Historia Unibertsala»Egungo aroa
Frantziako Iraultza.
Gertaerak
1789ko maiatzaren 5ean, Versaillesen bildu ziren –Paristik hurbil– Frantziako Estatu Orokorrak. Biharamunean hirugarren estatuak Komunak izena beretzat hartu eta monarkiako Estatu Orokorrak, nobleziak, kleroak eta hirugarren estatuak osatutako batzar bateratu bat bihurtzea eskatu zuen. Ekainaren 17an Nazio Biltzarra bilakatu ziren eta hiru egun barru, batzarra ez desegitea zin egin zuten harik eta Frantziarako konstituzio berri bat idatzi eta onartu arte. Horrelaxe hasi zen, Antzinako Errejimeneko erakunde politikoak errotik aldatu eta errejimen berri bat ezarriko zuen iraultza. Esperientzia historiko haren eraginek gaur arte diraute. 1789an hasi zen, Frantzian eta Europan, gaur egungo mundua. Ez zen, inondik ere, prozesu lineala izan, eta gutxiago aurrez pentsatutako iraultza proiektu baten gauzatzea. Urte horretatik1815ean Napoleonen gerrak amaitu bitartean, iraultza ulertzeko modu desberdinak egon ziren agintean, bata bestearen atzetik. 1789ko lehen iraultza konstituzional hartatik –zeinaren fruitu nabarmenenak, Gizonaren eta Hiritarraren Eskubideen Deklarazioa eta 1791ko Konstituzioa izan baitziren– askoz aldi erradikalago batera pasa zen: Luis XVI.a erregea epaitu eta hil zuten eta Errepublika aldarrikatu zuten. Jakobinoek agintzen zuten lehen aldi hartan eta Europako gainerako monarkien aurkako jarrera erasokorra hartu zuten. 1794ko uztailean Robespierre erori ondoren, Europako potentziekin Basileako bakea izenpetu zenean, Frantziako iraultzaren bigarren aldia hasi eta Napoleon Bonapartek Brumairearen 18an (azaroak 9) estatu kolpea eman eta agintea hartu zuenean amaitu zen. Napoleonen errejimenarekin iraultza amaitu zela esan daiteke. Halaxe aldarrikatu zuen Napoleonek berak, Frantziari ezarri zion konstituzioaren azkenean: «Herritarrok, hasi zeneko printzipioetan ezarrita gelditzen da iraultza: amaitu da».
Frantziako Iraultzaren zergatiak
Komeni da zenbait datu aurrean izatea,
iraultzaren zergatiak behar bezala ulertuko
badira. Hasteko, Antzinako Errejimeneko
Frantzia (iraultzaren aurrekoa, alegia) batik
bat baserritarra zen. Biztanleriaren %85 gutxi
gorabehera, landan eta nekazaritzatik bizi
zen. Datu hau ez zen XIX. mendearen azkenera
arte aldatu. Baina azpimarratu bada,
Antzinako Errejimenak inposatzen zuen jarengobetza eta produkzio egitura kontuan edukitzeagatik
izan da. Nahiz eta nekazari asko
lur sail txiki eta ertainen jabe ziren (lur sail
guztien heren bat, gutxi gorabehera), jabetza
mota pribilegiodun bat zen nagusi, jabetza
feudala, alegia. Jabetza errejimen horren
ondorioz, lehenik, nobleziaren, elizaren
eta beste zenbait erakunde pribilegiodunen
(hiriak, adibidez) jabetzako lurrak
ezin zitezkeen besterendu, hau da, jabetza
ziurtatua zuten. Baina, horrekin batera, nekazarien
mendekotasun juridikoa eta ekonomikoa
sortarazten zuen jaun feudalarekiko.
Produkzio eta gizarte harremanetako
errejimen pribilegiodun horrek gizarte osoa
hartzen zuen eta gainerako jardueretan ere
bazuen eragina, hala nola eskulangintzan
(gremioak) edo merkataritzan (merkataritza
konpainia pribilegiodunak).
Ez da ahaztu behar, bestalde, gizarte antolakunde
horren gailurrean erregea eta gortea
zeudela: ministroak eta erregearen aholkulariak.
XVIII. mendeko nazio arteko
egoeraren ezaugarri nabarienak, etengabeko
gerrak eta jarduera diplomatikoak ziren.
Gerra egoera atergabeak eta Versaillesko
gortearen handikeriak geroz eta diru gehiago
eskatzen zuten finantza publikoetatik, eta
hauek berriz, geroz eta zailagoak eta urriagoak
ziren. Luis XV.aren eta haren ondoLuis XVI.aren ministroek inon ziren
trikimailuak eta zerga motak erabili zituzten
koroaren sarrera fiskalak gehitzeko.
