Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Historia Unibertsala»Erdi aroa

Bizantzio (V-IX. mendeak)

Justiniano eta bere gortea Ravenako San Vitale elizako mosaiko batean (VI. m.)

V. mendearen hasieran Erromako zibilizazioa Bizantzion gorpuztu eta indartu zen. Sortaldeko Inperioa pixkanaka-pixkanaka kristautua zen, eta inperio hartako hiriburua, Konstantinopla, antzinako Erroma bezala zegoen antolatua, eta administrazioaren eta zergen antolamendua ere Erromakoa bezalakoa zuen. Helenismoaren eraginpeko Mediterraneo aldeko kultura eta politika balioak beretuak zituen Bizantziok; probintzia asko zituen, ez oso zabalak, diozesitan bilduak, gobernadore bat zutela buru. 527. urtean Justiniano enperadoreak hartu zuen aginpidea, eta harekin iritsi zuen Bizantziok goraldia, Balkanetan, Sortaldean eta Mediterraneoan zehar hedatu zela. Baina barne arazoak ere izan ziren; V. eta VI. mendeetan hiriek antolamendu eta aurrerapen maila handia iritsi zuten, baina politika eta gizarte liskar handiak ere izan zituzten; bestalde, enperadoreek ez zuten behin betiko konpontzea lortu erlijio dogmak monofisiten eta ortodoxia ofizialaren artean sortua zuen arazoa. VII. mendeko lehenengo urteetan pertsiarrek, arabiarrek eta eslabiarrek mehatxatuta zeuzkaten Bizantzioko mugak, eta arrisku handitan jarri zuten inperioa. Aldaketak egin behar izan zituen orduan Bizantzioko inperioak: erreformak egin zituen administrazioan eta gudarostean, thema bidezko sistema delarik aldaketa horien artean aipagarriena. Kanpoko mehatxuaren aurkako gerra izan zuen Bizantziok VIII. eta XI. mendeetan ere arazo nagusia; gizaldi haietako gizartean gero eta ugariagoak ziren gudariak eta nekazariak, eta erlijiozko liskarrak berriro sortu ziren indar handiz, ikonoklasiak zeriztenak aditzera ematen dutenez.

 

Bizantzioren indartzea eta hedatzea

BIZANTZIOKO INPERIOA BIZIRO KRISTAUTUA IZAN ZEN IV. MENDEAZ GEROZTIK, ERROMATARREN TRADIZIOA BILDU ETA IRAUNARAZI ZUEN, ETA JUSTINIANO ERREGE ZELA IRITSI ZUEN GORALDIA.Leon I.a enperadoreak 457an erregetza hartzeak egonkortasun aldi bat ekarri zuen Bizantziora. Inperio hark mugak sendotu zituen eta lehen mendean izan zituen lurraldeak berreskuratzeko prestaketak egiten hasia zen, Justinianoren agintepean burutuko zelarik berreskuratze hura. Enperadore hark 527an aginpidea hartzearekin batera ospe eta aintza handiko aro bat hasi zen Bizantzioren historian. Justinianoren aginpideak batasuna, erromatartasuna eta gelditasuna zituen oinarri; aginpide horren erakusgarri, Justinianok eraikin bikainak eraikiarazi zituen hiriburuan, Konstantinoplan, Santa Sofia eliza eta jauregi bat, besteak beste. Dirutza handia kosta izan zen eta altxor bikainak gordetzen zituen Santa Sofia eliza hura Bizantzioko inperioaren aginpidearen erlijio gune bihurtu zen, ez bakarrik enperadorearentzat eta Konstantinoplako biztanleentzat, baita atzerriko nazioentzat ere. Orobat da aipagarria Justinianoren agintepeko legegintza, maila handiko legediak eman baitzituen: Justinianoren Kodea eta Digestoa, besteak beste.Hiriak hazi egin ziren eta aurrerabide handia izan zuten inperio osoan barrena, eta gero eta eragin handiagoa zuen apezpiku multzo bat sortu zen. Izan ere, hiriari dagozkion balioak, Mediterraneo aldeko helenismoak mendez mende berezko ezaugarritzat zituenak, indarrean iraun zuten Bizantzion VII. mendearen hasiera arte. Bitartean, landa giroan, herri txikietako antolamenduak bere horretan aldatu gabe zirauen arren, ondare bidezko mendetasunaren bilakaerak eta produkziora emandako monasterioen goraldiak aldaketa handiakekarri zituen. Monasterioek indar handia hartu zuten hirietatik kanpo ere. Berez zituzten baliabideez gainera, diru emaitzak izaten zituzten, eta horiei esker lekaideek eraikinak erosten edo eraikitzen zituzten.

