Historia Unibertsala»Erdi aroa
Frantzia. Monarkiaren garaipena (XIV-XV. mendeak)
Erdi Aroko azken mendeetako frantses historiaren ohiko irudia krisi orokor baten, kaosaren irudia izan da, Ehun Urteko gerrateetan murgildurik Hala ere, eta krisi hori benebenetakoa izan zen arren, krisi hori areago ulertu behar da egitura eta ideien aldatze eta sendotze gisa, denboran edo aurrerabidean atzera egitea baino. Ingeles erregen kontrako borrokak nazio nortasuna sendotzeko balio izan zuen, eta, horren gainean, baita erreinu barnean nahiz kanpoan koroak zuen aginpidea sendotzeko ere. Hala, estatu monarkikoaren egiturek erabateko sendotasuna lortu zuten. XIII. mendetik eta XIV. mendearen hasieratik aurrera, mendeetan zehar egindako lana baliatzen asmatu zuten Capet etxeko erregeek, harreman feudalen gainetik jarri ziren, eta orobat nobleziaren interesen edo Elizaren beraren interesen gainetik. Bultzada erabakiorra eman zioten monarkia feudaletik –harreman pertsonaletan oinarritzen zen monarkia hori–, estatuko monarkiara igarotzeari; izan ere, estatuko monarkia erakunde egonkorretan zegoen oinarritua (burokrazia, zergak, armada iraunkorra, batzarrak), eta horietan sustraitzen zen erregearen autoritatea eta gobernuaren erreinua. Lan hori ordea, mehatxupean egon zen XIV. mendeko hurrengo hamarraldietan eta XV.aren urte askoan, Ehun Urteko gerrako borrokaldi ezin amaituzkoak zirela-eta. Capet-tarren ondorengo ziren Valoistarren koroa arrisku serioan ibili zen behin baino gehiagotan, eta, koroarekin batera, baita estatua sendotzeko egitasmo osoa ere; aldi berean, ingeles erregeak, Gaskoinako jaunak eta Parisko koroaren erregenahiak, eta etxe noble handi batzuek, hartu zuten berriz protagonismoa, beren estatu propioen sorrera amesteraino (Borgoina). Gerraren azken emaitza, frantses erregeen aldekoa izan zena, ilusio horien guztien bukaera izan zen; era berean, Europako Sartaldeko erregetza ahaltsuenetako baten sendotzea ekarri zuen, jadanik Erdi Aroaren amaieran.
Estatua eraikitzen (1285-1328)
XIII. MENDEKO ERREGEEK EGINDAKO LANA,
ERAKUNDEEI-ETA DAGOKIONEZ, 1300 URTE
INGURUAN BURUTU ZEN. CAPET ETXEKO AZKEN
ERREGEEK IPINI ZITUZTEN HURRENGO MENDEETAKO
ESTATU MONARKIKO FRANTSESAREN LEHEN ZIMENDUAK.XIII. mendetik XIV.era izandako aldaketetan,
irudi bat da nagusi besteen gainetik.
Filipe IV.ak (1285-1314) ondo jakin zuen nola
indartu koroaren esku zeuden baliapideak,
eta monarkiaren beraren kontzeptua ere aldatu
zuen. Haren ahalmena, bere mendekoei
nagusitu ahal izateko, lurralde askoren kontrol
zuzenean ez ezik, erregeak erreinuaren
edozein lekutan esku hartzeko zuen eskubidean
oinarritu behar zen, eta hori, besterik
gabe, errege zelako, jaun feudalak gorabehera.
