Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Historia Unibertsala»Erdi aroa

Feudalismoaren lehenengo krisia (XIV-XV. mendeak)

Frantziako Ludovico Pioren aurkako konspirazioaren pasarte bat, XIV. mendeko miniatura.<br><br>

1300etik 1450era bitarteko aldiak krisi eta atzeraldi garai bat ekarri zuen. Hipotesi jakin batzuk eman izan dira krisi horren arrazoiak argitzeko; ikuspegi tradizionalenak urte haietan Europak bizi izan zituen hondamen, gosete, izurrite eta gerrate kateari egotzi zion beheraldi hura. Baina horiek hondamenaren agerbideak ziren, ez hondamenaren arrazoiak. Beste batzuentzat, berriz, XIV. mendeko lehenengo berrogeita hamar urteetan biztanleriaren eta baliabideen artean izan zen desorekak sortu zuen hondamen hura; argibide horrek ordea arazoaren alderdi bat baizik ez du argitzen. Gizarte eta ekonomia sistema feudalaren eta sistema horri zegokion hazkunde ereduaren arteko kontraesana dira krisialdi haren benetako arrazoiak. Sistema hark bi ezaugarri nagusi zituen: batetik, nekazarien gutxikako ekoizpenaren ?baina ez jabetzaren? nagusitasuna, eta, bestetik, ekonomiari ez zegokion jaunen ordain derrigortuaren tasa; bi alderdi horien arteko tirabirak etengabeak izan ziren. Bi legek arautzen zuten sistema haren funtzionamendua; produkzioaren jaitsierak eta ordain derrigortuaren tasa feudala gutxitzeak. Nekazaritzaren produkzio osoa eta errenta feudala mantentzeko edo gehitzeko era bakarra eremu gehiago hartzea zen, lur gehiago lantzea, alegia, nahiz gero eta lur txarragoak izan. Baina era horretako hazkundeak muga jakinak izaten ditu, eta handik kanpo ez dago aurrerabiderik; muga horiek XIV. mendearen lehenengo berrogeita hamar urteetan iritsi ziren.

 

Nekazaritzaren krisia

Europak hazkunde aldi bat izan zuen IX. mendeaz geroztik, eta lur landuen zabalera handia izan zuen aldi hark agerbide ikusgarrienetako bat. Baina hazkunde haren bikaintasunak ez du uste okerrik sortu behar, feudalismoak sortu zuen zabalkunde ereduak berak ekarri baitzuen sistemaren beraren krisia. Biztanleriaren hazkundea, nekazariek ustiatzen zituzten lurrak herentzien eraginez zatikatu izana, molde zaharrean lantzen ziren lurrak gero eta gehiago agortzea ?neurriz gain ustiatu izanagatik, atsedenaldiak laburtzeagatik?, teknika maila apala, sistema feudalak nekazariek ustiatzen zituzten lurretan zeukan eragina; arrazoi horiek guztiak zirela eta, luberriak egitea zen modu bakarra biztanle kopuru gero eta handiago hura elikatzeko behar zen produkzioa gehitzeko. Luberriak gero eta kalitate txarragoko lurrak landuz egiten zituzten, berritu gabeko lanabesak eta nekazaritza moduak erabiliz. Gero eta gorago landu behar izaten zituzten beraz lurrak ?zailtasun orografikoak, lur meheagoak, tenperaturak beroagoak eta hotzagoak?, eta, gainera, lur haiek gero eta lan gehiago egitea eskatzen zuten ?leku hezeak lehortu beharra, maldetan terrazak egitea?; lurrak lehengoratzeko duen gaitasuna gutxitu egiten zuen atsedenaldiak laburtu izanak, abeltzaintza baztertu izanak ?animalien gero eta ongarri gutxiago? eta txaradietan luberriak egiteko landare ongarria gutxitu izanak.Hazkunde eredu horrek mugak jo zituen, luberritzeak onargarriak ziren mugez haraindi hedatu baitziren, lur sailak ezin gehiago zatikatu baitziren, etekinak gero eta txikiagoak baitziren eta egin beharreko lana, berriz, gero eta handiagoa; horren guztiaren ondorioz, nekazaritzako lanari gero eta etekin gutxiago ateratzen zitzaion, produkzioak oro har gora egin bazuen ere; eta hori guztia biztanle gehiegi zituen mundu batean gertatu zen. Zabalkundeak, beraz, muga batzuk zituen, eta muga horiez haraindi laboreak ez bakarrik ez ziren errentagarriak izaten, baizik eta uzta txarrak ugaritu egiten ziren, eta horrela sortzen ziren aldianaldiroko goseteak; horixe gertatu zen XIII. mendearen bukaeran eta XIV. mendearen hasieran. Uzta txar eta gose garaiak aldian aldiro izan ziren Europan 1302tik aurrera, eta aldi jakin batzuetan gosetearen eta uzta txarren eragina oso gogorra izan zen, 1347an jo zutelarik ezurte haiek gailurra, urte hartan kontinente osoa egon baitzen goseak, eta are gosetuago egon zen hegoaldea iparraldea baino.

