Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Historia Unibertsala»Erdi aroa

Frantziaren eraikuntza (987-1285)

Filipe Augusto erregea Tourseko setioan. XV. mendeko miniatura.<br><br>

Capet dinastiak hirurehun urtez goiti gobernatu zuen Frantzian. Denbora bitarte luze horretan, monarkiaren botereak ia erabateko aldaketa jasan zuen. Lehenengo erregeek familiaren lurrak besterik ez zituzten beren kontrolpean, herrialdeko iparraldean, Paris hiriaren inguruan, baina gainerako lurraldeek tokian tokiko aitoren semeen eskuetan jarraitzen zuten. Erregeari harreman feudalen esparruko botere sinbolikoa besterik ez zitzaion aitortzen, eta tituluari eustea zen haren helburu ia bakarra; izan ere, prestijio pertsonala eta familia ondarea, errenta eta lurrak, ziren titulu haren oinarria, baina ez zuen gobernu eta aginpide edukirik. Arian-arian, erregeak beren eskumeneko eremua hedatzen saiatu ziren, egiteko horretan eliz agintariek gero eta indar handiagoz laguntzen zietela. XII. mendean zehar, beren nagusitasun morala berretsi zuten gehienbat, nobleen arteko gatazketan arbitro lana eginez, barne bakea bermatuz, piramide feudalean agintaritza postua berentzat eskatuz gero eta indar handiagoz, eta Elizaren eginkizun handietan esku hartuz, Gurutzadetan adibidez. Baina aldi berean aristokrazia ere sendotuz zihoan feudalismoaren itzalpean. Hein batean, gainerako noble handien boterea emendatu zen moduan gehitu egin zen monarkiarena ere. Aitoren seme handi horietarik ziren, adibidez, Ingalaterrako erregeak, XV. mende bitartean Frantziako lurralde zabaletako jaunak eta errege aginpidea sendotzearen etsai nagusiak izan zirenak.

Egoera nahasi hartan Filipe Augusto eta Luis IX.a bezalako erregeak XIII. mendean zehar aurkeztu zitzaizkien aukerez baliatu ziren eta arrakasta nabarmenak lortu zituzten errege funtzioa bermatzeko ahalegin haietan. Erregeek zuzenean kontrolatzen zituzten lurraldeak zabaldu egin ziren noble handienen kontura; aitoren semeen arteko liskarrak eragiten zituzten edo, dela itunen bidez dela konfiantzazko postuak emanez, haien obedientzia lortzen zuten, eta, aldi berean, Frantziaren barne bakea, aurrerapena eta kristau fedea sendotzeko lehiatsu ziharduen monarkiaren irudia bizirik mantentzen saiatzen ziren. Gainera, hirien eta intelektualen laguntza ere funtsezkoa gertatu zitzaien, unibertsitateak eraikitzen zituen burgesia eta zientzilariak gero eta toki nabarmenagoa hartzen ari ziren gizarte hartan.

 

Dinastia berriaren ahultasuna (987-1180)

Karolingiarren eta Robertotarren arteko borrokak X. mendean zehar luzatu ziren eta, azken buruan, beste dinastia baten igoera ekarri zuten, Capetarrena alegia. Horrenbestez, Hugo I.a lehen Capetarrak (987) Lorrenako Karlos, karolingiarren azken erregegaia, hilarazi zuen. Capetarren eskumeneko eremua Orleans eta Paristik hurbilen dauden lurretara mugaturik zegoen, horietan baitzituzten familiaren jabetzako lur gehientsuak eta, horrenbestez, aginpideari eusteko diru sarrerarik funtsezkoenak. Baina koroaren herentziazko ondorengotza familia barnean bermatzen jakin zuten eta, titulua lortzeko lehiak ezabatzeaz gainera, Elizaren zenbait pertsonaiaren ezinbesteko laguntza berenganatu zuten, sistema feudalaren teoriko ezagunenetariko bat zen Laoneko Adalberon apezpikuarena, adibidez.

