Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Gizarte jakintza»Gizarte gaiak

Komunikazioaz

Komunikazioa berba polisemikoa da, alegia, esangura bat baino gehiago dituena.

Testuinguruen arabera, komunikazio hitzak esanahi desberdinak hartzen ditu; hala ere, harremanaren ideia, leitmotiv legez, oso dago presente komunikazioaz dihardugunean; esate baterako: leku biren artean dagoen azpiegitura-bitarteko lotura komunikazioa dugu, makinen arteko informazio-trukaketaren oinarrian dagoen lotura komunikazioa dugu, pertsona biren edo gehiagoren arteko harremana komunikazioa da, hedabideek publiko zabalaren esku utzitako mezuak masa-komunikazioa delakoaren bitartez hedatu direla esan ohi da...

Bere barruan, komunikazioak, eredu eta ulerpide diferenteei esker, giza-bizitzaren alor guztiak hartzen ditu: komunikazioak gizarte-harremana ahalbidetzen dituen heinean, komunikazioak munduaren garapena bideratzen duen fenomeno pertsonal eta soziala da (gizakiak ez luke gizartea sortzerik, eratzerik eta aldatzerik komunikazio barik).

Komunikazioaren ingurukoa gai zabala da, zientzia eta diziplina desberdinen ardura izan ohi dena: antropologia, linguistika, filosofia, soziologia, zuzenbidea, zientzia politikoa, psikologia, historia, ekonomia, psikosoziologia... Den-denak arduratu dira modu esporadikoz edo iraunkorrez eskuartean dugun gaiaz. Komunikazioa, beraz, ikerketa eremu zabala da, bere baitan hamarren bat diziplina biltzen dituena. Diziplina arteko eremua da komunikazioa eta ez beste diziplina bat.Bere azepzio eta kontraesan guztien artean, komunikazioa gizarte-izar garrantzitsuenetariko bat da gaur egungo zibilizazioan, zeren gizakiari denbora- eta lekulotura estuegietatik askatzen lagundu izan baitio. Horra hor, bada, bere arrakastaren arrazoia. Komunikazioak higikortasun fisikoa eta mentala ahalbidetu dizkio gizakiari: leku batetik bestera joan ahal izatekoa (lekuzko muga fisikoak gaindituta), munduko edozein bazter bisitatzekoa hara joan barik (amets liluragarria), edo lau bazterretako lagun desberdinegaz berba batera egin ahal izatekoa (erlojuaren diktaduratik urrun).

 

Giza komunikazioa: laztana eta belarrirako berba

Giza-komunikazioa besteagaz harremanetan jartzeko bidea da. Hasi, gizakiak seinaleen bidez komunikatzen hasi ziren.

Elikagaiei buruzko, ehizazko edo ugalketaren gaineko informazio-zantzuak azaltzeko, gizaki primitiboak, besterik ezean, oihuak, garrasiak, orroak eta gorputz-atalen higidurak erabili zituen bere lehen talde-harremanak bideratzeko. Komunikazio-teknika primitibo haiek zehaztasun gutxikoak zitezkeela iruditzen zaigu gaur egun, eta ulermenprozesu nahasi zein korapilotsuak sortuko zituela esan ohi dugu gure artean. Zeinu primitibo, seinale eta keinuen bidezko komunikazio berezi horrek, batez ere, akzioei lotutako mezu konkretuak ekoiztu zituen, argi guztien arabera. Aurregizakiek sortu eta ezarritako komunikazio-eredu pertsonal primitibo horiek ez dira galdu, gaur egun ere bizirik diraute gure artean hitzen bidez azaldutakoak biribiltzeko, edo berba hutsez esateko gauza ez garen zenbait kontesturi aurre egin ahal izateko. Orduko komunikazio-eredu zaharretatik, pertsonak kinesia, proxemia eta paralengoaia gorde ditu komunikazioaren osotasuna eraikitzeko teknika garrantzitsu moduan. Laztanaren balio komunikatzailea ez du gaur inork dudan jartzen.

