Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Historia Unibertsala»Antzin Aroa

Demokraziarako bide luzea antzinako Grezian

Brontzezko greziar kaskoa, korintotar erakoa.<br><br>Kasko mota hau oso erabilia izan zen K.a. VI. eta V. mendeetan. Babes handikoa zen, burua eta ia aurpegi osoa estaltzen baitzuen, baina jantzita zeraman hoplitak ez zuen behar bezala entzuten borrokan ari zenean.<br><br>

Polisaren oinarriak Mizenasko erresuma ahaltsua desagertu ondorengo hiru mendeko aldi misteriotsuan ezarri ziren. Hain zuzen ere, polis izenaz ezagutuko zen lurralde eta gizarte/politika antolamendua bilakatu zen greziar munduaren ezaugarri behinena. Itzultzen sobera zaila gertatzen den polis hitzaren barruan sartzen ziren gaur hiritzat hartuko genukeen herribildua, hura inguratzen zuen nekazari eta baso eremua, biztanleak, eta horiek denak babesten zituzten jainkoak. Polisak beren burujabetzaren defenditzaile sutsuak ziren; VIII. eta VI. mendeak bitartean Mediterraneo osoko gune estrategikoetan eraiki ziren, kolonizazio Handia deitu zitzaion greziar zibilizazioaren hedatze mugimendu ikusgarri hartan. Horrekin batera, greziar hirietan politika eta lege erreforma sail bat kateatu ziren elkarren atzetik, eta berorien kariaz, aldi arkaikoan nagusi zen oligarkia aristokratikoari monopolioa kendu zitzaion, eta hiritarrek zuzenean kudeatu zituzten politika agintea eta justizia jarduerak. Demokratia deitu zitzaion Atenasen V. mendean hobetu zuten gobernu sistema hari, eta hura jotzen da greziar ondarearen funtsezko elementuetakotzat.K.a. 1200 inguruan erresuma mizenikoak erori zirenean, Aro Iluna deitu zaion hiru mendeko aldi bat hasi zen (XI. mendetik IX.era, gutxi gorabehera). Izenak dioen bezala, historialariek ezin izan dute gauza askorik jakin garai hari buruz, aztarna arkeologikoak urriak direlako, alde batetik, eta ez dagoelako iturri idatzirik, bestetik. Badakigu, hala ere, etengabeko biztanleria mugimenduak izan zirela garaitsu hartan. Orduan etorri ziren doriarrak Egeo aldera. Helenistek eztabaida handiak izan dituzte migrazio haien inguruan, tradizioz, iparraldeko eskualde menditsuetatik etorritako jende haien etorrera inbasio masibo eta hondatzailetzat hartu izan baita. Gaur egun ordea, uste da pixkanakaeta urte askoan zehar gertatutako migrazioa izan zela, azkenean bi kulturak erabat nahastu zirelarik. Iparraldeko jende haien etorreraz gainera, beste migrazio batzuk ere izan ziren Aldi Ilunean, hala nola joniarrak Asia Txikiko mendebalera eraman zituena.

Greziaren historian garrantzi handia izango zuten hiriak sortu zituzten han, Mileto, esate baterako.

Azken urteotan argitaratutako hipotesien arabera, Aldi Iluneko greziarren bizimodua artzantzan oinarritua zegoen. Eta lotura zuzena du horrek larrez larre ibiltzearekin eta garai hartako bizileku aldaketekin. Jende haren etengabeko behin-behineko egoerak esplikatuko luke hildakoak errausteko ohitura hartu izana ere, hobiratzea baino erritu azkarragoa eta errazagoa baita. Esan behar da, bide batez, ohitura horrek zuzeneko ondorioak izan dituela –eta ez mesedegarriak– arkeologoen ikerkuntza lanetarako.

Sasoi honetako aurkikuntza oinarrizkoenetakoa burdina urtzea eta lantzea izan zen.

Baina izan ziren beste batzuk ere, esate baterako, zeramika geometrikoaren sorkuntza eta idazketa alfabetikoaren asmakizuna.

Azken aurrerakuntza horri esker gauzatu zen garai hartako greziarren pentsamendu iraultza ospetsua. Homeroren poemak dira, guretzat, aurrerakada haren lehen erakuskari bikaina.

 

Hiri aristokratikoa

Aro Ilunean kokatzen da, zalantzarik gabe, polis edo greziar hirien sorrera. Beren burujabetza oso maite zuten mikroestatuak ziren eta bateratsu jaio ziren Greziakolurralde osoan. Aipatzekoa da orobat, biztanleen kopuru nahiko handiak hartzen zuela parte arazo publikoen kudeaketan.

