Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Gizarte jakintza»Gizarte gaiak

Sistema sobietarra

Lenin Smolnyi institutuan, Bodskuren koadro batean. Tretiakov galeria, Mosku.<br><br>

 

Sarrera

Sozialismoak XIX. mendeko lehen hamarraldietan egin zituen estrainako urratsak, Industri Iraultza gizartearen eta ekonomiaren egituretan eragiten ari zen aldaketei erantzun beharrez hain zuzen. Lehen protagonistak klase pribilejiatuen baitatik atera ziren, eta haiek salatu zituzten kapitalismoakbiztanleen artean sortutako aldeak, klaseen arteko desberdintasunak hain zuzen.

Pentsamolde liberalaz oso bestela, gizakiaren izaera soziala azpimarratzen zuten, eta irtenbide kolektiboak proposatzen zituzten.

Hastapenetako utopista haiei, edonola ere, teoria bat falta zitzaien, bultzatzen ari zirena eta bizi zuten errealitate konplexua elkartu ahal izateko. Orduan, Marx-ek historiaren kontzepzio materialista eta dialektikoagaratu zuen. Haren arabera, harreman ekonomikoak dira historiako faktore erabakigarria, eta historia bera, azken batean, klase ekonomikoen arteko etengabeko gatazka da. Gizakiak moldatzen du inguruan duen mundua, eta munduak itxuratzen du gizakia, behar berriak sortaraziz.

Halaz, Marx-ek sakon aztertu zuen kapitalismoaren egitura eta funtzionamendua, ongi ezagutzearren zeri egin behar zion kontra.

Marx-en iritziz, gizarte sozialista ezartzeko ezinbestekoa zen iraultza prozesu bat, eta proletarioek funtsezko betekizuna izango zuten horretan. Gainera, beste ideologo sozialista batzuek ziotenez oso bestela, Sozialismoa Kapitalismoaren baitan bizi izatea ezinezkoa zela azaldu zuen (alienazioaren teoria); halaz, proletarioen borroka bultzatu zuen, sistema kapitalistaren aurka, eta horretarako derrigorrezko iritzi zion alderdi gisa antolatzeari.Lehenbiziko helburua proletarioek boterea eskuratzea zen Marx-en iritziz, burgesiaren estatu aparatua suntsitzea ondoren, eta estatu berri bat ezartzea, langileriaren diktadura hain zuzen; langileriaren esku egongo litzateke gizartea eraldatzea, eta sozialismorantz eramatea. Prozesu honek aurrera eginez gero, hurrena gizarte sozialista suntsituko litzateke, eta hertsaduran oinarritu gabeko administrazio batek ordezkatuko luke.

Marx-ek zioenez, gizarte burgesak eragindako aldaketen azkena langile klasea boterera heltzea izango zen; izan ere, gizarte burgesaren garapenak, hain zuzen ere, berez baitzekarren guztiz muturreraino eramatea produkzio indarrek lortutako erdiespenen arteko adostu ezina, eta era horretan sortutako aberastasun horrexen kontrola herri masek erabat galtzea. Kapitalismoa gaindituz gero, gizakiak atzera izango du aukera, bere ni alienatu hori berreskuratzeko, klase menderakuntzatik askatutako ordena arrazional baten baitan betiere.

Pentsalari honen arabera, produkzio baliabideak sozializatzea ekarriko zuen sozialismoak, eta langile klaseak boterea eskuratzea; halatan, gizabanako bakoitzak egindako lanaren arabera jasoko zuen gizartetik.

Hala eta guztiz ere, egoera sozialista pausu bat baizik ez da, kapitalismotik klaserik gabeko gizartera, Komunismora, iristeko bidean. Gizarte komunistan, gizaki bakoitzak behar duena jasoko du, eta ondorioz, langileen estatuak berak ere ez du zertan existitu.

