Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Historia Unibertsala»Egungo aroa

Errusiako inperioa

Alexandro III.a tsarraren erretratua.<br><br>

Errusiako inperio erraldoiak, Asia Erdialdean eta Siberian hedatu bitartean, halako lehia gogorra bizi izan zuen sartaldetar antolaketa eredua sartzea, batetik, eta errusiar tradizioei eustea, bestetik, aldezten zutenen artean. Leiha hori kulturazkoa zen hasieran, eta gizartea eta politika ere ukitu zituen, pixkana-pixkana agerian geratu zen bezala.

Romanov dinastiako tsarren borondatea zegoen errusiar politika ekintzaren oinarri-oinarrian.

Berrikuntzak oso-oso poliki sartu ziren. Biztanlerik gehienak nekazariak ziren, eta jaunen mendekotasun osoan ?jopu, alegia? bizi izan ziren 1861 arte, eta askatasunerazko trantsizio aldi batean gero, XX. mendean aurreraxe egin arte.

Inoren jopu edo komunitateetan integraturik, nekazarion ?demografia hazkunde jarraituan? bizi baldintzak doi-doi atera ziren behartasun gorrienetik. Bi aukera zituen orain nekazariak, edo Siberian kolonizatzen ari ziren lurralde berrietara emigratzea edo industria gune berrietara emigratzea, XIX. mendearen bukaera aldean industriak aurrera egin baitzuen, estatuaren eta kanpoko kapitalen inbertsioei esker.

Inperioa osatzeko deiari men eginez, tsarrek Kaukaso eta Asia Erdialdeko lurraldeak kolonizatzeari ekin zioten, tokian tokiko biztanleen aurkakotasun tematia gorabehera.

Burdinbideek (transiberianoa) integratu zuten halako lurralde zabala. Mediterraneo eta Europa aldera zabaltzeak nazioarteko gerrak piztu zituen (Krimeako gerra), batetik, eta erresistentzia nazionalak (Polonia, Finlandia), bestetik.

Beste gerra batek, Japoniaren aurkakoak 1905ean, gerarazi zuen Errusiako inperioaren oldarra Sortalde Hurrunean. Eta, azkenean, gerrarako ahalegin itzel horrek eta nekazarien eta industria langileen eramanezinak leherarrazi egin zuten gizartea. Horrexek eta alderdi iraultzaileak antolatzeak higatu zuten, hain zuen, errejimena, 1917ko Iraultza baino lehen zabaltze aldera egindako ahalegin herabetiak gorabehera.

 

Joputasuna eta erreakzioa

Mendeetako sortaldezaletasunaren ondoren, Errusiako inperioa, europartuz-edo joan zen poliki-poliki XVIII. mendean zehar, batzuen pozerako eta beste batzuen nahigaberako. Napoleon garaitzeak errusiar nazionalismoa sendotzen lagundu zuen (abertzaletasunaren zuzpertze horretan aipagarria da gudarostearen eta nekazarien ?hots, biztanle gehienen? artean izan zen harremana). Jaunekiko joputasunak, anakronismotzat hartua erakundeetan, XIX. mendearen lehen bi herenetan iraun zuen. Bete beharrek miseria gorrian sarrarazia zuten nekazaria.

Errusiako nekazaritzaren teknika aurreratugabeak, gainera, indarrik gabe uzten zuen nekazariaren ahalegina. Batetik, herria sarritan altxatu zen bere haserrea erakusteko; bestetik, noblezia zorpetuz zihoan kanpoan.

Alexandro I.aren erreinaldian (1801- 1825) isileko elkarteen bidez zabaldu ziren politika joerak. Haren ondorengoa zalantzan zegoela, kontrako higikunde sartaldezale bat (dezenbristak) sortu zen, zeina oso gogor zapaldu baitzuten; higikunde hori ezezik era guztietako jarrera hartzeak eragotzizituen poliziak. Nikolas I.a tsarraren erreinaldia (1825-1855) haren politika autoritarioagatik izan zen ezaguna.

Jarduera politikoa kultur arazo atzealde-larrikoetarantz desbideratu zen. Intelektualak eta funtzionarioak bi irizpide higikundetan banatu ziren: sortaldetarrak, batetik, eta eslabiarzaleak, bestetik. Lehenak (Turgeniev) Ingalaterraren eta Frantziaren pentsamendu molde zaharberritzailearen aldekoak ziren. Eslabiarzaleak, berriz, (Dostoievski)gizarte egonkortasuna eta errusiar balio zaharrak goraipatzen zituzten. Eliza ortodoxoa, bestalde, gotorleku sendoa zen tradizioen berpizte horrentzat.

Nikolas I.aren erreinaldian jarrera eslabiarzalea nagusitu zen gobernu inguruetan.

Egia esan, ez baitzen alternatiba politiko behar bezala landutakorik. Kultura lehentasunek beren kidekoa izan zuten politika ekonomikoan: alegia, protekzionismo erabatekoa.

