Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Gizarte jakintza»Gizarte gaiak

Pentsaera kontrairaultzailea: kontserbadurismoa eta tradizionalismoa

Liberalismoak monarkia absolutuen eta Antzinako Erregimenaren azkena ekarri zuen, baina, hala ere, hasieran ez zen demokratikoa izan. Gizabanakoaren eskubideak aldezten zituen arren, bi sailetan bereizten zituen herritarrak (aktiboak eta pasiboak), eta banaka batzuei soilik ematen zien politikan esku hartzeko aukera. Zerga bidezko sufragioari esker, botere ekonomikoa zeukatenek botere politikoa ere eskuratu zuten.

Liberalismoa Europa osoan hedatzen hasi zenean, eskubide politikoak herritar guztiei aitortzeko eskakizunak eta arlo politikoaren eta ekonomikoaren arteko desoreka deuseztatu nahiak erne jarri zituzten klase dirudunak. Gainera, klase horiek beldur ziren botere politikoa demokratizatzeak botere ekonomikoaren demokratizazioa ere ekarriko ote zuen.

T.H. Green idealista liberalak esan zuenez, “Ingalaterrako auzo bateko biztanle gosetu batek Ingalaterrako zibilizazioan duen esku hartzea esklabo batek Atenaskoan zuenaren parekoa da”. Horregatik, haren ustez, gobernuak nahitaez kendu behar zituen herriari esku hartzearen bidez bere izaera mamitzea eragozten zioten oztopo guztiak.

Liberal batzuek eta sozialistek borroka egin zuten Frantziako Iraultzaren ondoren aldarrikatutako giza eskubideak gizarte klase guztienak izan zitezen; beste batzuk, ordea, ideia horien kontra azaldu ziren eta, batez ere, haien unibertsalizazioa eragotzi nahi izan zuten.

XVIII. mendetik aurrera, pentsaera eta borroka kontrairaultzaileak bi mugimendu politiko izan zituen euskarri: kontserbadurismoa eta tradizionalismoa. XIX. mendean zehar, bi mugimendu horiek liberalismoareneta demokraziaren aurrerapenari kontra egiten saiatu ziren, bakoitza bere eremutik.

Bi dotrina horien artean hainbat lokarri ideologiko badaude ere, bakoitzak bere esanahi berezia du, haien jokabideak nabarmen desberdinak dira eta ingurune politiko zein geografiko desberdinetan dute jatorria. Kontserbadurismoak liberalen eskakizunak onartzen ditu, baina inolako erradikalismorik gabe eta ordena zorrotz bati eutsiz; tradizionalismoa, ordea, liberalismoaren etsai amorratua da, eta gogor aldezten du Antzinako Erregimena.

Bi fenomeno politiko horiek gatazka baten ondorio ideologikoa dira, baina, batez ere, bi errealitate historiko eratu eta garrantzi handiko mugimendu politikoak sortu dituzte (gure karlismoa, esaterako).

 

Erreakzio kontserbadorea

Zalantzarik gabe, Edmund Burke da pentsaera kontserbadorearen aita ideologikoa.

Dublinen jaioa zen, eta katolikoa zuen ama eta protestantea aita. Frantziako Iraultzaren izaerari eta garrantziari buruzko eztabaidetan bere alderdikideekin izandako tirabiren ondorioz, wihg alderdi liberala utzi eta buru-belarri sartu zen tory alderdi kontserbadorean.

Frantziako gertaera historiko gogoangarri hark oso harrera ona izan zuen Britainia Handian eta mundu zabaleko beste herrialde batzuetan. Burke-rentzat, ordea, suntsitu beharreko mito bat zen. Hain zuzen ere, “Frantziako Iraultzari buruzko gogoetak” izeneko liburu bat idatzi zuen Ilustrazioaren ideia iraultzaileek BritainiaHandian izan zuten eragin handiari aurre egiteko. Frantziako errealitatea bertatik bertara ezagutzen ez zuenez gero, zeharkako informazioez baliatu zen, baina, hala ere, neurri handi batean lortu zuen bere helburua, hau da, liberalismoaren aldeko joera nagusia ahultzea eta, tradizioaren izenean, liberalen eskakizun politikoei historia, komunitatea eta harmonia inperiala kontrajartzea.

