Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Historia Unibertsala»Egungo aroa

Ingalaterra Victoria erreginaren garaian

Inglaterrako Victoria erreginaren erretratua erreinaldiaren hasieran.<br><br>

Victoria I.aren (1837-1901) agintaldi luzea izan zen Erresuma Batuaren (Britainia Handia eta Irlanda) hazkunde eta ospe handieneko garaia. Aldi hartako Britainiar Inperioa osatzen zuten lurraldeen artean ondo bereizi beharko lirateke Europakoak alde batetik, eta itsasoaz haraindiko jabetza geroz eta handiagoak bestetik.

Britainia Handiko biztanleria, Irlanda alde batera utzita, bikoiztu egin zen Victoria erreginaren agintepean, 1840 aldera 18 milioi izatetik, 1901ean 36tik gora izatera pasa baitziren.

1851n, nekazaritzan baino hirietan biztanle gehiago zituen munduko lehen herrialdea bihurtu zen Britainia Handia. Joera hori berretsi egin zen mendearen bigarren erditik aurrera, biztanleria ugaldu ahala. Londresko metropolia salbuetsita, zeinak pisu handia izan baitzuen industrian ere, eskualde industriatsuetan hazi ziren hiri nagusiak.

Horien artean Yorkshireko West Riding-ekoak (Leeds, Sheffield) eta Lancashirekoak (Manchester, Liverpool), beste asko bezala langile masa handien bizileku zirenak.

XIX. mendean, Britainia Handiko merkataritza ontzidiak, mundu osoko itsas merkataritzaren %40-50 mugitzen zuen. Merkataritza ontzidian eta kolonien hedakuntzan oinarriturik, truke librearen dotrinak, munduko merkataritza eta finantza zentro handiena bihurtu zuen Londres. Politika sistema geroz eta biztanle sektore handiagoetara irekitzen joan ahala, jendearen bizimodua ere nabarmen hobetu zen.

 

Erreforma luzea

1832ko lehen erreforma handiak hauteskunde mapa berrantolatu eta ia milioi bat britainiarri boto eskubidea eman zien. Hiri hazi berrietako (Manchester, e.a.) klase dirudunek atera zuten onura handiena erreforma hartatik, ordezkariak bidali baitzituzten Parlamentuan hautazkoa den Beheko edo Komunen Ganberara, lurjabe handien kontrolpeko ?eta gainbehera abiatutako? burgo ustelduen kaltetan.

Baina aristokrazia lurjabeak beste ganbera kontrolatzen jarraitu zuen, Lorden Ganbera, alegia. Erregeak izendatzen zituen ganbera hartako kideak eta kargua jarauntsi egiten zen handikien familietan. Lorden Ganberak Beheko Ganberaren erabakiei betoa jartzeko eskubidea zuen, hala onartu baitzuen 1832an industriako eta merkataritzako burgesiak.

Hala ere, erreformak ez zituen ase langileriaren eta herri klaseen eskakizunak: boto sekretua eta unibertsala (gizonezkoentzat) eskatzen baitzuten kartismoaren (Kartaren aldeko mugimendua) banderapean.

1838, 1842 eta 1848an eskualde industrialetan eta Londresen piztutako liskarrak gogor zapaldu zituzten agintariek. 1848az geroztik mugimendua desegin egin zen.

1867ko bigarren erreformak bikoiztu egin zuen hautesle kopurua, eta klase ertain guztiei eman zien boto eskubidea, hobekien ordaindutako langileak barne zirela.1867-1875 aldian, gizartean eragin handia izango zuen erreforma egitarau baten barruan (greba eskubidea, osasun egoera, nahitaezko heziketa, haurren lana,?), boto sekretua sartu zen 1872an.

1884-85eko azkeneko hauteskunde erreformaren ondoren, esan daiteke sufragio unibertsala (gizonezkoena) ezarrita geratu zela: 50.000 biztanle/diputatu bat proportzioa finkatu zen. 1888an demokratikoki hautatutako udalak eratu ziren. Langile masek hauteskundeetan parte hartzeak aldatu egin zuen Erresuma Batuko alderdi biko sistema. Hala ere, 1892ra arte ez zuen Komunen Ganberak aginpide gorena eskuratu, eta ordutik hasita, eztabaida sutsuak piztu ziren Lorden Ganberari zegokion eginkizun instituzionalaren inguruan.