1347-50eko demografiaren etenaldi handiak eragina izan zuen nekazaritzako ekonomian.

Produkzio osoa jaistea izan lehenengo eragina, lur landuak bertan behera utzi baitziren. Nafarroan, adibidez, eremu luberrituak heren bat gutxitu ziren, eta Winchesterren (Ingalaterran), berriz, %24. Europako alde batzuk galera hauek izan zituzten guztira: %35 Austrian, Ile-de-Francen eta Normandian, eta %63-70 Ingalaterran, Mainen edo Alemaniako iparraldean, Normandian eta Cambresisen. Biztanleak ere asko urritu ziren, landu gabeko lur asko zegoen eta alearen prezioek behera egin zuten, arazoa ordea ez zen biztanleriaren eta baliabideen arteko desoreka, eta gosetea berriz nagusitu zen XIV. mendearen bigarren erdialdean eta XV. mendearen lehenengo erdialdean.

 

Demografiaren krisia

IX. mendean hasi zen biztanleriaren hazkundea XIII. mendearen bukaeran iritsi zen bere kopuruaren mugetara. 1310etik 1320ra bitartean Europako biztanleriaren hazkundeak, ustez, goia jo zuen baina eskualde batzuetan biztanle kopurua gora zihoan, baita berrogeiko hamarraldian ere.

Elikadura baliabideei zegozkien baino biztanle gehiago zegoela esan daiteke. Uzta txarreko urteak behin eta berriz izan baziren ere, biztanle kopuruak gora egiten zuen, gosea ez baita berez aski demografiaren joera aldatzeko.

Haustura handia 1347-50 aldian izan zen.

1347ko gosete handiaren ondoren, urte hartako urrian bertan Izurri Beltza Siziliara iritsi zen. Italiatik Europa osoan barrena berehala zabaldu zen, gero eta hildako gehiago eraginez; abenduan Marseillara iritsi zen, ekainean Parisa, uztailean Nafarroara, eta abenduan Herbereheetara eta Ingalaterrara.

1349an izurriak Alemania eta Austria jo zituen, eta Eskozia eta Eskandinaviara ere iritsi zen. Baina aipagarria da ez bakarrik zein bizkor eta zenbat zabaldu zen, baita zenbat hildako eragin zituen ere. Ingalaterran biztanleria heren batez urritu zen, Florentzian eta Frantziako iparraldean eta mendebalean %25 edo %35, Borgoinan eta Languedocen %40, Nafarroan, Okzitaniako Tolosan, Bourgesen eta Aixen %50, Provenzan %60, eta inperioan %20tik %35era.1347-50ko pandemiak Europako biztanleriaren gehiegizko kopurua asko gutxitu zuen, baina jaitsialdi haren ondoren biztanleriak ez zuen berriz gora egin. Izurri Beltzaren ondorengo hamarraldietan biztanleria gutxituz joan zen hala ere, edo bere horretan iraun zuen XV. mendea oso aurreratua egon zen arte. Izurritea behin eta berriz hedatu izana da biztanleria ez handitzearen arrazoi nagusia, eta izurritearekin batera edo izurritea baino lehen gosetea ere izatea. Izurriak geroztik egin zituen oldarren artean bi oso bortitzak izan ziren, 1361- 63koa eta 1400ekoa. Arazo handi bat zegoen: izurria urte gutxiro zabaltzeak eragin handia zuen azken izurriaren ondoren jaio zirenengan, eta ez baitzuten oraindik izurriaren aurkako defentsarik, ugaltzeko adinera iritsi aurretik hiltzen ziren.

 

Gizarte krisia

Produkzio modu feudalaren bi ezaugarri nagusiak lur sail txikiak ustiatzea eta ekonomiaz kanpoko jaunen ordain derrigortuaren tasa ziren. Etengabe izan ziren tirabirak bi alderdi horien artean, eta hortik sortu zen jaunen eta nekazarien arteko produkzio harremanen bilakaera. Harreman horiek ordain derrigortuaren tasa feudala izan zuten ardatz, nekazarien lur sail bakoitzaren produkziotatik jaunak beretzen zuen zatia, alegia. Hazkundearen garaian, tasa horrek beherantzako joera izan zuen, gizarte egituraren beraren ondorioz. Ordain derrigortuaren tasaren gainean bi alderdietako bakoitzak egiten zuen presio elkarren kontrakoan, nekazariak esku handiagoa zuen, lurraren gozamena eta produkzio prozesuaren kontrola harenak baitziren, eta jaunaren eskumenak ez baitziren ekonomiak emanak.

