Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Historia Unibertsala»Egungo aroa

Europa hegoaldea XIX. mendean (Espainia eta Portugal)

Isabel II.a Espainiakoaren erretratua.<br><br>

XIX. mendearen lehen erdian zehar Europa hegoaldeko herrialdeak, Europako gainerako aldeetakoak bezala, estatu gisa eratu eta sendotu ziren, iraultzailetzat har daitekeen prozesu batean murgildurik. Italian 1860-1871 bitartean gertatutako prozesuak ezaugarri bereziak izan zituen. Baita Greziakoak ere: Europako herrialde ahaltsuek hitzartu zuten 1830ean haren independentzia, eta dinastia aleman bat (Oton I.a) eta errejimen politiko ez oso liberal bat ezarri zuten. Portugal eta Espainiako kasuak antzekoak dira, eta antza dute, baita ere, Italiako zenbait lurralde antzinakoekin (Napoli, Piamonte).

Herri horiek ez zuten iraultza prozesu jarraitu bat izan, aldizkakoa baizik, despotismo ez oso ilustratu eta ultramontano samar batera itzultzen baitziren tarteka. Bai Portugalen bai Espainian hirugarren hamarralditik aurrera burutu zen estatu liberala, 1812ko konstituzioan oinarritu zen lehenengo eredu liberalari deus zor ez ziona, hura baino askoz ideia kontserbadoreago batean oinarritu baitzen.

 

Iraultza eta kontrairaultza Mediterraneo aldeko herrialdeetan

1808. urtea hartu ohi da Iberiako Penintsulan iraultza prozesuaren hasieratzat, hainbat aldiz etena eta berriz hasia, 1830- 1840 bitarteko hamarraldia arte. 1807. urtearen bukaeran Napoleonen gudarostea bat-batean sartu zen Iberiako penintsulan, eta Portugaleraino iritsi zen, enperadoreak Europa kontinentalean ezarri nahi zuen kontrola hersteko eta, bide batez, Britainia Handia bakarturik uzteko. Portugalgo errege familiak –Maria I.a erreginak eta Joan erregeordeak (Joan VI.a izango zenak)–, Bragança dinastiakoak, berehala aldegin zuen, Brasila, eta han egon zen 1821 arte, Espainiari eta Napoleoni Portugalgo lurraldea elkarren artean banatzeko aukera zabalik utzirik, hala egitea hitzartu baitzuten Napoleonek eta Manuel Godoy, Karlos IV.aren ministro ahalguztidunak. Ingalaterrako gudarosteak, Sir Arthur Wellesley Wellingtongo dukearen gidaritzapean, eragotzi zuen Frantziak Potugal mendera zezan, baina Portugalgo liberalei beren proiektu politiko berezia burutzen ere ez zien utzi. Eta, handik hara, luzaro, ingelesen mende geratu zen Portugal, ekonomian eta merkataritza harremanetan batez ere.

Frantsesak Iberiako penintsulan sartzeak Portugalen ez bezalako ondorioak eragin zituen Espainian. Aranjuezen, Godoyren eta Napoleonen arteko hitzarmen isilpekoakhaizatu zirenean, Karlos IV.ak haren seme Fernando VII.aren alde utzi behar izan zuen erregetza, herri matxinada batek beharturik.

Espainiako errege familiak ere alde egin behar izan zuen, Baionara, eta Napoleonen dinastiak berak –Jose I.a enperadoreak– hartu zuen haren lekua. Konstituzio baten bidez (Baionako Konstituzioa, 1808) eta eliteko buruzagitza baten bidez (frantsestuak) monarkia berria sendotzen ahalegindu zen, baina Iberiako penintsulako lurralde eta hiri askok ez zuten monarkia berria ezagutu, eta, iraultza eginez, Juntek hartu zuten beren gain agintea. Hainbat borroka galdu ondoren, eta Ingalaterraren laguntza militarra gorabehera,frantsesek hartuta ez zegoen leku bakarrean bildu ziren Gorteak, Leon uhartean (gaur egun, San Fernando), Cadizen. Biltzar horrek, liberalak nagusi zirela, nazioaren burujabetza aldarrikatu eta konstituzio bat prestatu zuen, eredugarria Mediterraneo osoko liberalentzat 1830-1840 bitartean.

Konstituzioak aski murriztu zuen erregearen aginpidea, eta ganbara bakarreko ordezkaritza sistema ezarri zuen. Gainera, probintzia eta udal gobernuak hartu zituen herritarren ordezkari, epaiketen zuzentasuna bermatu zuen, eta oinarrizko askatasunak onartu zituen (prentsa askatasuna, esate baterako). Konstituzio katolikoa zen, baina, erlijioa nazio ezaugarri bihurtuz, monarkiak erlijioan zuen kontrola ezeztarazi zuen, eta Inkisizio auzitegia ere bai, bide batez. Garrantzi handiko erreferentzia izan zen Europako hegoaldeko liberalismo katolikoarentzat, baina ez zuen asko iraun.

