Gizarte jakintza»Gizarte gaiak
Liberalismoa
Liberalismoak bilakaera bitxia izan du
XX. mendean: arian-arian ahulduz joan da
hauteskunde indar gisa mendebaldeko herrialde
gehienetan, baina, hala eta guztiz
ere, indartsu dirau teoria edo proposamen
bilduma gisa, eta eragin handia du oraindik
ideologian. Gaur egun, indar politiko
asko liberalen hizkeraz baliatzen dira beren
programak herritarrei eskaintzeko, eta,
besteak beste, gizabanakoaren eskubideak,
demokrazia eta merkatua aldezten dituzte,
liberalen antzera. Aro liberal batean bizi
garela esan daiteke: kontserbadoreek eta sozialistek,
liberalen aurkari ideologikoak diren
arren, bere egin dituzte hasiera batean
liberalismoaren ezaugarri ziren postulatuetako
batzuk (hala nola legearen nagusitasuna,
botereen banaketa edo tolerantziaren
defentsa). Balio liberalak mendebaldeko
Europako estatu modernoen eta sistema
ekonomiko zein sozialen mamia eta azala
dira eta, hain zuzen ere, horrexegatik du
liberalismoak hain eragin handia beste joera
politiko batzuetan. Ideologia liberala mendebaldean
sortu zen, baina, denboraren
joanean, munduko beste alde batzuetara
esportatu ditu bere balioak, leku guztietan
arrakasta berdina izan ez badu ere.
Doktrina liberalaren oinarrizko ideia
ulertzeko, idazle liberal garrantzitsuenak gogora
ekarri ordez, hobe dugu ideologia
horren osagaiak aztertu. Izan ere, nahikoa
erraza da autore liberalen zerrenda egitea
(John Locke, Adam Smith, Montesquieu,
Thomas Jefferson, John Stuart Mill,Lord Acton, T.H. Green, John Dewey,
John Rawis); haiek guztiak zertan datozen
bat azaltzea, aldiz, askoz ere lantegi zailagoa
da. Beraz, liberalismoa aztertzeko gure
saio honetan, azken zeregin horri ekingo
diogu nagusiki. Liberalismoaren doktrinan
hiru osagai bereiz daitezke azterbidez
(praktikan nahasirik ageri baitira hirurak):
filosofikoa, soziala eta, azkenik, politikoa,
aurreko bien ondorio. Banan-banan aztertuko
ditugu hirurak.
Filosofia liberala
Filosofiaren arloan, liberalek berdintasuna,
askatasuna, indibidualismoa eta razionalismoa
aldarrikatzen dituzte, eta atxikimendu
ezin sendoagoa agertzen diete lau
oinarri horiei. Haien arabera, berdintasunak
esan nahi du ereduzko gizarte liberal batean
gizabanako guztiek aukera berdina
izango luketela norberaren gaitasun eta antzeak
baliatzeko. Beste era batera esanda,
liberalismoak estatus moral berbera ezagutzen
die gizabanako guztiei eta, guztiek balio
moral berbera dutenez, ez du zilegitzat
jotzen politikaren zein legearen arloan inoren
bereizkeriarik egitea; horretan datza liberalismoaren
berdinzaletasuna. Locke-k
(1632-1704), liberalismoaren pentsalari
nagusietako batek, horixe dio pasarte honetan:
“Printzeak, jaiotzez beste gizakien
gainetik badaude ere, berez haien berdinak
dira”. Liberalen ustez, gizabanakoen arteko
lehian aukera berdina izan behar dute
denek; baldintza hori ezinbestekoa da lehiaren
emaitza zuzena izan dadin, zeren eta
gaitasun estimatuagoak dituzten gizabanakoek
gizarteak hain estimu handitan ez
dauzkan ahalmenen jabe direnek baino sari
gehiago jasoko baitituzte. Merezi gabeko
pribilejioek abantaila ematen diete gizabanako
edo talde batzuei, besteen kaltean,
eta, horregatik, liberalek ez dute batere gogoko
gizartean horrelako pribilejiorik izatea.