Pentsamolde sozialistak, inolaz ere, korronte asko ditu. Hauek guztiak azaltzeko, esan dezakegu sozialismoa doktrina multzo bat dela, gizartearen antolaketan gizarte klaseak suntsitu behar direla dioena, horretarako aberastasunak berdintasunez banatuz; gizarte honetan, gainera, botere politikoa langileriaren eskuetan egongo da, eta produkzio, truke eta banaketa baliabideak kolektiboak izango dira.

Alabaina, Sozialismoaren baitan barne borroka bat izan zen, sortu zen une beretik (I. Internazionala 1864an izan zen), eta sozialismoa gauzatzeko urratsek ez zuten guztiz jorratu hasierako pentsamoldeak zehaztutako ildoa.

 

Erreferentzia historikoak

 

Errusia sobietak baino lehen

Tsarren Inperioak eta mendebaleko Europak bide desberdinak segitu zituzten XIX. mendean zehar. Maila ekonomikoan ez dago antzik, ezta maila politikoan ere.Izan ere, tsarren Errusian feudalismoa zen indarrean, sistema politiko absolutista bat alegia, eta tsarra bera zen guztiaren ardatz nagusia. Elizaren eta estatuaren artean ez zegoen bereizketarik, bilbe politikoak ez zuen inolako koordinazio edo tinkotasunik; hau da, oro har “anarkiaz apaldutako despotismoa” zela esan daiteke.

Mendearen amaiera inguruan, I. Internazionalaren ondotik hainbat alderdi sozialista finkatu zen Europan. Aldi berean, industrializazioak bere lehen pausoak egin zituen Errusian, eta burgesia eta langileria txiki bat agertu ziren. Erdi mailako klase hauek eta tsarren sistema batera bizi zirela, ezinbestean, mugimendu politiko bat gertatu zen, 1905eko errebolta hain justu; finkatutako boterearen kontrako altxamendu iraultzaile bat izan zen, 1904an Japoniaren aurkako gerran izandako porrotaren ondorioz piztua. Tsarrak, gertakizunen indarrak beharturik, konstituzio suerte bat onartu behar izan zuen 1906an, bere botereari halako muga batzuk ezarriz; konstituzioak Duma edo Biltzar Legegilea sortu zuen, tsarraren mendean inondik ere.

Hau da, absolutismoak moldatu behar izan zuen, beste biderik ezean. Gauzak horrela zirela, oposizioak gora eta gora egin zuen, eta I. Mundu Gerran hartu zuen gailurra –gogoan izan behar da, bide batez, gerra urteetan izan zela II. Internazionala–, Errusiari pobretasun eta ezaldi ikaragarria besterik ez baitzion ekarri borrokak.

Horren guztiaren ondorioz, Iraultza Sobietarra gertatu zen, 1917an; tsarrak abdikatu egin zuen, eta aro politiko berri bat abiatu zen.

 

Errusia sobietarra

Iraultzaren lehen unean, boterea bitan banatuta zegoen: batetik botere legala, Kerenski-ren behin-behineko gobernuaren eskutan eta nagusiki mentxebikea zena, eta bestetik egiazko boterea, Petrogradeko –gaur egungo San Petersburgeko– Sobietaren eskuetan; honen asmoa Biltzar bat eratzea zen.

Behin-behineko gobernua gerran jarraitzearen aldekoa zen, eta Petrogradeko Sobietak, berriz, nahiago zuen bakea ahalik eta bizkorren lortzea. Bion arteko borrokaren unerik gogorrenetan, Alemaniatik heldu zen Lenin. Hau boltxebikea zen, eta sobiet errepublika bat sortzearen aldekoa, banka eta jabetza pribatua nazionalizatuz inondik ere.

Boltxebikeek tokian tokiko sobieten boterea eskuratu zuten, eta hilabeteko epean Biltzar Konstituziogilerako hauteskundeetarako deialdia egin zuten; botoetatik %25 lortu zuen Lenin-en alderdi komunistak.

Baina Herri Komisarioen Kontseiluak eta Guardia Gorriek Biltzarra desegin zuten; halaz, Sobieten Kongresua (parlamentua) eta Herri Komisarioen Kontseilua (botere exekutiboa) geratu ziren instituzio erreferentzia bakartzat. Kongresu honek onartuko zuen Errusiako Sobietar Errepublika Sozialista Federatiboaren Konstituzioa.