Filipe IV.a ez dute jadanik “frankoen
errege” gisa hartzen (nobleen errege gisa alegia),
“Fratziako” erregetzat baizik, lurralde
osokotzat, baita Plantagenet ingelesak bezalako
arerio ahaltsu haiek administratzen zituzten
lurraldeetako erregetzat ere. Erregeak
bere inguruan bilduko ditu politika horren
oinarri ideologikoak taxutuko dituzten aholkulariak,
eta aholkulari horiek berak lagunduko diote lurren administrazioan eta gobernuan
ere; erakunde zaharrak berriztatuko ditu
(kontseiluak, epaimahaiak, hiri eta eskualdeetako
funtzionarioak), eta desagerraraziko du
bere aginpideari kalte egin diezaiokeen edozein
talde, hala Tenpleko Ordena adibidez
(1307-1312). Frantses elizaren beraren kontrola
ere beretu zuen –Bonifazio VIII.ak aginpide
unibertsalaz zeuzkan ideiei aurre eginez–,eta, hala, Erromatik Avignonera eraman
zuen aita santuen egoitza, Frantziara
beraz; Sartaldeko erlijio erakunde nagusiaren
gainean lortutako eraginaren ikurra izan
zen luzaroan aldaketa hori.
Politika berri hau bideratzeko, ohiko baliapideak
(errege familiaren ondare pertsonalaren
administrazioa) baino askoz ere gehiago
behar zen. Frantzia osoaren gainean
gobernatzeko zuten eskubidea baliatuz, Filipe
IV.ak eta haren ondorengoek (Luis X.a,
Filipe V.a, Karlos IV.a), finantzak berriztatu
zituzten, hasi diruaren baliogutxitzetik, eta
“laguntzak” biltzeraino erreinuko edozein lekutan,
edo erreinu osoan, nahiz eta ez beti
arrakastarik izan. Nolabait ere, horixe izan
zen zerga sistema modernoaren sorrera; izan
ere, erreinuko biztanle guztiek zuten erreinuari
laguntzeko betebeharra. Nobleen artean,
eta baita hiri burgesiaren artean ere, sistema
hori aplikatzeko sor zitezkeen zailtasunak
saihesteko, nobleen eta hirien batzarrak
deitzen ziren, akordioak iritsi ahal izateko
koroak egindako proposamenen inguruan.
Ingalaterrako erregea zen, jakina, politika
interbentzionista horren arerio nagusia,
baina, era berean, ez zen Frantziako jaun
feudal garrantzitsu bat; errege benetakoa zen,
bere erreinua zeukana, eta atera zezakeen
laguntzarik hartatik gatazkaren bat izanez
gero. Eta, hala, azken Capet zuzena, Karlos
IV.a (1322-1328), gizonezko ondorengo zuzenik
gabe hil, eta Ingalaterrako Eduardo III.a
erregenahi modura aurkeztu zenean, arazoak
lehertu egin ziren.
Arazoak erreinuan
XIV. MENDE ERDIKO URTEETAN ALDAKETA
IKUSGARRIA GERTATZEN DA FRANTZIAN. EUROPA
OSOAREN EGONKORTASUNA MEHATXUPEAN IPINI ZUEN
GERRA BAT EKARRI ZUEN FRANTZIA ETA
INGALATERRAKO ERREGEEN MENDEETAKO
KONTRAKOTASUNAK, ETA ORDU ARTE INOIZ IZANDAKO
EKONOMIA ETA OSASUN KRISI LARRIENA ERAGIN ZUEN.Nobleez eta zenbait intelektualez osaturiko
talde batek erregetzat Valoisko Filipe II.a
(1328-1350) proposatzea erabaki zuen. Arrazoi
horrengatik, besteak beste, liskarraldi luze
batean sartu zen Frantzia.