Horixe da, beraz, berdintasuna liberalentzat,
eta ezaugarri horrek sozialismotik
eta beste joera politiko batzuetatik bereizten
ditu. Izan ere, sozialistek gizabanako
guztien maila ekonomiko, sozial eta kulturala
ahalik eta berdinena izatea nahi dute
(hau da, liberalek ez bezala, aukera-berdintasuna
ez ezik, emaitzen berdintasuna ere
lortu nahi dute).Dena dela, askatasuna dugu liberalismoaren
oinarri nagusia. Askatasunak, batetik,
norberaren nahiak gauzatzea ahalbidetzen
die gizabanakoei, eta bestetik, berriz, gizakiaren
behar iraunkorra da, gizakiaren “izaerak”
edo “funtsak” berezko duen zerbait; liberal
guztiak bat datoz horretan. Askatasuna,
beraz, gizakiaren beharrizanik funtsezkoena
da, baina, horrez gain, beste helburu
batzuk erdiesteko bidea ere bada. Jabetza
dugu xede horietako bat. Horregatik, gizartean
bizi diren gizabanako guzti-guztientzat
ahalik eta askatasunik handiena lortzen saiatu
dira liberalak historian zehar (Antzinako
Erregimenak askatasunari jarri zizkion oztopoen
kontra borrokatuz, besteak beste).
Liberalismoa, bestetik, indibidualista da:
gizabanakoaren gailentasuna aldarrikatzen
du. Liberalen ustez, gizabanakoa edozein
gizarteren eskakizunen gainetik dago. Horregatik,
sutsuki aldezten dituzte gizabanakoaren
eskubideak, baina ez dituzte aintzat
hartzen eskubide kolektiboak (esaterako,
nazioen autodeterminazio eskubidea).
Azkenik, lehen esan bezala, liberalek
arrazionalismoa aldezten dute. Printzipio
horren arabera, uste eta iritzi guztien azterketa
kritikoa egin beharko litzateke, zenbaterainoko
balioa duten neurtzeko, eta,azterketa horren ondorioz, uste eta iritzi
horiek baztertu, ontzat eman edo neurri batean
aldatu. Horri dagokionez, John Stuart
Mill-ek (1806-1873), beste pentsalari liberal
handi batek, hau adierazi zuen: “Gizakiak
gai oso baten ezagutzara hurbiltzeko duen
bide bakarra gai horri buruzko iritzi desberdin
guztiak entzutea da”, eta “gai bati buruz
bere jarrera baino ezagutzen ez duenak ezer
gutxi daki gai horretaz”. Bestetik, liberalen
aburuz, gizabanakoak badaki zer nahi duen,
eta gai da bere interes eta helburuak modu
zentzuzko batez erdiesteko, hau da, haien
on-gaitzak kontuan hartuz.
Liberalen ustez, lau printzipio horiek
elkarrekin loturik daude. Hala ere, oso iritzi
desberdinak agertzen dituzte lotura hori interpretatzeko
orduan. Liberal batzuen iritziz,
esaterako, askatasuna babestuko bada, Estatuak
gizartean eta gure bizitzan esku hartzen
jarraitu behar du, baina legea betearazteko
eta ordenari eusteko bakarrik. Haien
ustez, beraz, botere publikoek askatasuna,
jabetza eta segurtasuna bermatzearekin zerikusirik
duten eginkizunak soilik bete beharko
lituzkete. Auzitegiak, polizia eta armada
dira Estatuak finantzatu eta atxiki beharreko
erakunde bakarrak. Beste liberal batzuen
ustez, ordea, Estatuak nahitaez bermatu
behar dizkie herritar guztiei hezkuntza publikoa,
osasuna, langabezi asegurua eta haien
ongizaterako beharrezkoak diren beste baliabide
batzuk. Liberal horiek diotenez, justizia
sozialaz arduratzen ez den askatasuna
askatsun formala da, erretorikoa, edukirik
gabea. Hala ere, aldeak alde, liberal guztiek
goian aipaturiko oinarriak aldarrikatzen dituzte;
printzipio horiek gauzatzeko moduak
bereizten ditu elkarrengandik, hau da, bide
desberdinak proposatzen dituzte balio horiek
sustatzeko eta gordetzeko.John Locke (1632-1704).
