Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Historia Unibertsala»Erdi aroa

Txina eta mongoliarrak (XIII-XIV. mendeak)

Txinatar gerlari baten eta mogol baten arteko borroka.<br><br>

Harresi Handiaren bestaldean, ezerk ez zuen Iparraldeko Asiako ezeren antzik. Bazen han bost mila urteko zibilizazio bat, baziren hogeita hamar mendetan zahar ziren idatziak.

Herri honetako biztanleak nomada izan ziren beste garai batean, baina, hiru milaldiz, hiri harresidunak eraiki zituzten, eta oso laster ugaritu ziren. Enperadore bat zuten, zeruaren semea (Tien Tsi); 1210. urtean, ardiaren urtean, Jin dinastia zegoen tronuan, gortea Pekindik gertu zeukana. Katai hori, mongoliarrentzat, sedazko jantziez apaindurik, eta gaizki zaindutako haur askok inguratuta., hausnarrean murgildutako atso baten antzeko zerbait zen. 1211n, Gengis Khanen buruzagitzapean, lehengo mendekotasuna alde batera utzi eta Iparraldeko Txinari eraso zioten mongoliarrek. Urte batzuk pasata, borrokaldi luze baten ondoren, Txinako hegoaldeko Song enperadoreak ere beren mendean hartzea lortu zuten. Historian aurreneko aldiz, atzerritik etorritako inbaditzaileak ziren gobernari Txinan. Dinastia txinatar bat, Yuan dinastia, osatu zuten arren, mende bat irautera ez zen iritsi mongoliarren gobernualdia. Garai hartan, nolanahi ere, Asiako merkatari bideak zaindu ziren, eta erlijio praktika desberdinak ere onartu ziren, kristautasuna adibidez. Kublai Khan izan zen lehen Yuan enperadorea, baina haren heriotzaren ondoren oso laburra izan zen mongoliarren gonbernualdia, matxinada asko izan zen, eta azkar desagertu zen, bertako dinastia bati, Ming dinastiari, lekua utziz.

 

Txinatarrak eta mongoliarrak konkistaren aurretik

Song dinastiak, X. mendearen amaiera aldean, Txina politikoki bateratzea lortu zuen; herri izugarri handia zen, 4 milioi kilometro koadro baino gehiagokoa, eta 40 milioi lagun bizi zirena. Dinastia berriak uko egin zion Konfuzioren Inperio unibertsalaren helburuari, eta ez zen berriz hasi Tang garaiko konkistak egin nahian. Txinako mugetatik kanpora, iparraldean, Kitan Liao Erreinua (ipar-ekialdean), eta Tangut Erreinua (ipar-mendebalean) zeuden, eta hegoaldean berriz Daliko Erreinua, Yunnanen(hego-mendebalean), eta halaber Vietnamgoa (hegoaldean), independenteak.

Txinako barne arazoak areagotu egin ziren XI. mendean zehar; kanpoan, bitartean, jurtxen leinuek ?leinu tungusak ziren, mantxuen arbasoak?, Liaoko Erreinua suntsitzea lortu zuten, eta, geroxeago, Txinako Iparraldea ere hartu zuten, 1126an Song dinastia garaitu ondoren. Pekingo hiriburu berritik, jurtxendarren Jingo inperioak Huai ibaiaren iparraldeko lur guztiak, eta hamar txinatar biztanletatik lau, menderatzea lortu zuen. Song-darrek Hegoaldean hartu zuten orduan babesa; politikaren ibilbidea bestelakoa izan zen han, Iparraldekoarekin zerikusirik gabea, Hangzhou hiriburu berriaren inguruan.

XIII. mendearen hasieran, mongoliar leinu guztiak bere mendean bateratzea lortu zuen Gengis Khanek. Antolamendu militarraz hornitu, eta Mongoliar Inperioa osatuko zuten lurralde zabalen konkistara bultzatu zituen. 1207 eta 1211 artean Asia Garaia eta Sinkiang menderatu ondoren, Gengis Khanek inguruko erreinu txinatartuen konkistari ekin zion. Lehen erasoa Jin inperioaren kontrakoa izan zen; 1215ean hiriburua harrapakatu zuten mongoliarrek.

Horretarako, aliantza egin zuen Song-darrekin, eta orobat mendeko biztanle txinatarrekin.

Urte batzuen buruan, Tangut erreinua bere egin zuten mongoliarrek (1227), eta jurtxendarren azken babeslekua, Kaifeng, erori zen (1232).

