Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Historia Unibertsala»Aro berria

Europako iparraldea eta sortaldea

Karlos XII.a Suediakoa. David von Kraft-en margolana, Versaillesko museoa.<br><br>

XVIII. mendean, indar handiz azaldurik, herri ahaltsuenen arteko oreka aldarazi zuen Errusiak Europako iparraldean eta sortaldean. Handik hara, orain sartaldearen eraginpeko berrikuntzak eginez orain tradiziorik zaharkituenera itzuliz ibili zen, batetik bestera, Errusiaren historia.Sofia printzesa erregeorde zela (1682- 1689), Pedro I.ak (Pedro Handia) agintaritza kendu zion indar erkustaldi bat eginez, eta 1725. urtea arte eutsi zion erregetzan.

Barne politikan estatuaren makineria eta errege absolutismoa sendotzen saiatu zen.

Aitoren semeen batzarra edo Duma ezeztatu zuen eta Senatua sortu zuen haren ordez, koordinazio organo goren gisa. Errusiako lurraldea 8 gobernutan banatu zen, eta gobernu bakoitza hainbat probintziatan (50, guztira); aldi berean, probintziak, voivoda baten agintaritzapean. Horretaz gainera, zuzeneko zerga arautu zuen, gudarostea berrantolatu zuen, goardia pretoriarra (streltsy-ak) eta aitoren semeen miliziak desegin zituen, eta soldadutza derrigorrezkoa jarri zuen. Meatzaritza eta burdingitza bultzatu zituen bere gudarostea behar bezala hornitzeko, eta sartaldeko maisuak eta eskulangileak ekarrarazi zituen horretarako.

Eliza ortodoxoak ere pairatu zuen haren eskua, patriarka kargua kendu zueneta Sinodo Santua ezarri, patriarkaren ordez.

Eragin zituen berrikuntzei eman nahi izan zien sortaldetar kutsua kutsu, bortxakeria handiz ezarrarazi zituen –milaka pertsona hil zen San Petesburgo eraikitzen; joputza sendotu zuen– eta ez zuten batere eraginik izan biztanleriaren parte handienean.

Bi aurkari handi izan zituen politika horrek: batetik, herri xehea, zerga igoera gehiegizkoari aurre eginez, eta tradizionalistak, bestetik, berrikuntzen beldur.

Errusiak, Baltiko inguruan zeuden interesen jokoan, hartu zuen bezala esku hartu izanak Europako iparraldeko oreka aldarazi zuen. Haren gerra ekimena Suediaren kontrako borroka jarraituagatik berezi zen batez ere. Izan ere, Suediak Baltikoko hegoaldean zituen lurraldeak eskuratu nahi zituen Errusiak, itsaso horretara ateratzeko bidea ixten ziotelako. Nystadeko bakea (1721) izan zen Errusiaren garaipen nagusia, Baltiko itsasorako irtenbidea lortu baitzuen, Vyborg eta Riga artean. Finlandiako Ingria eta Karelia, Estonia eta Livonia ere Errusiaren mende geratu ziren.

Pedro I.a hiltzean ez zen asko falta izan haren erreforma guztiak bertan behera geratzeko.

Denbora bitarte horretan, “enperatritzen mendea” delakoan, hiru erreinaldi izan ziren Katalina II.arena baino lehen: Katalina I.a (1725-1729), Ana (1730-1740) eta Isabel (1741-1762).

Pedro III.aren erreinaldia oso laburra izan zen; matxinada batek, Grigori Orlof –Katalina II.aren maitalea– buru zuela, eten zuen. Pedro I.ak bezala, Koroaren eta Estatuaren interesak lehenetsi zituen, herriaren premien kaltean. Elizaren ondasun gehienak sekulartu zituen, apaizteria estatuaren soldatapeko bihurtuz; erlijio tolerantzia ezarri zuen; batzar bat deitu zuen, jopuak ez beste gizarte maila guztietako 600 ordezkari baino gehiagoz osatua, lege araudi berri bat antolatzeko. Katalinaren administrazioak mesede egin zion nobleziari. Nobleziaren Gutuna, 1785ekoa, nobleen pribilejioak berretsi eta beste berri batzuk gehitu zituen.

Gainera, ez zuen joputza deuseztu, gogortu eta sendotu baizik. Nekazarien bizi baldintzapenagarriak akuilaturik, kosakoen buruzagi Pugatxevek matxinada antolatu zuen (1773) Volga Beherean, baina Katalina II.aren gudarosteek menderatu zuten, 1775ean. Nazioartean, Kalatinak Turkiaren kontrako presioa handitu zuen; Kutchuk- Kainardjiko Bakearen ondoren (1774), Krimearen independentzia, Itsaso Beltzean ibiltzeko askatasuna eta Egeora itsasarteetatik sartzeko eskubidea lortu zituen Errusiak.