Errusiaren bakartasuna, gudu espedizioetan baizik ez urratua, Krimeako gerran hasi zen hausten. Gerra hura bitartean hil zen tsarra bera; haren ondorengoak, Alexandro II.ak, aldi berri bat ireki zuen.

 

Liberalizazio azalekoa

Gerra hura galtzean agerian geratu ziren Errusiako gudarostearen gabeziak. Errusian, bien bitartean, demografia hazkunde ikaragarria ari zen gertatzen. Egoera horretan berriro hasi zen baserritarren joputasunari buruzko eztabaida. 1861eko abolizioak, gobernuak diseinatua, ez zuen noblezia lurrez gabetzeko asmorik. Herrixka komunitateetan banatzeko sistemak (mir) burokrazia indartu besterik ez zuen egin.

Baina aldaketa sozioekonomikoek ez zuten aldaketa politikorik ekarri. Leku jakin batzuetan baino ez ziren, 1864an, gutxieneko ordezkaritza bateko biltzarrak (zemstvo) sortu. Alexandro II.a, Alexandro III.a eta Nikolas II.a tsarrak ez zuten bestelako ordezkaritza erakunderik onartu, eta haien autoritarismoa zela eta, oposizioak gero eta antolatuago zeuden. Lehen iraultzaile belaunaldia (Bakunin), populista ere deitua, baserritarrak erakartzen saiatu zen, baina ez zuen lortu. Handik terrorismora igaro zen.

XIX. mendearen azken hamarraldian alderdi sozial iraultzailea eta sozial demokrata eratu ziren. Horietako lehena populisten bigarren belaunaldiak (Kerenski) sortu zuen.

Bigarrena berehala zatitu zen: alegia, batzuk (mentxebikeak) beste demokrata batzuekin elkartzearen aldekoak ziren, tsarra eraisteko, eta besteak, berriz, (boltxebikeak, Leninen gidaritzapean) proletarioaren diktadura aldarrikatzen zuten. Bai bata bai bestea terrorismoaren aurkakoak baziren ere, errejimenaren zapalkuntza pairatu zuten, eta klandestinitatera kondenatu zituzten.

 

Iraultza aurretxoan

XIX. mendean zehar Errusiako estatu inperialak ez zien, ez bizi baldintzak hobetze aldera ez biztanle sektore zabalen aldetik politikan parte hartzen uzteko eskaerei jaramonik batere egin. Mendearen bukaeran nekazari gehien-gehienak behartasun gorrian bizi ziren eta analfabetoak ziren, eta eraiki gabe zegoen oraindik administrazioaparatu onargarri bat. Aitzitik, zegoen burokrazia, garestia izateaz gainera, alferrikakotzat zeukaten.

Administrazio estatu horren salbuespen errukarria polizia izan zen, tsarrek bultzatua terrorismoarekiko kausa/efektu harremanaren arabera. Terrorismo ekintza aipagarriena, bide batez esanda, Alexandro II.a hiltzea izan zen (1881). Handik 1917 arte, salbuespen egoeragatik eta polizia politikoaren basakeriagatik ezagutu zen Errusiako politika.

1900. urtetik aurrera Errusiako egoera lehertzeko zorian jarri zen. Industria langileria antolatua zegoen, nekazariek matxinadak egin zituzten eta, azkenik, Japoniaren kontrako gerra zela eta, milaka soldadu etxetik oso urrutira behartu zituzten. 1904an Zemstva biltzar batek Legegintzarako Biltzar Nazional baten eskea egin zuen, eta 1905eko urtarrilean, San Petersburgo ?igande gorrian?, gudarostea manifestazio baketsu baten kontra oldartu zen tiroka.

Udazkenean burdinbide langileen greba handi baten ondoren, hiri handiak ?Mosku eta San Petersburgo? lehertu ziren, eta errejimena kinka larrian jarri. Orduan sortu ziren lehenengo langile batzordeak (soviets).

Nekarien matxinadak, bien bitartean, industria guneetako gatazkak ezkutaturik geratu ziren. Portsmouth-eko bakearen ondoren, abuztuan, soldaduen itzulera transiberianoan, grebalarien boikota zela eta, oso-oso geldiro egin zen.

Politikan, egoera horri erantzunez edo, ganbera bat (Duma) eratu zen zeharbidezko botoz eta ministroen eta aurrekontuen kontrolik gabe. Dumak, hala ere, aurre egin zion gobernuari: lurra eskatu zuen baserritarrentzat.

Stolypin ministroaren nekazaritza erreforma (lurraren jabe egiteko eskubidea, besteak beste), tsarrak herritarrekin onezkoak egiteko ahalegina izan zen, alferrikakoa, ordea.

 

Poloniaren mendekotasuna

Poloniako nobleziak ?ugari samarra, Europako beste herrialde batzuen aldean? oinordetzako monarkia bat izateko egin zuen ahalegina Prusiak eta Errusiak zapuztu zioten.