 

Gizarte klaseak eta morala

Aurreiritziak izan ziren Victoria Erreginaren garaiko Ingalaterrako gizarte bizitzaren ezaugarrietako bat. Aristokraziak ez zuen hasieran oso begi onez ikusi industriako eta finantzetako burgesiaren gorakada, baina mendearen erdi aldetik aurrera onartu egin behar izan zuen bere zirkuluetan. Ikastetxeak, unibertsitateak, hipodromoak eta klubak, gainerako klaseentzat zorrotz debekatutako tokiak ziren.Klase ertainek funtsezko papera jokatu zuten industriaren eta merkataritzaren zibilizazioa finkatzekoan. Guztiz jende desberdinez osatua zegoen: lanbide liberalak, enplegatuak, dendariak, funtzionariak, kapatazak eta langile adituak, denak klase ertainean sartzen ziren. Goi klaseen imitatzaileak eta hirizale amorratuak ziren. Erdeinua zieten eskulangileei eta kontu handia izaten zuten haiekin ez nahasten.

Klase ertainak izan ziren bereziki britainiartzat eta viktoriartzat hartu ziren balio moralen eredu. Itxura, funtsezkoa izan zen klase desberdintasunak nabarmentzeko eta oso muturrera eraman zuten itxura zaintzea.

Familia, kontrolerako tresna bihurtu zen eta aitaren larderiaren mende zegoen. Disziplina, lana eta kastitatea izan ziren moral ezaugarriak.

Gizarte klase haren pentsamoldean puritanismoa nagusi bazen ere, bigarren moral bat zuten askok, sexu kontuetan batez ere. Jende aurrean ezkontzara mugatutako sexu harremanak aldezten zituzten gizonezko askok guztiz bestela jokatzen zuten euren bizitza pribatuetan. Izan ziren burgesiaren azaluskeria salatu zuten autoreak ere, hala nola Oscar Wilde, baina Ingalaterrako orduko gizarte jatorrak hura epaitu eta desohorera, gartzelara eta miseria gorrira kondenatu zuen.

 

Gehiengoa

XIX. mendean zehar, Erresuma Batuko biztanleen gehiengoa besteren konturako langile bihurtu beharrean gertatu zen, etengabeko hazkunde demografikoak hartaraxe bultzatuta. XVIII. mendetik industrializazioarekin zetorren prozesu haren ondorioz, nekazari asko eta asko industriako langile bihurtu ziren.

1834an onartutako Behartsuen Legeak, aurretik indarrean zegoen parrokietako sorospen sistemaren ordez, nahitaez lan egin beharreko etxeak (workhouses) ezarri zituen.

Zinez espetxe ziruditen haietan familia bereko kideak apartatzeraino iristen ziren eta beraz, ez zen harritzekoa herri klaseek sistema hartatik ihes egin nahi izatea.

Jendea hirietara bizitzera bultzatzeko beste akuilukada bat izan zen hura.

Langileen bizitza ?biztanleen gehiengo handi batena, alegia? oso gogorra zen garai hartan. Hazkurri eskasa, etxebizitzen eta auzoen hornidura urria, gaixotasunak, eta lanaldi luze eta guztiz gogorrak zirela eta, haurren heriotza tasak guztiz handiak ziren eta batez besteko bizitza itxaropena ez zen berrogei urtera iristen.

1870etik aurrera nabarmen hobetu zen egoera eta herri klaseen bizitza mailak gora egin zuen, itsasoaz haraindik produktu asko etorri izanari esker. Orduan ugaldu ziren gero hain «britainiar» bihurtuko ziren arrain eta patata frijituak (fish and chips), eta kotoizko jantziak. Ongizatea etortzearekin batera, familien tamaina txikiagotzen hasi zen.

Aldaketa horiek guztiak, XIX. mendearen azken laurdeneko demokratizatze prozesuaren argitan ulertu behar dira. 1889ko Londresko portuko greba arrakastatsuaren ondoren, sindikalismo berri batek hartu zuen indarra, zeinak, aurrekoak ez bezala, kualifikazio gabeko langile masak biltzen baitzituen. Hala, herri klaseei arreta handiagoa eskaini eta gizartean zuten tokia aitortu zitzaien lehen aldiz aginpide publikoetatik.

 

Indiatik Irlandara

Britainiar Inperioa, hasiera-hasieratik izan zen erakunde heterogeneoa. Europako lurraldeak, zuzenean, Koroaren mende zeuden.

Inperioko lurraldeak ziren orobat, biztanleriaren gehiengoa europar jatorrikoa zuten lurralde burujabeak (Kanada, Australia); hauteskunde eskubidea zuten koloniak (India, Zipre, Jamaika?); eta erregearen mendekotzako koloniak (Afrikako guztiak, Hego Afrikako lurralde burujabea salbu).

