Gizarte jakintza»Gizarte gaiak
Sozializazioa eta kultura politikoa
Sozializazio terminoa, oro har, gizarte
talde bateko kide bat talde horretan nagusi
diren balioak, arauak eta jokabideak hartzera
daraman prozesua adierazteko erabiltzen
da. Jarduera politikoaren arloan,
berriz, sozializazioa gizartearen homogeneotasuna
eta iraunkortasuna bermatzen
dituzten balio, arau eta sinbolo politikoen
transmisioa da, eta sozializazio politikoa
esaten zaio. Atal honen amaieran azalduko
dugunez, kultura politikoa prozesu horren
emaitza edo ondorioa da.
Sozializazio politikoa, beraz, prozesu bat
da, zeinean gizabanakoak bere egiten baititu
gizartean hobeto integratzeko eta parte
hartzeko behar dituen ezaguerak, gaitasunak
eta jokaerak. Prozesu hori haurtzaroan
hasten da eta nerabezaroan eta gaztaroan
jarraitzen du. Bizitzaren aldi horietan
du indarrik handiena, baina, ikusiko dugunez,
ez da gelditzen pertsona bizi den artean,
bizialdi osoa irauten du.
Antropologia, psikologia eta soziologia
Sozializazioak esanahi desberdina du
sozializazio prozesuak aztertzen dituen jakintza
bakoitzarentzat. Antropologiarentzat,
sozializazioa kulturaren ikuspegi orokorretik
aztertu behar da, kultura gordetzearen
eta hedatzearen arazoak abiapuntutzat
harturik. Ikuspegi horren arabera, sozializazioaren
zeregin nagusia kultur ereduak
atxikitzea, iraunaraztea eta belaunaldiz
belaunaldi transmititzea da. Beste era batera
esanda, antropologiarentzat kultura politikoa
subjektu pasiboei helarazten zaien
osotasun egonkor bat da. Gizarte primitiboetan
gatazkak oso bakanak direnez eta
desadostasunik ez dagoenez, haiek jartzen
ditu eredutzat.Psikologiarentzat eta bereziki Freudentzat
eta haren eskola psikoanalitikoarentzat,
ordea, sozializazioa gizabanakook jaiotzetik
ditugun bulkadak menderatzea eta
gizarte forma baliagarrietara bideratzea da,
bulkada horiek, berez, gizarte bizitza honda
baitezakete. Halatan, sozializazioaren
bidez gizarteak gizabanakoei galdegiten die
beren sexu joera berezkoetatik eta oldarkortasun
sentimenduetatik urrun daitezen
bide zibilizatzailean aurrera egiteko. Nork
bere sentimendu eta joera senezko horiek
sublimatu, menderatu eta zapuzten baditu,
gizarte taldeak eratu ahal izango dira, eta
gizabanako bakoitzak bere eginkizun edo
rol berezia izango du talde horietan. Horrenbestez,
psikologiak gizabanakoari ematen
dio garrantzia, norberaren eginkizuna
edo rola ikasteari (buruzagia, burokrata,
ekintzailea, funtzionarioa, etab.); soziologiarentzat,
aldiz, taldea da garrantzitsuena
jarduera politikoan.
Izan ere, soziologiaren ikuspegitik
sozializazioaren helburua da herritarren arteko
adostasuna, rol instituzionalekiko eta
gizarte antolamenduarekiko atxikimendua,
banakoek gizartearen egitura eta arauak
onartzea. Horrek esan nahi du sozializazioa
egokitze prozesu bat dela, gizarteak jokaera
okerrak eragozteko eta ezarritako ordena
bermatzeko erabiltzen duen bidea.
Hala ere, gizartearen egituraz edo antolamenduaz
hitz egitean, ezin dira bazter utzi
banakoen premiak, norberaren nahiak bete
beharra, gizabanako bakoitzaren nortasunaren
eta rol berezien eskakizunak; aitzitik,
banakoen eta taldearen beharrizanak bateratu
egin behar dira, gizarte antolamenduaren
eta gizabanakoen gogobetetasunaren
arteko oreka gorde behar da; bestela,
liskarrak piztuko dira eta gizartean ez da
egonkortasunik izango.