Gobernuaren eginkizun guztiak bakar bat ziren, eta hau burutzeko, agintaritza zatiezina behar zen; oinarrizko botere organoa Sobiet Gorena zen, ganbara bikoitzekoa, bata baitzen Batasuneko Sobieta, eta Nazionalitateen Sobieta bestea (egiturafederala). Ministro Kontseilua ere sortu zuten, eta Estatu Buruzagitza kolektiboa, Presidium deitua alegia.

Lenin hil ondoren Stalin-ek bereganatu zuen boterea, eta Errusia Guztietako Sobieten X. Biltzarrak erabaki zuen Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna (SESB) sortzea; honetan sartu ziren Errusia, Ukraina, Errusia Zuria (Bielorrusia) eta Transkaukasiako Errepublika, hiriburua Moskun jarririk. Geroago Uzbekistan, Turkmenistan eta Tadjikistan erantsi zitzaizkion. Lurraldearen batasuna elementu nagusia zen, eta halatan, hiritarrak sobietarrak ziren lehenik, eta bigarren maila batean errusiar, tatariar, uzbek, georgiar edo ukrainarrak.

Kontzepzio berri honek derrigorrezko kolektibitateko eredua ezarri zuen, eta estatuak sortu zuen industria astuna. Botere nagusiak arautzen zuen, goitik behera, ekonomia, eta bost urteko planak eta plangintza finkatu zituzten. Estreinako aldiz, alderdi bakarreko antolaketa politikoaren eredua gauzatuko da, botere politikoaren kargu guztiak hartu baitzituen alderdiak, politburo-aren bidez kontrolatuz dena. Alderdia eta estatua bat ziren, eta hark galdu egingo zuen iraultza garaian izandako borroka grina.

Stalin-en aldia 1953an amaitu zen, eta Khrustxev izan zuen ondorengo. Honek, kanpo harremanen mailan, Varsoviako Ituna eratu zuen 1955ean, bertan bilduz SESB, Polonia, Hungaria, Txekoslovakia, AED, Errumania, Bulgaria eta Albania; bide batez, Estatu Batuekiko bakezko bizikidetasuna bultzatu zuen, eta hainbat erreforma liberalizatzaile ere abian jarri. Edonolaere, garapen ekonomikoa bideratu bazuten ere, erreforma horiexek eragin zioten boterea galtzea.

Breznev-en garaian, berriz, konstituzio berri bat onartu zuten, alderdi bakarra mantenduz inolaz ere; alderdia, azken batean, aparatu burokratikoaren eranskin bat zen, karguak eskuratzeko plataforma bat eta, beraz, sistema sobietarraren inmobilismoa finkatzeko beste elementu bat.

Konstituzio berri honek Subiranotasun Mugatuaren Printzipioa ekarri zuen.

Printzipio horren arabera, beste herrialde batzuei dagozkien erabakiak har daitezke.

Maila ekonomikoan, lehengo garapenaren bidetik erabaki liberalizatzaileak hartu zituzten, bai merkatu harremanetan bai enpresaharremanetan, bidea jorratuz geroxeago heldutako perestroika-ri.

Alabaina erreformen indarra ahul gertatzen zen, egundoko burokrazia haren inertziagatik, eta erreformatzaile ekonomikoen eta burokrata kolektiboen arteko borrokagatik.

Halaz, herrialdeko ekonomia zeharo geldotu zen, merkatu beltz izugarriaz (honexek ezkutatu zuen, neurri batean, ekonomiaren gainbeherako joera) eta lan absentismo handiaz (kopuru ofizialen arabera, %50ekoa izatera heldu zen); hauekin guztiekin batera, botere taldeak eratuz joan ziren, mafiak alegia, legez finkatutako egituretatik kanpo inondik ere, eta elikagaiak, ordezko piezak, etab. banatzen aritzen ziren. Izan ere, botereari kontraegiten ez zioten bitartean, ez zuten inolako arazorik topatzen legez kanpoko jardueran segitzeko.

