Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Historia Unibertsala»Aro berria

Finantzak Aro Berrian

Jakob II.a Fuger (1459-1525), Habsburgotarrei diru laguntza eman zien bankaria. Karlos V.aren politika inperial garestia Fugerrek emandako maileguei esker gauzatu zen.<br><br>

ARO BERRIAN EKONOMIA JARDUN NAGUSIA NEKAZARITZA IZAN ARREN, EKONOMIAREN BERAREN BULTZADAK ETA MONARKIA ABSOLUTUEN DIRU PREMIA GERO ETA HANDIAGOAK FINANTZEN AURRERABIDEA ERAGIN ZUTEN.Aro Berrian Europako ekonomia baserrian oinarritu zen gehiena, baina, hala ere, finantzak nahiko aurreratu ziren, bi arrazoi hauengatik batez ere: a) Monarkiek diru asko behar zuten burokrazia eta gudaroste eraginkorrak izateko.

Espainiako gudarostea, adibidez, XVI. mendearen erdialdean, Karlos V.a erregearen aginte aldian, 150.000 gizonez zegoen osatua, eta mende bat geroago, haren ondorengo Felipe IV.aren aginpidean, 300.000ez. Gastu horiek mantendu ahal izateko, monarkiek gero eta zerga sistema konplexuagoak erabili zituzten. Hala eta guztiz ere, sistema horien bidez eskuratzen ziren bitartekoak aski ez eta, erregeak zorrak hartzen hasi ziren beren jardunak finantzatu ahal izateko, eta horrexek sustatu zuen, hain zuzen, kreditu publikoa.. ) Kreditu pribatuak ere aurrera egiten hasi ziren, hainbat arrazoirengatik. Adibidez, eguneroko bizitzaren segurtasunik eza zela eta, mailegatzaile pribatuen kredituak hartu behar izaten zituen askotan jendeak. Uzta urriak zirenean edo krisialdietan eskulangileak lanik eta bitartekorik gabe geratzen zirenean ere kreditutara jotzen zen askotan. Gainera, merkataritzak mende horietan izan zuen zabalkunde handia zela eta, ezinbestekoa zen, salerosleak kapitalez hornituko baziren, kreditu teknikak hobetzea eta zabaltzea. Izan ere, kapitalik gabe ?truke bitartekorik ezean? bertan behera gelditu izango baitzen ekonomia jarduna.

 

Kreditu pribatua

EGUNEROKO BIZITZAREN BEHARRAK ZIRELA ETA, KREDITU ERAKUNDE BEREZI BATZUK SORTU ZIREN: ?MAILEGU ETXEAK?.Sarreran aipatu den bezala, bai uzta txarrak bai merkataritza krisialdiak biztanleen zati handi bat pobretzen zuten, eta kreditua eskatzera behartzen, bizi ahal izateko.

Normalean dirua herriko mailegatzaileren bati eskatzen zitzaion, eta mailegatzaileak oso baldintza zorrotzak jartzen zituen. Horregatik, askotan, zordunak, edo espetxean bukatzen zuen, erabat zorpeturik (kalkulatu da Erroman, 1528. urtean, zenbait egunetan, 6.000 pertsona inguru ?hiriko biztanleria osoaren %6a ia? egon zirela espetxean), edo lurrak galtzen zituen. Horrelakorik gehiago gerta ez zedin sortu ziren, hain zuzen, ?Mailegu Etxeak?. Lehenengoa Italian zabalu zen, Perugian, 1469an; XVI.. endearen hasierarako 89 bat zeuden penintsula osoan. Gero, handik Gaztelara eta Herbehereetara zabaldu ziren. ?Mailegu Etxeek? oso interes merkean ematen zuten dirua, premia larrienak arintzeko. Azken batean ?banku publikoak?-edo ziren; agintari publikoek ikuskatzen zituzten, eta ezin zuten merkataritza jardueretan parte hartu.

Hori dela eta, merkatariek bankari pribatuengana jotzea beste aukerarik ez zuten.

Bankari pribatuak baziren Erdi Aroan ere.

Bezeroetatik hartzen zuten dirua, eta diru horigordean edukitzea zen haien egitekoa. Sarritan, ordea, merkataritza jardueretan edo gobernuei maileguan uzteko erabiltzen zuten.

Askotan, baina, banketxearen administrazioa ez zen behar bezain egokia, eta arazoak sortzen ziren orduan. Gainera, bankari pribatuek beren bankuko dirua erabiliz egiten zituzten negozioek ere huts egiten zuten, eta gobernuari maileguan utzitako dirua atzera eskuratu gabe geratzen ziren askotan. Banakari askok, beraz, porrot egin zuten, eta konponbide bat bilatu beharra izan zen.

Banku publikoak sustatzea izan zen, hain zuzen, arazo horretarako aurkitu zen konponbidea. Aginte publikoak (hiri handietako udaletxeak, normalean) zaintzen zituen bankuak, haietan ezarritako dirua salbu egon zedin. Hala, bada, beren aurrezkiak banku horietan gordetzen zituzten merkatariak lasai zeuden, behar izanez gero dirua oztoporik gabe eskuratuko zietelako uste osoan.