1814an Fernando VII.a Frantziatik itzuli eta liberalismoa bertan behera gelditu zen. Liberalek garesti ordaindu zuten, espetxe, erbeste edo heriotzez. Erregearen itzulerak, beraz, absolutismo ekarri zuen berriro, batetik, eta askatasunak eta ordezkaritza sisteman oinarrituriko gobernua ezeztatzea, bestetik. Eta eliteko hierarkiak eta noblezia zaharrak atzera hartu zuten aginpidea.

1820an berriro hasi zen iraultza zikloa, hiru urtez oraingoan. Riegoren errebolta militarraren kariaz, konstituzioa ezagutu zen berriro, 1812koa, eta berdin gertatu zen Napolin eta Piamonten, han ere bere egin zuten espainiar konstituzio hura. Portugalen, berriz, bi iraultza mugimendu izan ziren, bata Porton eta bestea Lisboan. William Beresforden nagusitasun ia erabatekoa amaitu zen eta biltzar konstituziogile bat eratu zen; hark konstituzio bat landu zuen 1822rako, 1812ko espainar konstituzioaren oso antzekoa.

Espainian, Napolin eta Piamonten, Aliantza Santua osatzen zuten herrialde ultrakontserbadoreek (Frantzia eta Austria) zapuztu egin zuten iraultza, eta errejimen absolutistetara itzuli ziren atzera. Portugalen, estatu kolpe moderatu batek, Saldanha-k bultzatuak (zeregin handia izan zuen harrezkero Portugalgo politikan), Aliantza Santuak esku har zezan eragotzi zuen, baina 1822ko iraultza amaitzea eragin zuen berebat.

 

Aldaketa sozialak

XIX. mendearen hasieran, Europako gainerako lurraldeetakoak bezala, Mediterraneo aldeko gizarteak ere nekazari gizarteak ziren batez ere, eta nekazaritza zen haien ekonomiaren oinarri. Biztanleriaren %80, gutxi gorabehera, ingurune horretan bizi zen. Nekazaritza produkzioaren parterik handiena, gainera, bertan kontsumitzen zen, eta zati txiki bat baizik ez zen eskala handiagoan saltzen. Mediterraneoko gizarteakestamentu eta korporazio sistema baten arabera antolaturik zeuden, eta banakoak gizartean zuen lekua estatus jakin baten araberakoa izaten zen. Bai produkzioa bai pertsonak korporaziozko unibertso baten barruan zeuden: estamentu korporazioak (eliza, noblezia, hiria), lanbide korporazioak (merkataritza kontsulatuak, gremioak, unibertsitateak), eta tokian tokiko korporazioak (baserri elkarteak, larre eta sail elkarteak).

Gizarte antolaketa hori zela eta, alde handiak zeuden talde batzuetatik besteetara aberastasunean eta udal (edo probintzia edo estatu) erakundeekiko harremanetan. Estatusak, beraz, pertsona banakoak gizartean zuen lekua ez ezik, legearen aurrean eta politikan zuena ere adierazten zuen.

Hori guztia aldatu nahi zuen iraultzak.

Lehenengo liberalismoak produkzio eta merkataritza gaitasunaren liberalizazioarekin uztartu zuen politikaren erreforma: nobleziaren eta elizaren lurrari buruzko pribilejioak ezeztatzea (maiorazkoa kentzea, Desamortizazioa), merkataritza harremanetarako barne hesiak (tokian-tokian zeuden aduana zergak) kentzea, eta garraiobide azkarragoak sortzea. Lehenengo liberalismoak, beraz, oso bestela ikusten zuen gizartea: jabetasun eta merkataritzaren askatasunaren bidez nazioaren aberastasun kolektiboa iritsiko zuen espazio edo eremutzat hartzen zuen, hain zuzen.

Hala ere, proiektu hori ez zen modu jarraitu batean zertu. Iraultzen etendurek (1814 eta 1822-1823) ez zuten Portugalgo eta Espainiako erreforma proiektu liberala gauzatzen utzi. Kontuan izan behar da hiri mundua –ideologia liberala zabaltzeko lekurik egokiena alegia– urria zela bai herrialde batean bai bestean. Portok eta Lisboak baizik ez zuten Portugalen hiri egitura XIX. mendean, industria –pixka bat, etaez fabrikako baizik eta etxez etxeko produkzio sistemarekin– eta guzti (lihozko eta kotoizko ehunak, zilargintza eta beste zenbait industria tradizional). Espainian Bartzelona zen hiri eredu aipagarriena; Madril Gortearen bizileku zen, burokrazia gune bat, alegia, eta salerosketa gune handi bat ere bai; Sevilla eta Cadiz, aldiz, garrantzi handiko merkataritza portuak izan ziren, baina gainbehera egin zuten Ameriketako koloniek independentzia lortu ahala.

