Gizarte jakintza»Gizarte gaiak
Neoliberalismoa
Liberalismoa unibertso ideologiko plurala
da. Horrekin esan nahi dugu singularrean
aipatu ohi dugun ideologia horren
barruan joera desberdinak daudela eta bakoitzak
bere ikuspuntu bereziak dituela zenbait
gairi buruz. Hala ere, liberal guztien
ustez gizabanakoaren askatasuna da giza
bizitzaren baliorik gorena, eta askatasun
hori babestea eta sustatzea da agintari politikoen
eginkizunik behinena. Liberalismoaren
muin morala formula horretan laburbildurik
dago. Joerak joera, beren burua
liberaltzat daukaten guztiak bat datoz horretan,
eta eragozpen handirik gabe aldezten
dute denek printzipio hori. Horren ondorioz,
edozein erakunde publikoren jarduera
ebaluatzean, liberal guztiek kontuan
hartzen dute erakunde horrek zenbateraino
babestu, errespetatu eta sustatzen duen
gizabanakoaren askatasuna; hori da liberal
guztiek erabiltzen duten irizpide nagusia.
Hala ere, formula horretan sakondu eta
askatasuna zertan datzan azaltzen saiatzen
bagara, berehala geratzen dira agerian liberalen
arteko desadostasunak. Izan ere, zer
da zehatz-mehatz askatasuna? Zenbateraino
dira bateraezinak askatasuna eta berdintasuna,
ideologien arteko eztabaidaren ardatza
diren bi balio horiek? Noiz esan daiteke
gizarte bat zuzena dela? Laburbildurik,
gaur egungo liberalismoan bi erantzun daude
galdera horientzat. Batetik, liberalismoaren
adar berdinzalea dugu (John Rawis
da haren filosofo nagusia). Adar horren teoria
moral eta politikoaren arabera, beharrezkoa
da Estatuak gizartean esku hartzea,
desberdintasun handiegiak eta bidegabekerialazgarriegiak eragozteko. Gaur egungo
liberal horiek diotenez, berdintasunari inolako
garrantzirik ematen ez dion askatasuna
zentzurik gabeko ameskeria da, mamirik
gabeko askatasuna, zeren eta, gutxieneko
ongizate materiala bermatzen ez badiete,
gizarteko talderik behartsuenek ezin baitute
askatasuna benetan baliatu.
Baina liberalismoak badu beste adar bat
ere: neoliberalak, eskuineko libertarioak*
edo anarkokapitalistak (izen horiek guztiak
ematen zaizkio orain aztertuko dugun joera
ideologikoari). Haien ustez, Estatuak ahalik
eta esku-hartzerik txikiena izan behar
du bizitza sozial, ekonomiko eta kulturalean
(herritarrei zergak ordainaraziz batez
ere); bestela, gizabanakoari soilik dagozkion
arloetan sartuko litzateke azkenean, eta
definizioz arlo horiek ezin urratuzkoak dira,
hau da, gizabanakoa dute jabe eta nagusi
bakar. Ezin esan daiteke neoliberalismoa
dotrina multzo homogeneoa denik (ideologiak
inoiz ez baitira homogeneoak), bai,
ordea, haren aldekoek gizabanakoaren jarduera
ekonomikoa gobernuaren ekintzen
gainetik jartzen dutela. Horregatik aldarrikatzen
dute hain sutsuki gizabanakoak ekonomian
jarduteko askatsuna izan behar duela,
eta, batez ere, berebiziko garrantzia ematen
diete produkzio bideen jabetza pribatuari
eta irabaziei. Neoliberalek, bestetik,
merkatu librea aldezten dute; haien ustez,
merkatua da gizartean baliabideak banatzeko
biderik egokiena eta, beraz, eraginkortasun
ekonomikoaren bermerik sendoena.
Horregatik ez dute inola ere onartzen
Estatuaren planifikazioa edo Estatuak merkatuan
esku hartzeko erabiltzen dituen bestelako
bideak.