Hauek ziren garai hartako banku publiko nagusiak: Veneziako Rialtokoa (1587), Milango San Anbrosio (1593), Erromako Espiritu Santua (1605), eta, batez ere, Amsterdamgo Wisselbank (1609).

 

Truke agiria eta feriak

EKONOMIAREN ETA MERKATARITZAREN ZABALTZEAK XVI ETA XVII. MENDEETAN TRUKE AGIRIA ETAFERIAK EKARRI ZITUEN. HALA ERE, HORIEK ASKI EZ ETA, LEHENENGO BURTSAK ETA KONPAINIA AKZIODUNAK SORTU ZIREN XVII. MENDEAZ GEROZTIK.Bezeroei dirua maileguz emateko, banku publikoen debekua, ekonomiarentzat eragozpena izan zitekeela ematen zuen, aurrera egiteko behar zuen kapitalik gabe uztean. Ez zen ordea batere hala gertatu, XVI eta XVII. mendeetan kreditu teknikak asko zabaldu izanari esker. Zabaltze horretan funts-funtsezko garrantzia izan zuen truke agiria ?Europan, bestalde, Erdia Aroan ere ezaguna bazena? hedatu eta hobetu izanak.

Pertsona bati hiri batean eta egun jakin batean diru kopuru jakin bat ordainarazteko agindua adierazten zuen idatzi bat zen delako truke agiria, non argi eta garbi adierazten baitzen dirua zor zitzaion pertsonaren izena.

Truke agiriak ferietako jardunaren inguruan sortu ziren. Feriak, Erdi Aroan sortuak, merkatari bilerak ziren, eta urtean egun jakin batean (edo batzuetan) ospatzen ziren.

Gaztelan, adibidez, aipagarriak ziren Medina de Riosecokoa, Medina del Campokoa eta Villalongoa. Villalongo feria garizuman egiten zen, hura bukatuta Medina de Riosecokoa hasten zen, eta gero, udan zehar, Medina del Campokoa. Inguruko eta beste eskualde askotako jendea joaten zen ferietara.

Tratua egitean esku dirutan ordaintzea ez zen erosoa, eta hala, produktuak kreditu bidez erostea izan zen, azkenean, normalena: bankari pribatu batek ematen zuen mailegua, eta feria bukatu ondoren eskuratzen zuen atzera. Mailegua eskuratzen zuen merkatariak hurrengo ferian truke agiri baten bidez itzultzea agintzen zuen. Hurrengo ferian, beraz, bankaria eta merkatariaelkartzen ziren eta zorra kitatzen zen, baina, normalean, saleroste jarduna ez zen horretan bukatzen; merkatariak beste mailegu bat eskatzen zuen eta truke agiri bat ematen, hurrengo ferian ordaintzeko. Eta hala, ordainketa sare trinko bat eratu zen Europako ferien artean. XVI. mendean Lyongoa eta Medina del Campokoa izan ziren nagusiak.

Merkataritza jarduna zabaldu ahala ferien garrantzia apalduz joan zen. Horrela sortu ziren, beraz, Lonjak, ?Exchange?-ak edo ?Burtsak?, merkataritza gune iraunkorrak. Burtsa horien artean, XVII. mendean, Amsterdamgoa eta Londreskoa izan ziren (azkeneko hori mendearen bukaeraz gero) nagusiak.

Konpainien finantza bideetan garrantzi handiko aurrerapenak egin izanak eragin zuen burtsen gorakada. Konpainia akziodunak sortzea izan zen aurrerapen nagusi horietako bat. Ozeanoz bestaldeko lurraldekiko merkataritza harremanetan dirutza handiak behar ziren itsasontziak egin, biltegiak eraiki, zamak erosi eta eskifaiak ordaintzeko, besteak beste. Kapital horiek bildu ahal izateko, akzioak jaulkitzeko ohitura zabaldu zen, eta 1612. urterako Sortaldeko Indietako Konpainia Holandesak bere akzioak Amsterdamgo burtsan beste inon ezingo zirela saldu jakinarazi zuen. Handik urte gutxira, 1623an, gauza bera erabaki zuen Sortaldeko Indietako Konpainia Ingelesak bere akzioei buruz.

Konpainia hori izan zen, hain zuzen, akzio berriak jaulkiz bere kapitala zabaltzen lehena.

Halaber, obligazioak jaulkitzeko ohitura zabaldu zen, eta diruezarle asko erakarri zue horrek, ezarritako diruari etengabeko etekina ateratzeko. Eta hala hasi zen kapitalen merkatu bizi bat zabaltzen Europako iparraldeko burtsetan. Gauza askotan gaurkoen oso antzekoak ziren burtsa horiek.

 

Kreditu publikoa

MONARKIEN GASTU GERO ETA HANDIAGOEN ERAGINEZ ZERGA SISTEMA AURRERATUZ JOAN ZEN. BAINA HORI ERE ASKI EZ ETA, GERO ETA BEHARREZKOAGOAK GERTATU ZIREN KREDITU PUBLIKOAK.Estatuaren gastuak handitu ahala, zerga sistema berriak saiatu zituzten Europako herrialdeek, behar adina diru lortzeko. Kasu askotan zeharbidezko zergak-edo izaten ziren sistema horiek, salgaien kontsumoa eta merkataritza egiuneak zergapetzekoak.

