Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Historia Unibertsala»Erdi aroa

Ehun Urteko gerra (1337-1453)

Orleanseko setioa irudikatzen duen XV. mendearen azkenaldeko miniatura.<br><br>

Normandoek 1066an Ingalaterra beretzeak izan zuen ondorioetako bat izan zen Frantziako erregearen basailuetako bat aldi berean izatea Frantziako erregearen basailu eta bere erresumako errege; egoera horrek arazoak sortu behar zituen nahitaez, eta hala gertatu zen hurrengo urteetan. XII. mendean egoera hura korapilatu egin zen, Anjou eta Maineko konderriak eta Akitaniako dukerriak orobat geratu ziren Ingalaterrako errege etxeari ?Plantagênet? lotuta. Ingelesen arriskua saihesteko Frantziako erregeek egin zituzten ekintzak XIII. mendean zehar eman zituzten fruituak: Normandia, Anjou, Maine eta Akitaniako zati bat berreskuratu zuten. Hala ere, Guyennek ingeles erregeen mende jarraitu zuen. Frantziako erregeak Guyennen zuen aginpide izenezkoak dukerri hartako auzietan tarteko egoteko aukera ematen zion; ingeles agintariek, jakina, ez zuten onartu Frantziako erregea tartean sartze hura. Gaskoiek leial jarraitzen zuten Ingalaterrako erregeekiko, Ingalaterraren eta Guyenneko dukerriaren arteko lotura ekonomikoek leialtasun hori indartzen zutela: Guyenneko eskualdea ardoa ekoiztera zegoen emana, eta ardo hura Ingalaterrara esportatzen zen gehienbat. Frantziako erregeak 1294an eta 1323an saiatu ziren dukerri hura bahitzen, baina bietan ingeles erregeek berehala berreskuratu zuten. Urte haietan beste gertaera batek ingelesen eta frantsesen arteko harremanak gaizkoatu zituen, Frantziako tronurako ondorengotzak, alegia.

Luis X.a eta Joan I.a hil ondoren, 1316an, Luisen anaia batek agintaritza hartu eta tronura igo zen Filipe V.a gisa, haren iloba Joana bazterturik. Filipe V.a eta haren oinordekoa Karlos IV.a semerik izan gabe hil ziren, eta 1328an ondorengotzak arazoak sortu zituen berriz ere. Hiru erregegai zeuden: Joana ?1316 tronutik baztertua?, Eduardo III.a Ingalaterrakoa, eta Filipe, Valoiseko kondea. Filipek Frantziako tronua beretu zuen, baina nafarrek ?haien erregea Frantziako erregea baitzen 1285az geroztik? Joana aukeratu zuten erregina, Eduardo III.a bazterturik ?adin txikikoa baitzen?. 1329an Ingalaterrako erregeak Guyennerekiko leialtasun zina berretsi zuen; 1330ean Ingalaterra mendean hartzeak eta eskoziarrak garaitu izanak indar handia eman zion. Gaskoien arazoa ez konpondu izanak gerrara eraman zituen bi erreinuak. 1336an Eduardo III.ak debekatu egin zuen artilea Flandriako ehundegietara esportatzea ?Flandria Frantziaren basailua zen?, eta horrek liskarrak sorrarazi zituen Flandrian. Frantziak berehala erantzun zion erabaki horri, 1337ko maiatzean Frantziak Guyenne bahitu zuen. Urte hartako urrian, Ingalaterrako erregeak Frantziako erreinua erreibindikatu zuen.

 

Ingelesen erasoaldia Eduardo III.aren agintepean (1337-1360)

Ingalaterrako artilea Flandriara esportatzeko blokeoak berehala eman zituen fruituak; Ganten Jacob van Artevelde buru zuen liskar bat sortu zen, eta berehala zabaldu zen beste hiri batzuetara. 1337an Eduardo III.a Flandrian kokatu zen, eta 1340ko urtarrilean Frantziako errege izendatu zuen bere burua Ganten. Handik gutxira Ingalaterrak nagusitasuna izan zuen itsasoan, Sluiys-eko itsas guduari esker.

1341ean, Bretainiako dukerrian, Jean III.a dukea semerik izan gabe hil zen, eta, haren ondorengo nor izango, liskarrean hasi ziren Montforteko konde Jean eta Frantziako erregearen iloba Charles de Blois. Monfortek Eduardo III.a izan zuen alde, baina Filipe VI.a,berriz, aurka, Bloisen alde jokatu baitzuen.

Bretainiako gerra zibilak 1365 arte iraun zuen.

Derbyko kondea eta Gautier de Mauny 1345ean lehorreratu ziren Guyennen; Gaskoiniako indar militarrak berrantolatu zituzten, eta Akitanian lehen izan zituzten lurraldeak berreskuratzen hasi ziren. Frantses gudaroste bat desegin zuten Auberochen, eta Bergerac, La Réole, Aiguillon eta Angouleme beretu zituzten. Frantsesek hurrengo urtean jo zuten kontraerasoa, baina Derbyko kondeak trebe eta tinko eutsi zion frantses indarren sarraldiari Aiguillonen.