Greziar zibilizazioaren gizarte eta politika antolamendu berezia zen polisa. Sortaldeko hiri-estatuetan ez bezala, poliseko aginpide zentroa ez zegoen tenpluan eta jauregian, baizik eta agoran, batzarra biltzen zen tokian, eta hantxe egon ohi zen heroi fundatzailearen hilobia ere.

K.a. VIII. menderako, mende horretan kokatzen baita aldi arkaikoaren hasiera, ez zegoen jada monarkiarik Greziako lurraldean eta eupatridak ziren –aristokrazioako kideak, alegia– polisetako buruzagiak. Horrela, Arkonteek gobernatzen zuten Atenas, eta Espartan berriz, Eforoen ardura zen aitoren semeek aginpide handiegia ez metatzea.

Aginpide banaketa modu horiek, hala ere, ez zuten egonkortasunik ekarri Greziako polisetara. Aristokrazia barruko tirabirak zirela eta, oso nahasia zen garai hartako politika egoera. Gainera, hazkunde demografikoaren eraginez eta jabetza erregimenak latifundiorako joera hartu zuelako, lur eskasia handia gertatu zen, eta horrek, noski, larriagotu egin zuen egoera.

Horrela etorri zen “Bigarrena” edo “Kolonizazio handia” deitu zitzaiona eta greziarrek, jatorrizko lurraldean kabitzen ez zirenez, Mediterraneo guztian sortu zituzten greziar polisak. Abantaila handiak lortu zituen Greziak kolonietatik. Lur emankorrak eskuratzeaz gainera, mozkin handiak atera zituzten polis berrien arteko merkataritza harremanetatik, eta greziar kultura edo helenismoa hedatzeko bide guztiz egokia gertatu ziren koloniak. Baina greziarren etorrerak lurralde berrietako biztanleentzat aldaketa handiak ekarri zituen bezala, kolonialismoaren garapenak ere eragin handia izan zuen jatorrizko lurraldeko polisen egituran.

Beren jatorrizko hirietatik urrun eta kontseilari zaharren aholkuen faltan, greziar kolonoak polis berrietan nolabait antolatu beharrean aurkitu ziren, eta horretarako, arautegi batzuk zehaztu behar izan zituzten.

Hain zuzen ere, arautegi horietan inspiratuko ziren Greziako legegile nagusiak.

Bestalde, kolonoek lurrak banatzerakoan “zuzentasunez eta berdintasunez” jokatzen saiatzen ziren, eta horrek eragin handia izango zuen Greziako lurjabe handien portaeran.

 

Arkaismoko erreformak

Kolonizazio handiak, zalantzarik gabe, Grezia arkaikoaren arazo larrienak arindu zituen, baina ez zion, berez, soluziorik eskaini hiri aristokratikoaren krisialdiari. Oligarkiaren aginpidea benetako zapalkuntza bihurtu zen berehala nekazari txikientzat, pixkana-pixkana hectemoro bilakatzen joan baitziren hauek (alegia, uztaren seiren bat ordaindu behar zioten lurjabe aberatsari).

Obligazio hori ez betetzeak esklabotasuna zekarren. Egoera guztiz larria zen eta herriak (demos) errotiko aldaketak eskatu zituen politikaren arloan bezala justiziarenean, eta anaiarteko gerra ikaragarriak piztu ziren.

Nekazari txikien jazarraldiarekin batera, beste bi gertakarik ere agerian utzi zuten oligarkia lurjabearen anakronismoa. Gertakari horietan lehena txanponaren sorkuntza izan zen, greziar asmamenaren erakusgarri garbia, eta horri esker, eskulangile eta merkatari asko atera zen txirotasunetik.

Bestalde, greziar armada, batik bat aitorensemez osatua egon zena –zaldiak eta gerra gurdiak edukitzea oso garesti ateratzen baitzen–, gero hoplitaz osatua egon zen. Hoplita zirelakoak, oinezko soldaduak ziren, hornizio arinagoa eta merkeagoa zuten, eta falange izeneko formazio itxiak eratuz gudukatzen ziren. Elkarlana eta berdintasuna ziren balio handieneko printzipioak gerlari berri hauen artean, eta horrek azkenean eragina izan zuen politikan ere.

Berebiziko garrantzia izan zuen, zentzu horretan, orduko legegileen ekarpenak.