 

Mongoliarren konkista

Txina osoaren konkista oso prozesu luzea izan zen. Nomaden zaldiak nekez mugitzen ziren arroz soro urpeko haietan, eta mongoliarrek nahiago izan zuten Ekialdeko konkista errazak egin, eta konkistaturiko Txina berrantolatu, bertako lurjabeen laguntzarekin. Haietako batek, Yelu Chucai-k, mandarinen errejimen burokratikoa eta zergen kobrantza berrezarri zuen, aldi berean Khanbalik (Pekin) mongoliarren hiriburu bihurtuz.

Era horretan, Gengis Khanen ondorengoek egin zuten Txinaren konkista osoa, haren biloba Kublaik bereziki (1215-1294).

1251 eta 1259 urte artean, arroz eskualde handiak bakartzea lortu zen, Yunnanen konkistaren bidez eta Birmania alderako mugimenduarekin. 1257an eraso zieten Tibet eta Vietnami. Bi urte geroago hasi ziren Song dinastiaren Txinaren kontrako eraso zuzenak, baina eten egin ziren 1260 eta 1266 artean, Kublai eta haren anaia Arik-bukaren arteko eztabaidak zirela-eta.

Hurrengo erasoa barne krisi sakon batekin batera gertatu zen, zerga erreforma, lurjabe handien desjabetzea, diru-paper gehiegizkoa eta nekazarien egoera larria zirela medio.

Song dinastia ez zen gauza izan mongoliar zalditeria indartsuaren eta haien aliatu txinatarrek setioetan zuten esperientziaren konbinazioari aurre egiteko. 1271n bertan, bere burua enperadore izendatu zuen Kublaik, Yuan dinastia izenarekin. Urte batzuen buruan, Song dinastiaren hiriburua, Hangzhou, erori zen (1276), eta hiru urte geroago amaitu zen konkista. Lortua zuten mongoliarrek Txina berriz ere herri bakarrera biltzea.

 

Yuan dinastia (1279-1368)

Mongoliarrek zeuzkaten erantzukizun handieneko postuak, baina, txinatarren nagusitasun kulturala zela-eta, hango administrazio eta gobernu sistemak onartu behar izan zituzten. Kublaik, hortaz, bere txinatar lankide nagusietako bat izan zuen Liu Bingzhongen aholkua onesten zuen: ?Mundua zaldi gainean konkistatzen da, baina ez zaldi gainetik gobernatzen?. Hala ere, bereizketa etnikoa izugarria izan zen. Mongoliarrek, oinordekotzaz, probintziaren gidaritza eta gobernu postuak berentzat gorde zituzten, eta berek baizik ez zuten armak erabiltzeko baimena. Bestalde, debekatu egin ziren ezkontza mistoak.

Lurralde batzuetan aurreko aldian baino zerga gehiago jarri ziren, baina, oro har, txinatar gizartearen egonkortasuna zaindu zuten mongoliarrek, eta era horretan lurjabe askoren babesa lortu zuten. Obra hidrauliko handiek (Inperioko Ubidea 1279an), itsasoko komunikazioen hobekuntzak eta diruaren egonkortasunak merkataritza erraztu zuten hori guztia. Hala ere, metal bikainak atzerrira joan ziren, nekazariak pobretu egin ziren, eta etengabe igotzen ziren prezioak.

Txinatik abiatuta, Asiako hego-ekialdeko beste herri batzuei eraso egiteko mongoliarrek egin zituzten ahaleginek ere huts egin zuten: Japonia (1274 eta 1281), Birmania (1277-1287), Vietnam (1282-1285) eta Indonesia (1292-1294). Izan ere, oihanetan gudukatu beharrak berez zituen arazoez gainera, herri haien urruntasuna eta itsasoko garraioaren zailtasunak hartu behar baitziren kontuan.XIV. mendearen bigarren erdian, areagotu egin ziren Txinaren atzerapen demografikoa eta ekonomikoa, nahiz eta oraindik ere merkataritzak gora egin. Alabaina, mongoliarren diziplina faltak, ustelkeriak, sarri izaten ziren oinordekotza krisiek, ekonomia egoerak eta kultura desberdintasunak ekarritako deserosotasuna zirela-eta, ezkutuko elkarte asko sortu ziren eta laborarien matxinada ugari izan zen. Egoera horretatik sortu zen mongoliarren garaile eta Ming dinastiaren fundatzaile izan zena (1368), Zhu Yuan-Zhang.

