Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Gizarte jakintza»Gizarte gaiak

Errejimen faxistak

Berlingo desfile baten irudia (1936).<br><br>

 

Sarrera

Boterea erabiltzeko modurik beldurgarrienetako bat, guztietan ankerrena, faxismoa da. Ideologia arrazista, inperialista eta totalitarioaz, gizateriaren aurka izandako krimenik larrienak ekarri eta eragin ditu. Eta munduaz duen kontzepzio krudelaren izenean milioika eta milioika pertsona hil izan ditu. Beraz, faxismoaren azterketa derrigorrezko kontua dugu, zeren eta hura ezagutzeak, haren izenean egindako izugarrikeriak gogoan izateak emango baitigu giltza harengandik babesteko, eta atzera boterera hel dadin galarazteko. Faxismoaren ekintza kriminalen artean ditugu, besteak beste, juduek eta ijitoek pairatutako holokaustoa, eta asmo inperialistak bultzaturik, Europak sekula jasan duen gerrarik bortitzena, II. Mundu Gerra hain zuzen; ezin ahaztu gerra hartan izandako milioika hildakoak.

Faxismoak, mugimendu politiko eta ideologiko gisa, Italian izan zuen arrakasta 1918tik 1939 arte (gerra arteko epean), eta boterean egon zen II. Mundu Gerraren amaiera ingurua arte (1943); Alemanian, berriz, 1945 arte iraun zuen, nazional sindikalismo izenaz, hots, nazismo gisa. Aipatutako bi hauek dira faxismoaren adierazlerik nagusienak.

Faxismoaren mobilizazioa 20 eta 30eko urteetan izan zen. Izaera erradikalaz, iraultzaileaz, sistemari eta finkatuta ziren botereei mehatxu itxura egiten zien, baina geroago, boterera heldurik, ez zituen egindakoagindutako aldaketa sozialak; are gehiago, sistema kapitalista kolokan jarri ordez zeharo sendotu zuen. Mehatxu galantak egin zituen, baina inolako alternatibarik ez planteatzeaz gain, ez zuen sistema sozio-ekonomikoaren oinarria batere ukitu.Nazionalsozialismoaren alderdirik tragikoena 6 mila judu europarren hilketa izan zen. II. mundu gerraz gero, higikunde neonazi txiki batek iraun zuen Alemaniako Errepublika Federalean, eta 1990an Alemaniaren batasunaren ondoren nolabaiteko ospea lortu zuen. Juduen, beltzen, homosexualen eta beste zenbait talderen kontrako bortxazko ekintzak egiten dituzten gazte atsekabetuek osatua da higikunde hori. Europako eta Ameriketako beste zenbait herritan ere antolatu dira erakunde neonaziak.

Iturria: «Nacionalsocialismo», Enciclopedia Microsoft® Encarta®99.© 1993-1998 Microsoft Corporation.

 

Definizioa.

Masa mugimendua eta mugimendu iraultzailea

Mugimendu faxistak 20ko hamarraldian agertu ziren, eta ezaugarri nagusien artean hauek dituzte: gobernu sistema diktatoriala izatea; substratu populista izatea (hau da, herriaren ordezkaria dela dio, eta herriaren maila apalenen aldeko politika populistez zilegizkotzen da); komunismoaren eta kapitalismoaren aurkakoa dela adierazi arren, sistema kapitalista finkatzen du; berehalako helburutzat du langileen iraultzari aurka egitea.

Alabaina, definizio honek mugatu egiten digu kontua, hainbat funtsezko alderdi kanpoan geratzen delako. Ez da kontrairaultzako mugimendu huts bat, ez da langileen iraultzaren kontrako erantzun bat soilik, izan ere beste ezaugarri batzuk ere baditu, herri xehearen behar batzuei behetik erantzuna eman nahi izatea, adibidez, besteak beste.

Faxismoa masa mugimendu bat da. Eskuindar tradizionalak, boterea eskuratzeko, estatu kolpearen bidea aukeratzen du, eta masak desmobilizatuz mantentzen da bertan.

Faxismoak, berriz, masa mobilizazioa bera erabiltzen du boterea eskuratzeko. Hau da, gizarte mugimendu batetik abiatuta ahalegintzen da boterea lortzen, boteretik bertatik sortutako populismo klasikoa baino urrunago helduz. Horretarako, aurrez antolatu behar ditu gizartearen laguntza biltzeko modua emango dioten oinarrizko egiturak.