Ingelesen estrategiak bi ekintza modu erabili zituen Frantzian: Guyenneko mugan, gazteluak eta hiriak setioan jarriz ari izan ziren lurraldeak berreskuratu nahian; iparraldean, berriz, chevauché teknika erabili zuten.

Gerra egiteko modu horretan gudarosteek landa lurraldeak sistematikoki suntsitzen zituzten, gotorlekuak setiatu gabe egiten zuten aurrera, ez zituzten mendean hartzenustekabean harrapatzen zituzten lekuak baizik, eta etsaiaren baliabide ekonomikoak hondatzen zituzten; bide batez, munta handiko harrapakinak beretzen zituen gudarosteak.

Estrategia horrek erasoan datorren gudarostea zabaldi batean aurrez aurre gudukatuz gelditzen saiatzera behartzen du etsaia, eta era horretako borroketan aurreko hamarraldian Eskoziarekin egin zuten gerran landu zituzten taktikak baliatzen zituzten ingelesek.

1346an Eduardo III.ak chevauché horietako bat jo zuen Frantziako iparraldean, Cotentineko penintsulatik Calaiseraino: Caengo hiriari eraso zioten, frantses gudaroste gizonez askoz ugariagoari sekulako hondamena egin zitzaion Creçyn eta Calais setioan jarri zuten, harik eta 1347ko abuztuan errenditu zen arte. Gudaldi harekin ingelesek garaipen aldi bat hasi zuten: urte hartan bertan Aiguilloneko setioa altxa zuten, Eskoziako David erregea ?Frantziaren borroka kidea? garaitu eta preso hartu zuten Neville?s Crossen, eta Charles de Bloisi La Roche-Derrienen (Bretainian) 1347an.

Berrogeita hamarreko hamarraldian ere ingelesek garaile jarraitu zuten. Errege berria, Joan II.a, liskarretan ari izan zen haren suhi Karlos II.a Nafarroako erregearekin, honek lurrak baitzituen Normandian eta Frantziako tronurako eskubidea baitzuen ?Joanaren semea zen, Luis X.aren alaba 1316an eta 1328an tronutik baztertuarena?, eta hala ingelesekin elkar hartzera bultzatu zuen Joan II.ak Karlos II.a. Gudaldi garrantzi handikoenak Eduardok gidatu zituen, Galeseko printzeak; 1355ean chevauché handi bat abiarazi zuen Guyennetik Narbonneraino, eta Frantziako hegoalde osoa harrapatu zuen tartean.

Hurrengo urtean beste chevauché batek Frantziako erdialdea eta mendebala erraustu zituen, eta frantses gudaroste gizonez askoz ugariago batek ingeles-gaskoinei eraso zietenean Poitiersen (1356) sekulako hondamena izan zuen, eta Printze Beltzak Joan II.a bera hartu zuen preso. Gainera, 1359-1360ean ingelesak berriz sartu ziren indarrez Frantziako iparraldean. Ekinaldi hura ez zen aurrekoak bezain bikaina izan, baina Brétignyko bake hitzarmena ekarri zuen; hitzarmen horren arabera, Eduardo III.ak uko egiten zion Frantziako erregetzari, eta horren truke askoz lurralde gehiago hartu zituen mendean Akitaniaren baitan.

 

Du Guesclin-en kontraerasotik tregoen garaira (1364-1411)

Bake hitzarmen hura sinatzeak ez zuen bakea ekarri. Frantses erregeak Nafarroako Karlos II.arekin zuen liskarra berpiztu zen; Bertrand du Guesclinek nafar gudarostea Cocherelen garaitu zuen (1364). Hurrengo ekinaldia ordea ustel atera zitzaion du Guesclini; Bretainian Carlos de Blois-i laguntzeko erasoa jo zuelarik, ingeles-bretainar gudarosteak Aurayn garaitu zituzten frantsesak (1364) eta preso hartu zuten du Guesclin. 1365-66an Henrike Trastamarakoak mertzenario taldeak hartu zituen soldadu Gaztelan indarrean sartzeko, Frantziako gudaldi haiek guztiak bukatu zirenean lanik gabe baitzeuden mertzenario haiek. Gaztela mendean hartu izanak nafarren eta ingelesen esku hartzea ekarri zuen, Pedro I.a jarri nahi baitzuten Gaztelako errege. Nafar-ingeles gudarostea Gaztelan sartu zen Eduardo buru zuela eta frantses-gaztelar gudarostea suntsitu zuten Najeran (1367).

Brétignyko bakeak frantses koroari leialak ziren noble talde bat utzia zuen ingelesek Akitanian mendean hartuak zituzten lurretan; noble horiek Frantziako Karlos V.ari esku har zezan eskatu zioten, eta gerra pizteko beste arrazoi bat sortu zuten horrela.