 

Txinatar kultura

Inperioko beste lekuetan ez bezala, Txinan laguntza politikoa eman zioten mongoliarrek budismoari, eta taoistei esestera ere iritsi ziren, 1258an eta 1281ean. Konfuzianismoa errazago eraman zuten, eta txinatar funtzionarioek, burokrazian sartzeko azterketak berriro ezarri zirenez gero (1315), konfuziar izaten jarraitu zuten gehienek.

Kublaik Guo Shoujing astronomilaria (1231-1316) babestu zuen, eta, aldi berean, Iranekiko harremanen bidez, matematika eta astronomia ezagutzak zabaldu ziren. Entziklopediagintzak ere aurrera jarraitu zuen, eta, kanpoko harremanen emaitza gisa, geografia ezagutzak hobetu, eta laborantza gai eta teknika berriak sartu ziren (basartoa, babarrunak, azenarioak, mahats ardoa, etab.).

Herri literatura eta, batez ere, antzerkigintza asko aberastu ziren atzerritarrak nagusi izan ziren aldi honetan: sarritan antzematen dira haien kontrako satirak obra horietan.

Era berean, mongoliarrek bateratutako beste herrietara ere zabaldu zuen Txinakbere kultura, Mongolian, Samarkandan, Tabrizen, eta baita Moskun eta Mesopotamian ere sortu ziren eskulangile kolonia ugarien bidez. Alde horretatik, aipagarria da Rabban Bar Saumaren irudia (1294an hila), 1275ean Pekindik Jerusalema bidaiatu zena, eta handik Konstantinopla, Erroma eta Frantziara, ondoren berriro bere aberrira itzultzeko.

Urte haietan zabaldu ziren Txinatik islamiar mundurantz miniatura, arkitektura, zeramika teknikak, eta baita txinatar musika tresnak ere. Yuandarren inperioarekiko harreman horien fruitu izan zelarik, dirupapera inprimatu zen Tabrizen, eta teknika xilografikoak eta bolbora, mongoliarrek 1241ean jada Hungarian erabili zutena, hedatu ziren.

 

Europarekiko harremanak

XIII. mendeko mongoliarren zabaltzea beldur eta itxaropen nahasketa batez ikusi zuten Mendebaleko europarrek. Alde batetik, izututa zeuzkan barbaro itxurako herri haren aurrerabide geraezinak, Vienako ateetaraino ere heldu baitziren. Baina itxaropentsu ere bazeuden, ekialdeko haiek aliatuak, kristautako herriak, izan zitezkeelako, baldin eta Preste Juan zelako hari buruzko elezahar nahasiak, eta Sortalde Urrunean kristauak (nestoriarrak) bazirelako albisteak benetako gertatzen baziren.

Pertsiatik barrena, Txinari buruzko berriak jasotzen zituen mendebaleko jendeak, baina zirarrarik handiena herri urrun eta exotiko hartara joan ziren europar bidaiarien kontakizunek eragin zuten. Mafeo eta Niccolo Polo veneziar merkatariak Kublairen gortera iritsi ziren 1260 eta 1269 artean.

Bigarren bidaian Niccoloren semea ere, Marco, eraman zuten; hogei urtez baino gehiagoz geratu zen hura Txinan, eta ?Gauza Miragarrien Liburua? deiturikoan kontatu zituen bere bizikizunak. Kontakizun luzea eta zehatza da, Yuan dinastiako Txinari buruzkoa, eta orobat da itzuleran ezagutu zituen herrien deskribapena, xehetasun asko ematen direla merkatu, diru, neurri eta prezio, bide, eta distantziez, eta aholku praktiko asko. Ez zen hura izan kontakizun bakarra, zeren beste merkatari batzuek ere, genoarrak eta veneziarrak, ibiliko baitziren geroago Txinan barrena: Pegolotti florentziarraren ?Practica della Mercatura? liburuan, Kataiko bidearen gaineko datuak ematen dira (Txinako bideaz alegia).

Polo familiakoak Sortaldean ziren artean, Joan Montecorvinokoa, frantziskotarra (1247-1333?), iritsi zen Txinara. Haren bidaiaren kontakizuna, eta Khanbaliketik bidali zituen gutunak, izan ziren europarrentzat, Marco Poloren liburuarekin batera, Txinaren benetako aurkikuntza.