Liberalismo berdinzalearen eta neoliberalismoaren
oinarriak aipaturik, orain sakonago
aztertuko dugu neoliberalismoa. Robert
Nozick filosofo iparramerikarra da
pentsabide horren burua. 1974an Anarkia,
Estatua eta Utopia liburua argitaratu zuenetik,
askatasunari balio erabatekoa eta ezin
urratuzkoa ematen dioten guztien gidaria
da. Haren formulazioetan oinarrituko gara
neoliberalismoa sakon aztertzeko.«Estatuari buruzko nire ondorio nagusiak dira
estatu minimo bat, indarkeriaren, lapurretaren
eta iruzurraren kontrako babes funtzioetara,
kontratuak betearaztera etab. mugaturiko
estatu bat zilegia dela; edozein estatu
zabalagok urratu egingo lukeela pertsonek
zenbait gauza ez egiteko duten eskubidea, eta
beraz, ez dela zilegia; estatu minimoa bizkorgarria
dela, eta zuzena. Bi inplikazio nabarmen
dira aipatzekoak, batetik estatuak ezin
duela bortxa darabilen aparaturik baliatu hiritar
batzuek beste batzuei lagun diezaieten
lortzeko edo jendeari norberaren onurarako
edo babeserako ekintzak egitea galarazteko».
Robert Nozick, “Anarkia, estatua eta utopia”, 7. orr.«Neoliberalismoak dio gaur egun dugun merkatu
libreak, are merkatu erreal eta konkretuak,
gutxi asko askeak, gizabanakoaren ekintza
ekonomikoak behar bezala koordinatzen
dituela, ekonomia antolatzeko beste modu
batzuekin (planifikazioa, estatuaren esku hartzea,
eta are ekonomia mistoa) lor litezkeen
baino ondasun gehiago lortzeko xedean».
Luis de Sebastián, “Neoliberalismo orokorra”, 12. orr.
Neoliberalismoaren filosofia morala
Neoliberalismoaren eta, bereziki, Robert
Nozick-en aburuz (neoliberalismoaren
adierazgarritzat hartu baititugu filosofo horren
proposamenak), gizabanakoaren eskubideak
ezin urratuzkoak dira: “Gizabanakoak
eskubideak ditu, eta badira zenbait
gauza ezein pertsonak edo taldek bere eskubideak
urratu gabe ezin egin diezazkiokeenak”.
Esaldi horren mamia modu egokian
atzematea da neoliberalen filosofia
politiko eta moralaren proposamen praktikoetako
asko ulertzeko giltza. Izan ere,
hau da neoliberalismoaren funtsa edo oinarrizko
axioma: gizabanakoa da bere buruaren
eta bere gaitasunen jabea, jabe bakar
eta guztizkoa. Gizabanakoa bera da bere
eskubideak erabiltzeko ahalmen zilegia
duen bakarra, ez beste inor eta ez beste
ezer. Horren ondorioz, drogen kontsumoa
dela, prostituzioa dela zein eutanasia dela,
neoliberalek diote beti errespetatu egin
behar dela gizabanakoaren erabakia.
Neoliberalek, beraz, sutsuki aldarrikatzen
dute gizabanakoa dela bere buruaren
jabe bakarra eta, horrenbestez, berak nahi
ez badu, ez dio zertan Estatuari inolako
zerbitzurik egin edo diru laguntzarik eman
behar. Esaterako, Estatuak ezin dio inori
zergarik ordainarazi hezkuntzaren, osasunaren,
kulturaren edo ingurumenaren arloko
politika publikoak finantzatzeko. Halatan,
haien ustez, “lanaren emaitzei zergak ezartzea
bortxapeko lana sustatzea da... n lanorduren irabaziez jabetzea gizabanakoaren
n orduz jabetzea da, pertsona bat beste
baten helburuen mesedetan n ordu lan egitera
behartzearen parekoa”.
Jarrera horren iturburua Immanuel
Kant XVIII. mendeko filosofo alemaniarra
da; haren ustez, gizabanakoa berezko
jomugatzat hartu behar da, eta inoiz ere ez
bestek ezarritako helburuak lortzeko bidetzat.
Nozick bat dator horrekin; beraren
iritziz, eskubide berezko, absolutu eta ezin
urratuzko batzuk izateak hau adierazten du:
“Kanten printzipioa, hau da, gizabanakoa
helburu dela, ez baliabide huts; gizabanakoak
nahi ez badu, inork ezin du
sakrifikatu edo erabili beste helburu batzuk
lortzeko. Gizabanakoa ezin bortxatuzkoa
da”.
