Historia Unibertsala»Erdi aroa
V-VIII. mendeetako ekonomia. Mendebaleko Europaren erruralizazioa
Beste mundu bat sortu zen garai hartan, hartu-eman sozio-ekonomikoak lurraren ustiaketaren
inguruan eratu zituen mundu berri bat. Erromako Inperioaren azken aldian
sortu ziren villa edo lur sail handiak izan ziren gizarte berri hartako ekonomian
protagonista. V. mendeko inbasioek desagerrarazi zuten Erromako Mendebaleko Inperioa,
baina aurreko mendeez geroztik gertatzen ari ziren aldaketa ekonomikoak
sendotu besterik ez zituen eragin desagertze hark. Erromatarren lur sail handi hori
da hain zuzen garaile atera zenetako bat. Herri «barbaroen» klase nagusia lur eremu
handien jabe egin zen, jabetza hori lehengo lurjabeekin banaturik. Sortu ziren erreinu
berriak gudarostearen babesean sortu ziren, eta gudarosteko buruzagitzak, agintea
mantentzen laguntzen baitzuen, ondasunak haiekin banatzera behartzen zuen.
Eta hala, ondasunen eta jabetzen joan-etorri amaigabea sortu zen erregearen eta aristokraziaren
artean. Hiria izan zen ordu arte Inperioan lekurik erakargarriena; handik
hara, ordea, lurjabetza handiak hartu zuen protagonismo ekonomikoa. Orduan hasi
zen Europako mendebalean Erdi Aroak ezaugarri izan zuen prozesua, hots, gizartearen
erruralizazioa. Batez ere Mendebaleko Inperioaren iparraldean izan zuen prozesu
horrek aurrerabidea. Han, Pax Romana-n sortu ziren hiriek ez zuten tradizio luzerik;
gainera, izan ziren aldaketa sozio-ekonomikoen ondoren eta egitura politikoa goitik
behera arrailduta geratu ondoren, ia desagertu ziren. Egoera horren aurrean, erasotzaileek
erraztasun handiak izan zituzten beren tradizioak zabaltzeko, aristokraziaren
bizileku edo villa hura ?askotan, gotorleku bihurtua? erreferentzia gisa harturik betiere.
Erromako inperioaren azken aldiko latifundio esklabista hura errentagarria izan
bazen, hirietan merkatua izaten zelako eta langilea ?esklaboa? ugari eta moduz saltzen
zelako izan zen hala. Esklaboa urritzen eta baserri/hiri arteko harremana haustean
jabetza handiak beste probetxugai batzuk bilatu behar izan zituen egoera berrira
egokitzeko. Eta hala, esklabo batzuek lur sail txikiren bat eskuratu zuten, beren
familia mantentzeko eta lehengo nagusiari ordaintzeko. Eta han kolonoa topatu zuten,
nekazari librea bera, inbasioek eta zergek zekarten segurtasunik eza zela-eta gero
eta egoera txarragoan.
Krisi demografikoa eta biztanle gorabeherak herrietan
KRISI DEMOGRAFIKOAK EUROPAKO MENDEBALA
ZAFRATZEN DU MENDE HORIETAN ZEHAR. EUROPAKO
«ZIBILIZAZIOAREN» ERDIGUNEA MEDITERRANEOTIK
ATLANTIKORA ALDATZEN DA.Erromako Inperioan II. mendearen
bukaeran izan zen biztanle kopuru handiena.
Eta mende bat geroago hasi zen, krisiaren
lehenengo sintomak agertzearekin batera,
demografiaren gainbehera. Inbasioek
ekarri zuten hondamendiari garai hartako
anarkia militarra eta matxinadak erantsi behar
zaizkio. Elikadura txarra, izurriteak ?543-
546 bitartekoa, esaterako?, eta urari eustekolanak ezin mantendurik zabaldietako lur
emankorrak utzi beharra zirela eta, Europako
Mendebaleko biztanleria pipiak jotako habea
bezala birrindu zen. Iliria, Frantziako
Massif Centrala edo Dueroko meseta, horra
biztanle galera horren hiru adibide.
