Historia Unibertsala»Antzin Aroa
Antzinako idazkeratik alfabetora
Antzinako idazkerak deskodetzea
Idazkera ezezagunez idatziriko hizkuntza
orobat ezezagunak deskodetzeko, pazientzia
handia behar izaten da, eta diziplina
handia, baina orobat behar da zeregin
horretarako irudimen handia.
Herodotok Piramide Handia bisitatu zuenean,
K.a. V. mendean, haren itzultzaile
egiptoarra ez zen gauza izan monumentu
hartako idazkunak irakurtzeko. Eskribauapaiz
batzuk baizik ez ziren gai idazkera
hieroglifiko zahar hura irakurtzeko, gainbeheran
etorria baitzen idazkera haren ezaguera,
eta azkenik kopto kristautuek egiptoarren
tradizio grafiko luzeari amaiera eman
zioten K.o. IV. mendean; hala ere, haien
hizkuntza zaharreko elementu batzuk gorde
zituzten jainkoen gurtzan, Egipto islamiarbihurtu ondoren. Elementu horiei esker
ulertu ahal izan zen geroztik idazkera
hieroglifikoa, eta berreskuratu ahal izan zen
informazio idatzi hura.
Monumentuetako idazkunek erakarmen
handia izan dute mendez-mende. A. Kircher
(1601-1680) matematika irakasleak, koptoera
ondo aztertu eta gero, ondorio hau
atera zuen: hizkuntza horretan modu alfabetikoan
zegoela gordea antzinako egiptoarren
hizkuntza. Napoleonek Egipto inbaditu
zuenean, frantses soldadu batzuek hieroglifikoz,
demotikoz eta grekoz idatzitako
basalto beltzezko harri bat aurkitu zuten
Rosettan (1799): Ptolomeo V.a Epifanesen
dekretu bat zen, K.a. 196. urtekoa. Grekerazko
idazkunean erregearen izena zorro
moduko batean idatzita agertzen denez,
zorro moduko horietako bakoitzean ageri
ziren ikur hieroglifiko eta demotikoak Ptolomeoren
izenari zegozkion kontsonanteekin
lot zitezkeen (P, T, L, M, S).
Antzinako Egiptoren eta kopto hizkuntzaren
ezagutzaile aditua baitzen, Jean
François Champollionek izen hura egiptoeraz
nola idazten zen asmatu zuen (p-t-ol-m-j-s),
eta Kleopatra Ptolomeoren arrebaren
izena ere identifikatu zuen; hamabi hieroglifiko
balio zeuzkan beraz identifikaturik.
Geroztikako ikerketen bidez Ramsesen
eta Tutmesen izenak identifikatu zituen, eta
1824an argitaratu zuen Précis du système
hiéroglyphique liburuan aditzera eman zuenez,
sistema hura, haren iritzian, ikur fonetikoen
eta sinboloen konbinazio bat zen.
G. Grotefend 27 urteko eskola maisua
zen idazkera kuneiformea aztertzea erabaki
zuenean. Ez zen orientalista, baina berehala
konturatu zen Persepoliseko idazkunetan
zazpi ikurreko multzo bat errepikatuta
zegoela, eta batzuetan beste multzo
txikiago bat izaten zuela ondoren. Idazkun
hura akemenestarren dinastiakoa zela erabaki
ondoren, uste izan zuen ikur multzo
horietako batek Erregeen Errege eta Errege
Handi tituluak adierazten zituela. Multzo
hura identifikatua zuelarik, akemestar
erregeen segida osoa finkatu ahal izan
zuen, Hystaspes, Dario eta Xerxes, eta horrekin
batera, sistema grafiko haren hamabi
ikurren giltza ere bai (1815). 1835ean
H. C. Rawlinson britainiar ofizialak bere
gain hartu zuen Behistun amildegi arriskularriko idazkun handia kopiatzeko zeregina;
laurehun lerro zituen pertsieraz, berrehun
eta berrogeita hamar elameraz, eta
beste idazkun txiki batzuk akadieraz. Aldi
berean pertsiera zaharrean zegoen idazkun
alfabetikoa deskodetu zuen, itzuli egin
zuen gero, eta akadierazko idazkera kuneiformea
deskodetzeko oinarriak jarri zituen.
1853an E. Norrisek elamerazko testu
silabikoa deskodetu zuen, eta 111 ikur
desberdinez eratutako sistema bat zela konturatu
zen.
1857an Londreseko Asiako Errege Elkarteak
lehiaketa batera deitu zuen, ikerle ospetsu
batzuek (Rawlinson, Hincks, Oppert
eta Talbot) Tiglathpileser I.a Asiriako erregearen
zilindro batean irarritako testu aurkitu
berri bat deskodetu zezaten. Jakintsu
bakoitzak bere lanen emaitza bidali behar
zuen, eta testu deskodetu haiek guztiak alderatu
ondoren, xehetasun txikienetan ere
bat zetozela ikusi zen. Hala deskodetu zen
beraz babiloniera kuneiformea.
Sumerierazko idazkera deskodetzeko,
askoz denbora gehiago behar izan da, eta
luzaroan jarri izan da auzitan sumeriera bera
hizkuntza independentea ere izatea.