Baina, komunikazioaren lasterketan, gizakiak berbaren bidez egin du aurrera batez ere. Informazioa trukatzeko orduan, lengoaia berbatuak zehaztasuna ekarri dio jario komunikatiboari. Hitzak, era berean, pentsatzeko gaitasuna garatu du. Berbak abstrakzioa, ametsa, sintesia eta indukzioa ahalbidetu ditu: berbak historiara eta kulturetara hurbildu gaitu.

Hasiera batean, nola seinale primitiboen sistemak hala hizketa berbatuak aurrez aurreko komunikazioan baino ez dira izan erabilgarri: pertsonek elkarren bistan egon behar dute (une eta leku berean) belarrira berba egin ahal izateko edo laztantzeko.Komunikazio-zeinuak berehalako kontsumorako barik, geroratutako kontsumorako ere erabil litezkeela deliberatu zuenean, komunikazioak denbora- eta lekumugak oro gainditu eta bere mendean eduki zitzakeela ondorioztatu zuen gizakiak.

Izan ere, komunikazio-zeinuak marraztu edo idatzi eta gorde zikezkeela ikusitakoan, gizakiak erraz jakin zuen mintzakideek ez zutela zertan elkarren bistan egon elkarren berri edukitzeko, nahikoa zelako, bada, norabait hurbiltzea eta han besteek utzitako informazioa jasotzea. Komunikazioak bere betikotasun eta betirautea deskubritu zituen ideia idatziari esker.

Komunikazio ez-presentzialaren lehen zeinu gordeak kobazuloetako marrazkiak izan dira; horien atzetik etorri dira gerora piktogramak, hieroglifikoak, logografiak, silabarioak, alfabeto fonetikoak...

 

Gizartekomunikazioa, belarrira barik ozen egin ohi dena

Giza-komunikazioaren oinarrian konpartitzearen ideia dago; gizarte-komunikazioarenean igorpena, hedapena, transmisioa eta difusioa daude. Ereduz, teknikaz eta helburuz giza-komunikazioaren esparrua gainditzen duen fenomenoaren aurrean gaude gizarte-komunikazioaz dihardugunean, handika eta modu ozenean egin ohi den komunikazio-eredua baita.

Gizarte-komunikazioaren helburu nagusia ez da, bada, elkartruke indibidualean oinarritutako giza-harremana (hurkoagaz egiten dena, talde txikian burutzen dena, aurrez aurrekoan duena bere espresiorik intimoena), talde zabalagoengan pentsatuta burutzen dena baino. Gizarte-komunikazioan, elkartrukearen ideia bigarren maila batera baztertu da, helburu nagusia gauzak errendimentu handiz esatean baitatza.

Liburuak, egunkariak, aldizkariak..., diskoak, filmak..., irratia, telebista, internet.... oriek dira gizarte-komunikazioaren tresnarik erabilienak.Gizarte-komunikazioaren zabalkundeak eta leherketak mundua auzune bilakatu dute. Gaur egungo komunikazioa, handika eta ozen egiten dena, mundu mailako gizarte, kultur, politika eta ekonomi orekari eusteko, armadak eurak bezain garrantzitsu bilakatu da.

Komunikazio-eredu hau, bestalde, kontsumoaren legeen arabera funtzionatzen duen jario mediatikoa da. Informazio izenaz ezaguna dugun ezagutza-ereduaren saltzaile dira, egungo gizartean, hedabideak, mass-mediak. Informazioa, egun, saldu eta eros daitekeen produktua da, demandaren arabera funtzionatzen duena: gehiago behar denean, gehiago; gutxiago behar denean, gutxiago; ikusita zertarako behar den, horretarako.

Gizarte-komunikazioak bere kulturaeredu propioa sortu du: masa-kultura kontsumista.

Gaur kontsumitzen dugun informazioaren zatirik handiena (hamarretik zortzi edo gehiago) berri-agentzia eta kulturekoizle transnazionalek sortzen eta zabaltzen dute. Hedabideen esku, globalizazioa, kulturen eta identitateen globalizazioa, fakto bat da, begi guztien aurrean dagoena. Baina, eta horretaz gain, handika funtzionatzeak ekarritako globalizazioa ideologia ere bada: ideia-sistema bat, doktrina bat, jokabideak baldintzatzen dituen filosofia bat.