Ideia kontserbadoreen aitzindari ospetsu horrek Frantziako Iraultza arbuiatu eta Estatu Batuetakoa jarri zuen eredutzat. Izan ere, Ipar Ameriketako nazio berriaren kudeatzaileak ondo hezitako gizon banaka batzuk ziren, lurjabeek eta klase aberatsek lagunduak, eta ez beren erregeak gillotinan hiltzen zituzten herritar xehe, behartsu eta gosetu batzuk.

Kontserbadoreek Montesquieu-ren beraren aburuak hartu zituzten oinarritzat gizarte hitzarmenaren ideiari uko biribila emateko, Montesquieu-ren iritziz ideia hori boluntaristegia baitzen. Izan ere, Burke-ren eta beste kontserbadore batzuen ustez, komunitate politikoa ez da komunitate hori osatzen duten gizabanakoen erabakiaren emaitza, baizik eta historiaren eta tradizioaren fruitua, bere baitan dituen erakundeak bezalaxe. Halatan, tradizioa errespetatzearen ondorioz, hilak eta arbasoak dira zibilizazioaren gordailua. “Indarrean dagoen hitzarmen bakarra biziek, hilek eta jaiotzeko daudenek sinatutakoa da”.

Europako iparraldean eta batez ere Britainia Handian pentsaera kontserbadoreak bidea itxi nahi zien Frantziako idealismo iraultzaileari eta ideia burgesei, ideia horiek berekoikerian, arrazoian eta borondate kontzientearen kalkuluan oinarritu nahi baitzituzten antolamendu politikoa ulertzeko modu berriak. Kontserbadurismoak balio tradizionalen eta denboraren poderioz lortutako eskubide historiko eta konkretuen alde egiten du; apologiatzat jotzen du balio abstraktuen aldarrikapena, eta argudio okertzat, berriz, gizabanakoaren eskubideen unibertsaltasun oinarri juridiko egokirik gabea.

Gizaki guztiek sumatzen dute banakako existentzia baino iraunkorragoa den zerbaiten partaide izateko beharra, norberaren bizitza labur eta iragankorra baino sendoagoa den proiektu komun batean parte hartzeko premia, eta, hain zuzen ere, gizaki guztiek sumatzen duten behar hori da gizarte kontserbadorearen oinarria.

Hala gizabanakoak nola gizarteak bizirik irauteko duten grina bizia eta hori lortzeak eragiten dien gogobetetasun morala kontserbadurismoaren arma ideologiko nagusietako bat dira, eta nazionalismora hurbiltzen dute. Komunitatearen alderako maitasunak eta leialtasunak oso sustrai sakonak ditu gizakiarengan, eta kontserbadurismoak, nazionalismoak bezala, sentimendu sakon horri eragiten dio, arlo guztietan: jatorrizko klan edo leinuan, eskolan, lagun taldean, kirol elkartean, gizarteko erakunde guztietan eta nazioan. Kontserbadoreen ustez, ez dago banakako gizakirik, ezpada ingelesak, frantsesak, alemaniarrak, etab..., eta, gainera, haiek guztiak gizarte klase desberdinetan bildurik daude. Horrenbestez, kontserbadoreek ohiturak, legeak, sentimenduak eta emozioek eragiten duten irrazionaltasuna goresten dituzte, Ilustrazioa eta praktika arrazionalak gaitzetsirik. Hori aldarrikatu zuten Alemaniako Zuzenbide Historikoko Eskolak (Savigny buru zuela) eta Frantziako ereduaren kontrako erromantizismo nazionalistak ere.

