Historia Unibertsala»Antzin Aroa
Mediterraneoko Ekialde Hurbila: kanaandarrak eta hebrearrak
Siria eta Palestina ia inoiz ez ziren aginte
beraren pean bateratuta egon; 3.000 urtearen
inguruan han bizi ziren biztanleak elkarren
oso bestelakoak ziren hizkuntzaz, arrazazko
kidetasunez eta bizimoduz. Izan ere,
talde txikitan bakartuta bizi ziren, eta bereizteko
eta indibidualismorako joera handia
zuten, besteak beste lurralde hura berez
zelako oso desberdina eta komunikabideak
ez zirelako batere errazak. Hegoaldeko
toponimoak semitikoak dira hizkuntzaz
(Tiro, Sidon, Jeriko), Siriaren iparraldekoak
berriz ez zegozkion geroztik lurralde haietan
hitz egingo zen ezein hizkuntzari, eta
beraz antzinagoko herri batenak bide dira.
Palestinan aurkitu diren hondakin arkeologikoen
arabera, material aldaketak izan ziren
3.200 urtearen inguruan: eraginak iparraldekoak
ziren, eta hango biztanleei kanaandar
esan zitzaien. Demografia dentsitateak
handia izan behar zuen, eta lurraldea
estatu txikietan zegoen banatua, herrietako
gotorlekuek ematen duten lekukotasunaren
arabera. Basamortutik zetorren
mehatxuak eragina izan zuen Mesopotamian
eta Egipton, eta eragina izan zuen orobat
Lehen Brontze aroaren bukaeran bizileku
finkoek izan zuten gainbeheran. Hizkuntzan
baizik ez zen izan, ustez, halako batasun
bat Siriaren eta Palestinaren artean: iparraldean
hizkuntza hurriten lekukotasuna badagoen
arren, kanaandar hizkuntza zabaldu
zen kostaldetik herrialde hartan barrena.
Siria historian sartu zen
Alalakh-eko taulak aurkitu zituzten arte
ez zen ezagutzen 2.000 urtearen erdialdeko
Siriako historia. Alalakh hiriak gertu zituen
Orontes ibaiaren bokalea, Al-Minako
Mediterraneoko portua, eta Alepo eta Eufrates
lotzen zituen bide nagusiak. Ugarit hiriko
(gaur egun Ras Shamra) eraikin publiko
eta pribatuetako ehundaka taulek ematen
dute garai hartako bigarren erdialdean Siriak
izan zuen goraldiaren berri; hiri hura
itsas eta merkataritza bideen bidegurutze
batean zegoen kokatua, hasiera-hasieratik
garrantzi handia izan zuen, eta garai hartakomerkataritzarako portu nagusia izan
zen. Ugaritek biztanle asko zuen. Hango jauregi
handia, Ekialde Hurbileko handienetako
bat, XIV eta XIII. mendeetako aberastasunaren
eta kosmopolitismoaren froga
zen. Eskulangintzako gune handia zenez,
berehala bihurtu zen garai hartako literatura
eta administrazio jardueraren topaleku.
1.200 urtearen inguruan hititen inperioak
izan zuen hondamenak eragina izan
zuen Sirian eta Palestinan: Ugariteko artxiboek
egoera latz haren berri ematen dute,
etsaia erakusten baitute kostalde osoa suntsitzen;
itsasoz etorri ziren herrien artean
filistarrak zeuden, eta kostaldean kokatu
ziren; haien jatorria ez dago batere garbi,
Bibliako tradizioak Kretarekin lotzen ditu,
beste batzuentzat berriz Lidian edo Pelasgian
zuten jatorria (Asia Txikian betiere).
Ramses III.ak atzera eginarazi zien, eta Palestinan
kokatu ziren. Talde nagusia zirenez,
filistarrek lur onenak hartu zituzten,
Gazatik Ekronera, Mediterraneoko hegoekialdeko
kostaldea kontrolatu zuten, harik
eta Israelek eta Tirok elkar harturik garaitu
zituzten arte.
Kanaandarren erlijioa
Ugariteko tauletan argi ikusten da antz
handia zutela sakrifizio eta gurtza mota desberdinetan
erabiltzen ziren hitzek eta Testamentu
Zaharrean agertzen direnek, eta
beraz uste izatekoa da israeldarrek kanaandarren
errituetako zati bat beretuko zutela
bederen, baita erlijio ospakizun batzuk ere.
Testu haietan ageri denez, politeismoa zen
nagusi Ekialde Hurbilean, baina alderdi batzuk
oso bereziak ziren: handia zen jainkoen
eta haien zereginen eta ezaugarrien ugaritasuna
eta aldakortasuna; eta jainkoen izenek
izen bereziak baino indar gehiago zuten.
Baal zen panteoiko irudi nagusia, eta
Ugariteko poema askok hura dute gai nagusia,
jainko garaile, gerlari, ekaitzaren eta
landarediaren jainko gisa irudikatzen zutelarik.
Baalen gurtzak elementu berri bat
ekarri zuen kanaandarren artera, tenpluaz
gainera ?oso xaloak ziren Mesopotamiako
edo Egiptoko tenpluekin konparatuta? beste
leku sakratu bat sortu baitzen: aire zabaleko
santutegiak, tokian tokiko jainkoak gurtzeko
lekuak (Bibliako «leku garaiak»).
Israelen jatorria
Aitalehenen garaia, israeldarrek Egipton
egin zuten egonaldia eta Palestinan behin
betiko bizileku hartzea ez dira agian nomaden
eta sedentarioen arteko eraginak (larre
bila ibili beharra) sorturiko hiru gertaera baizik;
leinu batzuk besterik ez ziren sartu Kanaanen
XIII. mendean. Izan ere, Jahvek ez
zuen israeldarrentzat hurrengo mendeetanizango zuen bezain zeregin garrantzitsua (bazuen
zerikusia kanaandarren El jainkoarekin).