Ingeles filosofo eta politikaria. Obra aipagarriak
ditu, besteak beste:
Tolerantziari buruzko gutuna (1689),
Gobernu zibilari buruzko bi saiakera (1689),
Giza adierari buruzko saiakera (1690),
Kristautasunaren arrazionaltasuna (1695),
1688ko ingeles iraultzaren ondotik argitarak emanak
guztiak. Aurretik medikuntza ikasketak egin
zituen Oxforden eta Whig alderdiko (parlamentuak
erregearen boterea murriztearen aldeko alderdia)
Shaftesbury kondearen zerbitzuan lan egin zuen.
Montesquieu (1698-1755).
Frantses filosofo eta politikaria, pentsamendu
politikoan eragin handia izan duten garrantzi
handiko hiru obraren egilea:
Gutun pertsiarrak (1721),
Erromatarren handitasunaren eta hondamenaren
arrazoiei buruzko gogoetak (1734),
eta batez ere, Legeen izpirituaz (1748),
zeinetan eman baitzuen aditzera gaur egun ezagutzen
dugun botereen banaketaren ideia.
John Stuart Mill (1806-1873).
Britainiar filosofo, ekonomialari eta estatu gizona.
James Mill filosofoaren semea. Aitak hartu
zuen bere hezkuntzaren ardura, Jeremy Benthamen
laguntzarekin.
Bere obren artean, azpimarratzekoak dira ondoko
hauek:
Logika sistema (1843),
Ekonomia politikoko hastapenak (1848),
Askatasunaz (1859),
Ordezkaritza gobernuaz (1861),
Utilitarismoa (1861),
Emakumearen mendekotasuna (1869)
Autobiografia (1873).
Gizarte liberala
Ikuspuntu historiko batetik, honako
hauek dira liberalismoaren sorreran eta
garapenean eraginik handiena izan duten
gertakariak: batetik, XVI. eta XVII. mendeetako
erlijio-gerrak eta zientzia modernoaren
bultzada, eta bestetik, berriz, mende horietatik
XIX. mendera bitartean Europan kapitalismoak
apurka-apurka feudalismoaren
lekua hartu izana. Beraz, liberalismoak lau
mende daramatza mendebaldeko herrialdeetako
eta haien eraginpeko erresumetako
pentsaera politikoa inspiratzen.
XVI. eta XVII. mendeetan Europan gertatu
ziren erlijio-gerrek eraginda, erlijio guztien
alderako tolerantzia eskatzeari ekin zioten
hainbatek: gizartea osatzen duten gizabanako
guztien sinesmenak errespetatu behar
direla aldarrikatzen zuten, eta sinesmen
horien praktika eta adierazpena ez direla
inola ere zigortu edo esetsi behar. Halatan,Locke-ren iritziz, “Erlijioarengatik mundu
kristauan izan diren gatazka eta gerra guztien
jatorria ez da izan iritzien desberdintasuna
(saihestezina baita), ezpada bestela
pentsatzen dutenak toleratzeko ukoa
(uko premiagabea)”. Horrenbestez, “ez da
bidezkoa paganoei, mahomatarrei edo juduei
haien erlijioa dela-eta Estatuaren gizarte-eskubideak
kentzea”, zeren, izan ere,
“tolerantzia da benetako elizaren ezaugarri
nagusia”. Urteak joan eta urteak etorri,
erlijio-sinesmen guztiak errespetatzeko eskatzeaz
gain, beste gizabanako edota gizarte-taldeen
ideia politikoak eta praktika
sexualak ere errespetatu beharrekoak direla
aldarrikatzen hasi ziren tolerantziaren
aldekoak. Horregatik, gizarte liberala tolerantea
izaten saiatzen da, eta gaitzetsi egiten
ditu beren disidentzia agertzen dutenak
deuseztatu edo isilarazten dituzten gizarteak.
