Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Historia Unibertsala»Aro berria

Inken inperioa

Machu Picchu hiriaren erdialdeko ikuspegia.<br><br>

Ekuatorez hegoaldean historian ezagutu den inperio bakarra inken inperioa izan da, eta Colonen aurreko Ameriketan inperio izen hori eman dakiokeen bakarra ere hura da. Espainiarrek inka esan zioten inperio horri, haien agintari nagusiak hala deitzen baitziren; Cuzcoko kitxuek, berriz, Tahuantinsuyo –munduko lau herrialdeak– esaten zioten beren mende zuten lurralde hari. 1438-1532 bitartean, Cuzcoko jaunek Andeen erdialdeko lurralde zabal bat batu zuten, bai politikaz, bai kulturaz; menderatu zuten lurralde hura gaur egungo Latinamerikako sei errepublikei dagozkien lurraldeek osatzen zuten, hasi Kolonbia hegoaldeko Pastotik, eta Ekuador, Peru eta Bolivian barrena, Maule ibairaino, Santiago Txilekotik hurbil, eta Tucumaneraino, Argentinako lurralde iparmendebalekoenean.

Inkek kultura eta arte adierazpen aipagarriak zituzten, baina bereziki aipatzekoa da haien sistema politikoa eta egitura sozioekonomikoa, Europako eta munduko beste kulturetan berdinik gabea.

 

Antzinako Peruko kulturaren bilakaera

Orain dela hogei bat mila urte Perun kultura prozesu bat hasi zen; geroko inken kultura hasierako prozesu haren azken maila izan zen.

Behe eta goi paleolitos aroak hartzen dituen bilakaera geldiko aldi luze baten ondoren, mundu zaharreko historiaurrean neolitos iraultza esaten zaiona hasi zen, K.a 2500. urte inguruan. Iraultza hark bi ezaugarri nagusi izan zituen: nekazaritzaren indartzea, batetik, eta, bestetik, animaliak hezitzea. Bi gertaera horien eraginez, biztanleek bizimodu sedentarioa egiteraegokitu ziren, eta gizartearen egitura erabat korapilatu zen. Hala, hiru mila urte inguruko prozesu bat hasi zen, eraketa prozesua; aldi horretan ezarri ziren antzinako Peruko kulturaren oinarriak. Garai hartako adierazgarri nagusia Chavin zibilizazioa izan zen; mila urteko tartean, Peruko lurraldean nolabaiteko batasuna lortu zuen zibilizaio hark. Mota horretako aldi bateratzaileei kultura horizonteak esaten diete arkeologoek; batasun hori hautsi eta han eta hemen lekuan lekuko talde banakatuak sortu ziren bi aldiei bitarteko aldi esaten diete. Peruko arkeologiaren sailkapen hori eta Ameriketako erdialdeko beste eskualdeetako sailkapenak elkarrekin parekagarriak dira: klasikoa, garai klasikoaren krisiaedo postklasikoa, irudian ikus daitekeen bezala.

K.o. 400. urte inguruan amaitu zen eraketa prozesua, eta Chavin zibilizazioak beste zibilizazio batzuri utzi zien lekua. Zibilizazio berri horiek, aurreko garaiko kultura, ekonomia eta gizarte oinarrietatik abiatuta, arte sormenaren goreneko mailara iritsi ziren. Peruko kulturaren aldi klasikoa da hori. Garai horretan, aipatzekoak dira Moche edo Mochica herriak iparraldeko kostaldean, eta Paracas eta Nazca herriak hegoaldekoan.

Kultura distiratsu haiek, ordea, lehenengo milurtekoa amaitzean krisiak jo zituen, bestelako kultura eredu bat sortu baitzen haien ordez, Tiahuanaco-ko kultura hain zuzen. Kultura hori Titikaka aintziraren ertzean sortu zen. Eredu hark lekuan lekuko kulturak itzalarazi eta berriro bateratu zituen lurralde hartako kultura guztiak.

