Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Historia Unibertsala»Historiaurrea

Europaren Protohistoria

Gurdiaren hilobiaren planoa, K.a. V. mendea (Somme-Bionne, Frantzia).<br><br>

Historiaurrearen eta Historiaren arteko banaketa gogorregia gertatu zaie Europan aldi hori aztertu duten eredu historiografiko guztiei. Hori dela-eta, onartzen da izan zela aldi bat aski luzea (Protohistoria), zeinean idazkera ezagutzen zuten kulturek (alde horretatik, erabat sarturik leudeke horiek Historian) harremanetan jarri ziren halakorik ezagutzen ez zuten herriekin, eta horien berri eman zuten. Baldin onartzen badugu Asiako Ekialde Hurbileko herriak eta Egeo ingurukoak izan zirela Historiako aurreneko herriak, eta merkataritza harremanak izan zituztela Mediterraneo inguruko eta Europa erdialdeko gizatalde askorekin, Protohistoriak, Europan, Brontze eta Burdin Aroak ia osorik hartuko lituzke, ahaztu gabe aldi berean beste kultura eta gizarte gertaera garantzitsuak ere izan zirela. Goian esandako guztiak Europan eta Ekialde Hurbilean osorik betetzen badira ere, hortik kanpora ez dute inolako baliorik. Ameriketako kontinenteari aplikatzen badizkiogu definizio klasiko horiek, Amerika erdialdeko kultura multzo txiki bat baizik ez litzateke historikoa izango europar kolonizatzaileak bertara iritsi zirenean, eta protohistorikoak lirateke berriz horiek inguratzen zituzten herriak.

Jendea, oro har, teknikoki Historiaurretzat hartzen den horretan biziko zen, nahiz eta eginak eduki kultura maila handiko lanak. Areago, herri horiek ez baitzuten burdingintza ezagutzen (ezta brontzegintza ere, gaur egun ezagutzen dugun moduan), oso primitiboak gertatuko lirateke Kontinente Zaharreko sekuentzia klasikoa aplikatuz gero.

Hortaz, bereziki europarra da aipatu den eredua, Europa baita orain arte ongien ezagutzen den planetako eskualdea.Ikerketaren historian, lehen unetik bertatik geratu zen agerian gizadiaren historian metala aurkitzearen gisako berrikuntza tekniko batek izango zuen garrantzia.

Era horretan, Thomsenek egina zuen Historiaurrearen lehen sailkapenean, bereizitako hiru partetatik bi izendatzen ditu metalak: Brontze Aroa eta Burdin Aroa. Metalgintzaren jatorria Kalkolitos Aroko kobrearen langintzari lotzen bazaio ere, langintza horren ondorioz etorri ziren prozesu sozialak eta ekonomikoak pixkana gauzatu ziren Protohistorian zehar, edo, beste era batera esanda, Burdin eta Brontze aroan zehar.

Bi aldi horien izenek berek aipatzen dute jada ezaugarri nagusia: batez ere metal jakin bat erabiltzea (brontzeak berekin dakar nahasturaren berriztatze teknikoa eta kontzeptuzkoa; burdinak metalaren erredukzio prozesu nekeza behar du, eta metalezko lingoteak landu behar dira gero). Alabaina, gogoan izan behar da metala aurkitzeko prozesua, metalurgia teknika berrien ikasketa eta horren guztiaren zabalkundea ez zela homogeneoa izan ezta Europan bertan ere, eta alde handiak izan zirela leku batetik bestera.

Era horretan, eskualde batzuetan Kalkolitos Aroko substratu bat gorde zen, eta beste batzuetan berriz, aurreko usadioak erabat aldatuta, kultura eredu berriak sortu ziren.

 

Brontze Aroa

Oro har, esan daiteke K.a. III. milaldiaren bukaera aldean, edo II. milaldiaren hasieran, zein lurralde hartzen den kontuan, hasten direla sumatzen Brontzezko Aroak ezaugarri izango dituen lehen aztarnak. Lehen unean, eta, Europa mendebalean batez ere, brontzearen erabilera (kobre eta eztainu nahastura) ez zegoen guztiz zabaldua, eta gizarte hierarkia adierazten zuten objektuekin zegoen batez ere lotua (armak eta apaingarriak bereziki). K.a II. milaldiaren erdialdetik aurrera (Erdialdeko Brontze Aroan) hasi zitzaion brontzea kobreari argi eta garbi nagusitzen, eguneroko gauzak egiteko erabiltzen hasiak baitziren. Era berean, metalurgiako gune handiak sortu ziren, hala adibidez Iparraldeko Europan aurkitu dena, lehengaiak hornitzeko gune bat eta banaketa merkataritza sare sendo bat bazirela adierazten duena (izan ere, ez baitago eskualde horretan kobre edo eztainuzko biltegi naturalik). Prozesu hori guztia indartu egin zen K.a II. milaldiaren amaieran eta I. milaldiaren hasieran: aurreramendu tekniko berriak sortu ziren metala urtzeko sistemetan; saioak egin ziren nahastura berriekin; metal mota gehiago erabiltzen zituzten arma, tresna, apaingarri eta abar egiteko.