Sozializazio politikoaren faseak eta eragileak
Sozializazio prozesuak aztertzeko, batez
ere haien faserik garrantzitsuenean, hau
da, haurtzaroan, hiru alderdi nagusi hartu
behar dira kontuan.
• Lehenik, bertikala edo, beste hitz batzuekin
esanda, sozializazio primarioaren
eragileak: familia, gurasoak eta
irakasleak.
• Bigarrenik, horizontala edo talde adinkideak,
gizarte klasea eta sexua.
• Eta, azkenik, alderdi kronologiko edo
longitudinala, hau da, gaur egungo sozializazioa
aplikatu ahal izango dengaraiari eta prozesu horretatik emaitza
konkretuak lortuko diren egoerari dagokiena.
Alderdi kronologikoari buruz esan dugun
horrek erakusten duenez, sozializazio
politikoa gizabanakoaren etorkizuneko
jokaera aurreratzen saiatzen da, aurretiaz
irudikatzen den baina oraindik iritsi ez den
etorkizun batean interpretatuko duen rol bat
edo rol multzo bat betetzeko prestatu nahi
du gizabanakoa. Hau da, gizabanakoa aurrena
eskolatu egiten da politikan eta gero
hasten da arlo horretan heldu gisa jokatzen,
edo, beste era batera esanda, doktrinatzea
eta jardute politiko heldua ez dira aldi berean
gertatzen.
Sozializazio politikoaren eragileak gizarte
bakoitzean nagusi diren balioak, arauak
eta jokabide ereduak transmititzen dituzten
pertsonak edo erakundeak dira. Logikoa
denez, oso ugariak dira, eta bi eratara jardun
dezakete: denek batera eta elkarren
osagarri gisa edo, bestela, elkarren lehian,
eduki desberdinak transmitituz; hori, bestetik,
gizartearen balio eta iritzi aniztasunaren
berezko ondorioa da. Horregatik, zaila
da sozializazio prozesu bakar eta berdinik
irudikatzea.
• Familia da sozializazioaren eragile
nagusia, ez soilik denboran lehena delako,
baizik eta, gainera, familiako doktrinatzeak
nortasunean uzten duen arrastoa guztietan
sendoena delako, familiak beste edozein
eragilek baino itzal handiagoa duelako gizakiarengan.
Gizabanakoak, nagusiki, familian
betetzen ditu bere beharrizanak, hala
gorputzezkoak nola maitasunezkoak zein
nortasunezkoak, batez ere familian mamitzen
du bere izaera. Nolanahi ere, gizartearen
eraberritzea, irakaskuntza publikoa eta
ume gehienak lehen haurtzarotik bertatik
eskolatzeko joera direla eta, familia eskolaren
esku uzten ari da sozializazio prozesuan
betetzen duen eginkizun guztiz garrantzitsua.
• Eskolak gizartearen balioak zein eta
zertan diren ikasten laguntzen dio gizabanakoari;
hori da erakunde gisa dagokion
zeregina. Herrialde eta errejimen totalitarioetan
eskolak eginkizun funtsezkoa betetzen
du sozializazio politikoaren eragile gisa,
beraren bidez hedatzen baita herrialde
bakoitzean indarrean dagoen ideologia.
Euskal Herrian, esaterako, eskola frankistak
arrasto nabaria utzi du, bai hizkuntz
arazoa dela eta, bai irakasten zituen eredu
eta balioak familian ikasten zirenen aurkakoak
zirelako.
Baina, balioak eta edukiak transmititzeari
dagokionez, eskolak berebiziko
garrantzia du errejimen demokratiko eta
pluralistetan ere, non beste erakunde batzuekin
lehiatzen baita zeregin horretan(familia, Eliza, hedabideak...). Familia guztiek
ez dute egitura edo ideologia bera,
baina kontuan izan behar dugu eskola ereduen
artean ere desberdintasunak eta
aldeak daudela. Ikaskuntza politikoari
dagokionez, familia eta eskola garrantzi
gutxikoak dira, ez dute eragin handirik arlo
horretan. Nortasunaren ezaugarri eta joera
nagusiak, ordea, haurtzaroan eratzen dira,
familian nagusiki, eta eragin handia izaten
dute jokaera politikoan.
