Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Historia Unibertsala»Aro berria

Europako monarkiak

Frantzisko I.a Frantziakoa Paviako guduan atxilo hartua. XVI. mendeko grabatua.<br><br>

Europa osatzen zuten lurraldeetako monarkiek elkarren antzeko eratze prozesuak izan zituzten, zentralismoan oinarrituta. Monarkia haiek, absolutistak oro har, prozesu sozialen bilakaeraren arabera egituratu ziren.

Monarkiak lurralde unitateak izatetik egitura politiko zentralizatuak izatera igaro ziren; hau da, egitura bateratzailerik gabeko unitateak, ez burokraziarik ez administraziorik, ez gudarosterik, ez zerga sistemarik, ezta hizkuntza komunik ere ez zuten unitateak, egitura politiko zentralizatu bihurtu ziren, administrazioa, zerga sistema, diru sistema, lege sistema, sistema legegilea, gudaroste iraunkorrak, eta kultura politika, guztiek eredu bateratzailea eta zentralista lortzeko helburua zuten. Horrez gainera, egitura berrien arabera lurralde eremuen mugak gero eta zehatzagoak eta sendoagoak ziren.

 

Monarkia kapitalistak

OZEANO ATLANTIKOAK EKARRI ZITUEN ABANTAILA EKONOMIKOAK BATETIK, ETA MONARKIEK BIDERATU ZITUZTEN LURRALDE ZABALKUNDEAK BESTETIK, GOBERNU ERA ABSOLUTISTAK SORTU ZITUZTEN, BOTERE EKONOMIKOAN ETA MILITARREAN OINARRITUAKBritainiar uharteetan, Tudor dinastiak erregearen aginpidea berretsi zuen Henrike VII.arekin (1483-1509). Henrikek Star Chamber ganbara sortu zuen (1489). Ganbara hori aristokraziaren kontrako epaimahai politikoa zen; aristokraziari ahalmen handia kendu zion, eta babesa eman zion burgesiari eta “gentry” edo behe nobleziari.

Henrike VII.ak hainbat hitzarmen izenpetu zituen beste herrialdeekin: Gaztelarekin (Medina del Canpoko Hitzarmena, 1489), Frantziarekin (Etaples-eko Hitzarmena, 1492), Eskoziarekin (1499ko Bakea). Irlandako Legebiltzarrari ordu arte izan zuen burujabetza kendu zion eta ingeles erregearen mende gelditu zen (Droghedako Estatutua, 1494).

XV. mende bukaeran, hainbat herrialdek osatzen zuten Frantziako monarkia; herrialde bakoitzak harreman berezia zuen erregetzarekin. Aitoren semeek eta apaizek erregearen izenean agintzen zuten, eta nahiko autonomia handia zuten hartan. Europako inguru urbanizatuena zen; merkataritzak garapen handia izan zuen. Garai horretan hasi zen lur eremua zabaltzeko ahalegina.

Administrazioari eta zuzenbideari dagokionez, politika bateratzailea izan zen.

Karlos VIII.aren eta Bretainiako Anaren arteko ezkontzarekin (1491) mendeetan Bretainiarekin izandako borrokak amaitu ziren, eta lurralde hori Frantziako monarkiaren mende geratu zen. Italiako penintsulara zabaltzeko ahaleginak (Napoli konkistatu zuten, 1496), ordea, ez zuen arrakastarik izan eta arazoak sortu zituen gaztelar-aragoitar monarkiarekin. Gatazka horrek mendeetaniraun zuen, Frantziako monarkia Europako sendoenetako bat baitzen, izan ere. Karlos VIII.aren ondorengo Luis XII.ak eta Frantzisko I.ak monarkia sendotzeko politika bera egin zuten. 1490-1650 bitartean monarkia bateratzailea sendotu egin zen. Katolikoen eta protestanteen arteko erlijio borrokek batetik, eta Frondako iraultzak bestetik, monarkiaren benetako asmoa ezkutatzen zuten, alegia, nobleak eta hiria menderatzeko asmoa. Legebiltzarrek ezarri zituzten zerga sistemak, soldadu eskaerak, nobleen aginpide militar askea gutxitzeak eta politika zentralizatzaileak monarkia absolutua ekarri zuten.

Nafarroako monarkiak Frantziako monarkiarekiko loturak sendotzeko ahaleginak egin zituen; Nafarroako erregeen eta Pirinioz iparraldeko leinuetako kideen arteko ezkontzen bidez asko indartu zen bi monarkia horien arteko harremana (Nafarroako Katalina Juan de Albretekin, 1486). Gaztela-Aragoi erreinuak, bestalde, bere mendeko lurraldea zabaltzeko egiten zituen saioetan frantsesen interesekin egiten zuen topo; azkenik, 1512an, Nafarroa gaztelar monarkiaren mende geratu zen. Hala ere, Nafarroako erreinuaren parte batek, Pirinioz iparraldekoak, bereari eutsi zion; baina Frantziako monarkian sartu zen, azkenean.

