Historia Unibertsala»Antzin aroa
Erroma eta Iberiako Penintsularen iparraldea: Euskal Herria
Ez Iberiako Penintsularen iparraldearen konkista prozesua, ez lur horien ondorengo
erromatartzea, ezin dira ondo ulertu ez baldin badira kokatzen Hispania osoko inguru
zabalagoan, edo, areago, Mediterraneoko Mendebaleko eremu osoaren baitan.
Eremu honek ordea, Erromak konkistatu zuen azkenak, antolamendu berezia zeukan
erromatarren aurreko garaian, hegoaldearekin alderatuta behintzat, zeren Antzin Aroan
hegoaldea aski lotua baitzegoen Mediterraneoko hiri zibilizazioarekin.
Horren ondorioz, eta nahiz eta erromatarrek tresna berak erabili lurralde konkistatu
guztiak beren gizarte eraketaren baitan bateratzeko, bateratze prozesuak, eta baita
prozesu horien emaitzak ere, desberdinak izan ziren Iberiako Penintsularen iparraldean
eta hegoaldean, eta orobat gaur egungo Euskal Herriak hartzen duen eremuaren barruan.
Bideak zabaltzeak, hiriguneen eraketak ?sarritan hiri gisa garapen handirik izan ez
bazuten ere?, lurraldea kasu bakoitzak eskaintzen zituen aukeren arabera ustiatzeak
(laborantza eta abeltzaintza, meatzaritza, arrantza, etab.), erromatarren sinesteak ekartzeak
(inperioaren eta erromatar jainko ofizialen gurtza hasieran, eta kristautasuna gero),
eta beste eragile batzuek ordukoa ez bezalako egoera berri bat moldatu zuten pixkana-pixkana.
Pirinioen muga eta erromatar sailkapen administratiboak
Erromatarrek Pirinioan ipini zuten probintzien
arteko muga, bai konkistarako, bai
hegoaldeko probintzien eta Hispania Citerior
delakoaren administrazio sailkapenak
egiteko. Kantabriar gerrak amaitu zirenean,
Augustok berrantolatu egin zuen Iberiako
Penintsulako konkistako gerren azkenaldiaren
aurretik ezarri zuen probintzia zatiketa.
Erromatarren garaian, Pirinioek muga
gisa erabili ziren, baita ekonomian ere, zeramikaren
hedapenak eta diruaren erabilerak
adirazten duten bezala.
Erromatarrek, Italiatik kanpo lurraldeak
konkistatu ahala, administrazioaren aldetik
ere egituratzen zituzten lur beretu haiek. K.a.
197. urtean bi probintziatan banatu zuten
Iberiako Penintsula, Hispania Citerior (Ebroren
ibaiaren ingurukoa, bere baitan hartuko
zituena, konkistatu ondoren, autrigoiak,
karistiarrak, barduliarrak, baskoiak eta beroiak)
eta Hispania Ulterior (Guadalquivir
ibaiaren ibarra batez ere). Hispanian zeuden
erromatar armadako bi taldeen buruzagiei
zeini bere lurraldea ematea zen zatiketa
horren xedea. Bi menderen buruan
ia, Augustok beste probintzia banaketa bat
egin zuen, guztiz politikoa eta administratiboa (zibila), eta Inperio osoan zehar iraungo
zuena. Hispania hiru probintziatan zatitu
zuen: Vlterior Baetica (gutxi gorabehera
egungo Andaluzia hartzen zuen, eta Corduba
zuen hiriburua, senatoriala), eta enperadoreari
atxikitako bi probintziak, Vlterior
Lusitania (gaurko Portugal eta Galizia)
eta Hispania Citerior (horren barruan zeuden,
besteak beste, autrigoiak, karistiarrak,
barduliarrak, baskoiak eta beroiak).Alabaina, probintzia horiek oso lurralde
zabalak hartzen baitzituzten, eta lurralde
bakoitzeko herriak zeinek bere garapen
historikoa baitzuen, beste administrazio egitura
bat sortu zen (Augusto, Klaudio edo
Vespasianoren garaian), tokian tokiko komunitateen
egituratik hurbilagoa, eta conventus
zeritzana. Hasieran erlijio eta zuzenbide
ahalmenak besterik ez zeuzkan, baina
politika, administrazio eta ekonomia eginkizunak
ere hartu zituen denborarekin.