Nolanahi ere, horrek ez du esan nahi
liberalek erlijioaren, politikaren zein sexualitatearen
arloko joera heterodoxo guztiak
onartzen dituztenik, baizik eta, besterik
gabe, gizabanakoari soilik dagokiola erabakitzea
zer den berarentzat bizitza ona, bizitza
zoriontsua. Haien ustez, gizabanakoek
ideiak eta praktikak probatzeko aukera izanez
gero soilik egiaztatu ahal da haien baliotasuna,
eta, saio hori eginik, norberak
erabakiko du pentsaera eta jokabide horiek
onartzea, aldatzea edo, bestela, gizarteak
ontzat daukan bizimoduarekin guztiz bat ez
datozen beste aukera batzuk hobestea. Liberalen
iritziz, kosta ahala kosta eragotzi
behar da Estatuak edo gizarte-talde jakin
batek gizarte osoari onartaraztea bizitza
onari buruzko bere ustea, jokaera paternalista
hori guztiz arbuiagarria baita. Hain
zuzen ere, liberalek uste dute gizabanakoak
okerrak egiteko aukera izan behar duela,
haietatik ikasiko baitu.
Horren guztiaren ondorioz, liberalek
merkatua aldezten dute. Haien ustez, merkatuak
bere baitan biltzen ditu gizabanakoen
gaitasunak eta ahaleginak, elkarrekin
lehian jartzen ditu eta norberaren ahalmenen
araberako saria jasotzea ahalbidetzen
du. Lanaren eta salgaien merkatu libreak
dituen bertuteak ideien merkatu librearenak
bezain desiragarriak dira (ideien
merkatu libreak bizitza onari buruzko uste
batzuk saritu eta beste batzuk zigortzen
baititu). Gizabanakoek askatasun osoa izan
behar dute bai ideiak trukatzeko eta bai
gaiak zein zerbitzuak salerosteko. Ikuspuntu
soziologiko batetik, XVIII. eta XIX. mendeetako
klase ertainaren interesak daude merkatuaren
eta inolako trabarik gabeko ekonomia
jarduera librearen defentsa horren
oinarrian. Klase horrek aristokraziaren nagusitasun
politikoa ezeztatu nahi zuen eta,
haren ordez, merkataritzaren eta industriaren
beharrizanetarako egokiagoa izango zen
antolamendu politiko berri bat ezarri.
Politika liberala
Liberalismoaren ideia politikoek aztertu
berri ditugun alderdi filosofiko eta sozial
horietan dute jatorria. Estatua printzipio
liberalen arabera antolatu nahia, berriz,
erlijio-gerrek eta erregimen feudalaren
gainbeherak ekarritako borroka politikoen
ondorio da. Feudalismoaren garaian, gizartearen
antolamenduak banakoen estatusa
edo estamentua zuen oinarritzat (hiru estamentu
zeuden: aristokrazia, kleroa eta herri
xehea), baina feudalismoaren gizarteantolamendu
berezi hori ahulduz joan zen
gizabanako berdinen arteko hitzarmenezko
harremanak nagusitu ahala (liberalek berdintasunari
ematen dioten zentzuan). Harrezkero,
Estatua -gizartea bera bezalaxeborondatezko
elkargotzat hartu zen, herritarren
onespen librean oinarriturik baitzegoen.
Antolamendu politikoaren kontzepzio
hori gizarte-hitzarmenaren teorian edo teoria
kontraktualista delakoan dago laburbildurik;
teoria horren arabera, gizabanakoek
guztien onespenarekin eraturiko gobernuak
haien bizitza, jabetza eta askatasuna bermatzearen
truke onartzen dute, inork behartu
gabe, ordena politiko jakin bateko
kide izatea.
Politikaren ikuspegi liberalak Estatuaren
eta gizartearen arteko bereizkuntza du ardatz.