Gaztelako zerga nagusiak, adibidez, alkabala (salerosketaren balioaren hainbesteko bat) eta milloiak (ardo, ozpin, olio eta haragi kontsumoa zergapetzekoak) ziren.

Holandan ere zeharbidezko zergak ziren nagusi, eta Frantzian, berriz, lurraren (?taille?) gaineko zerga zuzen batez gainera zenbait zeharbidezko ere bazen, hala nola gabela (gatzaren gaineko zerga), ?aide?-ak (Gaztelako alkabalaren antzekoa), eta ?traite?-ak(muga zergak). Azkenik, Ingalaterran, gerra zibilaren ondoren (XVII. mendearen erdialdea), garrantzi handiko zenbait berrikuntza egin zen zerga sisteman; horien artean aipagarriena ?excise? izenekoa da, zeharbidezko zerga bat, aurrena edarien, janarien eta manufaktura batzuen gainean, eta gero, haragiaren, gatzaren eta beste produktu batzuen gainean ezarria.

 

?Asientoak? eta banku porrotak

BEHAR BESTE DIRU LORTZEARREN EPE LABURREKO ZORRAK (?ASIENTOAK?, GAZTELAN) BALIATZEN HASI ZIREN ERREGEAK. ZORRA HANDITZEN ZENEAN ETA INTERESEI AURRE EGITEKO MODURIK EZ ZEGOENEAN, EZ ZEN BANKU PORROTA AGINTZEA BESTE AUKERARIK.

ETA HORREK GUZTIAK OSO ONDORIO LARRIAK IZAN ZITUEN EKONOMIAN.Azaldu berri dugun zerga sistema horren bidez eskuratzen ziren bitartekoak ez ziren, kasu gehienetan, aski. Hori dela eta, gobernuek beste bide batzuetara jo behar izan zuten, behar zuten dirua eskuratu ahal izateko. Bide horien artean zor publikoa izan zen nagusia. Gaztelan, adibidez, monarkia epe laburreko zorrak hartzen hasi zen, ?asiento? izeneko kontratuen bidez. Kontratu horren arabera, erregeak mailegua hartzen zuen eta epe labur batean eta interes handiak gehiturik itzuliko zuela agintzen zuen. Karlos V.aren erreinaldian baliatu ziren, batez ere, asientoak; interesak pilatuaren pilatuaz, monarkiaren diru sarrera gehienak haiek ordaintzeko erabili behar izateraino handitu zen zorra. Halakoetan ez zen ?banku porrota? agintzea beste aukerarik.

Pentsa litekeenaren kontra, baina, banku porrota ez zen monarkia bere zorrak ordaindugabe uzteko modu bat, zorraren ?bestelakatze? bat baizik: banku porrotak kalte egindakoari kalte ordaina ematen zitzaion epe luzeko eta interes laburreko zor titulu ?edo ?juro?? batzuen bidez. Gaztelan, adibidez, banku asko hondartu zen XVII. mendean zehar: 1627, 1634, 1647 eta 1652. urteetan, hain zuzen. Orobat Frantzian ere.

Baina XVII. mendean Gaztelako Koroak ez zituen ?juro?-ak kaltea egindakoari kalte ordaina emateko bakarrik erabili, baita, bide batez, haiek erosteko prest zeudenei zuzenean saltzeko ere.

Horrek guztiak bi ondorio nagusi izan zituen ekonomian. Batetik, banku porrotak gobernuaren ospea galarazten zuen. Izan ere, gobernu batek ezin zuen krediturik eskatu gabe denbora luzez egon, eta banku porrot baten ondoren, abantaila hobeak eskaini behar izaten zituen, berriro mailegatzailerik erakarriko bazuen. Bigarrenik, Gaztelako zor publikoak bildu zuen dirutza handiak zurtz, batere diru laguntzarik jaso gabe, utzi zituen beste jardun batzuk, hala nola merkataritza eta manufaktura.

Frantzian ere antzera gertatu zen, Holandan eta Ingalaterran ez bezala. Lehenago aipatu den bezala, XVII. mendean, Europan, kontsumoaren eta merkataritzaren gainean ezartzen ziren zerga zeharbidezkoak ziren zerga nagusiak. Hori hala izatea merkataritza egoera kaxkarreko herrialdeen kalterako izan zen ?Frantziaren edo Gaztelaren kalterako?, eta Holanda eta Ingalaterra bezaleko herrialdeen onerako.

Izan ere, herrialde horietan merkataritzak egin zuen aurrerabide handiari esker etekin handia atera ahal izan zitzaien zergei, eta horrek zorraren interesak garaiz ordaintzeko aukera eman zuen.

XVII. mendearen bukaeran, Ingalaterrako Bankua sortzean, agertu ziren lehenengo banku nazionalak.