Eta gu fakto eta ideologia horien inguruan bizi gara, nahi eta nahi ez.

Gizarte modernoen gorakada soziala modu egokian ulertu ahal izateko, beharrezkoa da, izan, garaian garaiko hedabideen garapena eta inpaktua aztertzea, analizatzea.

Hedabideen izakera mediatikoa aldakorra izan da historia modernoaren joanean, egokitu egin delarik garaian garaiko beharrizanetara, eta egokitze jarduera horren bitartez bere isla utzi du gizartean bertan. Baina, zerbait amankomuna ikusten baldin badugu hedabideen garapenean, lehen begiratu arinean besterik ez bada ere, hauxe da: garapena garapen, medioek konpromezu estua eduki dutela mundu modernoko erakundeegaz (elizak, parlamentuak, giza taldeak, alderdi politikoak, sindikatuak). Hedabideen aldaketa eta garapena oso egon da lotuta gizarteerakundeen aldaketei.

 

Botereak eta masa-komunikazioa

Komunikazioan jardutea ez da bakarrik zerbait deskribatzea, zerbait kontatzea; ezpada, ekintza bat burutzea, ekintza bat betetzea. Hitz egite soila, esate baterako, gizarte-ekintza bat da, non gizakiek eurek ezartzen eta berriztatzen baitituzte batzuenbesteekiko harremanak eta harreman horien hierarkizazioak.

Esan dezagun hasieratik bertatik, gizarte-komunikazioa demokraziaren funtzionamendu-baldintza da. Ez dago masa-demokraziarik komunikazio barik. Masa-komunikazioa, bere ontasun eta kontraesan guztiegaz, demokrazia ereduaren funtzionamendu-bermea da.

Zer paper du masa-komunikazioak gizartean? Zelan uztartzen da masa-komunikazioa botere-egiturekin? Zelan laguntzen du masa-komunikazioak gizarte-harremanen iherarkizazioan? Masa-komunikazioa eta botereak beti egon izan dira elkarrengandik hurbil. Boterea modu diferentez definitu izan da.

Boterea, izatez, norberak dauzkan helburuak lortzearen izenean, norberak egin dezakeenerako ahalmena da. Boterean jarduteak norberaren inguruan egon daitezkeen baliapideen erabilpen konkretua ekar dezake, eta halaxe dakar gehienetan: baliapideok zerbaiten izenean, zerbaitetarako erabiltzen dira. Zenbat eta baliapide gehiago eduki, badirudi errazagoa dela lortzea helburua; bestela esanda, zenbat eta baliapide gehiago eduki, badirudi boteretsuago garela izan.

Botere desberdinez egin ohi da berba: botere ekonomikoa (gizakiaren ekoizpen-prozesutik datorrena: nekazaritza jardueratikoa, industria jardueratikoa, arrantzatikoa, zerbitzuetatikoa...); botere politikoa (gizartearen indar-taldeen koordinazioak bermatu ohi duena: Estatuaz dihardugu normalean); botere zigortzailea (aurkaria menderatzeko bortxa erabiltzera ohituta dagoena: armada, polizia, gartzela-erakundeak...); eta botere kulturala edo sinbolikoa (signifikazio-ereduak sor-Boterearen aurpegiak

 

Masakomunikazioaren euskarrien erabakigarritasuna

Elkartrukatze-prozesu guztietan aurkitzen dugu euskarri material bat: aurrez aurreko berbaldian laringea, aho-kordak, belarriak ditugu euskarri fisiko; hedabideen kasuan euskarri hori teknikoa da kasurik gehienetan: prentsa eta papera, uhin hertziarrak eta grabagailuak, filma eta proiektorea...

Euskarri teknikoek komunikazioari berari ezaugarri berezi eta propioa aitortu diote: mezua finkatzearena, iraunkor bilakatzea.

Mezua finkatuago geratzen da euskarri teknikoek komunikazioan parte hartzen dutenean, hartzen ez dutenean baino.

