Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Gizarte jakintza»Gizarte gaiak

Ideologia pentsamendu politikoaren historian: ideologien azkena?

Federico Engels, ideologiaren bilakaeran garrantzi handia izan zuen pentsalaria.<br><br>

«Ideologia» hitza, modu esanguratsuan, ez da agertzen Frantziako Iraultzaren lehen urteak arte, baina kontzeptu horren historiaurrea, Mendebaldeko pentsamenduan, giza gogoari errealitatea zuzen ezagutzea eta, beraz, egiara iristea galarazten dioten oztopoei buruz egin ziren gogoetekin lotu behar da; gogoeta horiek, XVI. mendearen amaieran eta XVII.aren hasieran, garai hartako izadi zientziak bultzatzen zuen izpiritua filosofiaren esparruan zenbateraino sartu zen adierazten dute.

Descartes-en aitzindari, Bacon-ek arrazoia iluntzen duten «idoloen» teorian gauzatu zuen zalantza metodikoa. «Antzerkiko idoloek» (beste hiru idoloak tribukoak, leizekoak eta forokoak dira) honegatik itsutzen dute arrazoia: gure aurrekoengandik jasotzen ditugun errepresentazio eta iritziek berez halako autoritate bat dutelako. Giza pentsamenduak, autoritate hori saihestekotan, bere kritika gaitasunaz baliatzea beste biderik ez du (Lenk).

«Kontzientzia faltsuaren» lehen nozio hori (eta, beraz, ideologiarena, maila psikologikoan) Ilustrazioko filosofiaren lehen kate begia da (XVIII. mendean iritsiko da goren gradura). Filosofia horrentzat aurrekoengandikIdeologiari buruzko teoria marxista klasikoa «Ideologia Alemana» testuari lotuta geratu da. Bertan, gizakien produkzio harremanetatik sortutako errealitate materialaren gainegitura izpiritual gisa ageri da ideologia, zeinen bidez klase nagusiak izadiaz, munduaz eta gizakiez duen ikusmolde globala inposatzen baitu gizartean. Horrek, bada, ideologien laugarren planoa irekitzen du, plano soziologikoa.

Ideologiak zenbait maila ditu kontzepzio marxistan: kontzientzia faltsua da, «herriaren opioa»; ohartuki esandako gezurrari hurbiltzen zaio, kapitalismoaren zerbitzupeko apaiz eta intelektualen betekizuna deskribatzean; errealitate mota baten gainegitura mentala da, zeinean burgesek askatasunaren erresuma bailitzan aurkezten baitute laneko harremanen mundua; eta gizarteko klase batek, are zibilizazio mota batek, truke desorekatuan oinarrituta biak ere, munduaz eta gizakiez duten kontzepzio global baten baliokide da, eta kontzepzio hori merkantziaren fetitxismoan oinarritzen da. Beraz, Mannheim-en hitzetan, Marx-ek batu egiten ditu ideologiaren ikusmolde partikularra (burgesen interes berekoiak) eta garai historiko baten ikusmolde globala.

Ikusmolde aldakor hori –ideologia praktikari kontrajarritako ilusio gisa lehen idatzietan; geroago, ideologia benetako ezagutzari kontrajarritako distortsio gisa–, izoztu egingo da II. Internazionalean Engels-ek kontrajarri zituen bi ideietan, hots, ideologia burgesa «kontzientzia faltsu» gisa batetik, eta langileriaren teoria zientifikoa, hots, marxismoa, bestetik.

XX. mendearen lehen herenean, hainbat pentsalari elitistak Mosca, Pareto, eta Sorel-ek ideologien esanahi soziologikoaz egindako gogoeten parez pare zenbait filosofia joeraren bateratzeak alor berri eta emankorra ireki zion ideologien azterketari: ezagutzaren soziologiarena. Mannheim-ek garai baten historia sozial eta intelektualaren ikerketa metodo bihurtu zuen ezagutzaren soziologia; ezagutza eta epistemologia ez dira beren inguramen historiko eta sozialetik bereizita geratzen. Mannheim-en arabera, gai horri intelektual autokontziente eta klase loturetatik libre direnek bakarrik ekin ahal diote, eta horrek erabat aldentzen du gaiaren garapena intelektualaren ikusmolde marxistatik, hots, intelektuala langileriaren zerbitzupeko teoriko zientifikoa dela dioen hartatik.

 

Egungo eztabaida ideologien azkenaz

Mannheim-en teoriak –intelektualak ez du gizarte loturarik izan behar, hots, behatzaileak ideologia zamarik ez izatea nahitaezko baldintza da ezagutzaren soziologialantzeko– bidea prestatzen dio «ideologien azkenaren» teoriari. 50eko eta 60ko hamarraldietan nagusitu zen alor intelektualean teoria hau; batetik, gerra hotzak sortutako giroaren fruitu, eta bestetik zientzia politiko enpirikoaren postulatu baten fruitu zen: teoria politikoa hila zela (Vincent). Korronte horrek, oso indartsua herrialde anglosaxoniarretan, gizarte errealitatearen sinplifikazio distortsionatu gisa hartzen du ideologia, gogo totalitarioen auzi gisa. Alderdi deologikoa alderdi politikoari kontrajartzen zaio, eta hau gizarte pluralista, arrazional eta toleranteetan bakarrik loratzen da: hortaz, oposizioa dago gizarte itxien –ideologia orohartzaileen– eta gizarte irekien –ez-ideologikoen– artean.