 

Suedia-Finlandia

KARLOSEN HANDINAHIAK MENDE BATEAN IRABAZITAKOA 28 URTEAN GALDU ZUENKarlos XI.a hil zenean (1697), Suediako inperioa oso-osorik zegoen. Karlos XII.aren erreinaldian ordea (1691-1718) monarkiak aginte guztiak eskuratu zituen (absolutismoa), erregea zinezko autokrata bihurtu zen. Karlos XI.ak finantza publikoak egonkortzea lortu zuen, Karlos XII.ak, aldiz, Errusia, Danimarka eta Poloniaren aurka gerra egiteko bezperan, diru guztiak xahutuak zituen autokraziari eustearren.

Suediako erregeak Errusiaren asmoei aurre egiteko eraman zuen estrategiak pixkanapixkana bakarrik utzi zuen. Itsas gudu batzuetan garaile atera bazen ere, Poltavako guduan Pedro Handia erabat nagusitu zen, eta Karlos XII.ak Turkiara alde egin behar izan zuen. 1714an, itzuli zenean, Kantzelaritzako lehendakariak –Horn– hartu zituen erabaki guztiak berrikus zitzatzen agindu zuen erregeak.

Ulrika Leonora erreginak, 1719an izendatua, asko apaldu behar izan zuen erregetzaren jarrera absolutista, eta hitzartuta zegoen estatu konstituzionala indarrean jarri atzera. 1720-1751 bitartean, hau da, erregetza bere senar Frederiko Hesseren eskuetan utzi zuenean, monarkiak amore eman behar izan zuen hainbat alorretan, eta Suedia monarkia konstituzionala bilakatu zen horrenbestez. 1718tik aurrera babeserako garrantzi handia zuten lurraldeak galtzen hasi zen; horrek markatu zuen kanpo politika guztia: 1719an Ingalaterraren esku geratu ziren Bremen eta Verden; 1720an diruz eta lurrez ordaindu behar izan zion Danimarkari, Gottorp-en; eta, azkenik, Nystadeko bakearen ondoren, Errusiaren mende geratu ziren Baltikoko probintziak. Garai hartan sortu ziren Suediako lehenengo bi alderdi edo politika joera nagusiak: alegia, batetik, “kapeluak”, Frantziarekin ituna egitearen aldekoak, eta, bestetik, “txapelak”, Ingalaterrak lagundurik politika neutral baten aldekoak. Kapeluak nagusitu ziren, Frantziara (1738) eta Turkiara (1737) hurbiltzen ahalegindu ziren, eta merkantilismoan oinarrituriko politika bideratu zuten. Bestalde, Baltiko aldean galdutako lurrak berreskuratzen saiatu ziren, baina ezin, eta gerra galdu zuten (Abo, 1743).

Adolfo Frederikoren erreinaldiaren ondoren (1751-1770), Gustavo III.ak (1771- 1792 bitartean errege) estatu kolpea jo zuen 1772an, herriaren nahigabea aitzakiatzat hartuz. Aginpide osoa eskuratu zuen, eta aholkua eskatzeko baizik ez zuen erabili Senatua. Errege ilustratu baten gisa jokatu zuen: aitoren semeen pribilejio gehientsuenak ezeztatu zituen eta ogasuna eta gudarostea berrantolatu zituen, besteak beste.

 

Danimarka-Norvegia

HERRIALDE AHALTSUENEN ETA BERE BETIKO ETSAI SUEDIAREN ARTEKO INTERESEN JOKOAN HARTUTA ZUEN LEKUA BABESTEN ETA FINKATZEN JAKIN ZUENKristian V.a hil ondoren (1699) Frederiko IV.a izan zen Danimarka eta Norvegiako errege. Holstein-Gottorp konkistatzeko ahaleginean huts egin ondoren, eta Traventhalgo bakea itundu ondoren (1700), nekazarien joputza eta haiekin milizia bat antolatzea agindu zuen (1773), soldadugairik falta ez zedin (1788an ezeztatu zen agindua).

Erregetza hartu zuenetik, eta Karlos XII.aren garaipen militarrez miresturik, Danimarkaren eta Errusiaren aldera egin zuen.

Altonako Ituna, Pedro I.aren eta Frederiko IV.aren artekoa, Suedia hartzeko asmoz egin zen, baina Ingalaterra aurka zegoenez, azkenean ez zen gauzatu. Kristian V.ak lehenago bezala, Frederiko IV.ak ere zinezko autokrata batek bezala erreinatu zuen.