 

Kontserbadurismoaren berezitasunak

Ondoko koadroak erakusten duenez, Europako kontserbadurismoak indibidualismo oro arbuiatzen du, eta esaten du gizaki guztiok talde bateko edo besteko kideak garela eta gizarteko erakundeetan antolaturik bizi garela. Berdinzaletasunaren eta indibidualismoaren aurkako organizismo horren ustez, gizabanakoa ez da berez herritarra: herritarra izateko, talde bateko kide izan behar du, eta talde bakoitzeko kideei titulu eta eskubide berezi batzuk dagozkie, taldearen araberako estatus berezi bat.

Kontserbadurismoaren gizarte ereduaren oinarria ez da gizabanakoa, taldea baizik: gizartea talde desberdinez osaturik dago, eta talde bakoitzak bere eskubide historikoak ditu, historiaren une jakin batean ezagutuak. Gizarte klase guztiek historia eta iragana errespetatu behar dituzte; gizartean elkarrekin bizitzen emandako denborak zilegitzen du herrialde bateko konstituzioa, eta inola ere ez gizabankoaren borondate iragankorrak. Gure iragana gabe ez gara ezer, eta hala iragan hori nola gure erakunde eta ondasunak errespetatu beharra daukagu.

Denborak zilegitzen du antolamendu sozial eta politikoa, eta tradizioak egiten du zilegi gobernua. Erregeei, lordei eta aitoren semeei dagokie gobernua eratzea, konstituzio historikoak eta tradizioak horretarako ahalmen zilegia ematen baitiete.

Gizaki guztiek ez dute balio berdina, artifiziala eta zentzugabea da langileria (zerri talde bat, Burke-k esan zuenez) klase ikasi eta dirudunekin elkartzea, eta nekazari eta soldatapeko behargin txiroak askatasun konkretuen, adimenaren eta ondasunen jabe direnen mailan jartzea.

Aristokrazia, aberastasunaren jabe izateaz gainera, jakinduriaren eta esperientziapolitikoaren gordailua da. Horregatik, aitoren semeak gizartearen euskarririk sendoena dira, eta egonkortasunaren eta ordenaren bermerik onena.

Hala ere, eta hori da Europako hegoaldeko tradizionalismotik bereizten duen ezaugarri nagusia, kontserbadurismoa pragmatikoa da: historia errespetatu egin behar dela dioen arren, ondo asko daki denborak aldaketak ekartzen dituela ezinbestean eta alferrik dela aldaketa horien aurka borrokatzea.

Tradizioa aldezteak ez du esan nahi aldaketei gogor egin behar zaienik edo ideia zein jokabide politikoak egokitu behar ez direnik. Kontserbadurismoa statu quo-a bere horretan iraunaraztearen aldekoa da, ezarritako ordenari eutsi nahi dio; dena dela, gauza guztiak bezalaxe statu quo hori ere aldakorra denez, prest dago aldaketak onartzeko, baina muga estu batzuen barruan, behar-beharrezkoak direnak soilik, arauak gehiegi aldatu gabe gauzek daudendaudenean iraun dezaten ezinbestekoak direnak baino ez. Beste aukerarik ez duenean bakarrik ematen die amore aldaketei.

Funtsean, kontserbadoreak ez dira iraganaz arduratzen, orainaz baizik; ez dute feudalismora edo Antzinako Erregimenera itzuli nahi, ezpada haien oroitzapenaz baliatu egungo ordena zuzenesteko. Saihestezinari aurka egitea zentzugabea dela jakinik, aldaketa funtsezko eta iraultzaileak eragozten saiatzen dira, noiz behinkako aldaketa garrantzi gutxikoak onartuz eta kontrolatuz. Eboluzioaren alde eta iraultzaren kontra daudela esan daiteke. Kontserbadurismoaren pragmatismoak Europako iparraldean, Eskandinavian eta herrialde anglo-saxoietan izan zituen jarraitzailerik leialenak. Mediterraneoaren inguruko herrialdeetan, aldiz, klase aberatsek eta monarkia absolutistek askoz ere jarrera gogorragoa hartu zuten, eta, besteak beste, Vienako Aliantza Santua eratu zuten 1815ean. Espainian Manuel Fraga Iribarne da pentsalari eta politiko kontserbadorearen eredurik onena, diktadura frankistatik XXI. mendearen atariraino politikari aktibo gisa irauten jakin baitu.