De Tracy-k eta Marx-ek irekitako bi zikloak itxi egin dira, eta haien ikusmoldeak alderantzizko bihurtu: ideologia, ideien zientzia De Tracy-rentzat, bere kontrako bihurtu da; marxismoa, ilusio ideologikoak ezabatuko dituen teoria zientifikoa izatetik urrun, beste ideologia bat gehiago bihurtu da, denetan kaltegarriena.

Ideologien azkenaren teoriak bateratu egiten ditu Mendebaldeko liberalismoa eta dotrina kontserbadore berria, eta bere garaiko ume da. EEBBetan hiru iturritatik edaten du. Vincent-en arabera, 30 eta 40ko hamarraldian bizi izan zen belaunaldi baten sineste batetik edaten du, alegia, politika ideologikoa (nazismoarekin eta estalinismoarekin identifikatzen da) oso lilura arriskutsua da. Beste eragin bat ere jaso du, adostasunean eta gizarte desberdintasunak gutxitzean oinarritutako industria gizarteetan ideologiek apaingarri hutsa direlako ustearena: ezkerrak eta eskuinak onartu egin dute Ongizate Estatuaren logika (Lipset). Azkenik, soziologiaren (soziologia funtzionalistaren) «urrezko aroaren» emaitza intelektual bat da, gizartearen «zientzia» bat eskaintzen baitu sineskeriaren ordez (horra berriro De Tracy); gizarte zientzia enpiriko bat garatzeak zorroztasuna, eszeptizismoa, egiaztapena edo gezurtamena eskatzen ditu, eta horiek eragin emotibo ideologikoetatik at egon behar dute –eta are teoria politiko arauemailetik at–.

Britainia Handian, kontserbadoreek eta laboristek gerraondoan iritsitako adostasun ideologikoaren fruitu da: batzuk eta besteak Estatu guztiahaldun eta ongilea aldezten dute, «laissez faire» motako kapitalismo autorregulatzailea eragin gabetzat jo eta baztertuz. Sineste bat zabaldu da, herrialdeak konpondu egin dituela gizarte eta moral aldeko arazo gehienak: beraz, eztabaida ideologikoak lekuz kanpo daude.

Kritika erradikalek diagnostiko berbera egiten dute urte horietan gizarte egoeraz (horien balorazioak, bistan denez, kontrakoak badira ere). Marcuse-k, Gizaki dimentsio bakarra obran, gatazka desagertu deneko gizarte bat deskribatzen du; ideologia, ordea, ez da desagertu, nonahi ageri da, eta sinestarazi die gizakiei zientziak eta teknologiakberen behar guztiak aseko dituztela; horrez gainera, sormena galtzea ekarri die gizakiei, eta kontsumismoaren onuradun den gizarte klasearen mendeko robot ase bihurtu ditu.

Ideologien azkenaren teoriak gainditu egin zuen esparru anglosaxoniarra; Frantzian Aron-ek jorratu zuen; eta Espainian ere, Fernández de la Mora frankistak, 1965ean argitaratutako El crepúsculo de las ideologías liburuan, sintesi bat egin zuen autoritarismo politikoaren eta pentsamendu liberal eta neokontserbadorearen ongizatearen oinarrizko ideien artean (Pastor).

Alabaina, ideologiak baldin badira aldaketaren eragile den kultura faktorea, litekeena al da aldaketarik gabeko gizartea? Ez ote dira haren azkena aldarrikatzen duten berberak pragmatismo liberalari lotutako ideologoak eta beren gizartea aldatzearen kontra daudenak? Dowse-k tesi hori du; ezagutzaren ideologia aldarrikatzen du, zeinaren arabera giza pentsaeraren osagai ideologikoa pentsatzailearen bizi egoerarekin lotuta baitago beti. Ansart-ek dio, ildo beretik, ideologiarik gabeko gizarte baten itxaropena, zeinaren helburuak ezagutza zientifiko bete baten arabera ezarriko bailiratekeen, gizarte bizitzaren berezitasuna ez ezagutzeari zor zaiola: gizatalde batek bere helburuak asmatzeari uzten dionean, edo desagertu egin da edo beste talde baten mende jarri da.

Baina, batetik, zientziaren filosofiaz izan ziren eztabaidek aldatu egin zuten teoria horren euskarri zen paradigma; bestetik, urtehorietatik aurrera Mendebaldean gertatu ziren pentsaera aldaketek filosofia horren antzutasun soziologikoa frogatu zuten.