Kristian VII.ak erregetza hartu zuenean agerian geratu zen Enevealde-ren gaitz nagusia: alegia, politika guztiaren pertsonalizatze erabatekoa. Haren izenean Struenseek absolutismoan oinarritu zuen bere aginpidea.

Azken batean, herrialde ahaltsuen interesen jokoan Danimarkak bere lekua finkatzen jakin zuelako iraun zuen estatu dinastiko patrimonial hark.

 

Poloniaren partiketa

PRUSIAREN ETA ERRUSIAREN HEDATZE NAHIAK ETA POLONIAREN AHULTASUNAK BERAK SUNTSITU ZUTEN POLONIAKO ESTATUA.Poloniako estatuaren gainbehera, errege indartsu bat ez izateak eta aitoren semeen nagusitasunak eragina, are latzagoa izan zen Augusto III.a Saxoniakoaren errege aldian (1733-1763). Errusiak eta Austriak jarri zuten Augusto errege; izan ere, garai hartan, Errusiaren mende zegoen neurri handian Poloniako kanpo politika. Poloniako erregea hil zenean, Katalina II.ak bere begikoa hautarazi zuen, hau da, Estanislao II.a Augusto Poniatowski, Poloniako errege 1764-1795 bitartean.

Estanislao hasi zen Europako erdiko eta sortaldeko ordu arteko itunak aldatzen: 1726az geroztik Austria eta Errusia bat eginda zeuden Frantziaren kontra, baina 1764an Prusiak eta Errusiak babes itun bat izenpetu zuten. Nolanahi ere, Estanislaok, Czartoryski familia abertzalearen laguntasuna zuela, ez zituen Katalina II.aren eta Frederiko II.aren nahiak bete; aitzitik, Poloniako politika eta erlijio batasuna sendotu zuen eta “liberum veto”-a mugatu zuen. Errusiaren esku hartzearen aurrean, Poloniako noblezia tradizional katolikoak “Bar-eko Konfrederazioa” sortu zuen, turkiarrek lagundurik. Hauek ezin izan zuten 1769 eta 1774 bitartean Errusia garaitu, eta lurralde asko galdu zituzten: Dniester-Danubio artekoa (1770) eta Krimea (1771). Hala ere, Errusiak ez zuen turkiarrak eta poloniarrak menderatzeko adina indar, eta ekinaldiak luze jo zezakeela ikusirik, men egin zion Prusiak Polonia banatzeko egin zion iradokizunari. 1722an izenpetu zen Lehenengo Ituna Errusia, Prusia eta Austriarenartean: Errusiak Livonia aldea eta Bielorrusia hartu zituen, Austriak, berriz, Galitzia sortaldeko zazpi voivoderriak eta Polonia Txikia, eta Frederiko II.ak, azkenik, Prusiako Sartaldea –Dantzig izan ezik– eta Ermlandia.

Turkiaren aurkako beste ekinaldi batean berriro huts egin ondoren, Polonia galera haren aringarritzat-edo hartzea pentsatu zuen Katalina II.ak. Poloniako alderdi abertzalea, ordea, lurraldea Errusiaren uztarripetik askatu nahian zebilen. 1790ean Prusiaren laguntza bilatu zuten abertzaleek, eta, horrenbestez, elkar babesteko itun bat izenpetu zuten Prusiak eta Poloniak. 1791an Poloniar abertzaleek Konstituzio bat onartzera behartu zuten Dieta, hautabidezko monarkia, “liberum veto”-a eta konfrederazioak ezeztatzeko. Poloniaren berpizte hori, baina, Frantziako espiritu iraultzailearen adierazpide gisa hartu zen, maltzurki. Prusiak, orduan, alde batera utzi zuen Polonia, eta hura errusiar gudarosteen mende geratu zen: Polonia Sortaldea eta Varsovia hartu zuten; Prusiako errege Frederiko-Gilen II.ak, berriz, Poloniako iparraldea eta Thorn hartu zituen bien bitartean. 1793an izenpetu zen Polonia zatikatzeko Bigarren Ituna: Prusiak Dantzig, Thorn eta Posnania beretu zituen; Errusiak Lituaniako parte handi bat, Ukraina mendebala, Volinia eta Podolia.

Polonia desagertua zen estatu bezala.

Tadeo Kosciusz jeneralak gidatu zuen matxinada ahaleginaren ondoren, hirugarren aldiz banatu zuten, 1795ean, Poloniako lurraldea: Errusiak Kurlandia eta Lituaniako gainerako partea lortu zuen; Austriak Polonia hegoaldea, Krakovia eta Sandomierz barne; eta Prusiak Poloniako gainerako guztia, Varsovia barne.