Lehengaien beharrak ?zilarra, kobrea, eztainua, urrea eta anbarra? merkataritza harremanak indartu zituen ?merkataritza horrenoinarriak lehendik ipiniak zeuden?, elkarrengandik oso urrun zeuden eskualdeen eta, batez ere, kultura taldeen artean (Baltiko Itsasotik zetorren anbarra aurkitu da Egeoko aztarnategietan). Harreman horiek asko indartu ziren K.a. II. milaldiaren aurretik, salerosketa gai berri bat zabaldu zenean: gatza.

Bi ekonomia jarduera horietatik etorri zen, metalgintzatik eta merkataritzatik alegia, eskulangileek eta merkatariek gizartean hartu zuten indar gero eta handiagoa. Era berean, pentsa daiteke gero eta handiagoa zela jarduera ekonomiko horiek menderatzeko interesa. Ezin da zehatz erabaki nola egituratu ziren gizarte hierarkiak prozesu horren inguruan, ezta zein eragin izan zuten ere. Baina meategi aberatsak zituzten Europa Erdialdeko eremuetan bazeuden Brontze Aroaren amaieran aro horren beraren hasieran ez zeuden hilobi aberatsak.Ekonomia eta kultura mendekotasunezko harremanen interpretazioa berriz aztertu behar izan da, Egeoko herrien oparotasunak uste okerra sortu izan baitu betidanik horri buruz. Izan ere, Uneticeko Europa Erdialdeko kulturak eduki zituen bere mendean Europako salerosketa bide nagusiak, bitartekotza eginkizunak baitzituen Baltikoaren, Grezia mizenikoaren eta Britainiar Uharteen artean. Eginkizun hori Tumuluen kulturak beretu zuen Brontze erdialdean, eta Kutxa Alorren kulturak (Urnenfeld) azken Brontze aldian. Eskulangintzak garai honetan iritsi zuen espezializazio handiagoaren alderdi berri bat beira ekoizteko gaitasuna izan zen, ordu arte trukez eskuratzen baitzen.

Ehorzketa zen aldi horretan heriotza erritu ohikoena, baina ehorzketak era askotara egiten ziren, eta orobat zen era askotakoa hilobi hornien nolakotasuna (eta horrek garbi adierazten ditu gizarte mailen arteko aldeak). K.a. II. milaldiaren bukaeran Kutxa Alorren kultura sortzeak ohitura horiek aldatu zituen, eta une horretatik aurrera gorpu erraustea zabaldu zen, Europa mendebalean batez ere.

Ekonomiaren oinarriak aurreko aldietako berak ziren -laborantza eta abeltzaintza-, eta gauzak ez ziren aldatu Brontze Aroan. Alabaina, jarduera horiek (laborantza batez ere) biziki hobetu ziren goldearen eta gurdiaren erabilerarekin, eta orobat metalezko tresneriarekin. II. milaldiaren erdialdean nekazaritza eta abeltzaintza indartu ziren, eskaerak gora egin baitzuen. Jarduera horiek, lehen bezala, aldian aldiko ehiza, arrantza eta fruitu bilketarekin osatzen ziren.

Brontze Aroan zeuden kultura anitzen artean, Unetice, Otomani eta El Argar ziren Europa erdialdeko eta mendebaleko kultura nagusiak. Mediterraneoaren inguruan, areagotu egin ziren lehendik ere baziren kulturen arteko aldeak. Egeoan Minos, Ziklada eta Heladetako zibilizazioak aurrerabidean zeuden, baina Mediterraneoko gainerako lekuetan ez zen aldaketa handirik sumatu K.a. II. milaldia arte, eta baita I.aren hasiera arte ere. Komeni da gogoratzea une horretan sortu zela Mesopotamian Babiloniako Hammurabiren Inperioa. Hurritek eta kasitek inbaditu zuten eremu hori K.a. XVI.. endean, eta, bi mende geroago, Asiriako Inperioa hasi zen osatzen. Bitartean, Egipton, Inperio Berriak hartu zuen Erdiko Inperioaren lekua, eta orduan hasi ziren Itsasoko Herriak deriztenen sarraldiak.