Hedabideek aireratutako mezuaren irakurketa berri baten atarian gaude. Izan ere, mezuaren erreferenteak berak duen garrantzi soziala zein den kontutan hartu barik (politikoa, ekonomikoa edo kulturala den, esate baterako), mezuak, mezuak berak –ez erreferenteak–, bere bizitza propio eta iraunkorra dauka, komunikatua izan den euskarri teknikoari esker gorde baitaiteke.

Komunikazio mundualizatuaren garaiotan, mezuaren iraunkortasuna ez datza albistearen erreferentearen garrantzia sozialean; ezpada, lekuko aproposen agerketan.

Eta horrela idazten da Historia. Hedabideetan ez dagoena ez da egongo Historian.

Hedabideen lekukotasuna falta duenak nekez idatziko du Historia.

Hedabideek ezaugarri propioa ematen diote mezuari, informazioari (eta, inoiz, erreferenteari –gertakariari–). Hedabideek, jakina denez, mezua hamaika aldiz erreproduzitzen dute: informazio beraren kopiak lau haizeetara botatzen dira. Paradoxikoena hauxe da: erreferentearen entitatea edozein delarik, gertakaria hedabideen eskuetara heldu eta kontsumorako prest den albisteak, horrexek edukiko duela bere isla gizartean, ez bestek. Egun, hedabideak eta albisteak egiten dute Historia, ez gertakariek.

 

Gizartekomunikazioaren ikerkuntzaren erradiografia

Komunikazioa eta gizartearen arteko harreman konplexuei erreparo eginez, ikerlarien artean, nagusiki, lau jarrera zientifiko desberdin aurkitu ohi dira, azken hamarkadetan:

 

Lehen taldea: apologeta integratuak

Euren lanetan, korronte honetako ikerlariek oso ikuspuntu optimista erakusten dute gizarteaz zein komunikazioaz. Apologetek aldarrikatua dute komunikaziogizarte berriak gizarte demokratikoagoa eta kohesionatuagoa sortzen duela. Apologeten arabera, komunikazio-gizarteari egindako kritikak eta kontrako jarrerak aldaketa orori zaien beldurrari leporatu behar zaizkio.

Informazioa modu ozen eta handikakoan sortzen eta barreiatzen duen komunikazio-gizartearen aurrean kritiko moduan agertzea, apologeta hauen ustez, arkaismoetan eskulotuta egotearen sinonimoa da.

Jarrera apologetikoen arabera, mundu mailako iraultza berri baten aurrean gaude, eta logika ekonomikoa da iraultza horretako motore eta bultzatzaile.

Egia esan, horixe da, hain zuzen ere, komunikazio alorreko industriarik handienek, multinazionalek eta transnazionalek, itsaso guztietako lau haizeetara zabaldu duten itxaropen-mezuaren funtsa: masa-komunikazioaren logika merkantilista.

Komunikazioaren merkatuek aurrera egin ahala, handitu ahala eta munduaren zati ederragoa bere mende egin ahala, gehiago eta gehiago dira komunikazio-gizartearen apologeta bilakatu direnak.

 

Bigarren taldea: kritiko gorriak

Komunikazio globalizatuaren desbideraketak salatzen dituzten ikerlariak sartu ohi dira multzo honetan. Egungo ikerlari kritikoentzat, bihar-etziko gizarte kontrolatu eta sumisoaren aurpegi modernoa da gizarte-komunikazio mundializatua.

Komunikazio mundializatuak badu osagai ekonomiko eta politiko garrantzitsua, baina batez ere ideologikoa da bere muina ikerlari kritikoentzat: komunikazioeta kultura-enpresa berriak domeinu ideologikoaren sare berri indartsuak ari dira antolatzen gizarteari indarrezko alkandora estua ezarriz.Erreferentzia marxista eta estrukturalistetatik hurbil dauden ikerlari hauentzat, domeinu-ereduak aldatu egiten dira, ez ostera, domeinua bera edo boterea.

Hala ere, ikerlari kritikoentzat, komunikazio-teknikak ez dira, berez, desegokiak.

Ikusi beharrekoa eta aztertzekoa hauxe da: zein proiektu politikoren mesedetan diharduten.