Baina halako aseezintasunak bazituen bere
mugak. Frantziako gizarteak –batez ere gizarte
maila baxuenek– eskari haiei erantzuteko
ahalmen mugatua baitzuen. Beraz,
XVIII. mendeko laurogeigarren hamarraldian
auzi berri bat plazaratu zen Frantzian.
Alegia, nola obliga zitezkeen monarkiari
eustera, ordura arte, beren pribiliegioen indarrez,
zerga gehienetatik salbuetsiak zeuden
gizarte mailak, hau da, noblezia, eliza,
eta hiri eta merkataritzako magnate handiak.
Hasierako gertaerak
1788tik 1789ra bitarteko negua oso gogorra
izan zen. Aurreko urteko uzta eskasaren
eraginez gosea zabaldu zen eta martxotik
maiatza artean jendetza gosetiek matxinada
asko piztu zituzten. Frantziaren une
hartako egoera politikoa sobera hauskorra
zen: monarkiaren ogasun krisi larria
konpontzeko azken neurri gisa, Luis XVI.ak
Estatu Orokorrak deitu zituen, 1614tik bildu
gabe zegoen hiru estamentuen batzarra,
alegia. Jauregiko leihotik, Luis XVI.a
kanpoko gertaerei begira zegoen, eta matxinada
bat prestatzen ari zela esan zion bere
ministroari. Ministroak erantzun zion: «Ez
Sire, hori ez da matxinada, iraultza baizik».
Eta halaxe zen, frantses iraultzaren hasiera,
hain zuzen; ordura arteko ordena errotik
eraldatuko zuen iraultzarena.
Maiatzean bildu ziren Estatu Orokorrak.
Izatez hiru ganbera ziren: kleroarena, nobleziarena
eta hirugarren estatuarena, hau da,
aitoren semeak edo klerokoak ez ziren guztiek
osatzen zutena, praktikan, abokatuek,
merkatariek eta hirietako talde ilustratuek
kontrolatzen bazuten ere. Hirugarren estamentu
gisa bildu nahi ez izana bera, ekintza
iraultzailea zen, nazioaren ordezkari jotzen
baitzuten euren burua, eta ez erreinuaren zati
gisa. Ekainaren 17an, Versaillesko tenis zelaian
bildurik –estamentu gisa hartzea onartzen
ez zutelako erregeak ohiko aretoan biltzea
ukatu egin baitzien–, batzar hura ez
desegitea zin egin zuten, harik eta Frantziari
konstituzio berri bat eskaini arte. Hilaren
27an, Parisko udaletxeko balkoitik, buruan
hiru koloreko intsignia zuela, erregeak hirugarren
estatuaren eskaria onartzeko galdatu
zien nobleziari eta elizari, biltzar bakar bat
osatzearena, alegia: halaxe jaio zen Nazio
Biltzarra. Hura izan zen iraultzaren hasiera
eta uztaileko gertakariek atzerabiderik ez
zegoela erakutsi zuten: orduan eraso eta hartu
zuten Bastilleko presondegia, iraultzaileek
hainbeste gaitzesten zuten despotismoaren
benetako ikurra, eta probintzia gehienetan
nekazarien matxinadak gertatu ziren, jaun
feudalen uztarpetik askatzeko.
Bilakaera eta aldiak
Iraultzaren lehen aldian bi prozesu gertatu
ziren.
Alde batetik, Antzinako Errejimenaren
eta haren mendeko gizarte eta politika
erakundeen deuseztapena. Bi une nabarmendu
ziren prozesu horretan, 1789ko
abuztuaren 4ko gaua –pribilegio feudalak
ezeztatu ziren– eta hil bereko 26a –Gizonaren
eta Hiritarraren Eskubideen Deklarazioa–.
Lehen gertaerak, gizarte harremanak
ulertzeko modu berri bat ezarri zuen:
gizarte posizioa legez erabaki ahal izatea
ezabatu zuen eta jabetza eta lana liberalizatu
zituen. Azken bi elementu hauek funtsezkoak
izan ziren ezarritako gizarte harreman
liberal berrietan, eta horien osagarri,
1791n, Le Chapelierren Legea izenekoa
onartu zuten, lan munduko gremioak eta
elkarteak debekatzen zituena. Bigarrenak,
ideia berri bat sartu zuen politikaren munduan,
alegia, gizonak badituela berezko
zenbait eskubide –askatasuna, jabetza, bizitza,
adierazpen askatasuna, e.a.– inongo
aginpidek urra ezin ditzakeenak. Kontuan
izan behar da «gizonaren eskubideak» zirela,
iraultza ez baitzen –nahiz eta garaiko
autore batzuek ala eskatu– emakumearen
eskubideak liberalizatzera iritsi.