Azkenik, prozesu bitxi baten ondorioz, antzinako kultura batzuek lehenagoko beren ohiturak berreskuratu nahi izan zituzten: chincha herriak nazka herriaren ereduari jarraitu nahi zion nolabait, eta chimuek, berriz, mochica herriei. Ez zuten, ordea, beren helburua iritsi, ez zuten herri klasikoen distira izan; dena dela, teknikari dagokionez aurrerakuntza handiak egin zituzten, eta, batez ere, erakunde politiko eta militar indartsuak sortu zituzten. Bitarteko garaiaren azken aldian, herri berri ugari sortu ziren, inkak adibidez –Cuzcoko kitxuak–, eta elkarren artean borrokan aritu ziren nor nagusi izan; hala ere, lan zaila izan zuten, arerio indartsuak baitzituzten inguruan.

 

Inken jatorria eta bilakaera

Espainiar kronikariek bi kontakizun jaso zituzten inperioaren sorrerari buruz: Titikaka aintzirarena eta Ayar anaiena.

Lehenengo elezaharrak honela dio: eguzkiaren jainkoak –Inti–, herrien arteko basakeriak errukituta, semea eta alaba –Manco Capac eta Mamma Ocllo– bidali zituen (anai-arrebak izateaz gainera senaremazteak ziren) herri haiek zibilizatzera.

Titikakako aparretatik sortu ziren, eta iparralderantz egin zuten; aitak eman zien urrezko makila iltzatzen zen lekuan inperio handiaren hiriburua eraikitzeko agindua zuten. Makila Cuzcotik hurbil iltzatu zen.

Bigarren elezaharrak, Ayar anaienak hain zuzen, dioenez, lau bikote –horietako bat aurreko kondairan aipatutako Manco Capac eta Mamma Ocllok osatua– Cuzkoren hegoaldeko Tamputoco mendi lepoko lau leihotatik sortu omen ziren. Hiru anaia bidean desagertu ziren, eta Ayar Manco gelditu zen bakarrik; Manco Capac izena hartu eta inperioko hiriburua sortu zuen.Elezahar horiek egiazko oinarria dute biek. Batetik, aipatzen duten sorburuan, Cuzco hegoaldean, Titikaka aintziran hain zuzen, Tiahuanaco zibilizazioaren gunea aurkitu da (inken kulturak lotura zuzena du horrekin). Elezahar horien arabera, inkek neke handiak izan zituzten hasieran, inguruko herriekin etengabe borrokatu baitziren nagusitasuna ez galtzeko.

Nagusitasuna 1438an lortu zuten, chanca herriaren mende zegoen hiriburua berreskuratu zutenean. Viracocha errege inka garaitu zutenean –Tiahunacoko jainko nagusia, kitxuetatik hartua–, haren seme Pachacutec jarri zuten agintari. Une horretatik bertatik, inkek etsai indartsuenak garaitu zituzten, eta laster bai laster zabaldu zen haien inperioa; oso denbora gutxian (laurogei urte ere ez) erdialdeko Andeak menderatu eta inperio sendo bat osatu zuten.

Inperio hori espainiar konkistatzaileek, Francisco Pizarro buru zutela, bereganatu zuten 1532an. Une horretan gerra zibila zegoen lurralde hartan, Huascar-en eta Atahualparen jarraitzaileen artean; Huayna Capac enperadore handiaren (Quiton hila, 1520an) semeak ziren biak.

 

Egitura politikoa

Inken zabalkunde lasterra harritzekoa bada, are harrigarriagoa da inkek mendean hartu zituzten lurraldeetan ezarri zuten batasun politikoa, kulturazkoa eta ekonomikoa.

Tahuantinsuyo inperioa, izenak berak dioen bezala, lau eskualdek, suyo-ek, osatzen zuten; eskualde horiek puntu kardinalei dagozkie, gutxi gorabehera; politika eta erlijio hiriburuan zuten elkargunea lau suyoek, Cuzcon hain zuzen (Cuzcok, segur aski, zilborra esan nahi du, munduaren zilborra), hiri hartan lau auzo osatzen zituztela. Auzo haietan bizi ziren lau gobernari orokorrak, suyocomayoc-ak. Administrazioa, bertikala eta sistema hamartarrean oinarritua, gorbernari haien esku zegoen: administrazio horretan hamar, ehun, mila eta hamar milana familiako unitate politikoak osatzen ziren, zein bere agintariarekin. Gobernari haien mende, zenbaitetan, bertako agintari izandakoak aritzen ziren, esate baterako chimu handia, Peruko iparraldeko erreinuko agintari izandakoa. Eta egitura horren guztiaren buru inka zen, jauna alegia, eguzki jainkoaren semea.