 

Hirugarren taldea: enpirista anbiguoak

Abiapuntu moduan, enpiristek aldarrikatua dute komunikazioak ez duela, berez, gizartea justuago edo igualitariagoa egiten; halaber, diote komunikazioak lagun egin dezakeela, eta halaxe egin ohi duela, ideal demokratikoaren zabalkundean. Komunikazioa ez da nahikoa gizartea demokratizatzeko, baina balio dezake demokraziaren aldeko borrokan gizarteko kontraesanak gainditzeko.

Komunikazioa anbiguoa da. Ez da panazea, baina gizartea hobetzen bere lana egin lezake.

 

Laugarren taldea: nihilista postmodernoak

Konfiantzarik ezak definitzen ditu nihilistak.

Deskonfiantza agerikoa dute nihilistek gizarteaz eta gizakiaz. Talde honetan, ideia nagusia hauxe da: oinarrian, gizartea ez da aldatu eta ez da aldatuko; nahiz eta demokraziak, zenbait kasutan, egoerak hobetzen laguntzen duen. Komunikazioak, nihilistentzat, ez du giza harremana, berez, aldatzen eta hobetzen laguntzen; eta, printzipioz, leloei ziria sartzeko artea baino ez da gizarte-komunikazioa. Gizakiak ez du zentzu kritikorik eta komunikazioaren aurrean leloarena egiten du.

Gutxiengo bat dago, bakar-bakarrik, kulturaz jantzia. Gutxiengo horrek ezagutaraz eta sala lezake, bakar-bakarrik, masakomunikazioa den gezurra. Gehiengoa, ostera, itsua da komunikazioaren ilusioaren aurrean. Nihilistek ez dute sinesten ez gizartean, ez pertsonengan ezta demokrazian ere.

 

Zer ulertu behar da komunikazio berbaren inguruan?

 

Kerbrat-Orecchioni, ekoizpen eta interpretazio ereduak

Informazio-iturriak mezu kodifikatua igortzen du, beste norbaitek, hartzaile dei geniezaiokeena, mezu hori hartu, deskodetu eta ulertu dezan. Igorlearen kodetzea- eta hartzailearen deskodetzea-lanek ez dute beti emaitza bera ematen, ekoizpen- eta interpretazio-ereduak ez datozelako beti bat igorlearengan eta hartzailearengan.

Gaitasun linguistikoa eta paralinguistikoa gizakiarentzat berezkoak dira, mezua eratzen edo konposatzen parte hartzen dutenak, batez ere zentzuaren sorkuntzan.

Gaitasun linguistikoa gizakiak mintzaira eratzeko duen gaitasuna da. Paralinguistikoak hizkuntzatik kanpoko ahozko keinuteria besarkatzen du; estentsioz, kinesiaz eta proxemiaz ere hitz egin daiteke atal honetan.

Ostera, testuinguruak lagunduriko gaitasun ikasiak dira ideologikoa eta kulturala.

Komunikazio-egintzetan, igorlearen eta hartzailearen egoera psikologikoa ez da beti bera izaten eta egoera horrek baldintza dezake informazio-trukaketa.

Gaiak berak dauzkan zailtasunak eta zailtasun erretorikoak bildu dira berbaldiaren zailtasunak deitutako ataltxoan.

Zenbait gairi buruz berba egitea errazagoa da; beste batzuei buruz, ostera, gaitzagoa.

Gaiak berak ere zail dezake komunikazioprozesua.

Bi dira komunikazio-ekintza batean parte hartzen duten jardule nagusiak: igorlea eta hartzailea. Nork bere modua, bere eredua dauka. Igorleak mezua eredu zehatz baten arabera ekoizten du, bere baldintzen araberakoa: ekoizpen-eredua. Hartzaileak, bere aldetik, antzera dihardu eta bere interpretazio-eredu propioak eraikitzen ditu.

 

Gizartekomunikazioaren egoera Euskal Herrian

Panorama aldakorra da, batez ere herri-, hiri-, eskualdeeta lurralde-medioen kasuan

 

Irratiak

 

Aldizkariak

 

Telebistak

 

Egunerokoak