Alderdi epistemologikoan, Khun-ek dio zientziak ez duela aurrera egiten errealitate enpirikoak metatuz; paradigma nagusiak abenikoen fruitu dira, eta abeniko horiek erabakitzen dute zientzialarien erkidegoak, une jakinetan zientziaz ematen duen definizioa.

Feyerabend-entzat, erradikalagoa baita bere jarreran, zientziaren inpartzialtasuna eta independentzia ipuin hutsa dira, eta zientzialariek hedatu dute beren mesedetan; arrazionaltasunean, egiaztapenean eta gezurtamenean oinarritutako metodo zientifikoak, dio hark, bortxatu egin dira aurkikuntza bakoitzean. Hortaz, bi zientzialari horiek hankaz gora bota dute positibismo logikoaren eraikina, hau da, ideologien azkenaren teoriari eusten ziona.

60ko hamarraldian, batez ere, Mendebalde aurreratuan ekonomi eta hezkuntza garapenaren onuradun nagusi zirenek –gazte burgesek– eraso zioten gerraondoko gizarte adostasunari. Protestak izan ziren Vietnamgo gerraren kontra, unibertsitate demokrazia eskatu zen, kontrakulturak agertu ziren, «hippieak» kasu, zeinen marihuanaren kontsumoa ideologia libertario eta antiteknokratikoekin batera baitzihoan. Makroideologia berri bat sortu zen, Arbuio Handiarena, eta asmo hau hartu zuen ipartzat: kapitalismo kontsumistak erreprimitutako giza beharrizan guztiak indartzea. Frantzian, 68ko Maiatzeko ikasleek aginte krisi larria eragin zuten.

Gerora, arbuiatua zuten gizarte horrek beretu egin zituen gazte errebeldeak. Baina Arbuio Handiak emaitza iraunkorra utzi zuen: gizarte teknokratikoaren hondamendia salatzen duten ekologia mugimenduak, eta sexuagatik zapalduta dauden pertsonen askatasun mugimenduak: emakumeenak eta homosexualenak (Eccleshalt).

Disidentzia kontrakulturalak, bestalde, erreakzio autoritarioa ekarri zuen «permitibitatearen» kontra, hau jo baitzen Mendebaldeko zibilizazioaren gainbehera moralaren kausatzat. Eskuin berriak, batez ere herrialde protestanteetan, batu egin ditu familia zelularen osotasunaren defentsa eta hainbat bertuterena, hala nola autokontrola, jabegoa eta errespetagarritasuna; legeari men egiteak eta gizarte ordenak norbanakoaren ekimenaren eta merkatu legeen errespetu estu eta, ustez, bizigarriarekin batera joan behar omen dute.

Ansart-ek dioenez, horrek bistan uzten du ezen gizarte modernoetan, ez baitute inoiz erabateko segurantza eta adostasunik lortzen, eta beren kontraesan eta gatazken mehatxupean baitaude beti, ideologia politikoek hitzaren bidez beste ezein bitartekok egin ez dezakeena egiten dutela, eta sozialtasunaren existentziaren baldintzetako bat direla, sozialtasunaren beraren aldaketen eragile ordezkaezina.«Ideologien amaieraren» tesia estatu kudeatzaileetan bakarrik da eztabaidagarria. Oro har, estutu soziologikoa ematen zaien zenbait ebidentzietan dago oinarritua: mendebaldeko kapitalismoaren bilakaera, «sozializazioaren» aldera, langile klaseen integrazio erlatiboa sozialdemokrazia kudeatzaileen aldetik, eragile horien guztien «adostasuna» edo, beste era batera esanda, apatia politikoa, eta beraz, hiritarren apatia ideologia indartuz.

Tesi hori erabilgarria da oparotasun aldietan zein krisialdietan. Lipset, Bell edo Raymond Aaronek, esaterako, bere erara antolatu dute tesi hori, eta tesi horren amaieran, demokrazia pluralistari eta ekonomia misto erreformistari buruz ados daudelarik indar politiko guztiak, «XIX. mendeko gatazka ideologikoen balio galera» gertatzen da, eta hortik aurrera, barealdi ideologiko moduko bat hasten da: «Jabegoaren estatutua dela, planifikazioa dela, edo errenten berdinketa dela, hemendik aurrera ez da hainbeste izango alternatiba baten bi terminoren artean hautatzea, baizik eta konbinatzea, proportzio jakin batean, modalitate elkarren osagarriak…». Zalantzarik gabe, sozialismo demokratikoaren bilakaera da, neurrizkotasunaren eta konpromezuaren zentzuan, arrazoiketa horren ardatza, hala Welfare State delakoa kudeatzeko orduan nola «krisi» bati konponbidea bilatzeko orduan.

François Chatelet, «XX. mendeko politikako ikusmoldeak», Espasa Universidad, 1986.