutara esaterako) edo zorduntzea beste irteerarik ez zuten nekazariek, eta uzta txarrak eta goseteak ziren garaietan istilu eta matxinada handiak sortu ziren (Dekkanen 1875en edo Punjaben 1900ean).

Gizartean, nekazariez gainera, bazen bertako merkatari burgesia bat (Bonbaiko parsiak) erdi mailako industria bat sortu zuena XIX. mende amaieran. Eta administrazio kolonialari atxikitako erdi mailako klaseak ere baziren. Mendebaleko kultura moldeen arabera heziak ziren bi talde horietako kideak, eta ingelesa erabiltzen zuten; eskualdeen, erlijioen, etnien eta kasten gainetik, batasun nazional bat osatu zuten.

Kongresuaren alderdia sortu zuten (1885) eta britainiar zapaltzaileekin harreman onak izan zuten XX. mendea aski aurrera arte.

 

Asiaren kolonizazioa

Europarrak Gaur Egungo aroan hasi ziren Asia kolonizatzen, kostaldean lantegiak irekitzen zituzten merkataritza eta itsasketako konpainia paraestatalen ereduari jarraituz.

Horrela jokatu zuten Portugalgo aitzindariek Goan eta Macaon esaterako; Holandak Java eta Sri Lankan eta Frantziak Poincheryn, ondoren; eta Erresuma Batuak azkenik, Bengala guztian, Ekialdeko Indietako konpainiaren bidez.

Britainiak konkista militarren bidez hartu zituen, XIX. mendean, India, Afganistan (1880), Birmania (1886) eta Malaisiako Batasuna (1895). XIX. mendearen azken hamarraldietan Europako inperioak elkarren kontra borrokatu ziren Asian eta Afrikan.

Errusia, Asia erdialdean etenik gabeko inperioa osatu ondoren, Asiako hegoaldeahartzeko borrokan aritu zen Ingalaterraren kontra, harik eta 1907an lurraldeen banaketa egin zuten arte.

Frantziak Mekong inguruan egin zituen konkista aipagarrienak; 1887an Indotxinako batasuna sortu zuen (Kotxintxina, Kanbodia, Annam eta Tonkin), eta 1893an Laos ere sartu zen batasun horretan. Frantziak eta Ingalaterrak Siamgo estatu burujabea sortu zuten bataren eta bestearen arteko lurretan, bien mendeko lurraldeak bereizteko. Holandak bere mendeko kolonia bihurtu zuen konpainia sistemaren bidez Indonesiako uhartedia mende erdia arte, eta zuzeneko administrazioa eskuratu zuen ondoren.

Ekialde Urruneko herrialdeetan laisserfaire delako politika ezarri zuten metropoliek XIX. mendearen erdialdean. Monopolioen ondoren kolonialista nagusiek indarrez zabaldu zizkioten kaiak merkataritza askeari eta aduanetako tarifak murriztu zituzten.

Indian izan ezik, ez zuten industriaren bilakakera sustatu eta esportaziorako gaiak lantzeko sailak prestatzea izan zuten kezka nagusia (indigo, te? sailak); sail horietan eskulangileak esklabo gisa erabiltzen zituzten ia.

XIX. mendearen erdialdera lurraldeak merkataritzaren bidez kolonizatu ordez mendebaleko industria interesen finantzak erabili zituzten inperialistek, Japoniak barne.

Elkarren arteko leiha zela eta, neurri protekzionistak hartu zituzten eta administrazioa indartu zuten. Burdinbide berriak eraiki ziren eta ekonomia kolonialekiko erabateko mendekotasuna bultzatu zuten inperialistek beren mendeko lurretan. 1894an europarrek aduanetako autonomia eman zioten berriro Japoniari, eta Txinan burdinbidearen eta meategien kontrola eta herrialde batzuen eta besteen eragin guneen ezagutza zela eta, gerran aritu ziren Europako herrialde ahaltsuenak.

Japoniak ere hartu zuen parte lurralde banaketan 1895eko gerraren ondoren.