Azaldu berri dugunez, Nozick-ek eta
gainerako neoliberal guztiek kartsuki aldezten
dituzte gizabanakoaren eskubideak,
baina zein dira eskubide horiek? Labur
esanda, Nozick-entzat hiru hauek dira eskubide
nagusiak: askatasuna, jabetza eta
bizitza. Eskubide horiek hiru ezaugarri
dituzte:• Eskubide “negatiboak” dira, hau da, gizabanakoak
eskubidea du botere politikoa
haren eremuan sar ez dadin. Beste
era batera esanda, agintariek norberari
dagokion eremuan esku ez hartzeko
eskubideak dira. Eskubide “positiboak”,
hau da, gizartean berdintasuna sustatzeko
botere publikoek aktiboki aldezten
dituztenak kaltegarriak dira, eskubide
horiek gauzatzeko ezinbestekoa baita
gizabanako batzuei ondasun batzuk kentzea
(zergen bidez) beste gizabanako
batzuei emateko. Inoiz ez da zilegi gizabanakoa
beste gizabanako batzuk finantzatzera
behartzea.
• Gizabanakoaren eskubide horiek “zeharkako
mugak” ezartzen dizkiete gainerako
gizabanakoen ekintzei. Esaterako,
ez da zilegi gizabanako baten
askatasuna mugatzea gehiengoaren edo
are gizarte osoaren ongizatea handitzeko.
Nozicken kritiko batek esan zuenez,
haren ideiak hitzez hitz hartzeak honelako
ondorioak ekarriko lituzke, besteak
beste: “Gure gizarteko haurren elikadura
urriegia bada ere, ez dugu zilegi aberats
okituei zergak kobratzea familia
pobreei esnearen prezioa beheratzeko,
hori eginez gero aberats okituen eskubideak
eta “duintasuna” urratuko genituzke-eta.
Ezin dugu gogora ekarri egun
haur diren eta bihar heldu izango diren
horien benetako askatasuna izugarri
handituko litzatekeela aberats okituen
askatasuna apur bat murriztuko
bagenu, Nozickek askatasuna murriztenduten ekintza guztiak debekatzen ditu
eta” (Cohen, 1995: 31-2).
• Botere politikoak eskubideen defentsa
izan behar du kezka eta ardura bakar.
Horri dagokionez, Nozick-ek dio eskubideak
“zehatzak” direla.Beraz, Nozick-en ustez, gizabanakoaren
eskubideak “negatiboak” eta “zehatzak”
dira, eta zeharkako mugak ezartzen dizkiete
gainerako gizabanakoen ekintzei, eta
horretan oinarriturik dio eskubideak absolutuak
eta ezin urratuzkoak direla; ezin
dira jarri ez herriaren ongizatearen ez gainerako
gizabanakoen eskubideen mende.
Eskubideak berezkoak dira, gizabanakoak
bereak ditu jaiotzen den egunetik bertatik,
eta horregatik ezin dira inola ere urratu.
Horrenbestez, agintarien zeregin eta helburu
nagusia eskubide horiek babestea da, ez
gehiago eta ez gutxiago.
Gutxieneko Estatuaren defentsa
Zalantzarik gabe, gutxieneko Estatuaren
proposamena neoliberalen filosofia moral
eta politikoak dakarren ondorio politikorik
garrantzitsuena da. Ez da harrigarria, beraz,
proposamen horrek hain interes handia
piztu izana (kritikatzeko) bai bere gain birbanatze
eginkizunak hartuko lituzkeen Estatu
eredu baten aldekoengan, eta bai egungo
gizarteetan Estatuaren aginpidea gizabanakoaren
askatasunarentzako arriskurik larriena
dela uste duten guztiengan.
