Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Historia Unibertsala»Aro berria

Pentsamendu ilustratua

Isaac Newton, Pieter van der Banck-en erretratu batean (1690).<br><br>

“Ilustrazio” hitza garai jakin bateko —Ingalaterrako iraultzatik (1688) Frantziako iraultzarainoko (1789)— joera intelektualak, politikoak eta sozialak izendatzeko erabili ohi da. Ildo horretatik, kultura mugimendu guztiz zabala da Ilustrazioa, Ingalaterran sortua eta Frantziaren bitartez Europa osoan barrena zabalduz joan zena, era horretara frantses hizkuntza garai hartako jakintzaren eta kulturaren berezko hizkuntza bihurtu zelarik.

Pentsamendu ilustratua, bulkada errazionalistaren luzapen gisa, baikorra da funtsean: gauza guztiekiko oso kritikoa izanik ere, bereziki orduko egoerari dagokionean, arrazoiaren eta zientziaren ahalmenaz fidatzen da ekonomia, politika eta gizarte arazoak konpontzeko.

Arrazoia, ondo ezagutu beharreko mugak baditu ere, ez dago norbere esperientziaz kanpoko beste ezeren mende. Hortaz, erlijioaren azpian izan beharrean, orain arrazoiak berak eman behar du epaia bere zentzuaz edo zentzugabekeriaz; eta ez dogmetan ez goi agerkundeetan oinarritzen ez den Jainkoaren kontzepzio bat lantzen du (hori izango litzateke pentsaera ilustratruak hain berezkoa duen “deismoa”).

Filosofo ilustratua, “philosophe” hori, pentsamendua, idazkera eta erretorika menderatzen dituen intelektualen elite mugatu bateko kidea da. Zentzu hertsian ez da irakaslea, ez eta, inola ere, maisu edo “jakintsu” bat. Areago da gizon “asko jakina”, ekintza publikoan eta gaurkotasunezko arazoen eztabaidan diharduena. Halakoak gortean ematen du bizitza, errege eta gobernarien aholkuari edo hezitzaile; aretoetara ere zale izaten da (aristokraziako dama bat buru dutenetara, eskuarki), edo kafetegietara, klubetara, akademietara, literatura elkarteetara… Montesquieu, Voltaire, Diderot, Buffon eta abarrak “philosophe” horren iruditzat hartu ohi dira, baina beste zenbait herrialdetan era askotako pertsonaiei ematen zaie izan hori: Franklin, A. Smith, Hume, Goethe, Kant… Batzuek librepentsalari izena hartzen dute, masoi asko dira haien artean, gutxi erabat ateo, gehienak antiklerikalak diren arren.

Sineskeria eta fanatismo guztien aurka doaz eta aurrerapenaren alde agertzen dira. Beren elitismoa gorabehera, “publizista” lanari ekiten diote egunkari eta aldizkarietan eta haien liburuak laster hedatu eta beste hizkuntzetara itzultzen dituzte. Kultura eta zientzia jende mota guztietara iritsi eta gizarte osoan barrena heda daitezen nahi dute, modu horretara arrazoiak egitura sozio-politiko zaharrak aldatzeko duen ahalmena bete dadin.

 

Ilustrazioaren “gurasoak”: Newton eta Locke

Ilustrazioak, mugimendu filosofika eta politiko-sozial gisa, bai ingeles filosofia enpiristatik –Locke-rengandik bereziki– eta bai izadiaren zientzia ezagutzatik hartzen du, azkeneko hau Newton-en obran gauzatu zen eran.

I. NEWTON (1642-1727) zientzia iraultza bururatu zuen zientzialaria da. Bere mundu sistemaren bidez fisika klasikoa egituratu zuen; kontzepzio horrek ia aldaketarik gabe iraun zuen zientzia ezagupenaren irudikatze gailentzat XVIII. eta XIX.. endeetara arte. Ildo horretatik nabarmen daiteke, adibidez, Kantek Newtonen mekanika hartu zuela abiapuntu gisa bere filosofia eraikitzeko, hura frogatzen eta oinarritzen saiatu zelarik. Hona Newtonen metodoa: “esperimentuak eta behaketak egitea eta indukzioaren bidez ondorio orokorrak ateratzea, eta ondorioen aurkako objekziorik ez onartzea, esperimentuetatik edo beste egia seguruetatik datozenak salbu”. Newtonen iritziz, errazionalismoak aldarrikatzen duenaren aurka, dena ezin jakin daiteke matematikaren bidez, zenbait printzipiotan oinarrituriko arrazoia erabiliz.

Newtonentzat, esperientziak mugatua eta kontrolatua izan behar du arrazoiak.