Bigarrena, eraikuntza prozesua izan zen,
Nazio Biltzarrak konstituzio ordena berri bat
sortu baitzuen. Funtsezko bi printzipiotan
oinarritu zen: eskubideen deklarazioa (konstituzioaren
lehen parte gisa erantsi zen), eta
aginpideen banaketa eta oreka. Ilustrazioko
ideien arabera, legeak egiteko ahalmena,
betearaztekoa (gobernatzea) eta eskubide
eta liskarrei buruz erabakitzekoa (epaitzea),
erakunde desberdinen funtzioak izan
behar zuten: Biltzarrari zegokion legegintza,
erregeari eta gobernuari gobernatzea, eta
epaile eta epaimahaiei epaitzea. Hau guztia,
Frantziako eta Europako lehen konstituzioan
ezarri zen, 1791ko irailaren 3an.
Baina iraultza prozesuko tirabirak korapilatsuak
izan ziren. Iraultza eta herriarekiko
loturak ulertzeko ikuspegi desberdinak
zeuden. Jakobinoak ziren erradikalenak
–Parisko herri klaseetako sans culotteen
laguntza zuten– eta iraultzak aurrerago
jo behar zuela uste zuten, batez ere, Varennesen,
Alemaniako mugatik hurbil, Luis
XVI.a harrapatu zutenean, iraultzaren aurkako
inbasio bat prestatu eta zuzentzeko
asmotan ihesi zihoala. 1793ko urtarrilaren
23ko goiz hotzean Luis XVI.ari lepoa moztu
ziotenean, iraultzaren beste aldi bat hasi
zen. Errepublika ez zen izan monarkia gabeko
gobernu soil bat, herriaren eta gobernuaren
arteko harremana ulertzeko bestelako
modu bat baizik. Jean-Jacques Rousseauren
zuzeneko gobernuaren ideia zegoen
azpian: tokiko edo herriko biltzarrak,
kantonamenduetakoak, eta nazio biltzarraedo Konbentzioa. Baina jakobinoek, Maximilien
Robespierre buru zutela, ez zuten
errepublika ideal hori garatu, iraultza gobernua
deitu ziotena baizik: aurka ateratzen
zen guztia gillotinara bidaltzen zuen
diktadura guztiz gogor bat. Osasun Publikoaren
Batzordea (gobernua) kontrolpean
hartu zuenetik, Robespierreren politikaren
zutabeak ondorengo hauek izan ziren:
Izua, herri eskariei arreta berezia (oinarri-oinarrizko
salgaietarako topeak edo
«gehieneko prezioak»), eta Europako potentzien
aurkako gerra. Gudaroste handi bat
sortu zuen horretarako, «levée en masse»
izeneko legea erabiliz (herritar guztiak behartu
zituzten gudarostean sartzera, eta horren
eraginez, probintzietan, nekazariak
iraultzaren aurka altxatu ziren: La Vendée
izenaz ezagutu zen matxinada hura eta Antzinako
Errejimeneko tradiziozko estamentuak
zituen buruzagi).
Iraultzak, aldi hartan, errotik aldatu nahi
izan zuen antzinako Frantzia. Kontua ez zen
soilik errepublika eta gobernu iraultzailea
ezartzea, bizi era berriak ere sartu ziren, hala
nola, gurtza zibil berri bat, Izaki Gorenaren
jaiak, eta egutegi berria, iraultzailea, I.
Urtearekin hasten zena (1792) urtaroetako
jarduerei lotuagoa (vendémiaire, brumaire,
nivôse…). Izuaren praktikak ordea, gobernu
jakobinotik zuzendutako terrorismoak,
klase agintari berri bat sortu zuen: aparatu
militarra kontrolatzen zutenena.
Thermidorraren 9an (1794ko uztailak 27)
Robespierre erori zenetik, beste norabide
bat hartu zuen iraultza prozesuak. Orduan
garaile atera zen taldeak (thermidoriens)
aginpide militarra kontrolpean zuen, etaitxuraz iraultzaren printzipioetan oinarritzen
zen konstituzioa idatzi bazuten ere
–1795ekoa– zuzenean diktadurara jo zuen
sistema bat izan zen. Hala eratutako gobernuari
Directoire deitu zitzaion eta Barrasek
eta beste batzuek kontrolatzen zuten, militarren
artean zituzten aliatuei esker. Azkenean,
militar gazte bat, Napoleon Bonaparte,
jabetu zen aginpideaz, Brumairearen
18an (1799ko azaroak 9) kolpe militar bat
emanda, eta gobernu pertsonal bat ezarri
zuen, diktadura konstituzional moduko bat.
Napoleonek berak deklaratu zuen iraultza
amaitutzat.