Hasierako egoera, dena den, ez zen berdina
izan toki guztietan. Inperioa zabaldietako
lur emankorrenetan kokatu zen, alde
batera utzirik mendialdea. Beticako eta Levanteko
lurrak Hispanian, Rodano ibarra
Galian, Po ibarra Italiako penintsulan eta
Afrikako iparraldeko kosta ?hau da, Mediterraneoko
mendebaleko ertza? ziren garai
hartako lekurik jendetsuenak. Hala eta guztiz
ere, Atlantiko aldean askoz arinagoa izan
zen krisiaren erasoa; Europako Atlantiko
aldea VII. mendeaz geroztik egon zen hazkundea
noiz hasiko zain.
Produkzioaren mundua
KRISI DEMOGRAFIKOAREKIN BATERA SEKTORE
EKONOMIKO GEHIENEK ATZERA EGITEN DUTE. GERO,
ERDI AROAN IZANGO ZEN ZUZPERRALDIA EGOSTEN DA
NEKAZARIEN ARTEAN.Produkzioaren munduan areagotu egin
ziren lehengo arazo zahar batzuk. Landutako
lur sailen eremua urrituz doa. Agri desertiien
arazoak, ez baitzen konpondu III.. endeko erreformetan, basoz eta landu
gabeko lurrez osaturiko paisaje baten aurrean
uzten gaitu. Esklaboak urritzea eta Pax
romanaren amaiera izan ziren ?egoera politiko
nahasiak landa/hiri arteko harreman
komertzialetan zuen eragina kontuan harturik?
egoera horren eragileetako batzuk.
Erdi Aroko ekonomiaren beste ezaugarrietako
bat ere hasi zen marrazten atzerabide
horretan, eta da autarkiarako joera, hain
zuzen. Bizitzeko behar diren gaiez hornitzea
helburu zuen polikultiboak ustiatze
intentsiboari eta espezializazioari kendu zionlehentasuna; nork bere kontsumorako produzitzeko
joera nagusitu zen. Nekazaritzaren
produktibitatea ez zen oso handia izan
garai hartan; langile gutxiago zegoen, eta
teknologiaren aldetik ez zegoen batere aurreratua;
egiten zuen eguraldiaren mende
zegoen ia. Erromatarren garaiako nekazaritzatik
geratzen zena zen hura, haren herentzia;
izan ere, erromatarren garaian esklaboak
erabili baitziren, eta teknikan inbertitzea
ez zen errentagarria. Lurjabe handiari
ez zitzaion asko axola errentagarritasuna
handitzea, bai ordea irabazietan parte hartzea,
administrazioan karguren bat betez
edo, besterik gabe, gerraren bitartez.
Autarkiari bide eman baino lehen gertatu
ziren aldaketak ez ziren berdinak izan
alde guztietan. Mediterraneoaren ertzean,
Erromako Inperioaren azken aldian eratu
ziren latifundio handiek indarrean segitu
zuten. Aldi berean, ordea, erromatarren
aurreko herri zahar batzuk, bertan behera
utziak, berriz jendeztatu ziren. Une hartako
zalantzak eta arriskuak zirela eta, jendeak
alde egin zuen zabaldietatik eta lur emankorrenetatik.
Alde hartako landako paisaje tipikoa
iraganeko herentzia da: biztanle gunearen
inguru-inguruan baratze txikiak daude,
hesiz inguruatuak animalietatik babesteko;
baratzez harago, labore sail zabalak, eta
mahatsondoak eta, zenbait tokitan, olibondoak
tarteka. Horien atzean edo inguruan
«saltus»a dago, basoa, eta han artzantza
egiten da, baina oso bigarren mailan, nekazaritzaren
aldean. Saltusean han eta hemen,
jendea ibiltzen zen ehizean eta fruitu
biltzen, zuten janari urritasuna nolabait
osatzeko.
Paisaje zahar horren aurrean, beste aldean,
Atlantiko aldean, askoz handiagoa
izan zen germaniar munduaren eragina. Jende
gehiena herrigunetik at sakabanatuta bizi
zen, eta herriguneak irregularragoak ziren.
Basoa zen nagusi, eta han askoz abere gehiago
ibiltzen zen Mediterraneo aldekoan
baino. Sail txikiagoak lantzen zituzten eta
lurra etxearen inguruan zuten. Lur sailen
banaketa ere irregularragoa zen. Basoko
soiluguneak luzetara antolatzen ziren, arrain
hezurduraren itxuran. Batez ere laborea
egiten zen, eta baita barazkiak eta, kristautasuna
zabaltzearekin batera, mahatsa ere.
Baina ez bakarrik nekazaritzan zegoen langile
premia. Konkistako gerrak amaitzeak
eta esklabo lanak errentagarritasuna galtzeak
beste sektore ekonomiko batzuk ere jo zituen.