• Familia eta eskolaz gain, adinkideak
edo lagunak ere sozializazioaren eragile
primarioak dira. Haurtzaroan bertan funtsezko
eragina dute kontzientzia moralean,
justiziaren zentzuan eta adin zein gizarte
maila bereko beste neska-mutil batzuekin
lankidetzan aritzeko joeran. Berdinen taldean,
haur guztiek parte hartzen dute erabakitze
prozesuetan, beren borondatez, eta
talde hori haien mundua nagusien mundutik
bereizten duen muga edo hesia da.
Sozializazio politikoan badira beste eragile
batzuk ere, baina ez dira hain garrantzitsuak
eta sozializazioaren bigarren etapan
soilik jarduten dute.
• Hedabideek gizabanakoak dagoeneko
bere egin dituen eta talde jardueraren
bidez kontziente egingo diren jarrerak
sendotzen dituzte. Hedabideen eragina
handiagoa da haurtzaroan helduen jokabide
politikoan baino: izan ere, helduek balio
egonkor batzuk bereganatuak dituzte
jadanik, eta balio horiek aldatzen zailagoak
dira.
• Elizak ere esku hartzen du sozializio
politikoan, batez ere haurtzaroan eta nerabezaroan,
jokabide sozial zein politikoaren
ereduak eta balioak irakatsiz. Gero, fabrikak,
lantokiak, alderdi politikoak, sindikatuak
edo bestelako erakunde politiko,
kultural edo kirolezkoek hartzen dute Elizaren
lekua.
Kultura, subkultura eta kontrakultura politikoak
Kultura politikoa iritzi edo balio politikoek
eraturiko sistema egonkor bat da.
Iritzi eta balio horiek esparru edo testuinguru
politiko jakin batean gertatzen diren
elkarrekiko harremanen eta elkarrekintzaren
emaitza dira. Beste era batera esanda,
kultura politikoa sistema politikoaren eta
haren kideen historiaren emaitza da eta, horrenbestez,
gizarteko gertaeretan zein norberaren
esperientzietan oinarriturik dago.
Zientzia politikoan adituak diren pentsalari
batzuen iritziz, kultura politiko terminoa“contradictio in terminis” da: kultura gatazkarik
gabeko gizarte giro baketsuak sorturiko
zerbait da, eta politikoa, aldiz, horren
kontrakoa izan ohi da, alde batek gainerakoen
nahiei muzin eginez ezarritako zerbait.
Nolanahi ere, kultura politikoa sistema
politikoaren funtzionamendua aztertzeko
saio bat da, baina ez psikologiaren interpretazio
banakakotik, ezta makrosoziologiatik
ere, ezpada tarteko ikuspegi batetik,
non kontuan hartzen baitira faktore kognitiboak
edo giza ezagumena, ebaluazio
faktoreak edo konfiantza mailak, eta faktore
afektiboak edo gogobetetasun mailak,
Ipar Amerikako teoria behavioristei jarraiki.
Kultura politikoa aztertuz, talde politiko
jakin batek duen nortasunaren indarra neurtu
nahi da, haren idealak eta helburuak,
haren sinesmenak eta balio komunak, hau
da, talde, gizarte edo nazio bakoitzari izaera
desberdina ematen dioten tasunak. Bestetik,
horrek ematen die zentzua kolektibitate
horren jarduera eta helburu politikoei.
Nortasun edo kultura politiko berezi hori,
beraz, talde horren jarduera politikoaren
emaitza da eta bere dinamismoari esker
irauten du eta eraldatzen da.
Nolanahi ere, aitortu behar dugu ez dela
ohikoa herrialde batean kultura politiko bat
bakarra egotea. Kultura ofizial edo nazional
bat egon ohi da, zeina sistema politikoadministratiboaren
jokabidean islatzen baita,
baina badira subkulturak ere: beren sinesmen
eta balio politiko bereziak aldarrikatzen
dituzten gizarte klaseenak, talde
etniko eta erlijiosoenak edo gizarteko beste
kategoria batzuenak (hippyak, punkak...).