Estatuaren eginkizun bakarra da gizartearen
atal guztien baterako jarduna
arautzea eta erraztea, eta inola ere ez gizartearen
erakundeak kudeatuz banakoen
ekimena ordeztea. Halatan, liberalismoak
erabat gaitzesten ditu faxismoak edo Europako
ekialdeko herrialdeetan hainbat urtez
indarrean egon den sozialismoak gizabanakoen
bizitza antolatzeko erabiltzen zituzten
bideak, hala nola lantokia zuzenean kudeatzea,
sindikatuez nahierara baliatzea, komunikabideak
kontrolatzea edo olgetarako
elkarteak eratzea.
Ideologia liberalaren osagai nagusiek
hiru iraultza handi izan zuten iturburu: Ingalaterrakoa
(1688), Estatu Batuetakoa
(1776) eta Frantziakoa (1789). Hala ere, “liberal”
adjektiboaren adiera politikoa berri
samarra da Europako hizkeran (termino
zaharra da, baina lehen eskuzabaltasuna,
tolerantzia eta buruko irekitasuna adierazteko
erabiltzen zen). 1810 eta 1820 bitartean
hartu zuen esanahai politikoa. Garai
hartan, Espainiako talde politiko bat, Frantziako
Iraultzak eraginda, ordenamendu
konstituzional bat ezartzearen alde agertu
zen (Cadizko 1812ko Konstituzioa) eta
prentsa-askatasuna eskatu zuen, eta “liberalak”
deitu zieten. Antzinako Erregimenaren
aldekoek jarri zieten izen hori, arriskutsutzat
baitzeukaten haien erreformismoa.
Politika arloan “liberal” hitzari eman zioten
zentzu gutxiesgarri hori Europa osoan zabaldu
zen 1820tik aurrera.Legearen nagusitasunaren printzipioak
berebiziko garrantzia zuen Ingalaterrako,
Estatu Batuetako eta Frantziako iraultzen
garaian idatziriko konstituzioetan. Beste era
batera esanik, konstituzio haiek aginte
mugagabe eta bidegabe oro deuseztatu nahi
zituzten. Izan ere, Estatu liberalaren aldaera
guztiek berezitasun bat dute: boterea eta
gobernuaren agintea konstituzioan bilduriko
arau eta jokabideek mugaturik daude, legearen
babesean banakoen askatasuna eta
berdintasuna bermatzeko.
Konstituzio liberalek, beraz, legearen
nagusitasuna bermatu nahi zuten, eta bi irizpide
erabili zituzten hori lortzeko. Lehenik,
legearen aplikazioak aldekeriarik gabea izan
behar zuen (inolako aurreiritzirik gabea,
horrek azken emaitza akastuko bailuke), eta
unibertsala (berdina jurisdikzio beraren
mendeko gizabanako guztientzat, inolako
pribilejiorik gabea, hau da, erregimen feudalekoaz
bestelakoa, garai hartan lege desberdinak
baitzeuden aitoren semeentzat,
elizgizonentzat eta herri xehearentzat). Bigarrenik,
legeek gizabanako guztiei bermatu
behar zieten bizitzan norberak hautaturiko
bidea egiteko eskubidea. Liberal gehienentzat,
jabetza pribatua eta kontzientzia askatasuna
ziren babestu beharreko eskubide
oinarrizkoak. Geroago, liberal batzuek
hezkuntza, osasuna eta beste eskubide batzuk
gehitu zizkieten hasierako bi haiei.
Konstituzio liberal guztiek botere-banaketaren
printzipioa jasotzen dute. Horren
arabera, gobernuaren eginkizun guztiek ez
dute pertsona berberen esku egon behar.Locke eta gainerako pentsalari liberalak
horren alde agertu ziren, baina, zalantzarik
gabe, Montesquieu-k (1689-1755) egin
zuen printzipio horren defentsarik ezagunena.
Haren iritziz, “dena galdurik legoke
pertsona bakar batek, jaun goren batzuek,
aitoren seme banaka batzuek edo herritartalde
batek beren esku balituzte hiru botere
hauek: legeak egitekoa, erabaki publikoak
gauzatzekoa eta lege hausteak edo liskar
pribatuak zigortzekoa”. Bere formarik puruenean,
botere-banaketak honakoa dakar
berekin:• Konstituzioak erakunde desberdinen
esku uzten ditu botere legegilea, betearazlea
eta judiziala.