Egoitza haiek errukizko egintzak egiteko eta bidaztiei ostatu emateko erabiltzen zituzten, eta zeregin horiek oinarri-oinarrizkoak ere gerta zitezkeen, baldin eta egoitza haiek bide ardatz garrantzi handikoetan bazeuden.

 

Inperioaren barne arazoak

HANDIAK IZAN ZIREN BIZANTZION; GATAZKA HAIEK EGONEZIN HANDIA EKARRI ZUTEN VI. MENDEAREN BUKAERAN GAINBEHERAN HASI ZEN INPERIO HARTARA.V. mendean teologia eztabaida bizia izan zen sortaldeko kristau inperioan. Hirutasuneko pertsonei buruz. Izatasuna eta pertsona hitzak ziren eztabaida haren ardatza; elkarren aurkako bi eskola sortu ziren. Bata Antiokiako eskola zen; haren ustean bi izateak, jainkozkoa eta gizonezkoa, batera bilduak ziren Kristorengan, nahiz aldi berean elkarrengandik bereizirik zeuden; Alexandriako eskolak, berriz, bi izate horiek Kristorengan elkartuta zeudela defendatzen zuen. Bi eskola horien arteko aldeak gero eta handiagotu egin ziren V. mendearen lehenengo berrogeita hamar urteetan, harik eta Alejandriako eskolak Kristoren izatea bakarra zela aitortu zuen arte: jainkozkoa eta gizonezkoa aldi berean, baina jainkozko izatetik gehiago zuela gizonezkotik baino. Horrela sortu zen monofisismoa, Kaltzedonian 451. urtean egin zen kontzilioan gaitzetsia izan zena. Justinianok berak ere ezin izan zuen auzi hura bideratueta onera ekarri, eta erlijiozko batasuna iristeko eta monofisitak ortodoxiaren baitara ekartzeko haren asmoak ustel atera ziren.

Hirien hazkunde neurriz gorakoak arazo larriak sortu zituen. Landa girotik zetorren emigrazioak halabeharrez liskar politiko bat sortu zuen, hiriko erakundeek ez zuten jakin liskar hori konpontzen, eta, hala, zalapartak eta iskanbilak gehitu egin ziren.

Hirietako gatazkak areagotu egin ziren V.. endearen erdialdetik aurrera, Justinianoren garaian batez ere. Janariz hornitzeko zailtasunek, eragin gutxiko zuzemenek, herriak onartzen ez zituen neurriek nahaspila eta ezinegona sortu zuten herriarengan, eta, beraz, protestak, suteak eta heriotzak izan ziren. Izan ere, 533an behartsuek Konstantinoplan eragin zuten nahasmenak eta Antiokiako demos-ek 540an egin zuen matxinadak gizarte arazoetan dute jatorria.

 

Bizantzio arriskuan

PERTSIARREK, ARABIARREK ETA ESLABIARREK MUGETAN JO ZITUZTEN ERASOEK ARRISKUAN JARRI ZUTEN INPERIOAREN OSOTASUNA.VII. mendearen hasieran pertsiarrek, arabiarrek eta eslabiarrek Bizantzioko inperioaren aurkako erasoa jo zuten. Pertsiarrek Kapadozia eta Armenia hartu zuten 612an, eta Damasko hurrengo urtean. Handik gutxira, 638an, arabiarrak Egipto konkistatzen hasi ziren eta 642an burutu zuten konkista hori, Alejandria, helenismoaren eta inperioaren hiri sinboloa hartzearekin batera. Egiptotik abiatuta, Islamak aurrera egin zuen, eta 647an Bizantzioko Afrikara iritsi zen, bai indar handiko ontzidi bat eratu ere, beretutako portuei, itsasontziak eraikitzeko egur kopuru handiari eta Bizantziori hartutako kostaldeko gizonei esker. 669an arabiarrak Konstantinoplako ateetaraino iritsi ziren.