 

Monarkia autoritarioak

EUROPAREN INGURUKO HERRIALDEETAN KAPITALISMOAK EZ ZUEN INDAR HANDIRIK IZAN, ETA HORREN ONDORIOZ, MONARKIA AUTORITARIOAK SORTU ZIRENIberiako penintsulan Aragoiko Fernandoren eta Gaztelako Isabelen arteko ezkontzak asko indartu zuen Aragoi eta Gaztelako bitariko monarkia (Gaztela, Aragoi, Valentzia, Sardinia eta Siziliako erreinuak, katalandar konderriak eta Ameriketako koloniak).

Monarkia hura luzaroan aritu zenborrokan musulmanen kontra; horrek udalen eta nobleen autonomia indartu zuen.

Monarkia autoritarioa ezarri zen; helburuetako bat zuen erlijio batasuna lortzea, eta horretarako, Inkisizioa sortu zuen (1478) eta juduak eta moriskoak erreinutik kanpora bidali zituen (1492 eta 1502). Administrazioa zuzentzeko batzordeak eratu ziren; batzorde haiei esker gaztelar udalerri guztietan izaten zen erregetzaren ordezkari bat (korrejidorea). Erreinua kanpoko erasoetatik babesteko, berriz, Hermandade Santua sortu zen (1476). Nafarroako (1512) eta Granadako (1480-1492) erreinuak eta Afrikako iparraldeko hainbat lurralde konkistatu zituzten; Ozeano Atlantikoaren kostaldean portugesak izan zituzten etsai.

Portugalen, Joan II.ak eta Manuel I.ak (1495-1521) zenbait neurri hartu zituzten monarkiaren aginpidea sendotzeko: nobleei eta hiriei pribilejioak kendu; errege ogasuna eta justizia berrantolatu; itsasoz haraindiko inperio ekonomiko bat antolatu –Afrikako urre hobiak ustiatu, Brasilgo baliabideei onura atera eta Indiako ozeanoko eta Ozeano Bareko bizigarrien salerosketarako komunikabideak hobetu.

Portugalen eta Gaztelaren arteko gorabeherak Tordesillaseko Hitzarmenarekin amaitu ziren (1494).

Italiako penintsularen ezaugarri nagusia heterogeneotasun politikoa zen. Denetarik zegoen: erreinuak (Napoli), errepublikak (Venezia), dukerriak (Milan) edo aita santuaren estatuak. Napoliko erreinua eta Aragoiko koroa elkarri lotuta zeuden. Fernando I.aren garaian (1458-1494) Napoliko erreinuaren aginpidea indartu zen nobleen kontra; errege hark sartu zuen inprenta Napolin. Veneziako Errepublikako gobernu sistemak monarkia (Dogo), noblezia(oligarkia) eta herritarrak elkartzen zituen Kontseilu Handian. Bestalde, Ekialdearekin zituen merkataritza harremanak sendotu zituen, gerraren bidez batzuetan, eta Turkiako Inperioari zergak ordainduaz besteetan.

Veneziako errepublikak indar ekonomiko handia lortu zuen, eta horri esker, Italiako Penintsulan eta Zipren lurrak beretu ahal izan zituen eta munduko botererik handiena bihurtu zen.

Florentzian Medicitarren dinastiak ondorengotzan oinarritutako gobernu sistema ezarri zuen. Lorentzo Handiak, “Principe dello Stato” tituludunak, Berpizkundeko erregeen ezaugarri guztiak zituen: aginpide absolutua lortu zuen, erakunde administratiboak sortu zuen (Hirurogeita Hamarren Kontseilua), finantzak antolatu zituen eta arteak babestu zituen.

Milango dukerrian printzeen aginpideak indar handia hartu zuen; horren ondorioz, aristokrazia bazterturik gelditu zen, zerga sistema berritu zen eta administrazioaren sistema berriaren bidez, espero ziren ondorioak lortu ziren. Ondoren, Habsburgotarren erreinuaren barruan sartu zen dukerria.

Genoak ere Milango dukerriaren antzeko prozesua izan zuen.

 

Ekialdeko monarkiak

EUROPAKO EKIALDEAN ZENBAIT ERREINU SORTU ZIREN.