• Gobernuaren ezein atalek ezin ditu
bere gain hartu konstituzioak beste atal
batzuei emandako ahalmenak. Esaterako,
botere legegileak ezin du utzi botere
betearazlearen esku legeak egiteko
bere ahalmen guztia, eta botere legegileak
eta betearazleak, berriz, ezin
dituzte bete botere judizialaren eginkizunak.
• Botere judizialak beste bi botereen
eraginik jabe jardun behar du.Hala ere, praktikan, gaur egungo erregimen
liberaletan botere batzuk beste botereen
aginte-eremuan sartzen dira. Besteak
beste, hainbatek salatu dutenez, botere legegileak
ez du benetako autonomiarik, eta
botere betearazleak proposaturiko legeak
onartu besterik ez du egiten, edo, bestetik,botere betearazleak epaile batzuk hautatzeko
ahalmena du.
Garai batean, liberalek esaten zuten
ikasiek eta aberatsek soilik izan behar zutela
bozkatzeko eskubidea, norberaren gizartearen
patuan esku hartzeko bide gisa.
Ikuspuntu horren arabera, eskola gutxi edo
ondasun urriak zituztenak ez ziren gai
modu arrazoizko batean jokatzeko beren
interesen alde. Hain zuzen ere, langileek
eta emakumeek ez zuten bozkatzeko eskubiderik.
John Stuart Mill-ek esan zuenez:
“Pertsona edo klase bat erabat baztertzen
duen sufragio-mota ez da zuzena;
orobat, ez da bidezkoa bozkatzeko eskubidea
lortu nahi duten pertsona heldu guztiei
eskubide hori ez ematea”. Dena dela,
honakoa ere esan zuen: “Nire ustez, guztiz
onartezina da idazten eta irakurtzen
ez dakitenek eta, are gehiago esango dut,
aritmetikaren legerik oinarrizkoenen berririk
ere ez dutenek sufragioan parte hartzea”.
Haren ustez, herritar guztien hezkuntza
unibertsala sufragio unibertsala bera
baino premiazkoagoa zen. Hori gertatu arte
(eta berak hala gertatzea nahi zuen), ez
zen egokia eskolagabeko herritar ugariei
bozkatzeko eskubidea ematea. Mendebaldeko
herrialdeek Lehen Mundu gerraren
ondoren soilik eman zieten herritar guztiei
bozkatzeko eskubidea (langile eta
emakumeei ere ezagutu zieten eskubide
hori).
Ondorioa
Pentsamenduaren beste joera batzuen aldean, liberalismoak bi berezitasun nagusi ditu: aginteari mugak jarri nahi dizkio eta Estatuak gizabanakoen jardueren arloan esku hartzearen kontra dago. Horren ondorioz, berebiziko garrantzia ematen dio gizabanakoari eta ezinbestekotzat jotzen ditu Estatuaren esku-hartzetik kanpo egon behar duen eremua mugatzeko balio duten askatasunak eta giza eskubideak. Hala ere, liberal batzuek ahal beste murriztu nahi dute Estatuaren jardun-esparrua: ahalik eta neurririk txikieneko Estatua soilik onartzen dute. Anarkokapitalistak edo neoliberalak deitzen zaie liberal horiei. Beste liberal batzuek, ordea, esku hartzeko eremu zabalagoa onartzen diote Estatuari; besteak beste, hezkuntza, osasuna edo ingurumena sartzen dituzte eremu horretan. Nolanahi ere, hala liberalismoak berak nola askatasuna babesteko tresnei (konstituzioa, boterebanaketa, legearen nagusitasuna) ematen dien garrantziak eragin handia izan du gainerako ideologietan, hala nola kontserbadurismoan, sozialismoan, komunismoan edo anarkismoan (anarkismoa, neurri batean behintzat, muturrera eramandako liberalismotzat jo daiteke).