Mende bat baino gehiago iraun zuen aginpide monarkikoaren ahultasun harkaristokrazia sendotzeko aukera hobeak ekarri zituen, eta familiako lurrak ?goi mailako beste aitoren seme baten antzera? zuzenean gobernatzea erregearen oinarrizko funtzioa zelako iritziak gero eta indar handiagoa hartu zuen; erregeari zegokion aristokraziaren buru izatea, eta talde horri zegokion erresumaren gobernua, Elizaren goi hierarkiaren aholkuarekin. Batzuen eta besteen arteko harreman horiek feudalismoaren oinarria dira. Lehenengo Capetar erregeek lortu zuten (Hugo, Roberto II.a, Henrike I.a, Filipe I.a) botere talde horiek erregetzat onetsiak izatea, eta harreman horiez baliatuz beren esku hartzea eta aginpidea, beste hainbat familiak egiten zuten bezala, ahaidetze eta basailutzaren bidez, lur txikien edo gainbeheran zeuden jaurerri handien kontura, beren mendeko lurren ondoko eskualdeetara hedatzea ere. Nolanahi ere, errege haien eragina guztiz ezdeusa zen Frantziako Hegoaldeko eskualdeetan, eta beste hainbat lurraldetan, hala nola Normandian (hango dukea Ingalaterrako erregea zen 1066az gero), Flandrian edo Champagnen.Monarkiaren nagusitasun morala eta sinbolikoa hedatzeko zeregin hori izan zen XII.. endeko erregeen funtsezko ahalegina, bereziki Luis VI.a (1108-1137) eta Luis VII.a (1137-1180) bezalako pertsonaiena. Ahalegin bereziak egin zituzten aitoren semeetariko parte handi baten leialtasun iraunkorra berenganatzeko, baina horretarako uko egiten bazieten bazekiten haiek leial izatera indarrez behartzen ere. Feudalismoaren arauek erregeen gailentasuna ziurtatzeko funtzionatzen zuten, erregeei nagusitasun morala eta epailearen egitekoa aitortzen baitzieten, ordura arte izenezkoa baizik ez zena. Monarkiak halako osagai sakratu bat beretu zuen, halako eran non erregeen ahalmen sendagarriaz ere hitz egiten zen. Elizako kide gailen batzuek, hala nola Saint- Denisko Suger abadeak, koroa eduki ideologikoaz hornitzen lagundu zuten aginpide hura bermatzearren.

Luis VII.ak arrakasta handienak bezala porrot okerrenak ere bildu zituen aldi hartan.

Akitaniako Eleonorrekin ezkonduz gero (1137), Pirinioetaraino hedatu zen erregearen agindupeko eremua, baina senar-emazteen arteko ulertu ezinak eta ondorengorik ez izateak 1152an ezkontza baliogabetzea ekarri zuten. Eleonor, urte hartan berean, Anjou eta Normandiako kondea zen Ingalaterrako Henrike II.arekin ezkondu zen eta, horren ondorioz, Plantagenet dinastiaren aginpidea are gehiago hedatu zen kontinentean.

Guztiarekin ere, frantses erregeak Champagneko edo Tolosako kondearen eta beste jaun handi batzuen elkartasuna erdietsi zuen, horien aginpide autonomia onartu behar behar izan bazuen ere, eta modu horretara piramide feudaleko buruaren egitekoa bermatu ahal izan zuen.

 

Capetarren oreka (1180-1285)

XIII. mendea ordu arte inoiz ez bezalako aldia izan zen ekonomia hazkundeari eta aniztasun sozialari (hiriaren mundua) zein intelektualari (unibertsitateak) dagokienez, bai Frantzian eta bai Mendebaleko Europa osoan. Testuinguru horretan, monarkia, beti bezala, bere boterea sendotzen ahalegindu zen, baina aitoren seme handiekiko hitzarmenak ez ziren jadanik helburu nagusia, ordu arte izan zen bezala, nahiz eta, esku hartze zuzenagorako biderik ezean, halako itunak ere egiten jarraitu zuten oraindik ere.

Filipe II.a Augusto (1189-1223) Joan Lur Gabe errege ingelesaren ahultasunaz baliatu zen Normandia eta Loirako lurrak Plantagenetarrei konkistatzeko (1202-1208), eta modu horretara erdira murriztu zuen leinu haren mendeko eremuak ezarritako setio itogarria. Aita santua eta erlijio ordenak, domingotarrak adibidez, Midi aldeko heresien aurka egiten ari ziren borroka, Languedoc-ez jabetzeko aitzakia izan zen, bidenabar Tolosako kondeen eta Aragoien eragina saihesten zituela (1208-1213). Koroak kataroen aurkako Gurutzadaren zerbitzuan jarri zituen bere gizonak eta eskualde haren gobernuaz jabetu zen azkenean. Gainera, erregeak bere titulua handiago egiten jakin zuen botere ?unibertsalen aurrean?: aleman inperioa nork eskuratuko izan ziren barne borroketan esku hartu zuen eta aita santua bere aldera erakartzea lortu zuen; hark edozein botererekiko beregaintasuna ezagutu ziolarik (1203).

Arrakasta horietan oin harturik, Luis IX.ak (1226-1270) herri ondarearen eta barne zein kanpo bakearen kudeatzaile-irudia moldatzen jakin zuen monarkiarentzat.