 

Tradizionalismoa

Enrique Tierno Galván irakasle eta Madrilgo alkateak zioenez, tradizionalismoa fenomeno soil-soilik latindarra eta katolikoa da. Sekularizatze prozesu izugarri geldi eta zail batetik sortu zen, eta munduaren ikuskera erlijiosoa du ezaugarri nagusia. Hau da, tradizionalismoa erlijiozko paradigmaz elikatzen den mugimendu eta ideologia politiko bat da, eta ez du onartzen botere sekularra eta botere espirituala elkarrengandik bereiztea, ez du onarten bi botere horietako bakoitzaren autonomia. Protestantismoak eta sekularizazioak Bibliaren interpretazio askea eta arlo politikoaren eta erlijiosoaren bereizkuntza sustatzen zituzten; tradizionalismoak, ordea, armekin eta Inkisizioaren Auzitegiarekin aldeztu zituen kritikaren ezinezkotasuna, fede absolutua eta adimenaren mendekotasuna.

Lutero, Kalbino, Zwingli eta haien jarraitzaileek indibidualismoa aldezten zuten: gizabanako bakoitzak bere burua salbatu eta zerua irabazi ahal du norberak interpretatutakoaren arabera, gogo kritikoa erabiliz eta okerrak zuzenduz. Tradizionalismoak, Kontraerreforma katolikoaren arragoan sortu baitzen, muturreko dogmatismoa kontrajarri zion horri, eta argi eta garbi azaldu zen Elizaren aginpidearen alde.

Kontserbadurismoa bezala, tradizionalismoa, “erlijio zaharrean” oinarriturik, XIX.. endean sortu zen, Italian, Frantzian eta Espainian, liberalismoari eta Ilustrazioaren pragmatismoari aurre egiteko. Europako tradizionalismoaren teorialari nagusiak frantsesak badira ere (De Maistre, De Bonald...), mugimendu filosofiko horrek inon baino indar handiagoa izan zuen Espainian eta Euskal Herrian, non iraultza burgesa eragotzi baitzuen iragan mende osoan.

Katalunia, foruak galdutakoan, gai izan zen bere liberalismoa katolizismoarekin uztartzeko. Espainiako estatuaren gainerakoan, aldiz, borrokan aritu ziren XIX.. ende osoan, ez abertzaletasunak eraginik, erlijiozko arrazoiengatik baizik. Tradizionalismoak Espainian izan zuen indarraren zergatia ulertzeko, zorrotz aztertu behar dugu Eliza katolikoaren eragin ahalguztiduna: erakunde ideologikorik behinena zen, eta itzal handia zuen gizartean.

Erlijio erakundeek pribilejio handiak zituzten: Inkisizioaren indarra, hamarrenetan eta hasikinetan oinarrituriko zerga araubide berezia eta lur ondare izugarri handia. Horri esker, Eliza onik atera zen behin eta berriro liberalismoaren erasoetatik.

Izan ere, liberalismoak Inkisizioa eta hamarrenak ezeztatu eta lurrak desamortizatu zituen, baina, Europako beste herrialde batzuetan ez bezala, ez zuen lortu iraultza burgesa egitea.

Halatan, joan den mendean Espainian burgesiarekin egindako itunak onura handiak ekarri zizkion Elizari: erlijio eta doktrina katolikoa bakartzat eta egiazkotzat hartu ziren, eta, gainera, Estatuaren aurrekontu orokorrek ordaintzen zituzten elizkizunak eta eliz jendearen mantenua.

Horrekin batera, ahal izan zuten neurrian geldiarazi zuten desamortizazioa, eta berriro utzi zioten Elizari lurrak erosten, irakaskuntza gidatzen eta gizakiaren bizitzako hiru gertaera funtsezkoak kontrolatzen: jaiotza (bataioa), ezkontza eta heriotza (hileta).