Buruzagi hau hil ondotik, epe labur bat eman zuen gobernuak (Andropov–Txernenko), neurriz gaineko gizarte eta politika ustelkeria garbitzeko ahaleginetan (“diziplina sozialismoa” hain zuzen). Alderdi Komunistak erabaki garrantzitsu bat hartu zuen, boterean Gorbatxov jartzea, hain zuzen ere; honek aro irekiago bat ekarri zuen, kanpora begira, eta bere helburu gorena hurrena zen, Sobietar Batasunean ekonomi jarduera pribatua arautzeko lege bat onartzea. Errusiako bilbe instituzionala, ordea, hondatuegi zegoen erreforma iraultzaileak onartu ahal izateko (perestroika edo berregituraketa, glasnot edo gardentasuna, ekonomia liberalizatzea eta estatista gazte eta prestatuak sartzea Gorbatxov-en lantaldean). Gainera, Batasunaren baitan geldirik-edo zeuden nazionalismoak gora egiten ari ziren atzera, horixe zioten behintzat historialariek, eta gerra krudel eta amaigabeak etortzeko arriskua handia zen.

Azaldutako horien guztien bidetik, Berlingo Harresia 1989an erori zelarik eta 1991ko Estatu Kolpeaz, erabateko hondamendi politikoa gertatu zen, Sobietar Batasunaren desegite formala izanik azken emaitza.

 

Sistema politikoa

Sistema politiko hau 1977ko Konstituzioan ageri da egituratuta. Berrikuntza nagusi bat badu Konstituzio honek, estatuaren definizioan langileriaren diktaduraren kontzeptua kentzea alegia, aurrerantzean herri osoaren estatutzat definituz (gizarte klaserik gabe hain justu); eta herria sobietarra da, sobietar nazionalitate guztiek bat eginik sortu baita.

 

Sistema politiko sobietarraren egitura-elementuak

Bilbe politikoaren antolaketaren oinarria zentralismo demokratikoa da, hainbat elementuz osaturik. Lehenik, organo guztiak hautazkoak dira, eta hautesleen aurrean kontuak eman behar dituzte; eta gehiengoa gutxiengoaren gainetik jartzen da, eta organo gorenak maila apalagokoen gainetik.

Bigarrenik, ez dago botere bereizketarik, eta botere gorena Sobietak egikaritzen du.

Egiazko erabaki gunea Alderdi Komunista da (hau da, ideologia marxista-leninista nagusitu zen konstituzioan), berau baita herriaren abangoardia eta sistemaren erdigunea.

Hirugarrenik, sindikatuak onartuta daude Konstituzioan, eta estatuaren administrazioan parte hartzen dute (egiaz, sinKerenski Moskuko geltokian. Kerenski Urriko iraultzaren aurreko gobernuko lehen ministro izan zen. Boltxebikeek iraultzaren kontrakoa zela leporatu zioten eta Estatu Batuetara erbesteratu behar izan zen.dikatu bakarra zegoen). Eta laugarren eta azkenik, finkatu egiten da Legezkotasun Sozialistaren Printzipioa, hots, guzti-guztiak legeen mendean daude; bide batez, erreferendumaren formula sartuko da.

 

Ekonomi sistema sobietarra

Balioaren eta merkatuaren legearen aurrean, plangintza sozialistak arautzen ditu herrialdeko ekonomi magnitude nagusiak, hala nola inbertsioa, kontsumoa, kanpo merkataritza eta produkzioa.

Gizarte produktua lanaren arabera, hots, soldataren bidez banatu beharrean, ekonomi jardueraren hainbat alorretan baztertu egingo da kapitalismoaren banaketa-arau hori, banaketa sozial doakoa erabiliz, bai osasunean, hezkuntzan, etab.; irizpide sozialak dira nagusi, ez merkatu irizpideak.

Soldataren eginkizuna pizgarri materiala izatea da. Laneko produktibitatea areagotzeko modua da. Nolanahi ere, pizgarri material hau ez dator bat teoria marxistarekin.

