Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Historia Unibertsala»Erdi aroa

Eskandinaviaren batasuna (XIV-XV. mendeak)

Danimarkako arrantzale baten grabatua (XV. m.). Garai hartan Eskandinaviak esportatzen zuen produktu nagusia arrain gazitua zen, zeina Atlantiko aldeko portu guztietara zabaltzen baitzuten Hansako itsasontziek.<br><br>

Eskandinaviako Behe Erdi Aroan bi aldi bereizten dira, oso argi, Kalmarreko Batasunaren mugarri izan zirenak (1397): batasun horren bidez tronu berean elkartu ziren Danimarka, Norvegia eta Suediako koroak. Aurreneko aldiak, XIII. eta XIV. mendeek alegia, hiru herriek bat egin zuten arte, istiluak eta gerrak ditu ezaugarri nagusia. Bigarren aldian, XVI. mendearen hasiera artekoan, Iparraldeko herrien batasunari eusteko saio huts eginak gertatzen dira. Lehenago, XI. eta XII. mendeetan zehar, iparraldeko herriak, bazter herri izateari utzita, erabat txertatu ziren Sartaldeko kulturan.

Aise bereturik kristautasunaren aurreramendu eta lorpenak, estatua sendotu egin zen, eta zibilizazio argitsu baten sorrera ekarri zuen horrek. Baina XIII. mendean egoerak txarrera egin zuen, eta, eskandinaviar munduaren zatiketak lagundurik, alemanek hartu zuten buruzagitza. Mundu horrek, nolanahi ere, baldintza egokiak zeuzkan batasun politikoa lortzeko: zibilizazio uniformea eta historia komuna. Gizartearen ikuspuntutik, noble feudalak izan ziren nagusi Behe Erdi Aroan. Feudalizazio prozesu horrekin batera, okerrera egin zuten nekazarien gizarte baldintzek, eta aitoren semeek inoiz baino indartsuago eutsi zioten botereari, estamentuen batzarrek ere ezin zietela kontra egin, hirien pisu politikoa eskasa zen eta atzerritzarren esku zegoen merkataritza.

Erromaren eraginpeko eliza eskandinaviarrak ere lortu zuen erregearen aginpideari itzuri egitea. Baina, bestalde, merkatari hirien Liga alemaniarrak (Teutoi Hansa), bere botere politiko eta ekonomikoarekin, eragin handia izan zuen eskandinaviar erreinuen batasun ahaleginean eta baita haietan herentziazko monarkiak sendotu izanean ere.

 

Batasuneranzko bidea

XIV. mendean, nobleen aldeko erreinaldi sail bat izan zen Danimarkan; erreinaldi sail hori ?barne anarkiazko? aldi batean bukatu zen (Musset). Garai berean, Norvegia Hansaren eskuetan zegoen: 1258an berretsi ziren Hansaren pribilejio guztiak, norvegiarren kalterako izan zen gerra batenondoren. 1319an norvegiar errege bat, Magnus Eriksson (1319-1363), koroatu zuen suediar aristokraziak errege, eta, hala, lehen eskandinaviar batasuna sortu zen. Suedian ordurako finkatuak zeuden ohitura feudalak, zergak ezabatu eta lurrak zaldizko borrokalariei eskainita, eta laster burutu zen Finlandiaren konkista eta kristautzea, Novgoroden kontra.Magnus Erikssonek, Danimarkako kaos egoeraz baliatuz, izan zuen garaipenik hegoaldean ere, eta Scania eta Halland beretu zituen. Baina beste daniar errege batek berreskuratuko zituen biak, Valdemar IV.ak (1340-1375), Varbergeko Bakearekin egoera aldarazi ondoren (1343). Bi haien seme-alaben ezkontzak (Haakon eta Danimarkako Margarita), hiru erreinuen oinordeko bihurtu zituen errege-erreginak. Baina beste gerra batek eta Hansak Suediako sezesioaren alde esku hartzeak, Meckleburgeko Alberto I.a egin baitzuen han errege, batasun asmoak zapuztu zituen, itxuraz. Hala ere, daniar eta norvegiar koroak elkartzea lortu zuen Margaritak senarra, Haakon VI.a, eta semea, Olaf I.a, hil zirenean. 1814 arte iraun zuen lotura horrek.

Erreginaren trebetasunak eta Alberto I.ak aitonen semeen ezinikusia erakarri izanak, 1388an Margaritak suediar aristokraziarekin aliantza bat egitea bideratu zuen. Baina borrokaldia saihestu ezinezkoa zen, eta Falköping-en gertatu zen azkenean; suediar erregea izan zen galtzailea (1389). 1397an, Danimarka, Norvegia eta Suediako erregina bihurtu zen Margarita, Islandia, Finlandia eta Groenlandiakoa izateaz gainera.

 

Kalmarreko Batasuna

Erregina koroatu eta hilabete eskas baten ondoren, 1397ko uztailaren 20an, Kalmarreko Batasunaren Karta idatzi zen; Pomeraniako Eriko, Margaritaren iloba, erreginak bere oinordeko izendatua, onesten zuen hiru eskandinaviar erreinuetako errege gisa. Era berean, dokumentu horretan bertan elkarri gerra ez ziotela egingo hitz ematen zuten daniarrek, norvegiarrek eta suediarrek, eta elkarturik erantzungo zietela kanpoko mehatxu eta erasoei.