Eskualde eta bide berriak irekitzearen ondorioz lehen merkataritza jarduerak ere abian jarri ziren, hasieran gehienak gerra eta gatazka jarduerak baziren ere. Britainiarren nagusitasun militarrari esker, Txinako zenbait portu merkataritza sarera gehitu zireneta Hong-Kongen jabetza ziurtatu zuen britainiar koroak 1840-42an (1997an itzuli zitzaion Txinari). Mediterraneo ekialdea kontrolatzeko berriz, Errusiaren aurka borrokatu ziren Krimeako gerran (1854-56) eta garaitzea lortu zuten.

Kolonietako gerra horiek eta beste batzuk gertatzen ziren bitartean, Indiako lurralde zabalak gehitzen joan ziren Ekialdeko Indietako Konpainiaren mendera.

1857ko jazarraldi labur baina odoltsuaren ondoren, Konpania deseginda geratu zen eta Koroak bere kontrolpean hartu zuen India. Britaniarren egoera asko sendotu zen 1876an Suezko ubidea erosi zutenean, Inperioko eskualdeen arteko joan-etorriak ikaragarri erraztu baitziren.

Britainiarren politika inperiala, gainerako europarrenaren antzera, areagotu egin zen 1880tik aurrera. Afrika izan zen garai hartako politika kolonialaren xede nagusia. Herri indigenen aurkako gerrak izan ziren bortitzenak (Egipto, Sudan). Gatazka nagusia ?europar ikuspegitik behintzat? Hegoafrikan 1899-1902an holandar jatorriko kolonoen aurka (boerrak) izan zuten gerra izan zen.

Inperialismoaren arrakastaren txanponaren beste aldea Irlanda izan zen. Politika zapaltzailearen eraginez, gobernu britainiarraren aurka jazarri ziren Irlandako biztanle geroz eta behartsuagoak, katolikotasuna bandera harturik. Eta emigrazioa izan zen goseari eman zitzaion erantzuna. 1922an uhartearen zatiketarekin (oraindik ere indarrean dirauena) amaitutako gatazka politiko-erlijiosoaren azpian irlandarren miseria gorria zegoen.

 

Egonkortasuna eta txandakatzea

Egonkortasuna izan zen Victoria Erreginaren aroko balio politiko estimatuena.

Kontserbadoreak (tories) eta liberalak (whigs) txandaka egon ziren gobernuan XIX.. endearen azkenera arte eta txandakatzehori eredu bihurtu zuten. Praktikan, bi erakundeek berdin onartzen zuten britaniar parlamentuaren funtzionatzeko era berezia, gizarte oinarri beretsuak baitzituzten.

Mendearen lehen herenean, Frantziako Iraultzaren ondorioen aurka borrokan gobernatu zuen tory partiduak (Napoleonen gerrak). Whig partiduak gauzatu zuen 1832ko hauteskunde erreforma, askatasun gehiagoren aldeko kanpaina luze eta moderatu baten barruan.

Whigen ekonomia alorreko bandera truke librea bazen ere, aduana eskubide britainiarren ezabatzea bi gobernuek burutu zuten batak bestearen ondoren 1840ko hamarraldian, Robert Peel buru zuen gobernu kontserbadoreak estreina, eta John Russellen gobernu liberalak gero.

Txandakatze politikaren gorena Benjamin Disraeli kontserbadorearen (lehen ministro 1868an eta 1874-80an) eta William Ewart Gladstone liberalaren (lehen ministro 1868-74an, 1880-85ean, 1886an eta 1892- 94an) gobernualdietan harrapatu zen. Disraeli eta haren oinordeko politikoa zen Robert Arthur Salisbury buru zituen tory partiduak bide militarraren aldeko apostua egin zuen bai kolonietan eta bai Irlandaren arazoan.

Whigek Irlandaren baketzearen alde egindako ahalegin politiko guztiak alferrik izan ziren, baina estatuaren erreforma nagusiak ere beraiek bultzatu zituzten. Bi partiduek elkar hartuta, irakaskuntza, etxebizitza, elkartze eskubidea, erlijio askatasuna eta beste hainbat gai hartzen zituen erreforma egitarau luze bat gauzatu zuten.

1884-85ean ezarritako sufragio unibertsalak (gizonezkoena) hautsi egin zuen Erresuma Batuko partidu sistema. Liberalen eta Trade Unionetako langileen ordura arteko lotura eten egin zen Partidu Laborista sortzearekin eta horrek botoak kendu zizkien liberalei. Gainera, burujabetzaren aldeko irlandar gutxiengo indartsu bat sartu zen Komunen Ganberan.