1337an, Ingalaterrako Eduardo III.ak armez
aldarrikatu zituen Frantziako erregetzarako
eskubideak. Arazo dinastikoa ez ezik,
Capet eta Plantagenet etxeen arteko liskarren
emaitza logikoa ere bazen hura; izan
ere, liskar haiek baziren hiru mende luze,
Plantagenet-tarrek Frantzian zeuzkaten lurren
gaineko nagusitasuna zela-eta. Baina, horrez
gainera, Ehun Urteko gerrak estatuaren politika
fiskala eta burokrazia garatzeko ere
balio izan zuen, baliapide ekonomiko eta
administratibo izugarriak behar baitzituen estatuak
gatazkari aurre egiteko. Lehen borrokaldietan
frantsesak izan ziren galtzaile
(L’Escluse, 1340; Crecy, 1346), eta FilipeVI.aren ondorengoa, Joan II. Zintzoa (1350-
1364), preso hartu ere egin zuten Poitiersen
(1356); baina, hala ere, Eduardo III.ak ez zuen
erabateko garaipenik lortu ahal izan. 1358an,
Frantziako burgesen matxinadak (Etienne
Marcel Parisen) eta nekazarienak (La Jacquerie)
areagotu egin zuten kaosaren sentipena;
horrez gainera, 30-40 urteetan hasitako
eligai krisiak eta mende hasieratik behin eta
berriz errepikatzen ziren izurriteek suntsitu
egin zuten ia gizarte hura. Aldi berean, Nafarroako
Karlos II.a, besteren artean –Luis
X.aren iloba zen, Frantziako erregetzatik baztertua
eta Normandiako lur sail handien
jabe–, negoziazioetan zebilen batzuekin eta
besteekin, irabaziak atera nahian.
1360an izenpetu zen Ingalaterraren eta
Frantziaren arteko bakea (Calais); ingelesen
nagusitasuna onesten zuen Franziako iparraldean
eta Akitania oso zabaldu batean. Horren
ordainetan, Eduardo III.ak uko egiten
zion frantses erregetzari. Egoera ez zitzaien
batere onuragarria gertatu Valoistarrei, harik
eta delfinak (oinordekoak), gerora Karlos V.a
Jakintsua izango zenak, aginpidea bere esku
hartu, eta bere aitarena baino –Ingalaterran
hil zen hura– politika pragmatikoagoa eta
ausartagoa aplikatzea erabaki zuen arte.
Bakea lorturik, Karlos V.ak isilarazi ahal
izan zituen erreinu barneko protestaldiak,
gutxiagotu zuen, Cocherelen garaitu ondoren
(1364), Nafarroako Karlosen boterea,
nobleziaren parte handienaren laguntza eskuratu
eta armada berrantolatu zuen, aukera
egokiaren zain. 1369an Eduardo III.ak Calaisko
ituna salatu zuen, eta Frantziako errege
izendatu zuen berriz bere burua, baina
orduko hartan frantsesen aldekoak izan ziren
garaipenak. Gatazkak Europara ere zabaldu
ziren, eta Karlos V.ak Gaztela eta Eskoziaren
aliantza lortu zuen. Bi arerio handiak hil zirenean,
Eduardo III.a (1377) eta Karlos V.a
(1380), Guyenne, hau da, Akitaniako eremu
mendebalekoena, eta Calaisko hiria, besterik
ez ziren geratzen ingelesen esku.
Aristokraziaren aginpidearen berpiztea (1379-1435)
GERRA BERRIZ HASI ZENEAN, 1415EAN, INGELESEN
GARAIPENAK GORABEHERA, INDARREZ PIZTU ZEN
FRANTSES NAZIO SENTIMENDUA, HAIN INDARTSUA NON
GERRAREN NORAKOA BAT-BATEAN ALDATZEKO GAUZA
IZAN BAITZEN.Valoistarren garaipen militarrek ez zuten
ordea eragotzi Mendebaleko Europa
osoan gertatzen ari ziren proletario urbanoen
eta nekazarien matxinadak Frantziara
ere zabaltzea (1379-1385). Ekonomia gorabeherek
eta gerra zerga handiek arazo larriak
ekarri zizkieten herriko sektore pobreenei,
eta bortxazko protestaldiak saihetsezinak
gertatu ziren. Protesta mugimendu horietako
asko eta asko, bitxia badirudi ere,
erregearen izenean egiten zen, nobleen eta
jaunen kontra; hala ere, zapalkuntza erabili
zuten ia beti erregeek protestak isilarazteko.
Frantzian ez zen horretan salbuespenik
izan, erabateko lotura izan baitzuen frantses
koroak Flandriako eta Midiko aristokraziarekin.
Matxinada guneen arteko koordinazio
faltak erraztu egin zuen bestalde errege
eta nobleen gudarosteen lana.