Citerior delakoa zazpi conventus-etan
zatitu zuten, horien artean Cluniensea, hiriburua
Clunia Sulpicia zuena (Peñalba de
Castro, Burgos), autrigoiak, karistiarrak eta
barduliarrak bere baitan hartzen zituena; eta
Cesaraugustanoa, hiri nagusia Caesaraugusta
zuena (Zaragoza), eta baskoiei eta beroiei
zegokiena. Bi conventus horien arteko
muga barduliarren eta baskoien arteko
bera zen.
Hiria (civitas), egitura bateragilea
Erroma gogotik saiatu zen mendean
hartzen zituen lurralde eta biztanle guztiak
erromatar gizarte antolamenduan bateratzen.
Erromatarrek hiria baliatu zuten eginkizun
horretarako, baina hiri hark ez zituen
gaur egun dituen ezaugarri berberak, inguruan
zeukan lurraldea administratzea eta gobernatzea
baitzen haren eginkizun nagusia.
Erromatar hiriak gune jendeztatu nagusi bat
zuen, eta han bideratzen ziren zeregin politiko
eta administratibo guztiak; horrez gainera,
hirigune horrek administratzen zuen
inguruko lurraldeak osatzen zuen hiria, eta
haren eginkizun nagusia, kasurik gehienetan,
hirigune-hiriburua kontsumorako gaiez
hornitzea zen.Hiriaren garapenari dagokionez, alde nabarmena
dago Penintsulako Euskal Herrian
hegoaldeneko lurraldeen (kontinente barnekoak)
eta iparraldekoagoen artean (itsasaldekoak).
Hegoaldean, Augustoren eta
Tiberioren garairako baziren zuzenbide estatus
berezia zuten hiri batzuk, udalerriak
alegia (Calagurris-Calahorra, Cascantum-
Cascante eta Graccurris-Alfaro), eta baziren
beste batzuk harrezkeroztik benetako
hiri gisa ari izan zirenak (Alba ?San Roman
de San Millan? eta Beleia ?Okako Iruña?
Arabako Lautadan, eta Pompaelo ?Iruñea?,
Nafarroan); gainerako lurraldeetan ordea,
K.o. I. mendearen bukaera arte ez ziren hiriak
ugaritu.
Baina lurralde horretako hiriak ez izanagatik
urbanizazioaren aldetik beste erromatar
hirien parekoak, gainerakoan eginkizun
politiko eta administratibo berberak zituzten,
inguruko lurren zentro ordenatzaile
ziren neurrian.
Bideak eta biziguneak
Bideak berehala hasi ziren herriguneak
lotzen, eta, era berean, herrigune berriak
sorrarazi zituzten beren inguruan.
Gizataldeak beren lurretatik ateratzen
hasi eta ingurukoekin harremanetan jartzen
direnean, bide naturalak erabiltzen hasten
dira, bai uretakoak (itsasokoak edo bestelakoak),
bai lehorrekoak. Lehorreko bideak,
hasieran bide naturalak zirenak, sendotu
egin ziren erromatarren garaian eta komunikabide
sare trinko bat osatu zuten; bide
horiek erabilera militarra izan zuten hasieran,
eta erabilera politikoa eta ekonomikoa
izan zuten gero, harik eta Erromako Inperioa
osatzen zuten lurralde zabalak egituratu
zituzten arte kristau aroaren lehen mendeetan.
Euskal Herrian bi ziren lurraldea lotzen
eta egituratzen zuten lehorreko bide nagusiak,
Antoninoren Ibilbidea deritzan antzinako
testu batean jasoak biak. Ibilbide horretako
XXXIV. bideak Asturica Augusta(Astorga, Leon), Burdigala delakoarekin
lotzen zuen (Bordele, Garona ibaiaren bokalean);
Hispania in Aequitaniam izeneko
bide ezaguna zen hura, iparraldeko mesetatik
eta Arabako Lautadatik igaroz, Nafarroan
sartu, Arakil ibaiaren ibarretik Iruñeara
heldu, eta, handik, Ibañetako lepoa (Summo
Pyrenaeo), edo antzeko besteren bat gurutzatuz,
Donibane Garazitik (Immo Pyrenaeo)
Frantzian sartzen zena, Bordele aldera.