Bitartean, eslabiarrek eta abaroek aurrera jarraitzen zuten Balkanetatik abiatuta; haien gudarosteek kanpamentu handiak egin zituzten Danubio ibaiaren eskuinaldean, Mazedonian batez ere. VII. mendeko azken hamarraldietan bulgariarren aginpidea nagusitu zen Bizantzioko inperioko muga horretan, Danubio ibaiko ezkerraldeari jo eta ke erasotzen ziotela. Bulgariarrak gudari eta zaldun bikainak ziren, haien kulturak Siberiako eta Iraneko eragina zuen, eta aginpidea herentziaz hartua zuen khan bat izaten zuten buruzagi.

Gerra bitartean Bizantzioko inperioak administrazioa berrantolatu zuen. Themen sistema izan zen berrantolamendu horren ardatza, eta Heraklioren agintepean jarri zen indarrean Asia txikiko lurraldeetan. Thema horiek barruti militarrak ziren, eta aginpide osoa beregain zuen estratega bat zuten buruzagi.

Era berean, itsasoko indar militarrakere eredu horren arabera antolatu ziren.

Berrantolatze horren osagarri, nekazari milizia iraunkorrak sortu ziren, soldaduak kolono gisa kokararazirik. Soldadu horiei landa sail bat ematen zitzaien, herentzia bidez ondorengoei ematea zeukatena, eta jabetza hura ustiatuz atera behar izaten zuten jatekoa eta lortu behar izaten zituzten armak.

Nolanahi ere, sistema hark arazoak izan zituen finantzen aldetik eta soldadugaiak biltzeko, eta arazo horiek izan ziren aldi hartan gerraren eta gizartearen arteko harremanen ardatz nagusia.

 

Erlijioak eragindako zalaparta berriak; gizarte aldaketak

VIII. ETA IX. MENDEETAN IRUDIEN GURTZAK ERAGINDAKO LISKARRAK NAGUSITU ZIREN BIZANTZION,726. urtean Leon III.a enperadoreak Konstantinoplako Jauregi Handiko Brontzezko Atearen gainean zegoen Kristoren irudia kentzeko agindu zuen, eta gurutze bat jarrarazi zuen haren ordez. Orduan hasi zen dotrina baten sorrerarekin bukatuko zen eztabaida, dotrina hura 754 urtean Hierian egin zen kontzilioan ikonoklasia gisa definitu zelarik. Kontzilio hartan Konstantino V.a enperadoreak esan zuen ezinezkoa zela beretzat Kristo irudikatzea, zeren eta, Kristoren izate jainkozkoa irudi bidez adierazterikez bazegoen, haren izate gizonezkoa ere ezin baitzitekeen irudikatu. Azken batean, Kristoren irudi bakarra eukaristian zegoen. Urte hartan bertan hasi ziren irudikatze debekatu haiek irudietatik eta apainduretatik kentzen eta suntsitzen. Horrela sortu zen lehenengo ikonoklasia esaten zaiona, 787ko Nizeako kontzilioa arte iraun zuena; orduan Kristoren irudiak agerian jartzeko baimena eman baitzuten eta elizaren dotrinari buruzko xedapen batzuk eman baitziren. IX. mendean liskar hura berriz sortu zen, bigarren aldi ikonoklasta bat izan zen 815-834 bitartean, eta, azkenik, arazo hura konpondu egin zen irudiak jartzeko eta gurtzeko behin betiko baimena eman zenean.

VIII. eta IX. mendeetan Bizantzioko gizartea oso aldatua zegoen Justiniano enperadorearen garaikoarekin alderatuta. Bizantzioko gizarteak gudarien eta nekazarien eragin handia izan zuen mende haietan ezaugarri nagusia. Inperioaren muina eta jarraitasuna landan zegoen; landa giroko monasterioek asko gehitu zituzten beren lur ondasunak. Landa giroaren eragina are nabarmenagoa zen, Bizantzioko inperioak hirien nagusitasun handia zuten eskualdeak galdu baitzituen, Siria eta Palestina batez ere, Alejandria eta Antiokia hiri handiez gainera.

Bestalde, inperioaren barnean gelditu ziren hirien administrazio zereginak aldatu egin ziren, themen erreformaren eraginez.

Horren guztiaren ondorioz, hiriak gero eta eragin gutxiago zuen Bizantzioko gizartean, nahiz Konstantinopla eta Tesalonika lehen mailako merkataritza guneak izan oraindik.