 

Burdin Aroa

Aurreko aldian gertatzen zen bezala, Burdin Aroa izenak ez du esan nahi metal hori aldi hori arte ezagutzen ez zenik. SortaldeHurbileko arkeologia aztarnategietan burdinez egindako gauzakien hondakinak aurkitu dira, K.a. hirugarren milaldikoak, nahiz eta horien langintzan erabiltzen zen prozesuak ez duen zerikusirik I. milaldian zehar garatu zenarekin. Alabaina, K.a. II. milaldian hitite burdinaren ekoizpena ezagutzen eta menderatzen zuten. K.a XII. mendetik aurrera, Itsasoko Herrien inbasioen ondoren, eta hititen inperioaren gainbeherarekin, hasi zen zabaltzen burdinaren ekoizpenaren sekretua. Teknologiaren Europako mendebalaldera hedatzeko kulturen arteko harremanak baliatu zituzten, Anatolia, Mazedonia eta Traziaren ipar-ekialdearen arteko kulturen artekoak, adibidez. Kolonizazioen fenomenoak ere kultura horien zabalkundea bultzatu zuen Mediterraneoan zehar, ekialdetik mendebalera Metalurgiaren munduan burdina sartzeak iraultza tekniko bat ekarri zuen (fusio tenperatura garaietara iristen diren labeak; mea lantzeko teknika berriak; tresneria berezia eta berria, etab.). Zailtasunak handiak ziren arren, burdinaren ezaugarriak direlaeta (lehengaia ia nonahi izatea, brontzeak baino erresistentzia eta malgutasun handiagoa, tresnak berriz urtu gabe konpontzeko aukera, etab.), ekoizpena merkeagoa eta kalitatez hobea izan zitekeen, eta gorabehera horiek guztiek burdinaren hedapena erraztu zuten. K.a 500 arte itxoin behar izan zen (II. Burdin Aroaren hasiera) brontzezko tresnak eta armak desagertuz joan zitezen, eta burdinak har zezan bontzearen lekua, batez ere egunero erabiltzeko gauzetan.

Burdin Aroan gizataldeen ekonomia oinarriak lehengo berak ziren. Alabaina, produktibitatea askoz handiagoa zen, bai burdina erabiltzen zelako tresnak egiteko ?laborantzakoetan batez ere: golde hortzak, aitzurrak, etab.?, bai tresna berriak asmatu zirelako (adibidez, sega). Era berean, berrikuntza handiak egin ziren janariak prestatzeko tresnerian ere, eta errota birakorren erabilera zabaldu zen.

Garai honetako kultura mundu zabalaren baitan, Burdin Aroan zehar gertaturiko aldaketek eragin nabarmena izan zuten lehendikako kulturetan. Oro har, ekialdeko inperio handiek halako beheraldi bat izan zuten, eta aginpide guneak mendebalalderantz mugitu ziren. Mendebaleko Mediterraneoa feniziarren eta greziarren salerosketa bideetan sartu zelarik, eta bere hiriestatuak hornitzeko herriguneak eta lantegiak eraiki zirelarik, komunikabide berriak sortu ziren, ondasun materialen trukea errazteaz gainera, bestelako aurreramenduak ere zabaldu zituztenak, hala dirua eta idazkera alfabetikoa.

Mendebaleko Europan, hurrenez hurreneko bi kulturekin lotu izan da usadioz Burdin Aroaren aldizkatzea: Hallstatteko kultura (I. Burdin Aroa) eta La Tènekoa (II. BurdinAroa). Alabaina, kulturak eskualdeka aztertuz gero, aniztasun handia dago, eta eskema hori ez da errealitateari aplikatzen erraza. Ezaugarri nagusiei begiratuz gero, Hallastatteko kultura Kutxen Zelaietako kulturaren ondorengotzat har daiteke.

Hauek dira ezaugarri nagusi horiek: tumulu azpiko ehorzketa (gurdiekiko ehorzketak), gorpu errausteak indarrean jarraitu zuen hala ere; Mediterraneoarekin eta Ekialdeko estepetako biztanleekin egin zen kultura eta salerosketa lotura; gatzagak ustiatzea, eta merkataritza sendotzea. Herrigune gehienak gotortuak ziren.

K.a. V. mendetik aurrera gora egin zuen biztanleriak, II. Burdin Aroko gizatalde haien oinarri ekonomikoak teknikoki hobetu izanaren ondorioz. Ikerlarien artean ez dago irizpide batasunik La Tèneko kulturaren sorburuari dagokionez (atzerritarren eragina; Hallstatteko kulturaren osagaiak beste batzuekin nahastu izana, etab.). Mediterraneo aldeko harremanak moteldu egin ziren, eta ekialdekikoak indartu, eszitekikoak batez ere. Bizilekuetan osagai berri bat agertu zen, oppida direlakoak (hiri-gotorleku oso zabalak); eta, dokumentuen arabera, antzeko kopuruetan lurperatzen edota errausten ziren gorpuak (agian, K.a. II. mendetik aurrera gehiago dira gorpu erraustuak). II.

Burdin Aroko herrion berrikuntza bat da, aurrekoekin alderatuz gero, testu klasikoetan jada aipatuak agertzen direla (testu greko eta erromatarretan), eta, hortaz, protohistorikoak direla teknikoki. Erromaren indarrak indargabetu egin zituen pixkana kultura europar horiek.