Hala ere, badira beste bi faktore inperioaren batasuna ulertzen laguntzen dutenak.

Alde batetik, lurralde osoa alderik alde igarotzen zuten bideak –oinezkoentzat eta llama saldoentzat egokituak–, mendiak eta basamortuak igaro eta bide sare zabala osatzenzutenak. Sare hori bi bide nagusietatik abiatuta zabaltzen zen, batetik mendilerroko errege bidea, Quitotik Angentinako Tucumaneraino iristen zena, Cuzkotik igaroaz, eta bestetik, Tumbesetik Chinchara eta handik Cuzcora itsasertzetik zihoan bidea. Kontuan hartu beharreko bigarren faktorea quipu-a da, alegia mnemoteknia sistema, koloretako soka lotuetan oinarritua; quipucamayoc-ek sistema hori erabiltzen zuten kontuak egiteko.

 

Gizartearen eta ekonomiaren antolamendua

Historialari askok, inken antolamendu sozioekonomiko bereziak harriturik, antolamendu sozialista edo komunista zutela esan izan dute; gaur egungo sistema politikoak eta ideologikoak, ordea, ez datoz bat inken errealitatearekin. Hala ere, bada hitz bat idazle horiek aztertu dituzten ezaugarriak biltzen dituena eta inken sistema azaltzeko balio duena: komunitarioa.

Inken gizartea ez da antzinako beste zenbait herriren antolamenduaren oso bestelakoa: talde nagusi bat, maila desberdineko nobleek osatua; herri masa handia, hatun runas, eta horien azpitik mirabe eta esklaboek osatutako taldea, yanaconak.

Hala ere, taldeek antolamendu berezia zuten, ayllu-an oinarritua; ayllu hori, familiaren ondoren, gizartearen sarearen oinarrizko banakoa zen. Beraz, inken gizartea ahaidetasun lotura sendoak dituen talde bat zen; ahaidetasun lotura hori adar nagusi beretik,totemetik, sortua zela uste zuten, eta lan egin ere, taldean lan egiten zuen taldearen eta gizartearen mesederako.

Landa lurrak eta abereak –ezin esan daiteke ziur pribatuak ala taldearenak ziren– hiru motatakoak ziren, komunitatearenak, eguzkiarenak eta inkarenak; azken bi horien etekinak erlijio gurtzako ministroen eta estatu ministroen beharrak asetzeko ziren.

Lan moduak ere hiru kontzeptu horien araberakoak ziren: ayni, minca eta mita.

Ayni-an komunitatearen lanak taldean egiten ziren, mincan eguzkiarenak eta inkarenak, eta mitan inperioaren egitura mantentzeko beharrezkoak ziren lanak: bideak eta zubiak, eraikuntza zibilak, erlijiozkoak eta militarrak, erropak josi, armak eta lanerako tresnak egin, etab.

Dena dela, hori guztia hobeto ulertzeko ezinbestekoa da Peruko geografia ezagutzea: kostaldean basamortu handi bat, mendietatik jaisten diren ibaiek osatutako ibarrek etena; Andeetako mendilerroak, eta azkenik, basoak. Lurraren gorabeherek batetik, eta garaiera aldeek bestetik, unitate txikiak osatzen zituzten, monoekoizleak ia, edo J. Murrak esan bezala hobi ekologikoak; unitate horiek elkarren beharra zuten gauzaz hornitzeko. Arrazoi horregatik beragatik inken inperioa baino askoz ere lehenago hainbat herri elkarren artean lotuta zeuden, eta zenbaitetan, horietako bat gainerakoen ekoizpen mailen gainetik jartzen zen; ondasunei egitura berria ematean oinarritzen zen herri nagusiaren agintea. Eta horixe egin zuten, hain zuzen, inkek: mendekoei lana eskatu eta ekoizpena herrien beharren arabera banatu.