ERREINU HORIEK GUZTIAK MENDEBALAREN ETA EKIALDEAREN ARTEAN ZEUDEN, EZ ALDE BATEAN EZ BESTEAN: BIZANTZIAKO INPERIOAREN, ERRUSIAKOAREN, LITUANIAR-POLONIARRAREN, HABSBURGOTARREN ETA OTOMANDARREN INPERIOEN ARTEANLituaniar-poloniar monarkiak, jagellondarren garaian, lurralde hauek hartzen zituen: hasi Lituaniatik –Baltikoan–, eta Polonian, Errusia Zurian eta Ukrainan zehar, Kieveraino. Heterogeneotasun politikoa zuen ezaugarri nagusia; hautaketa bidezko monarkia zen. Alexandro I.ak (1492-1506) Lituania eta Polonia batu zituen. Radomeko Dietan (1505) onartu zen erregeak, batetik, eta Dietaren ordezkariek, bestetik, parte hartzen zuten gobernua, eta ontzat hartu zen “Nihil novi” Konstituzioa. Krakoviako gortean lurralde hartan zeuden erlijio guztiek zuten zeinek bere ordezkaria (luterotarrek, kalbindarrek, juduek, tabortarrek eta katolikoek). Monarkia hark hedadura handia zuen, bai lurrez bai biztanlez, baina ahultasun handikoa zen, bestalde.

Hungariako erreinuaren garai oparoena Matias I.aren agintaldian izan zen: ekonomia antolatu zuen, gobernua zentralizatu, eta hezkuntza zabaltzeko lan handia egin zuen (Presburgoko Unibertsitatea sortu zuen). Burgesiarik ez zegoenez gero, nobleekosatzen zuten erreinuaren parterik handiena; nekazariak menderatzeko erabiltzen zuten nobleek ahalmen hori.

Moskoviako dukerrian, Basilio II.aren agintaldian (1425-1462), erregeak eta elizak bat egin zuten aristokraziaren kontra. Erregetza indartzeko prozesu horrek aurrera jarraitu zuen Ivan III.aren garaian (“Errusia guztietako Printzea”; 1462-1505). Ivan Konstantinoplako Sofiarekin ezkondu zen, eta turkiarrek Bizantzioko inperioa menderatu ondoren, Bizantzioko Inperioa hartu zuen Ivanek ondorez. Ivan III.ak Moskun kokatu zuen inperioaren hiriburua. Inperio teokratikoa izan zen hura, eta enperadorea zen eliza ortodoxoaren burua eta aginpide politikoaren ordezkaria. Nobleen eta merkatarien erresistentziari aurre egiteko nobleen talde militar bat sortu zuen; talde hura printzearen aginpidea indartzearen aldekoa zen.

Errusiako tsar Ivan IV.ak (1533-1584) berrikuntza ugari egin zituen administrazioan, legedian, merkataritzan, eta baita Errusiako gudarostean ere.

Turkiar inperioa ere ahaltsua izan zen inguru hartan; XV. mendean Balkanen mendebaleraino hedatu zuen bere mendeko lurraldea. Mahomet II.a sultanak (1451-1481) Grezia, Mazedonia, Albania, Serbia eta Bosnian barrena zabaldu zuen inperioa; Egeo itsasotik eta Peloponesotik kanpora bidali zituen genoar eta veneziar mekatariak, eta Otranto konkistatu zuen (1480). Baiazeto II.a sultanak (1481-1512) lurralde konkistatu berrien administrazioa antolatu zuen. Turkiar inperioak bi ezaugarri nagusi zituen: batetik, mailaz mailako zerga sistema eta bestetik gobernu mota. Lurraldea zenbat eta urrunago egon, orduan eta zerga gutxiago ordaintzen zituen; gobernu mota, berriz, ez zen zuzenekoa. Ezaugarri horiek are nabarmenagoak ziren botere guneetan, Konstantinoplan adibidez.

Europa iparraldean ere hainbat monarkia ahaltsu zeuden. Daniar monarkiak bidesariak ordainarazten zizkien Sundeko itsasartea –Itsaso Baltikoa eta Ipar Itsasoa lotzen dituena– igarotzen zituzten itsasontziei, eta horixe zen lurralde hartako ekonomiaren oinarria. Danimarkan Kristian I.ak (1448-1481) Oldenburg dinastia sortu zuen; Kristian II.ak (1513-1523) erregearen aginpidea indartzeko burgesen eta nekazarien laguntza izan zuen eta nobleak eta Dietak baztertu zituen.

Suediako erreinua Danimarkako erreinutik bereizi zenean sortu zen. Karlos VII.a (1448-1470) izan zen Suediako lehenengo errege hauteslea. Ondoren Stenon Sture erregeak (1470-1520) dinastia berri bat sortu zuen; Gustavo Vasak 1523an protestanteen Erreforma ezarri zuen.