Matematika esperientziaren gainean moldatu beharra dago eta egiaztatze fisikoak beharrezkoak ditu. Horrenbestez, Newtonek teoriak erabili eta hipotesiak egiten baditu, ez dira itxurazkoak edo asmatuak, esperimentuetan oinarrituak eta horietatik datozenak baizik.

J. LOCKE (1632-1704) liberalismo politikoaren teoria egiten lehena da. Lan horretan, ordea, paradoxikoa bada ere, berrogei urte lehenago Hobbesek boterearen kontzepzio absolutista lantzeko erabili zituen kontzeptu berak (“natura egoera”, “berezko zuzenbidea”, “ituna”) hartu zituen oinarritzat.

Lockek botereen banaketa proposatzen du eta botere legegileari ematen dio lehentasuna, horren bidez berresten du erregearen eta Parlamentuaren arteko bitasuna.

Newtonekiko adiskidetasunari esker, zientziaren garapena gertutik ikusi ahal izan zuen. Ezagupenaren teoria filosofiaren adar bereizi gisa finkatu zuen, honako helburuarekin: “gure ezagueraren mugak jakitea” eta “gauzen alderdi argien eta ilunen arteko mugak ezartzen dituen zeruertza” zehaztea. Errazionalismoak errebeindikatua zuen arrazoia ihardunean jarraitzen du hemen ere, baina orain bere baitara itzuli da modu kritikoan eta infinitua ez dela ohartu da, gizatiarra dela, eta horrexegatik ezin duela dena bere baitatik ezagutu.

Arrazoiak bere mugak ditu, baina muga hori aitortzea ez da ahulezia, porrota, arrazoiaren boterea egituratzen duen zera baizik.

Esperientzia da arrazoiaren muga eta hori, arrazoiak jarria ez bada ere, ezaguera guztien jatorria da.

 

Entziklopedia

Ilustrazioaren proiektu eta idealen hedabide garrantzitsuena Entziklopedia izenekoa izan zen, XVIII. mendean eskumenean zeuden ezagupen ororen bilduma 27 liburukitan.

Entziklopedia edo Zientzia, arte eta ofizioen Hiztegi arrazoitua idatzi zuten lankide talde zabalaren zuzendariek, Diderot eta D’Alambert-ek, giza ezagupenen laburpen gisa aurkeztu zuten, horietan “arte mekanikoak” eta “arte liberalak” barne sartzen zirela. 1750ean Prospektua agertu zen, eta 1751-1766 bitartean obra hori osatzen duten 27 liburukiak. Gainera, haren inspirazio iturri izan ziren ideia ilustratu eta liberalak hedatzeko bide gisa balio izan zuen.

Entziklopediaren egileak arazo askotan iritzi berekoak ez baziren ere, bat zetozen ia guztiak zenbait ideali dagokionez: erlijio tolerantzia, baikortasuna gizadiaren etorkizunari buruz, konfiantza arrazoiaren boterean, Elizaren gehiegizko aginpidearen aurkako jarrera, gizarte arazoekiko kezka, zientzia ezagupenaren garrantzia teknika eta lanbideetarako aplikazio praktikoari dagokionez, naturalismoa, esperientziarekiko begirunea.

Aurrerapenaren ideiak, zehazki orduan sortu ez bazen ere, sendo sustraitzeko giro egokia aurkitu zuen ilustratuen artean. Bizi garen mundua ez da, Leibniz-ek uste zuenez, litezkeen munduen artean onena. Halaber, iraganean dena hobea izan zela, “paradisu galdu” batetik gatozela pentsatzeak ez du gogobetekoa izan behar. “Mundu hobe” hori etorkizunean aurkitu beharra dugu, eta ez Jainkozko probidentziak hala erabaki duelako: aurrerapena naturaren lege inmanenteen ondorioa da eta.

Bada, beraz, gizadiaren historian une pribilegiatua bizi zutelako sentimendu lauso bat. Orokortzera jo beharko zuen biziera baten aitzindari modukoa da ilustratuen komunitatea. Ezagutzaren hedapenak gizakien pentsamoldea eta gizartea anlotatzeko erak aldatu behar zituen, eta pribilegioak, bidegabekeriak eta behartsuen miseria suntsitu.

Horra Entziklopedia bizi zuen proiektua, 1789ko Frantziako iraultzan nolabait gauzatuko zena.

 

J. J. Rousseau eta Kant

Arrazoi praktikoa (etiko-politikoa) ezagutza zientifiko-teknikora mugatzeko ezintasuna planteatu zuen Rousseauk Ilustrazioaren barnetik, eta hark zabalduriko bidean zehar abiatu behar zuen Kantek pentsamendu ilustratuaren adierazpen sistematiko gailena emateko.