Ez zen sistema feudalaren buru den erregearen irudian oinarrituriko prestijio kontua soilik, baizik eta erresumaren kontrol zuzenean bermaturiko aginpidea ere bai, aginpide hori, ordea, zuzentasuna eta mendekoen aurrerapena faboratzen erabiliz.

Luis IX.ak ez zuen barne hedapen handirik egin nobleen kontura, baina erregearen irudiari goreneko ospea eman zion; halako ontasun, zuhurtasun eta zintzotasun ospea izan zuen non santu egin baitzuten azkenean. Ahalik eta probetxurik handiena atera zien sistemaren baliabide guztiei, basailuen leialtasuna bermatuz (alabetako bat Champagneko konde eta Nafarroako errege zen Teobaldorekin ezkondu zuen) eta ahaide hurbilei jaurerri nabarmenak emanez (Tolosa). Kanpoan, nazioarteko hainbat eztabaidaren epaile izan zen eta bere ahaideak jarri zituen zenbaiterreinuren buruan, Sizilian adibidez (1264).

Bizitzaz zuen kristau ikusmoldeak gurutzadaren izpiritua, hamarraldi batzuk lehenagotik ia hilik zegoena, berritzera eraman zuen eta zortzigarren gurutzaren buru jarri zen, Nafarroako Teobaldo II.a suhia aldamenean zuela. Hain zuzen ere, Tunisia, Mediterraneoko itsaslapur musulmanen babesleku eta itsas garraioa ziurtatzeko deuseztu beharra zegoen hiri hura konkistatzeko saioan hil ziren biak (1270).

Politika beraren jarraitzaile izan zen Filipe III.a (1270-1285). Nafarroako erregetza lortu zuen (1275) bere seme Filipe IV.arentzat, ezkontza eta inbasio militarraren bidez, eta hala Nafarroak frantses koroari loturik jarraitu zuen ondoko mende erdian. Halaber, maniobra horren bidez Frantziako feudorik handienetako bat erantsi zitzaion koroari, Champagneko konderria, haren jabeek heredatua baitzuten erresuma hori 1234an. Capetarren boterea are gehiago sendotu zen.

 

Plantagenetarren garaiko Frantzia

XI. mendearen erdialdetik, Ingalaterrako erregeak ziren Frantziako jaun feudal nagusiak.

Itxurazko paradoxa honen etorburua Ingalaterrako erresumaren konkista izan zen, frantses errege baten basailuak, Normandiako Gilen dukeak, konkistatu baitzuen lurralde hura 1066an. Horrenbestez, Mantxako itsasarteko alde bietako ertzak agintari berberaren mende geratzen ziren; kontinenteko lurraldeak, itxuraz bada ere, Frantziako erregearen mende jarraitzen zuen. Familiaren mendeko frantses lurraldea are gehiago zabaldu zen ezkon lotura baten bidez: Matilde, Gilenen ondorengo bat, eta Godofredo Plantagenet, dinastiari izena eman zion Anjouko konde ahaltsuarenarteko ezkontza alegia. Horien semea, Henrike II.a (1151-1189), amak galdua zuen Ingalaterrako tronuaz berriro jabetzeaz gainera (1154), Akitaniako Eleonor dukesarekin ezkondu zen (1152), eta semeetariko bat, Godofredo, Bretainiako buru ezarri zuen. Frantziako Atlantiko itsasorako alde osoa, Capetarren erregetza teorikoaren mendeko lurraldearen erdia ia, Plantagenetarren esku geratu zen modu horretara.

Egoera horretan, haren egiazko aginpidea askoz handiagoa zen Frantziako erregearena baino. Hedapen handieneko aldia izan zen hura.

Henrike II.aren eta haren semeen arteko liskarrek eta Joan Lur Gabearen ahultasun bereziak Frantziako erregeen esku hartzea erakarri zuten eta, azkenean, Filipe II.a Augustok Normandia eta Anjou bereganatu zituen XIII. mendearen hasieran.

Aldi horretan guztian bai frantses erregeek eta bai Ingalaterrakok ere beren onetan erabili zituzten mekanismo feudalak. Plantagenetarrek omen egin behar zieten Capetarrei beren kontinenteko jaurerriengatik, eta eginbide hori betetzen ez bazuten, konfiskazioak, desleialtasun aldarrikatzeak eta etengabeko gatazka politiko eta militarrak gertatzen ziren bi erresumen artean.

Epe luzera, sare juridiko eta militarraz onura handiagoz baliatzen jakin zuten Frantziako erregeek; XII. mendearen amaieran Plantagenetarrak Frantzia erdiaren jaun feudalak baziren, Ehun Urteko gerraren bezperan ingelesen mendeko lurraldeak Akitaniako lurrak besterik ez zituen hartzen.