Karlos VI.aren adin txikiak aurrena, eta
eromenak gero, politikaren egoera nahastu
zuen. Haren osabek, Anjou eta Borgoinako
dukeek, hartu zuten beren esku gobernua;
horren ondorioz, nobleen agintea, mende
bat pasatxo indargabeturik zeramana, sendotu
egin zen berriz ere. 1407tik aurrera
biziki gogortu zen gatazka.
1380-90 urteetan, gorabehera horiez baliatuko
da ingeles monarkia hitz hartutako
su etenak hausteko. Henrike V.ak frantsesen
gaineko garaipena lortu zuen Azincourten
(1415); Borgoinako dukearekin egindako
aliantzak Parisen sartzeko aukera emanzion, Frantziako iparraldea kontrolatu ahal
izan zuen –Guyennez gainera–, eta Karlos
VI.a eta haren erregeordeak bera oinordekotzat
onartzera behartu zituen (Troyes,
1420). Alabaina, indar handia zuelarik frantses
nazio sentimenduak, herriak ez zuen
batere gustukoa monarkia frantses-ingeles
bikoitz baten ideia, atzerriko dinastia baten
pean gainera; Joana Arc-ekoa da, ingelesak
Orléansko setioa kentzera behartu zituena
(1428), jarrera horren ikurrik argiena. Karlos
VI.aren semea, Karlos VII.a, errege koroatu
ahal izan zuten Reimsen, eta hark hartu
zuen berriz armadaren buruzagitza sendoa.
Borgoinako dukearekiko Arrasko bakeak
(1435) areago segurtatu zuen hura bi nazioren
arteko gerra zelako ideia.
Estatu monarkikoaren sendotzea (1435-1492)
VALOISTARREK EHUN URTEKO GERRAN LORTUTAKO
GARAIPENAK MONARKIAREN ETA ESTATU FRANTSESAREN
EGITUREN AGINPIDEA BEHIN BETIKO FINKATZEA EKARRI
ZUEN; OROBAT EKARRI ZUEN JAUN LURJABE HANDIEN
ITZULERARIK GABEKO BEHERALDIA.Karlos VII.aren indar moralak (1422-
1461), azkenean, gerra behin betiko bukatzeko
moduko arrakasta militarrak izan zituen
lagun. Normandiar lurren okupazioa Fortignyko
borrokaldiarekin burutu zen (1450),
eta 1453an erori zen, azkenean, Akitania. Ingelesen
esku Calais besterik ez zen geratu,
1558 arte.
Garaipenak izugarri lasterragotu zuen
Frantzian monarkiaren boterearen gorakada.
Karlos VII.ak, eta, batez ere, Luis XI.ak (1461-
1483), ahalegin handiak egin zituzten estatu
autoritario baten oinarriak ipintzeko, armada
bat sortuz eta zerga iraunkorrak ezarriz,
ez bakarrik, ordu arte bezala, gerra egoeretan.
Bestalde, Aita Santuarekin hitz hartutako
konkordatuen arabera (1418tik aurrera, Zismatik
aurrera alegia), erregeak izendatzen
zituen eliz kargu nagusiak. Baliabide militar,
ekonomiko eta ideologiko horiekin, menderatu
ahal izan zituen erregeak nobleak, eta,
batez ere, Borgoinako duke ahaltsua, Karlos
Ausarta (1477), beste estatu bat, berea, eraiki
nahi baitzuen hark, Frantziaren eta Inperioaren
artean.
Era berean, justiziako hainbat erakunderen
indartzean ere (legebiltzarrak) oinarritzen
zen estatuko egituren sendotzea; orobat oinarritzen
zen sendotze hori diruaren egonkortasunean
eta inoiz ez bezalako burokrazia
baten garapenean.
Erdi Aroaren amaieran, Frantzia zen Europa
osoko estatu bateratuenetako bat; erregetzaren
aginpidea egonkorra zen, eta inguruko
eremu politiko gehienetan baino askoz
sartuagoa zegoen Frantzian nazio sentimendua.