Esate baterako, Solonek idatzitako arautegiaren indarrez libratu ziren nekazari txikiak esklabotasunetik, hark isonomia ezarri baitzuen, hau da, hiritar guztien “berdintasuna legearen aurrean”. Greziarrek beraz, legegileei gomendatu zioten beren krisialdiaren irteera, eta, bitxia gerta badaiteke ere, gobernu tiranikoen papera oinarrizkoa izan zen oligarkiaren monopolioa behin betirako desager zedin. Esandakoaren adibide bat, Korintoko Kipselo tiranoaren kasua izan zen: herri xeheak, nobleziari aurka egiteko afanean, laguntza osoa eskaini baitzion.

Hala, Kipselok, demosari kasu eginez, Korintoko jauntxoak ziren Bakiadatarren lurrak bahitu zituen eta hedatze politika bati ekin zion, eta horren kariaz, korintotarren irabazpide nagusia zen zeramika esportatzeko bideak ireki ziren. VI. mendearen azken aldera tiranoak desagertu zirenean, Greziako hiri asko prest zeuden demokraziaren ateetan jarriko zituzten neurri instituzionalak hartzeko.

 

Periklesen garaiko Atenas

V. mendearen hasieran, greziarrek ospe handiko bi garaipen izan zituzten pertsiarren aurka: Marathongoa, K.a. 490ean, eta Salaminakoa, handik hamar urtera. Garaipen horien indarrez, Atenas bilakatu zen Greziako polis karismadunena, bere lurraldea sakrifikatu baitzuen Heladea “ekialdeko etsai barbaroetatik” babesteko. Gainerako hiriek, esker onez, Delosko Ligaren buru hautatu zuten Atenas K. a. 478an. Liga hartako kide ziren hiriek hitz eman zuten pertsiarren aurka borrokatuko zirela sekula eta beti, atenastarren aliatu eta etsai berberak izango zituztela, eta Atenasko hiriari obedituko ziotela.

Aitzindaritza hura zela eta, Atenas biziki aberastu zen, batetik, Pireon egundoko merkataritza jarduera garatu zelako, eta bestetik, Ligako polis bakoitzak ordaintzen zion zergagatik (dirutan edo itsasontzitan ordaintzen zioten, lehendik ere Atenasek sekulako ontzidia zuen arren). Ekonomia egoera oparoa oinarrizkoa izan zen beraz, Efialtesek bere erreformak ezarriko bazituen. Bera izan zen 462an, areoapagoaren –hau da,agintearen monopolioa zuen aristokrazia kontseiluaren– eskumenak murrizten lehenik ausartu zena, eta batzarra (ecclesia), 500en Kontseilua (boule) eta auzitegiak (heliaia) indartu zituena. Efialtes eraila izan ondoren, Periklesek hartu zuen bere gain politika erreformak egitea, eta mendeko politikari garrantzitsuena eta gizadiaren historiako ospetsuenetako bat bihurtu zen.

Garai hartan lortu zuen Atenasek demokrazia eredu osatuena, nahiz eta beste hiri askotan ere sistema bera ezarri izan zuten.

Periklesek hartutako neurrien artean aipatzekoa da, K.a. 461eko xedapena, zeinaren indarrez, hiritarrek soldata jaso baitzezaketen haien politika jardueraren truke. Periklesekin, beraz, atenastarren egoera asko hobetu zen, eta hala, ez ziren jada aberatsak soilik hiriari zegozkion lege eta politika jardueretan denbora emateko aukera zutenak.

Atenasko hiritar-soldaduek ez zuten aginpidea politikari profesionalen eskuetan utzi eta horrek bihurtzen du haien sistema, egungo demokraziak baino perfektuago, azken hauetan hautesleek ez baitituzte botoaren bidez ordezkariak aukeratu baizik egiten.

Baina ez da ahaztu behar, bestalde, Atenasen, ez zutela botorik, ez politikan parte hartzeko beste ezein aukerarik, emakumeek, esklaboek eta bertan bizi ziren atzerritarrek.

Atenasko hiritar gizonezkoek soilik zuten politikan hitza, eta inoiz ez ziren izan 40.000 baino gehiago, 200.000 biztanletik gora zituen hiri batean. Beste hitz batzutan esanda, nahiz eta Atenasko demokrazia egungoak bezain biribila ez izan, aitortu behar da aurrerakada ikaragarria izan zela, sortu eta gailendu zen testuinguru historikoa kontuan hartuta.