Lan harremanen esparruan, lan modu oro onartuta dago, baldin eta ez bada beste pertsona batekiko lan harremanik eratzen; hau da, galarazita dago inork inor soldata truke kontratatzea, ugazaba bakarra estatua edo kooperatiba delako.

Metatze prozesua kontsumo ez-emankorreko jardueretatik dator, eta lehentasuna dute gizarte azpiegiturek, nekazaritzaren teknifikazioak, eta langileen prestakuntza tekniko eta zientifikoak.

Produkzio indarren izaera soziala da produkzio moduaren oinarria, hau da, produkzio adarren independentzia eta autonomia gainditzea. Langileek bere bizimoduko baldintzak kontrola ditzakete, eta lehen-lehenik, produkzio baliabideak etaproduktuak inondik ere. Eta kontrol edo nagusitasun honek berekin dakar, ezinbestez, produkzio baliabideen jabetza pribatua desagertzea. Beraz, produkzioa kolektiboa da.

Konstituzio sobietarrak hiru jabetza mota jasotzen zituen: • estatuaren jabetza, esklusiboa gauza batzuetan (lurrak, urak, naturako aberastasunak, basoak, …) eta mistoa beste batzuetan (estatuarena zein kooperatiba edo langile taldeena izan zitekeen); • jabetza kooperatiboa (kolkhoz), batez ere nekazaritza eta zerbitzuei lotutako kontuetan; eta • jabetza indibidual pribatua, erabilera eta kontsumo pertsonaleko ondasunetara mugatua bera.

 

Egitura federala

Sobietar Batasuna oso estatu konplexua zen. Nazionalitate eta etnia kopuru handiaz gain, garapen ekonomiko, sozial eta kulturaletan ere alde handiak zeuden batetik bestera.

Sare oso hau antolatzeko, SESBek egitura federala prestatu zuen, 15 errepublika federatuz, eta hauen baitako 115 lurralde edo eskualdez; lurralde hauetako 20 errepublika autonomoak ziren, beste 8 lurralde autonomoak, eta 10 lurralde nazionalak.

Ukraina eta Bielorrusia, errepublika federatuak biak, NBEko kideak ere baziren.

Ekialdeko Europako herrialdeei buruzko aipamen bat eginez, esan beharra dago hauetan sozializazioak hurrengo pausu hauek eginez burutu zela: lehenik nazio batasunerako behin-behineko gobernuak ordezkatu zituzten, gehiengo komunistaz osatutakoak jarriz; gero, Alderdi Komunistak bat egin zuen tokian tokiko alderdi sozialistekin; eta azkenik, aurkako taldeak suntsitu zituzten. Bide batez, landa munduan kolektibizazio eredu sobietarra aplikatu zuten, ekonomiaren plangintza zentralizatuaz.

Sobietar Batasunera itzuliz, errepublika federatuek Autodeterminazio Eskubidea zuten onartua konstituzioan. Eta aipatu behar da, gainera, munduko konstituzio bakarra dela banantzeko eskubide hori onartzen duena. Dena den, maila formalean geratzen zen eskubide hori, zeren eta ez baitzuen inolako lege mekanismorik finkatzen eskubidea gauzatzeko; are gehiago, aurrez aurre zuen zentralismo demokratikoaren printzipioa, hau ere konstituzioan jasoa, herrialdeko Sobietarekiko eta Batasuneko Sobiet Gorenarekiko mendekotasun bikoitza finkatzen zuena.

Forma aldetik, onartuta zegoen halako subiranotasun bikoitz bat, organo federala baitzen batetik, eta estatu federatuak bestetik, baina Sobietar Batasuna zen Subiranotasunaerrepubliken esku uzten zuena.

Eta errepubliken eskumenak, egiaz, lege federalak administratzeko eta betetzeko besterik ez ziren. Urteak igarota, estatu federatuei eskumen gehiago eman zitzaizkien, aparteko egoerak zirela-eta batetik, eta administrazio federala arintzeko bestetik.