Frantsesak nagusitu ziren orduan estrategiaren aldetik, du Guesclin buru zutela, aintzat hartuak eta zuzenduak baitzituzten aurreko gerra aldian jasan behar izan zituzten hondamenen arrazoiak eta akatsak. Ez zieten jaramonik egin ingelesek abian jarritako chevauchéei, haiekin borrokatzetik begiratuziren, eta gotorlekuak setio bidez edo azpikeriaz mendean hartzen egin zituzten ahalegin guztiak. Hala, 1369, 1373 eta 1380ko chevauché handien bidez ingelesek ezer ez baitzuten lortu, Akitanian mendean hartuak zituzten lekuak frantsesen esku erori ziren pixkanaka-pixkanaka.

Laurogeiko hamarralditik aurrera bi herrialde horiek arazo handiak izan zituzten zeinek bere mugen baitan. Frantsesek flandiarren beste matxinada bat zapaldu behar izan zuten, Roosebeken (1382), baina aldi hartako ezaugarri garrantzitsuena 1384tik aurrera tregoak aldian aldiro berrestea izan zen, bi erresuma horien barnean aristokraten arteko ezinikusiek sortu zituzten borroken eraginez.

 

Lancastertarren uhina (1411-1428)

1415ean ingelesak indar handiz itzuli ziren kontinentera; Harfleur Normandiako portua hartu ondoren, Henrike V.ak chevauché bat abiarazi zuen Calaiseraino, eta ospe handiko garaipen bat iritsi zuen Azincourt-en (1415) askoz gizon gehiago zituen frantses gudarostearen kontra. Handik bi urtera estrategia berri batekin itzuli zen Frantziara: lurralde hura oso-osorik menderatzea, gotorlekuak eta guzti. Frantsesek Azincourt galdu izanari eta frantsesen alderdi barneko tirabirei esker, ingelesek uhin baten gisa egin zuten aurrera Normandian, Ile-de- Francen eta Pikardian barrena. Borgoinako duke Joan hil zutenean, haren seme Filipek ingelesen alde jokatu zuen 1419an. Itun hari esker, Henrike V.ak frantses errege Karlos VI.ak Troyeseko hitzarmena sina zezala lortuzuen (1420), horren arabera bere seme Karlos ondoregabetzen zuela eta bere alaba Henrikerekin ezkontzen, biak oinordeko izendaturik. Karlos ondoretzaz gabetuak borrokan jarraitu zuen frantsesen gidari, eta Henrike V.a eta Karlos VI.a berehala hil ziren, 1422an, oinordeko gisa ume bat utzirik, Henrike VI.a.

Erregearen ordez Bedfordeko duke John ari izan zen, errege zenduaren anaia; Cravanten (1423) eta Verneuilen (1424) garaitu zituen frantsesak.

 

Frantsesak galdutako lurrak geldiro-geldiro berreskuratzen (1428-1453)

Ziur asko propaganda ekintza guztiz ere trebe bat izan zen haren bidez, frantses buruzagiek azken hamabost urteetan hondamenetik hondamenera ibiliak ziren soldadu haiek adorez bete zituzten berriro.

Frantses gudarostea, agerpenak izaten zituen neska nerabe bat zuela buru, Orleanseko setioa altxatzeko (1429) gauza izan zen.

Frantsesen bultzada hori berehala agortu zen ordea, ingelesek Joana Arc-ekoa harrapatu, eta sorgina zela salaturik hil zutenean. Hogeita hamarreko hamarraldian, frantsesek ezer gutxi aurreratu zuten eta gudu batzuk ere galdu zituzten; 1435ean Karlos VII.ari Borgoniako dukeak berriz ere leialtasuna zin egin izana izan zuen frantsesen alderdiak arrakastarik handiena.

1444an sinatu ziren Tourseko tregoei esker, frantses administrazioak bere indar militarrak eraberritu ahal izan zituen.

1445eko urtea izan zen Erromaren eroraldiaz geroztik gudaroste iraunkor bat mendebalean sortu zen lehenengo aldia; frantsesek beren artileria landu zuten Europako onena bihurtu zuten arte. 1449an gerra berriz hasi zenean, frantses gudarosteak ordu arte inoiz izan ez zuen indarraz eta eraginaz jardun zuen borrokan. Normandia hartu zuten mendean, eta laguntzera zetorren gudaroste ingeles bat garaitu zuten Formignyn (1450). 1451n Guyenneri eraso zioten, eta ekinaldi batean hartu zuten, nahiz Baionak gogor eutsi zien. Gaskoiniak Ingalaterrari zion leialtasuna hurrengo urtean nabarmen gelditu zen Bordeleko matxinadaren bidez; matxinatuei laguntzera etorria zen ingeles gudarostea Castillonen garaitu zuten frantsesek (1453), eta Bordelek errenditu behar izan zuen. Orduan inor konturatu ez bazen ere, gerra bukatu egin zen; ez zen inongo bake hitzarmenik egin, baina borrokak hantxe amaitu ziren.