Margaritaren hutsegite bakarra errege aukeratu zuen hura izan zen, zeren Pomeraniako Erikok ez baitzuen lortu bere aurrekoaren maila. Zuhurtziarik gabea zen, handinahia, daniarregia norvegiar eta suediarrentzat, eta orobat alemaniarregia, izan ere, aliantza hustzat hartu baitzuen Batasuna.

Alemaniar Hansaren aurreko porrotek, nekazarien matxinadek eta suediar altxamenduak Gotlandeko gotorlekura erretiratzera behartu zuten erregea. 1493an, hiru erreinuetako kontseiluek, elkar hartuta, koroa kendu zioten, eta Bavariako Kristobal izendatu zuten errege. Hura hil zenean, 1448an, Kalmarreko Batasuna desegin zen: suediarrek Karl Knutsson Bonde egin zuten errege (Karlos VIII.a), eta daniarrek eta norvegiarrek, beren aldetik, Kristian I.a erregetu zuten, Baltiar itsasarteak kontrolatu nahi zituen Hansaren babesarekin gobernatu zuten ?alemaniar erregeen? dinastia bateko lehen erregea izan zena.Suediar erregea dinastia eskubideak sendotzen eta daniarren mendeko lurrak berreskuratzen saiatu zen. Baina 1460ko galerak Gdansk-Danzig hirira erretiratzera behartu zuen Karlos VIII.a, herria anarkian murgilduta utzirik. Kristian I.a daniarrak, bere aldetik, bakez berreskuratu zituen Holstein eta Schleswig (1460), aurre egin zien suediarren erasoei eta Batasuna berregiten saiatu zen, arrakastarik gabe ordea; 1523an, behin betiko galduko zuten aukera hori haren ondorengoek.

 

Nobleen goraldia eta nekazarien beherakada

Gizon askeen biltzarrek (things deituak), lege eta zuzenbide ahalmenak galdu zituzten.

Hasieran ematen zuen libre geratzen zela horrela estatua eta monarkia indartzeko bidea, baina berehala ikusi zen goi mailako aitonen semeak zirela aldaketa horretan benetako onuradunak.

Nekazari klaseen umiliatzearekin batera gertatu zen noble klase berriaren goraldia; XI. mendetik aurrera, ekonomia egoera aldekoa zela-eta, hobera egin zuen nekazarien egoerak. Baina XIV. mendetik aurrera, zerbitzu handiagoak egin eta zerga berriak ordaindu beharrak glebarekin parekatu zituen (vornedskab). Era horretan, XV. mendearen hasieran, laborarien bostena baino ez zen lantzen zuen lurraren jabe. Bestalde, XIII. mendearen amaiera aldean suediar nekazariek arma guztiekin egin behar zuten zerbitzu militarra, eta bi menderen buruan legeak debekatu egiten zien armak eramatea. Gauza bera gertatu zen ehizarekin eta baso komunen gozamenarekin.

XV. mendean berriz ere murriztu zituzten nekazarien askatasunak, hirietatik ihes egindako nekazariak derrigorrezko lanetara bidaltzeko eskubidea eman zitzaienean nobleei.Zenbaitetan, nekazariek bortxaz erreakzionatu zuten, eta altxamenduak izan ziren Suedian (1434), Norvegian (1436), Finlandian (1438) eta Jutlandian (1441).

Horrekin batera, zalduntzaren sorrerak, gazteluen ugaltzeak eta Alemaniarekiko harremanek, laboraria noble feudal arma-monopolizatzaile bihurtu zuten antzinako aristokrazia (herrmaldn).

 

Hiriak eta merkataritza

Vikingoen garaietatik XII. mendea arte, oso indar gutxi izan zuten hiriek, eta apezpikuen egoitza bihurtu ez ziren arte ez ziren sendotu.

Hasieran, hiriak kostaldean edo gotorlekuen babesean eraiki ohi ziren (Kopenhage, Stockholm, Bergen, Oslo, etab.), eta XIV. mendean hasi ziren barnealdean zabaltzen.

Errege eta apezpikuen babespean, elizaren edo koroaren inguruan sortu ziren hiri berri gehienak, urteroko zerga baten eta aduana eskubideen truke.

Hansako alemaniar hirien merkataritza jardunarekin batera gertatu zen hirien ugaltzea, eta, hortaz, eragin handia izan zuten Hansako hiriek eskandinaviar hirien gainean.

Alemaniarrak asko indartu ziren beraz, eta XIV. mendetik aurrera argi antzeman zen indar hori: Lübeckeko merkatariak Bergen eta Stockholmen bizi ziren, Rostockekoak Oslon eta Tonsbergen, besteak beste. Era horretan, Kopenhageko burgesen bosten batek abizen alemana zuen, eta 1460an germaniar jatorrikoa zen halaber Stockholmeko heren bat.

Alabaina, alemaniarren gehiegizko nagusitasuna izan zen aldi berean haien beheraldiaren eragilea ere, zeren eskandinaviar erregeak, holandarren eta ingelesen bultzadarekin, pribilejioak murriztu baitzizkien, eta era horretan erraztu egin zuten XV.. endearen bukaeran hasi zen bertako merkatarien berpiztea.