Meatzaritzan, esate baterako, esklaboak
erabili ziren, meatzeak estatuarenak
zirelarik. Handik hara erabat gelditu zen
dena, ia esateko; Inperioak ustiatu zituen
meatze gehien-gehienak bertan behera utzi
ziren IV eta V. mendeen artean.
Hiriak eta merkataritza harremanak Mediterraneo aldean
ERROMATIK HEREDATUTAKO LATIFUNDIO HANDIA
?VILLA? LEHENTASUNA KENTZEN HIRIARI. HIRI
BERRIAK GOTORLEKU MILITARRAK BEZALAKOAK DIRA.
PRODUKZIOAREN MUNDUAREKIN ZER HARREMAN
DUTEN HIRIEK.Landa/hiri arteko hartu-emanean landa
da garaile. Landan antolatzen dira harreman
sozioekonomikoak. Produkzioaren gainbehera
eta bakarrik Inperioak ziurtatu ahal izan
zituen beste faktore batzuk (bake giroa, dirua
edo txanpona eta bide sarea) izan ziren
aldaketaren giltzarriak.
Hiria erakargarritasuna galduz joan zen,
jendez hustu zen pixkana-pixkana, eta txikitu,
halaber; bien bitartean, hiri barruan,
eraikuntzarik gabeko orubeak sortu ziren.
Inbasioengatik zabaldu zen segurtasunik
ezak eta Inperioko zergen zamak ere ?ondorengoetako
batzuk heredatuta? hiriak
gainbehera egitea lagundu zuten.
Inperioa zeharkatzen zuen salerosketa
zirkuitua hautsi edo ahuldu ondoren, eskualdeen
arteko merkataritza oinarrizko produktu
bakar baten inguruan egiten zen: gatza.
Nolanahi ere, Mendebaleko industria
produkzioa urritzeak eta lurjabe handiek
beren izen ona eta omena ziurtatzeko
luxuzko produktuez hornitu behar izateak
Mediterraneoko merkataritza bizirik iraunarazten
lagundu zuen. Bizantzio ?Erromako
Ekialdeko Inperio zaharra? Mendebalaren eta
Asiaren arteko solaskide bihurtu zen, zuten
tamaina txikia eta balio handiagatik oso errentagarriak
ziren produktu batzuekin.Mendebalean, batez ere Italiako penintsulako
hirietako batzuei egin zien mesede
merkataritza mugimendu horrek. Mendebaleko
Bizantzioren ordezkaritza ziren, nolabait
esateko, hiri horiek.
Mediterraneo aldeko mundua: Mendebalaren solaskidea
MENDEBALEKO EKONOMIAK ERROMAKO INPERIOAREN
GAINBEHERAREN ONDORIOAK PAIRATZEN DITUEN
BITARTEAN, BIZANTZIOK NAGUSITASUNEZ JOKATU ZUEN
ERROMAKO ITSASO ZAHARRAREN INGURUAN VI. MENDEA
BITARTEAN IZAN ZIREN HARREMAN MOTA GUZTIETAN.Erromaren Ekialdeko Inperio zaharrean
ez zen halako biztanle galarerik izan. Landa
ingurunea ere ez zen sistema ekonomikoaren
protagonista, Mendebalean bezala. Zeukaten
tradizoak berak iraunarazi zituen Ekialdeko
Inperioko hiri haiek, Erromaren konkista
baino lehenagokoak. Aipatzekoa da halaber,
zeuden eskulangileek hiriguneetatik igarotzen
ziren saleroste zirkuituetan zutela beren
merkatua. V. mendeko inbasioek ez zuten
eraginarik izan zirkuitu horietan.
Baina sistema ekonomiko zaharraren erabateko
kolapsoa eta ondorengo eboluzioa eta
aldaketak atzeragarriak izanagatik saihestezinak
ziren. Eta hala, VI. mendeaz gero, hurrengoaren
hasieraz gero batez ere, gainbehera
hasi zen Bizantziorentzat. Bi eragile nagusi
izan zituen gainbehera horrek: batetik,
barne krisia, eta, bestetik, aginte politiko berri
bat zabaltzea Mediterraneoan: Islama. Bizantziok
Mendebalaren eta Asiaren artean betetzen
zuen bitartekotasuna «mare nostrum»eko
nagusi berrien eskuetara igaro zen.