Goi mailako klaseek eta elizak indarrak batu zituzten eta elkarri lagundu zioten, interes komunak zituzten eta. Elizak erabateko hegemonia ideologikoa berreskuratu zuen, eta bere hedabideak izatea ere lortu zuen. Horri esker, Eliza katolikoak eragin handia izan zuen herritar xumeengan, eta liberalismoak eta sozialismoak ekarritako joera ideologiko berrietatik aldendu zituen.

Elite intelektualek bakarrik eutsi zieten ideologia horiei. Horregatik, pentsaera tradizionalista, funtsean, erlijiosoa, klase artekoa eta populista da, haren ustez gizartearen gaitzak ez dira ekonomikoak, erlijiozkoak baizik, eta sozialismoa gaitzesten du, erlijio sataniko berritzat jotzen baitu.

 

Ideologia tradizionalistaren gakoak

Erlijioa ardatz hartuta, tradizionalismoak giza izaerari buruzko iritzi antropologiko negatiboa du, jatorrizko bekatuan eta gaizkirako grina itsuan oinarritua. Irrika gaizto hori dela eta, bizitza zibilizatu eta egonkorra ezinezkoa da erlijioaren laguntzarik gabe.

Ez dago salbamena lortzerik Jainkoaren aginpideari men egiten ez dion antolamendu edo jurisdikzio zibil batean.

Gainera, erlijiozko axioma horren eraginez, tradizionalismoak manikeismoa edo historiaren zuri-beltzeko interpretazioa aldarrikatzen du, hau da, ongiaren eta gaizkiaren arteko borroka etengabe eta unibertsalaren bidez azaltzen du historia. Mutur biko mundu ikuskera hori kristautasuna bezain zaharra da; lehen, juduen edo Mahoma-ren jarraitzaileen kontra erabiltzen zen, eta Aro Berrian, aldiz, Erreforma protestantearen eta Ilustrazioaren sekta azpikarien eta haien filosofoen kontra (Rousseau, Voltaire...). Filosofiari erlijioa kontrajarrizioten, errakuntzari egia eta anarkiari ordena.

Bi dira tradizionalismoaren balio nagusiak: tronua eta aldarea. Hau da, monarkia eta katolizismoa, elkarrengandik ezin bereizteko moduan bat eginik ordena politikoaren berme gisa. Erlijioari agertzen dioten mendekotasunaren arabera epaitzen ditu Eliza katolikoak gizakiak, gizartea eta politika. Politika sakratu bihurtzen eta erlijioa politizatzen du, eta korapilo horretan batzen dira bien interesak, arauak eta sinesmenak.Jainkoa eta erlijioa Jainkoa boterearen jatorri Probidentzia ordenaren oinarri Monarkia absolutuak Gizarte hierarkikoa Berdintasuna Aginpidea Berdinzaletasunik eza Herriaren subiranotasuna Grinen kontrola Estamentala Gizarte hitzarmena Ordena. Zibilizazio kristaua Klasista Gobernua herritarren ordezkari (Kate tradizionala eten eta kate berri bat hasten da)Jainkoa eta erlijioa nahitaezkoak dira tradizionalismo politikoarentzat, boterearen jatorri jainkozkoa, monarkia absolutua, aginpidea eta grina gaiztoen kontrola legezkotu eta ordena eta zibilizazio kristaua bermatzen baitituzte. Jainkoak onartutako desberdintasuna monarkiaren berezko ezaugarria da. Erregeak tarteko erakundeak, aitoren semeak eta aristokrazia behar ditu ateismo berdinzalearen aurka borrokatzeko.

Hala ere, XIX. mendean zenbait tradizionalistak ontzat eman zituzten gizarte hitzarmenaren aldekoen arrazoietako batzuk.