1906an H. Wincklerrek argitara atera
zuen errege hititen artxiboa eta hango dokumentuak,
buztinezko taulatan babilonierazko
idazkera kuneiformeaz idatziak. Hizkuntza
hitita kuneiforme hori B. Hrozny
txekiarrak deskodetu zuen 1917an. Hizkuntza
hitita, ordea, beste sistema grafiko batez
zegoen idatzia, ideografikoaz hain zuzen,
hitita edo luvita hieroglifikoz, alegia,
eta Karatepen 1945ean aurkituriko testu (fenizierazko
itzulpen batekin) elebidun bati
esker deskodetu zen.
1952an Michael Ventris eta John Chadwick
britainiarrek Egeoko idazkera aurkitu
berriena deskodetu zuten, Lineal B deritzana,
eta era horretara finkatu ziren Mizenasko
artxiboak. 88 ikur eta logograma kopuru
txiki batez baliatzen zen idazkera silabiko
horri esker grezieratik gorde den molde
zaharrena finkatu zen.
Idazkera deskodetugabeak
Badira oraindik idazkera sistema batzuk
deskodetugabeak, eta haien bidez idatzitako
testuak ezin irakurrizkoak dira beraz.
Sistema grafikoa zein hizkuntza ezezagunekoak
dira deskodetzen zailenak; batzuetan,
hizkuntza ezezaguna izan arren, testuak
irakur daitezke, baina ez interpretatu,
idazteko erabilitako idazkera ezaguna delako.
Hala gertatzen da etrurierarekin (berriki
aldez interpretatu ahal izan da) eta
iberierarekin.
Alfabetoaren jatorria
Alfabetoa da idazkera fonetikoen aldi
garatuena. Hitzak osagaitzat dituen fono edo
hotsetan banatzen baititu, eta hots horietako
bakoitza ikur berezi zalantzarik gabeko
batez irudikatzen baitu; ahalik eta ikur
gutxienekin ahalik eta gehien adieraztea
lortzen da horrela.
Idazkera alfabetikoak sortzeko prozesua
luzea izan zen eta konplexua. Arestian aipatua
da egiptoeraren sistema fonetikoan
kontsonanteek adierazpide bakarra zutela,
eta «kontsonanteen euskarri» hori mendebaleko
herri semitetan sortu zen ziur asko,
K.a. II. milaldia bitartean, egiptoarren eraginez,
ustez. Hizkuntza haiek errazago beretu
zuten prozesu hori, hitzen egitura kontsonantikoan
baitzeuden oinarrituta. Idazkun
protosinaitarrak eta protopalestindarrak
ez dira ia ezagutzen, eta ez daude ziurtasun
osoz deskodetuak; alfabeto aurrekoak
dirudite, haien ikur kopuru urria kontuan
hartuz gero. Lotura ziurragoa dira Bybloseko
idazkun sasi-hieroglifikoak, E. Dhormek
deskodetuak, eta feniziera modu arbitrarioan
aukeraturiko ikur sistema oso aberats
batez idazteko erabiliak.
K.a. XIV. mendearen inguruan, Ugariteko
(Ras-Shamra) eskribauek alfabeto bidezko
idazkera asmatu zuten. Ugaritera hizkuntza
semita-kanaandarra da, eta idazkera
itxuraz kuneiformea du, baina itxuraz
bakarrik. Haren ikurren lerro soilduak, hogeita
hamar bat, silaba sistema orotik bereiz
modu artifizialean sortu zituzten. Ikur
bakoitzak kontsonante bat edo hiru bokaletako
bat (aurrekoa, erdiko eta atzekoa)
adierazten zuen. Benetako alfabeto bat zen,
edo hobe esan alfabetoaren ideia bat. Alfabetoa
Byblosen agertu zen lehenengo aldiz,
K.a. XIII. mendeko Ahiram erregearen
sarkofagoko idazkunean, alfabeto feniziar
arkaikoaren hogeita bi ikur linealak zituela.Idazkera hori oparo hedatu zen X. mendeaz
geroztik Israel eta Judako erreinuetan barrena,
eta Tiro eta haren kolonietako (Zipre
eta Kartago) merkataritzari zegoen lotua.
Aramearrek orobat beretu zuten idazkera
hori: karabanetako bideetako kontinenteko
merkataritzaren kontrolari zeuden lotuak.
Handik hartu zuten hebrearrek eta, azkenik,
arabiarrek.
Idazkeraren historian garrantzi handia
izan du grekerazko alfabetoaren sorrerak,
alfabeto latina sortu baitzen handik gero.
Alfabeto horrek fenizieran zuen inondikere jatorria, nahiz zehatz noiz eta non sortu
zen eztabaidagai den oraindik, baita
maileguaren eredu zehatza ere. Greziarrek
sistema silabikoz idazten zuten beren hizkuntza
K.a. bigarren milaldian (eta sistema
bera erabili zuten Zipren Alexandroren
garaia arte); baina K.a. IX. mendean
feniziar alfabetoa bereganatu zuten, Alepo
inguruko ekialdeko kostaldean ziur
asko, eta bokalak erantsi zizkioten. Berrikuntza
hori zela eta, grekerazko alfabetoa
da Europako alfabeto moderno guztien
aitzindaria.