ROUSSEAUk (1712-1778), giro ilustratuetan hezi eta ideal haietaz horniturik bazegoen ere, Ilustrazioaren autokritika hasi behar zuen, eta geroko garapenerako bide berriak urratu. Ildo horretatik, Rousseauk zalantzan jartzen du ezagupenaren aurrerapenak, hau da, izadi zientziarenak, ezinbestean, gizakien ohitura, sineste, bizimolde eta jokabide arauen hobekuntza ekarri behar duenik. Zientzia eta teknikaren alorreko aurrerabideak, alabaina, gizakien zoritxarra eta balioen usteltzea ekar baititzake. Kulturaren hedatze sozialak, –gure mendean, ikuspegi marxista batetik Adorno eta Horkheimer-ek Ilustrazioaren dialektika liburuan planteatu dutenez–, Estatuaren zapalkuntza ezkutatzeko eta estaltzeko balio lezake eta.

Ezagutzaren eta gizarte antolakuntzaren garapenak, modu horretara, gizakiak hasieran izadiarekin zuen harreman hurbil haren ontasuna usteldu behar zuen. Rousseauk ez zuen “naturazko egoera” hori gizartea agertu aurreko errealitate historikotzat hartzen, haren ustetan moral eta politika ardurarekiko erreferentzia puntutzat balio zezakeen hipotesi edo fikzioa baitzen. Hobbes-ek postulatu “guztiok guztion aurkako gerra” hura, egoera naturalaren ezaugarri gisa ulertzen zena, gizartean sartzearen ondorio gisa ikusten zen orduan. Harez geroztik, biziraupena ezinezkoa zen “hitzarmen”bati esker baizik, baina hitzarmen horrek, ahulenen eskubideak defendatzetik urrun, pribilegioak eta desberdintasunak sendotzen zituen. Hala, molde berriko gizarte itun baten premia planteatzen du, gizakia dagokion egoera naturalera itzuliko duena baina komunitateko kide izateari uko egin gabe. Ez da gizabanakoen arteko hitzarmena (Hobbes), ez eta gizabanakoen eta gobernatzaile baten artekoa, komunitateak gizabanakoarekin egina baizik, eta hartatik “borondate orokorra” sortuko da.

Rousseauk zientzien aurrean zuen jarrera kritikoa hain ezohikoa eta frantses Ilustrazioaren tesi nagusien hain aurkakoa zen non ez zuten ongi hartu Parisko elkarteetan eta Voltaire eta D’Alembert-en aldetik suminduraz beteriko gaitzespenak erakarri zizkion.

Dena den, Alemaniako Ilustrazioak, Kantek bereziki, Rousseauk planteaturiko arazoa jaso zuen.

I. KANT-en (1724-1804) obra filosofikoak Rousseauk planteatu erronkaz gainera, modu orokorragoan, pentsamendu ilustratuaren hari guztiak bildu eta pentsamendu horren sistematizazioa burutu zuen.

Kantek, bereziki, filosofia modernoaren bi adarrak, razionalista eta enpirista, adiskidetzea lortu zuen eta esperientziaren –ezagupenaren edukia dakarrena– eta adimenaren –forma dakarrena– arteko osagarritasuna defendatu zuen. Orain filosofiaren zeregina, funtsean, zeregin kritiko gisa ulertzen da: gure ezagueraren mugak medodo traszendentalaren bidez aztertzea eta definitzea, hots, gertatu ahal izateko baldintzen bilatzea eta argitzea helburua duen metodoaren bidez. Arrazoiaren hiru erabilera desberdin bereiztea da Kantek ekarri zuen berritasuna.

Horrenbestez, hiru Kritika planteatzen ditu.

Arrazoi huts teorikoaren kritikan zientzia nola gerta daitekeen azaltzen saiatzen da eta fisika hartzen du eredutzat, Newtonek landutako eran, eta, gainera, metafisikarik izan ere izan ote daitekeen galderari ezetz erantzuten dio. Bigarren Kritika iharduera moralari dagokio eta, Rousseauk urratu bideari jarraituz, teoriko hutsa ez den arrazoiaren beste erabilera bat bezala ulertzeko premia planteatzen du, teknikara mugatu gabe, baina (eta hauxe da erabakigarria) irrazionalaren ingurunera baztertu gabe.

Hirugarrena Iritziaren kritika da: bertan arteari propio dagokion ezaguera baten izan daitekeen, gustuaren eta iritzi estetikoaren balioa planteatzen du. Horrenbestez, Kantek Ilustrazioaren pentsamendua sistematizatu eta adierazpide gorenera eraman zuen, baina atea zabalik utzirik (hirugarren Kritikan zehazki): handik igaroko ziren bai mugimendu erromantikoa (Schleiermacher, Novalis, F. Schlegel, Humboldt) bai idealismoa (Fichte, Schelling, Hegel).