1793ko esku hartze militarrak, Katalina II.a tsarrak eta Federiko Gilen II.a erregeak bultzatua, Polonia estatu bezala desagertzea eta lurraldea banatzea izan zuen ondorio.

Napoleonen Gerretan poloniar nobleek Frantziaren alde egin zuten. Vienako kongresuan Errusiaren mendeko lurralde autonomo izan zedin erabaki zuten inperio garaileek.

Iraultza garaian, Poloniako gazteria liberalismo nazionalistaren gidoin izan zen, baina 1831ko desegigoak berriro kondenatuzuen erbestera, eta Polonia errusiar probintzia bat bilakatu zen.

Inperio handia bera baino bizkorrago eraldatu zen Polonia. Industria azaldu ahala erdi mailako klaseak sortu ziren nobleziaren baitatik. Joputasuna ezeztatzean kontraesanak sortu ziren noble lurjabeen eta hiriko erradikalen artean, zeinak 1861ean matxinatu egin ziren. Eliza katolikoa Errusiaren aurka jarri zenez, nobleek ere bat egin zuten matxinadarekin (1863); Errusiako gudarosteak ordea gogor zapaldu zituen.

Poloniako nekazariek ia ez zuten parte hartu mugimenduan, baina elizaren eraginak, batetik, eta eskolaren errusifikazioak, bestetik, nazio nortasuna bizirik mantentzen lagundu zuten. Polonia errusiarrak aurrerapen handia egin zuen harrezkero, Lodz-eko ehun-oihalgintzari eta Silesia Garaiko ikatz meatzeei esker batez ere. Horren aurrean, errusiar industria gizon batzuk konkurrentzia ezeztatzen saiatu ziren aduana eta burdinbide sarietan abantailak hartuz.

 

Inperio jarraitu bat

XIX. menderen bigarren herenaldian Siberiako lurralde zabala erbesteratuen kolonia izatetik askatasunaren eta aberastasunaren Kalifornia bat-edo izatera igaro zen. Hara joandako nekazariak ez ziren inoren mendeko.

Europatik Turkestan izenaz batu zen lurraldeko tribu nomadek baizik ez zioten aurre egin Errusiari Asia erdialdean zabaltzeko egin zuen ekinaldian.

Kaukaso aldean zabaltzean, berriz, nazioarteko hartu-emanen sokak tiraka jarri zituen. 1828an Errusiako gudarosteek Armenia eta Azerbaiango lurraldeak kendu zizkioten pertsiar inperioari. Errusiak, inperio otomandarraren kaltean, Mediterraneo itsasorako irtenbidea bilatzen egiten ari zen ahaleginari Europako herrialde koalizio batek erantzun zion.Gero, Krimeako gerrak (1854-1856) agerian utzi zuen Errusiak gerra modernorako zuen ezintasuna. Hornigaiak garraiatzeko burdinbiderik gabe, gudaroste murritz batekin, galera handirik izan gabe, lurralderik ez behintzat, galdu zuen gerra. Bakeak Danubioko bokala (Errumaniaren parte 1866az gero) uztera behartu zuen, eta Itsaso Beltzaren ingurutik militarrak ateratzera. Harrezkero Errusiako inperioa, txandaka, orain Frantziaren orain Prusiaren aliatu izan zen, Europako antzeztoki konplexuan.

Balkanetako herrialdeetan (Herzegovina, Serbia eta Bulgaria) otomandarren nagusitasunaren kontra matxinatu izanak ere paneslabismoaren ideian finkatu zuen errusiar abertzaletasuna. Turkiaren kontrako gerragatik (1877-1878) Errusiako inperioak Bulgariaren laguntasuna beretu zuen, baina, halaz guztiz, poloniarrek ez zuten Errusia eslabiar herrialdeen buruzagi gisa onartu, eta Ukrainako kultura mugimendua zapuztu zen.

Sortaldean, berriz, Txinako muga Amur eta Usuri ibaietararino atzeratu zen 1861ean, eta merkataritza harremanetarako abantailak izenpetu ziren mugaldean (Mongolia eta Turkestan txinatarrak). Asia Erdialdean pixkana-pixkana koloniak hedatuz joan zen errejimena, eta salerosketarako gaiak landuz, biztanleria autoktonoaren premien kaltean.

Mendearen bigarren erdian Vladivostok fundatu zuten Ozeano Barearen kostaldean.

Gero, burdinbide transiberianoa haraino iritsi zenean, inbertsioak egiten hasi ziren Mantxurian eta Korean. Errusiar inmigrazio handia gorabehera, biztanleria ez zen berdin banatu lurralde zabal haietan guztietan; Alaska, esate baterako, Estatu Batuei saldu zitzaien 1867an. Inperioko biztanleria osoaren bi herenak, gutxi gorabehera, europarrak ziren jatorriz. Sortalde Hurruneko mugimenduek, bestalde, Japonia aldeko mugimenduekin egin zuten topo.