Nozick-ek argi eta garbi dio zein diren,
bere ustez, Estatuak bete ditzakeen eginkizun
bakarrak: “Hauek dira Estatuari buruzko
nire ondorio nagusiak: herritarrak
indarkeriatik, lapurretatik eta iruzurretik
babesten dituen, hitzarmenak betearazten
dituen eta horrelako eginkizun xumeak
soilik betetzen dituen Estatua zilegi da; hori
baino zabalagoa den edozein Estatuk gizabanakoak
zenbait gauza ez egiteko duen
eskubidea urratzen du eta, beraz, ez da zilegi;
gutxieneko Estatua inspiratzailea da,
eta egokia. Horrek bi ondorio nabari dakartza:
Estatuak ezin ditu bere tresna bortxazkoak
erabili gizabanako batzuk beste
batzuei laguntzera behartzeko eta, orobat,
ezin dizkie herritarrei debekatu beren onerako
edo babeserako ekintzak” (Ibid.: 7).
Pasarte horrek erakusten duenez, Estatuak
bere gain har ditzakeen eginkizun bakarrak
judizialak eta defentsakoak dira (polizia
barruko babeserako eta armada kanpotik
etor litezkeen mehatxuei aurre egiteko), hau
da, bizitza, jabetza eta askatasuna babesten
dituzten erakundeak soilik ditu zilegi;
horiez gainera beste eginkizun batzuk erebete nahi dituen Estatuak arriskuan jartzen
ditu gizabanakoaren burujabetza (ikusi dugunez,
neoliberalen printzipio horrek dio
gizabanakoa dela bere buruaren jabe bakarra).
Horren ondorioz, neoliberalek ongizatearen
Estatua kritikatzen dute, gizabanakoaren
askatasuna arriskuan jartzen duela
eta banakoen ekimena eragozten duela uste
baitute. Haien iritziz, mendebaldeko gizarteek
gaur egun dituzten arazoak Estatuak
ekonomian eta gizartean izandako eskuhartzearen
ondorio dira, esku-hartze horrek
ekonomiaren hazkundea oztopatzen baitu.
Bada lelo bat neoliberalen pentsaera hori
oso ondo laburbildu eta erakusten duena:
“Estatua ez da irtenbidea, arazoa baizik”.
Esaterako, neoliberalen ustez, Estatuaren
legeek lan merkatuan ezarritako zurruntasuna
da langabeziaren jatorria.
Ondorioak
Neoliberalismoak aldezten duen filosofia
moral eta politikoa, haren ordezkaririk
ospetsuenaren bidez aztertu dugunez, balio
bakarreko filosofia da: gizabanakoaren
askatasuna subiranoa da. Horrek esan nahi
du oso esparru estua uzten diela beste balio
batzuei, hala nola botere publikoak
sustaturiko elkartasunari. Horrek ez du esan
nahi neoliberalismoak elkartasuna erabat arbuiatzen
duenik; aitzitik, joera ideologiko
horretakoen ustez, elkartasuna balio laudagarria
eta guztiz txalogarria da, baina
banakoen ekimenak bultzatu behar du,
ez Estatuaren jarduera estugarriak,
borondatezko elkartasuna eta elkartasun
behartua ez baitira inondik ere gauza bera.
Izan ere, Estatuak gizabanakoa elkartasunera
behartzen duenean, neurri batean
birbanatze eginkizunetarako erabiliko diren
zergak ezarriz egiten du hori (hau da,
baliabide ekonomikoak gehien daukatenei
kendu eta gutxien daukatenei ematen
dizkie, osasunaren, hezkuntzaren, gizarte
segurantzaren, ingurumenaren eta horrelakoen
bidez). Horregatik, azken bi hamarraldiotan
(batez ere EEBBetan eta Britainia
Handian, proposamen neoliberalek herrialde
horietan izan baitute indarrik handiena,
Reagan-en eta Thatcher-en angintaldietan
bereziki) neoliberalek behin eta berriro aldarrikatu
dute gizarteko erakundeek (batez
ere elkarteak eta taldeak) bideratu behar
dutela banakoen elkartasuna.
Labur esanda, programa neoliberalak
ahal beste murriztu nahi du Estatuaren jardun
eremua, eta ahal beste zabaldu banakoen
jardueren esparrua, zeinak bi printzipio
gidari baititu: noberaren irabaziak eta,
azken batean, banako burujabeek gaur
egungo Estatu esku hartuzalearen inolako
estutzerik jabe jarduteko duten eskubidea.