Gainera, ez dago jakiterik aitalehenen garaian
Israel izenaz talde horiek guztiak izendatzen
ziren, edo talde jakinen bat bakarrik, edo
exodoaren ondoren sortu ote zen, konkistaren
ondoko garaian.
Kanaango exodoa eta konkista
Jakob eta haren semeak goseak bultzatuta
sartu ziren Egipton; leinu batzuk ustez
hegoaldetik iritsi ziren Kanaanera (Joseren
leinua eta Leviren leinuko talde batzuk), beste
batzuek berriz Egiptora jo zuten. Ez dago
dudarik israeldarrak herrialde horretan egon
zirela; XIV. mendearen bukaeran sartu ziren,
eta hurrengo mendearen bigarren erdialdera
exodoa izan zuten. Israeldarrek
Egiptotik irten zirenetik Moises Kanaan begien
bistan zuela hil zen arteko kontakizunak
oso garai desberdinekoak dira, eta batzuk
leinuak basamortuan barrena alderrai
zebiltzan uneaz geroztikakoak dira. Ezin
esan daiteke Israelgo leinuak Sinaiko Jahverenganako
leialtasun zina oinarri harturik
eginiko batasun bat zirenik, Jahve ez baitzen
Israel eratuko zuten leinuen jainko
bakarra, orobat zen mediatarren eta amaleziten
jainkoa, eta erlijioa oinarri harturiko
nazio batasunaren sentimenduak Israelgo
leinuek Qadesh-ekin eta Sinairekin zituzten
harremanetan zituen sustraiak.
Exodoa eta lur agindua beretu nahia
bat datoz garai hartako prozesu historikoan,
etnia batzuk zein bere lurraldearen bila ari
baitziren zeinek bere nazio batasuna eratzeko;
israeldarrek laster beretu ahal izan
zuten lurralde hura, arrazoi hauengatik besteak
beste: Kanaan pobretua zegoen eta
hango printzeak liskarretan ari ziren etengabe,
biztanleria oso heterogeneoa zen, eta
gerra teknika bereziak jarri ziren indarrean
(auzokoen kontrako gerrek jarraitu zuten,
harik eta leinuek Saulen eta Dabiden garaian
batasun politikoa iritsi zuten arte).
Monarkia eta Estatuaren sorrera
Epaileen garaiak israeldarrek Palestinan
bizileku finkoa hartu zutenetik monarkia
sortu zuten arte iraun zuen (1.200-1.000);
epaile haiek itzal berezia zuten, eta krisialdietan
sortuak ziren; aginterako zituzten
dohain bereziak (hori frogatzen dute Gedeon,
Jafet eta Sansonen balentriek) ez ziren
transmititzen, eta beraz haien agintaldia
ezin izan zen erakunde iraunkor bilakatu,
eta ez ziren ezta ere leinuak bateratzeko
gauza izan.XI. mendearen erdialdera oreka hura
galdu egin zen, filistarrek israeldarrak garaitu
baitzituzten, Silo suntsitu zutelarik eta Itunaren
Kutxa harrapatu. Israeldarrek Transjordaniako
herrietatik hartu zuten beren monarkia
sortzeko eredua: Saulen aginpidea
epailearen eta erregearen artekoa zen, epaileen
tradizioaren eta filistarren aurkako borrokaren
ondorioz. Dabidekin (1010-970) israeldarrek
monarkia zentralizatua iritsi zuten:
aho batez izendatu zuten Judako eta Israelgo
errege (bitasun hori administrazioari
eta gudarosteari zegokion), eta hark Jerusalenen
kokatu zuen hiriburua; potentzia handien
beheraldiak haren erresuma hedarazi
zuen, Aqabatik Hamath-era, Edom, Moab,
Amon eta Palestina barnean hartzen zituela.
Salomonekin (970-931) iritsi zuen Israelgo
monarkiak eta ekonomiak goraldia, eta
aldatu zituen bere egitura asko. Haren politika
militarrak eta handitasunerako jaoerak
hain gastu handiak sortu zituen (Tenplua
eraikitzeak, besteak beste), non hura hil
ondoren ekonomiak krisi handi bat izan
baitzuen eta estatuaren batasuna hautsi egin
baitzen; haren ondorengoa, Roboam, zapaltzaileagoa
zen eta iparraldeko leinuen matxinada
eragin zuen (Jeroboan aukeratu
zuten haiek errege).
Israelgo estatua bitan zatitua zegoen beraz;
Samarian zuen hiriburua, eta, iparraldean,
Sargon II.ak beretu zuen arte (721. urtea)
iraun zuen; hegoaldean berriz luzaroago
iraun zuen aske, harik eta Nabukodonosor
II.ak (597. urtea) mendean hartu zuen arte.Dinastia zatitua egon zen garai hura profeten
gorenaldia izan zen; batzuentzat profetak
gizarte erreformatzaileak izan ziren, bere
garaiarekin izan zuten lotura estua zela eta.
Profeta handiek Israelen historia interpretatu
zuten, gizartean eta ekonomian gertatzen
ziren gehiegikeriak salatu zituzten, kanpo hitzarmenak
arbuiatu zituzten, eta kontra egin
zioten merkataritzari, zibilizazioari eta herria
kanpoko jainkoen gurtzara eroraraz zezakeen
orori. Profetek uste ona zuten Jahverengan,
eta zalantzan zeuden nazionalismo estuegi
baten eta erlijiozko unibertsalismo-inperialismo
jainkoaren aintzan oinarritu baten artean.