Bide horretan zeuden inguru honetako
hiru hiri nagusiak, Beleia, Alba eta Pompaelo.
Hiri horietara iristen ziren, bestalde,
itsasotik behera zetozen bideak, Kantauri
itsasoko portuekin edo kaiekin lotzen zituztenak
(Castro Urdiales, Nerbioiko itsasadarra,
Gernikako itsasadarra, Deba ibaiaren
bokalea, Zarautz-Getaria, Donostia eta Irun-
Hondarribia). Hain zuzen ere, orain dela
gutxi aurkitu dira Irun aldean garai hartako
Bordeleko eta Londresko portuekin pareka
daitekeen K.o. I. mendeko portu baten egurrezko
hondakin guztiz garrantzitsuak.
Bigarren bidea Iter I delakoa da, Legio
(Leon) Tarraco (Tarragona), eta Italia lotzen
zituena. Bide horretan daude, Ebroren ibarraren
parte baskoian, erromatarren garaian
estatus juridiko pribilejiozkoa zuten hiru
hiriak, Calagurris, Gracchuris eta Cascantum.
Hiri horiek izan ziren erromatar munduan
sartu ziren lehen hiri baskoiak, eta
laborantzan oso oparoa izan zen lurralde
bat antolatu zuten. Horietako bat, Gracchuris,
K.a. 178an fundatu zuen jeneral erromatar
batek, konkistaren aldi berean.
Bagaudak
Erromako Behe Inperioan, eta aginpide
zentralak eragina galdu izanaren ondorioz,
matxinada ugari izan zen inperioaren aginpidearen
kontra.
Bagaudak, Galiako (Frantzia) eta Hispaniako
(Iberiako Penintsula) nekazari errebeldeak,
Galian agertu ziren lehenengo aldiz,
K. o. III. mendean, barbaroen inbasioek
eta dinastien arteko borrokek inperioarenaginpidea murriztua zuten unean. Hispanian,
Tarraconensean zehatzago, K.o. V.. endekoak dira mugimendu honen lehen
berriak, Galiakoaren antzeko egoeretan
gertatuak.
Antzinako idazleek klase apalak oso gutxitan
aipatu izanetik dator bagaudek historiografian
sortu duten interesa. Higikunde
garrantzitsua izan zen hura, matxinada handiak
bultzatu baitzituzten estatuaren kontra,
eta barbaroekin konspiratu ere egin
baitzuten.
Hala ere, bagauden gizarte mugimendua
ez da batere ondo ezagutzen, haien
aipamen idatziak oso gutxi direlako bereziki,
eta zehazgabeak eta zatikakoak direlako
gainera.
Euskal Herriari dagokionez, egile batzuen
ustean, Tarraconenseko matxinada
horiek baskoien lurretan bakarrik gertatu
ziren, oso gertaera bereziak baitira, baina
matxinada horiek berez Tarraconensearen
ipar-ekialde osoan izan ziren, eta, horrez
gainera, testuetan ez dira Arakilgo bagaudak
edota Tarazonakoak bakarrik aipatzen
(baskoi lurretan biak), bada orobat dokumentuetan
Zaragoza eta Lleidako eskualdeetako
bagauden aipamenik ere (baskoienak
ez ziren eremuetan biak).
Eztabaida historiografikoak bi aukera eskaintzen
ditu: gizarte higikundea/nazio higikundea.
Lehen kasuan, esklaboen eta
kolonoen egintzak izatea hartzen da batez
ere kontuan, eta jabe handien kontrako
erreakziotzat hartzen dira matxinada horiek.
Teoria nazionalak, berriz, ?bertakoak izatea?
nabarmentzen du beste edozer arrazoiren
gainetik, eta ?nazionalismoen?
erakusgarri gisa azaltzen du bagauden gatazka
hura, Galian zeltikoa izan omen zena
eta Hispanian berriz baskoia.
Baina ezaugarri horiekin bakarrik ezin
da mugimendu hura nolakoa zen guztiz esplikatu,
eta historialariak ez dira ados jartzen,
beraz auzi hori ziur asko hobe azal daiteke
arazoaren bi alderdiak kontuan hartuta.