Tirabira horren ondorioz indar ekonomikoek izan zuten bilakaera nekazariaren aldekoa izan zen, ordain derrigortuaren tasa gutxitzea lortu baitzuen. Jaunak bere ondasunen hazkundeari esker berdintu ahal izan zuen tasa gutxitze hura, nekazariek ustiatzen zituzten lurrak ugaritu egin baitziren, eta, beraz, errenta feudalaren bolumen osoak gorantzako joera izan baitzuen.

Komunitateek salbuespen foru eta gutunen bidez lortzen zuten ordain derrigortuaren tasa gutxitzea. Foru horietan komunitateek era askotara lortzen zuten zerga ordainketak arautzea, su bakoitzari edo komunitate bakoitzari zerga horiek urteko petxa bihurturik. Lehenengo zerga motak dirutan edo bietara ?gauzetan eta dirutan? ordaindu beharreko kopurua ezartzen zion su bakoitzari, horregatik pertsona bakoitzeko petxak esaten zitzaien. Bigarren motako zergan kopuru oso bat kobratzen zitzaion ?dirutan, gauzetan, edo bietara? komunitate oso bakoitzari, eta komunitateak bere biztanleen artean banatzen zuen geropetxa hori; petxa horiei petxa osoak esaten zitzaien. Salbuespen horiek lortzea ez zen beti erraza izan, nekazariek egiten zituzten eskariei jaunek ez baitzieten askotan amore ematen, eta liskarren eta auzien ondoren baizik ez ziren makurtzen haiek eskatutakora.

Errentaren egokitze horrez gainera, salbuespenak lan zerbitzuak desagertzea ekarri zuen maiz, eta nekazari bakoitzak jaunarekiko zituen loturak lasaitu zituen, jauna errentadun ari baitzen bihurtzen.

Salbuespenek ekarri zuten ordain derrigortuaren tasa jaitsiera jaunek garai hartan nekazaritzan eta demografian izan zen hazkundearen bidez berdindu zuten. Pertsona bakoitzeko petxak ordaintzen ziren lekuetan, su berriak sortu izanak berdintzen zuen zergen kopurua finkatu izana, baina petxa osoak ordaintzen ziren lekuetan ere jaunen diru sarrerak igo egin ziren, produkzio ondasunak kontratu bidez uzten baitzituzten. Ondasun higiezinak utziz jabeak dirua aurrezten zuen, lur sail bat ustiatzeak zituen kostuak maizterrak edo zerga-zordunak ordaindu behar izaten baitzituen, eta, gainera, jabeak errenta bat kobratzen zuen urtero uzte horren truke. Garai horretan aldi baterako kontratuen batez bestekoa hazi egin zen ?bizi artekoak eta urtekako alokairuak?, betirako uzteen aurrean; hala, kontratu berritze bakoitzean kontratu horren baldintzak egokitu zitezkeen, eta hori, demografiak gora egin zuen eta lur gose handia zegoen garai haietan, jabearen alde zegoen. Hazkundea beremugetara iritsia zen, uzta txarren zikloak adierazten zuenez, eta hura izan zen krisiaren eragileetako bat. Nekazariak eta jaunak zorpetu egin ziren, eta nobleek gogotik ekin zioten «ordain derrigortuaren tasa basatiari» eta abentura militarrari, beste noble batzuk edo nekazariak larrutzeari. Garai hartan indarkeria eta gerra nonahi hedatu ziren, eta nahasmendu handiak izan ziren gizartean.

Agintariek zerga sistema zentralizatu baten bidez erantzun zioten egoera hari; soberakinak zerga bidez ateratzen zituzten, eta soldata eta emaitza gisa banatzen zituzten nobleen artean. Baina nekazariak eta hirietako langile mailaz apalenak ez ziren sor eta gor geratu zergak igo zizkietela ikusirik, borrokan ari izan ziren bai eguneroko bizitzan eta bai matxinada handien bidez: Flandriako kostaldean 1325-1328 izan zirenak, Frantziako iparraldeko Jacquerie 1358an, ingeles nekazari eta langileen matxinada 1381n, Florentziako ciompiak 1378- 82an. Matxinada horietako batzuek indarrean zegoen gizarte ordena ere auzitan jartzen zuten; hala adierazi zuen John Ball ingeles buruzagietako batek 1381n: «Adan goldatzen ari zenean eta Eba iruten, non zegoen zalduna?». Buruzagiek eta agintariek matxinada handiak zapaldu zituzten, baina toki askotan nekazarien lorpen batzuk mantendu ziren; harrezkeroztik estatua izan zen ?zergak biltzeko aparatuari esker? goi mailako klaseentzat errenta biltzeko mekanismo nagusia; horri feudalismo garatua esaten zaio.