Errepublika federatu bakoitzak bere konstituzioa ere bazuen, bertako Sobietak onartua; konstituzio horrek bat etorri behar zuen Batasunekoarekin. Eta hala izan ohi zen, zeren eta %80an errusiarraren kopia hutsa baitziren.

Errepublika orok zuen bere ordezkaritza parekidea Nazionalitateen Sobietean eta Presidiumean, kide banaz. Ministro Kontseiluan eta Sobietar Batasuneko Auzitegi Gorenean ere parte hartzen zuten, hauetan ere kide batez.

 

Sistema politiko sobietarraren antolaketa instituzionala

Botere politikoaren funtsezko organoa Sobiet Gorena da, nazio sobieten ordezkariek osatutako biltzarra alegia; honetatik sortzen dira beste organoak, hala nola betearazlea, judiziala eta legegilea. Ez dago botereak bereizteko eta banantzeko printzipiorik.

Sobietean sartzeko modua hauteskundeak dira, 5 urtean behin Sobiet Gorenean sartzeko denean, eta 2 urtean behin, berriz, sobiet lokaletan denean. Sufragio unibertsala zen bidea, baina hautagaiak aurkezteko aukera mugatua zegoen, zeren konstituzioak onartutako erakundeek baizik ezin aurkez baitzitzaketen, Alderdi Komunistak, Gazteria Leninisten Batasunak, sindikatuek, idazleek, eta gisakoek, adibidez. Halatan, desagertu egin zen sistema demokratikoaren ezaugarria den aniztasun politikoa.• Botere legegilea Ganbara biko parlamentu bat da, Sobiet Gorena alegia; ganbara honetako lehena Batasuneko Sobieta da, sobietar guztien interesak defendatzen dituena; sobiet horretako kideak bozketa unibertsalaz hautatzen dituzte, 300.000 biztanleko kide bat hain justu. Bigarren ganbara Nazionalitateen Sobieta da, eta errepublika federatuak, autonomoak, …ordezkatzen ditu; diputatu kopuruari dagokionez, errepublika federal bakoitzak 32 ditu, 11na berriz errepublika autonomoek, 5na errejioek eta bana lurralde lokalek. Ganbara biak aldi berean hautatzen dituzte, eta diputatuen agintaldia lau urtekoa da. Boterez, denak berdinak dira.

Parlamentu honek du, eta berak bakarrik, legegintzako boterea, eta berak erabakitzen ditu aurrekontu legeak eta estatuaren plan ekonomikoa.

Sobiet Gorenak kontrolatzen ditu Batasuneko organo goren guztiak, eta ganbara biek, biltzar komunean elkarturik, organismo berezi bat hautatzen dute: Sobiet Goreneko Presidiuma.• Sobiet Goreneko Presidiuma Honetan presidentea, hamabost lehendakariorde (errepublika federaleko bana), hogei kide, eta idazkari bat dira. Organismo hau, ostean, estatu sobietarreko burua da, eta Sobiet Gorenaren ordezkari iraunkorra.

Beraz, konstituzioari begiratuta, 37 kidez osatutako talde bat da estatu burua, ez pertsona bat.

Ostean, Presidium-ak bere ardurapean du barne zein kanpo segurtasuna, herri botereen funtzionamendua, legea betetzea, buruzagi militarrak izendatzea, eta grazia edo barkamen eskubidea gauzatzea. Erabaki guztiak sufragioz hartzen ditu. Estatuaren barne zein kanpo ordezkaritza ere bere gain du. Eta ordezkatze eginkizun honek pertsona baten beharra duenean, presidenteak betetzen du.

Presidium-ean datza Sobiet Gorenaren subiranotasuna, bi ganbarek saiorik egiten ez duten bitartean (urtean hamaika hilabetez hain zuzen); ministroak izendatzen ditu (Ministro Kontseiluko presidenteak proposaturik, eta betiere Sobiet Gorenak izendapena onartzearen mendean), eta gerra egoera aldarrika dezake.