Haien arabera, Jainkoak herriari eman zion subiranotasuna, eta herriak erregearen esku utzi zuen, izaera jaraunspenezko eta ezeztaezinez.

Teoria horrek gorte estamentalak sustatu zituen, zeinek ez baitzuten erregearen boterea murrizten, sufragioaren bidez hautaturiko gorte liberalek ez bezala. Hor, erregeak erreinatu eta gobernatu egiten du.

Tradizionalismoaren gako funtsezkoetako bat haren defentsa tresnak dira. Jainkoaren, erlijioaren eta elizaren aldebakartasuna eta egia katolikoa ezin dira eraitsi.

Haien betierekotasunak eta aldaezintasunak men egite akritikoa eskatzen dute, errakuntzarekiko zorrozkeria erabatekoa, muturreko intolerantzia baten ondorioz.Eta hori lortzeko, Inkisizioa sortu zuten.

Juduen kontrako garbikuntza tresna izanik, Inkisizioaren Auzitegi Santuak adierazpen askatasuna ezeztatu zuen eta, intolerantzia etsaia isilarazteko eta gelditzeko aski ez bazen, gerra santua, indarkeriazko jazarpena eta hiltzea bide egokiak ziren anarkiaren eta bekatuaren aurka borrokatzeko.

Tradizionalisten ustez, historia probidentziaren asmoen mende dago. Gertatu dena, gertatzen dena eta gertatuko dena Jainkoaren borondate da. Horren arabera, Jainkoak ekarri zuen Frantziako Iraultza, Frantziako herri fedegabeak bere bekatuak garbi zitzan.

Jainkoak gaizkia egiten uzten dio gizakiari, baina azkenean ongia nagusitzen da beti, gizabanako hautatuak, salbatzaileak, berrerosleak, mesiasak igortzen baititu gizadia salbatzera. Espainian prisma ideologiko horretatik ikusi zituzten borbondarrak, eta salbatzailearen eginkizuna bete zuten kaos liberalaren erdian.

Ikuspegi horretatik, Espainiako tradizionalismoak Europa kutsatutik iritsitako izurri modernista arbuiatu zuen, ideia horiei atea itxi eta Espainiaren katolikotasuna, balio espiritualen gordailu izatea eta nazioaren bakartzea aldarrikatu zituen. Ideia europartzaileak arriskutsuak dira espainiarrak ez direlako, aberriaren muina galarazten dutelako. Frantsestuek eta atzerritarrek gaztelaniaren, Espainiako tradizioaren eta folklorearen hondamena ekartzen dute.

Antieuropeista izateaz gain, Espainiako tradizionalismoa mesianikoa eta nazionalkatolikoa da. Espainia Jainkoak hautaturiko herria da, eta Santiago haren apostolurik maiteena. Espainiako nazioaren berezitasuna ez da haren aberastasuna, lurraldea edo biztanleria, haren espiritu katoliko nazionala baizik, eta espiritu hori eskoletan irakatsi eta kaleetan aldeztu behar da.

Inmobilismo politiko eta erlijiozkoarekin kontrastean, gizarteari dagokionez tradizionalismoa ekonomiaren eta lanaren arloan gertaturiko aldaketa kapitalistetara egokitu zen. Ordena estamentalaren defentsa bertan behera utzi eta lanaren ikuskera aldatu zuen. Lehen, tradizionalistentzat lana duingabea eta prestueza zen, behartsuek berrerospena irabazteko jasan behar zuten zama astuna; gero, ordea, duin eta santu egin zuten, Jesukristo lehen langilea izan zela argudiaturik.

Tradizionalismoak, gainera, aberastasuna lanaren eta aurrezpenaren emaitza ezin hautsizkoa dela aldarrikatu zuen, eta, horrenbestez, handik aurrera gaiztoa ez zen ondasunen jabea, ondasun horiek desiratzen zituena baizik. Geroago, azkenik, ontzat jo zituzten ondasunen jabe izateko ametsak, amets horiek lan zintzoan eta nekaezintasunean oinarrituta egonez gero.