Egitura hori ez zen, inondik ere, erdi mailako hiritar klase zabal bat bultzatzeko egokiena, eta ezta herri bi horietako ilustratuek (Jovellanos, Pombal) amestu zutena –alegia, erdi mailako lurjabeen nekazari klase bat– lortzeko ere. Aitzitik, gizarte egitura tradizionalari –hiriaren mundu modernozalea eta bizia ezagutzen ez zuten nekazariz osatua– egiten zion mesede, hirian sortu baitziren liberalen erreformak onartzeko prestago zeuden gizarte taldeak.

Izan ere, bi herrialde horietako gobernu absolutuek jabetzaren zirkulazioa handitzeko neurriak (udaleko ondasunak saltzea, gehienbat) hartu bazituzten, estatu ogasun guztiz ahulduen zerga egoera larriak hartaraturik hartu zituzten neurri horiek. Estatu ogasunek oso defizit handiak izan baitzituzten XIX. mendearen lehenengo hamarraldietan.

1830 urteaz geroztik, bestalde, borroka zibiliak izan ziren, hala Espainian (karlismoa) nola Portugalen (migelismoa). Borroka horiek, baina, ez ziren dinastia arazoek eraginak izan bakarrik, arazo politikoek baizik, batez ere. Portugalgo eta Espainiako liberalek zeinek bere dinastia lerroa (Maria II.a Portugalen eta Isabel IIa. Espainian) babestu zuen, erreforma programa moderatu bat sartzen joateko aukera izan baitzuten hala.

 

Estatu liberalaren eraketa

XIX. mendearen hirugarren hamarralditik aurrera, estatu liberalaren erakundeen eraikitze prozesua hasi zen Iberiako penintsulako bi herrialdeetan. Gizarte egitura klasistabat finkatzen hasi zen aldi berean, jabetzari ala lanari buruz zituzten harremanean oinarritua. Politiko moderatuek, liberalismoaren hasierako erradikalismoa galdurik, gidatu zuten prozesu hura. Portugalen, gatazka zibila bukatu ondoren (1836), erreforma proiektu moderatua gidatu zuten Sá Da Bandeira eta Costa Cabralek. Espainian, berriz, Errege Estatutuaren errejimena –1834koa– eta errejimen moderatua –1845ekoa– izan ziren horren ordainak.

Azken horrekin amaitu ziren 1837ko konstituzioaren ondoko aldiko saio progresistak.

Espainian 1845az gero eta Portugalen 1851tik aurrera (Maria da Fonteren gidaritzapean Miño aldeko emakume nekazariek 1846an egin zuten matxinadaren ondoren), hasiak ziren Estatua definitzen duten gida lerroak zehazten, agintaritzari urtetan atxiki zioten buruzagi moderatu batzuen gidaritzapean (Narváez, Bravo Murillo, Saldanha).

Legebiltzarra oso-oso kontuan hartzen ez zuten eta askatasuna baino gehiago segurtasuna eta egonkortasuna estimatzen zuten sistema politiko konstituzionalak finkatzean, eta, gainera, zegoen hauteskunde sistemak (boto eskubidea diru baldintza jakin batzuk betetzen zituztenei mugatua, Senatua erregeak izendatua) oso jende gutxi ordezkatzen zuenez, dirudunez eta goi mailako militarrez eta funtzionarioez osaturiko elite batek kudeatu zuen, bakar-bakarrik, politika. Eta, hala, administrazio egitura bereziak –aginte betearezlearen mende, legegintzarako agintearen mende bainoago– sortu zituzten, hartzen zituzten erabaki politiko garrantzitsuenak lurralde osora zabaldu ahal izateko. Hauek izan zituzten zeregin nagusiak: udal eta probintzia gobernuak antolatzea, zerga sistema uniformeak prestatzea (eta jabetzen eta aberastasunen estatistika ofizial bat ere bai, bide batez), lurraren desamortizazio prozesua bukatzea, finantza antolatzeko sistemak prestatzea, garraio sarea hobetzea (burdinbideak eta errepideak), polizia egiturak eta gudarostea behar bezala antolatzea, hezkuntza sistema nazionalak abiatzea.