• Botere eragilea Ministro Kontseiluari dagokio (1946 baino lehen, horren izena Herri Komisarioen Kontseilua zen). Ministroak izendatzeko, arau konstituzional batzuk bete behar dira. Kide kopuru handikoa da, ezen Kontseiluak du herrialdeko ekonomiaren zuzendaritzaren ardura (izan ere bada ikatzaren ministerio bat, nekazaritzako makinena, …).

Hain kopuru handiaren eraginez, MinistroKontseiluaren Presidiuma sortu zen (kabinete murriztua inondik ere), eta honen presidentea da gobernuburua (ez estatuburua).

 

Alderdi Komunistaren eginkizuna

Alderdi hau zen legezko bakarra SESBen.

1970ean 14 milioi kide inguru zituen, eta Gazteria Komunistek (Komsomols) beste 24 milioi zituen. Alderdiaren antolaketa nahikoa konplexua da, eta lurralde eta ekonomi errejimen bat du oinarri. Alderdi Komunistaren Biltzarra da organo gorena; gutxienez lau urtean behin biltzen da, eta Batzorde Zentrala aukeratzen du. Honek, bere aldetik, Buro politiko bat eratzen du, Politburo delakoa hain zuzen, biltzarren arteko epean Batzorde Zentralaren eginkizunak betetzeko; gero Idazkaria dago, ohiko kontuak eramateko, eta Alderdiaren Kontrol Batzordea, barne diziplinaren ardura duena. Eskema berari jarraituz antolatzen dira eskualde, lurralde edo errepublika federatuetako alderdi-erakundeak.

Egiturak egitura, eta botere guztiak izaera demokratikoko bide batzuei jarraituz banatu arren, botereok Alderdiko kideen eskutan ziren, zeren eta Alderdiak biltzen baitzituen herrialdeko indar bizi guztiak (hautesleetatik %10). Gauzak horrela, hierarkia politiko konstituzionala eta Alderdiko hierarkia ia-ia gauza bera ziren, eta Ministro Kontseiluaren Presidiumak, kabinete murriztu horrek alegia, eta Alderdi Komunistako Buro politikoak apenas zuten alderik.

Are gehiago, garai batean, Ministro Kontseiluko Presidentea eta Alderdiko Lehen Idazkaria (Idazkari Orokorra 1966az geroztik),pertsona bera zen. Ikusten denez, sistema pertsonalista zen zeharo.

Beraz, eta azaldutakoaren bidetik, esan daiteke SESB errejimen demokratiko batez bizi zela, konstituzioari dagokionez, baina askatasun publikoak gogoan hartuz gero, oso bestelako egoera ateratzen da ondorioz.

Interes orokorraren izenean, eta sobietek eratutako ekonomia eta gizarte eraikina hondora joan ez zitezen, buruzagi sobietarrek nabarmen murriztu zituzten askatasunak, eta ideologia zorrotzaren bidera itzuli ziren, “Stalin gabeko stalinismora” hain zuzen. Bizitza publikoaren alderdi antiliberal horixe izan da mendebaleko kontzientzia politikoei gutxien gustatu izan zaiena, nahiz eta onartu horixe zela ordaindu beharreko prezioa, bakea eta gizarte aurrerapena lortzeko.

 

Sozialismoa gaur

Txinak eta Kubak ere ongi erakusten dute sozialismoa, egiaz gauzatzean, erabat urrundu dela sorburu duen ideologiatik.

Izan ere gainbeheran doaz, eta dagoeneko Txina hasia da merkatu ekonomiarako lehen pausuak egiten.

Txinako biztanleak ez datoz bat bertako sistema politikoarekin, eta iraultza intelektualaren eta ekonomikoaren aldeko borrokan ari dira (Tian’anmen). Pobrezia nagusi da.

Kubako kasua berezia da. Oso herrialde txikia da, eta nabarmen dago kanpora begira, baina Estatu Batuekin duen harreman txarraren eraginez herrialde sozialistekin jardun behar du merkataritza garatzeko; bitartean, herrialde kapitalistetako gero eta enpresa gehiago sartzen ari da bertan.

Merkatu harremanak izan badira, baina produktuen banaketa soziala dute muga.