Faxismoa mugimendu iraultzailea da, hobeto esanda itxura erradikal eta iraultzailekoa, finkatutako botereari mehatxu itxura egiten diona. Baina boterera heldu eta gero, zeharo iraultzaren kontrako ageri da,lehengo botereekiko loturak estuagotuz, eta inoiz ez dio ekingo sistema zalantzan jartzen zuten mehatxu haiek gauzatzeari; oso bestela, lehengo egoera finkatuko du, eta eraldatu nahi omen zuen sistemaren ezaugarrietako batzuk are sendoago bihurtuz gainera. Ez du inolako alternatibarik proposatuko, guzti-guztiak hitz handiak baitira, sistema sozio-ekonomikoaren muina bera sekula aldatuko ez dutenak.

Gizarte talde sakabanatu eta, zenbaitetan, elkarren kontrakoak ere badiren batzuez osatuta izatea du beste ezaugarrietako bat. Talde horiek ez dute modurik, sistema aldaketarako alternatiba orokor eta baturik prestatzeko, eta halaz, faxismoak ezin dio egiaz kapitalismoari aurre egin, ez baita gai.

Izan ere, talde horiek lotzen dituen indarra beldurra da, ez bakarrik krisialdi ekonomikoen, 18koaren edota 29koaren ondorioz piztua, baizik eta baita Bigarren Industria Iraultzak ekarritako joera sozio-ekonomikoen eraginez sortua ere, hauen bidetik garrantzia galtzen ari baitira talde horiek.

Beste era batera esanda, faxismoa ez da halako une batean izandako krisi baten emaitza, XIX. mendearen amaieraz geroztik sistemak izandako garapen sozio-ekonomikoak sortarazitako fruitua baizik.Egungo Aroan, zientzia politikoak diktadore deitu zaie orezkaritzarako sistema demokratikoak oro har biltzen dituen baloreak alde batera utzita estatuaren aginpide guztia beren esku jarri duten agintariei.Benito Mussolini Italian, Adolf Hitler Alemanian, Kim Il Sung Ipar Korean eta Stalin Sobiet Batasunean dira XX. mendeko diktadura aipagarrienetako buruak.Iturria: «Dictador», Enciclopedia Microsoft® Encarta®99.

© 1993-1998 Microsoft Corporation.

 

Politika eta antolaketa

Alderdia Faxismoak ez du eskuinaren ohiko bidetik jotzen. Are gehiago, hasieran, eskuin tradizionalak halako mesfidantza batez ikusten du. Masa mugimenduaren indarrez heldu nahi du boterera, guztia biltzeko, integratzeko eginkizuna beteko duen alderdi batez betiere, ez baitago faxismorik alderdi faxistarik gabe.

Hierarkiak dena hartzen du, goitik behera.

Oinarrian zelula paramilitarrak daude, eta ezinbesteko elementua da diziplina. Bide batez, zalantzan jartzerik ez dagoen hainbat elementu indartzen da.

Eginkizun nagusia buruzagiarena da; hark sortzen eta interpretatzen du nazioaren doktrina (parlamentu sistemetan, berriz, parlamentuak betetzen du eginkizun hori), eta haren erabakiak apelaezinak dira. Halaz, Italian Mussolini, Ducea, eta Alemanian Hitler, Führerra, figura gorenak dira, supergizakiak.

Probidentziak jarri ditu herriaren aitzindaritzan, eta herriak obedientzia erabatekoa eskaini behar die.

Irudi hori indartzeko, egundoko eszenografiak erabiltzen dituzte, horma-irudiak buruzagien aurpegiak erakutsiz nonahi, eta kontzentrazio masiboetan bat etortze beldurgarria erakusten du herriak buruzagiekiko, hiltzaile izugarri horiekiko. Helburu nagusia zera da, gizarte osoa alderdi ereduaren arabera eratzea, eta horretarako ez da masa desmobilizatu behar, izaera militarreko alderdi-egituretan sartu baizik.

Faxismoak, aipatu bide horiek jorratuz, “estilo bat” izate hori gauzatzen du, eta halako balio batzuk goraipatzen ditu; bide batez, bere proiektuaren aurkako elementu oro suntsitzen ahaleginduko da, eta idealarekin bat ez datorrena edo arraza eta nazio definizio ofizialari egokitzen ez zaiona aienaraziko du.Gizarte mailako ezaugarriak.

Zein dira partaideak? Bigarren Industria Iraultzak kaltetutako hainbat gizarte talde izango dira partaideak. Funtsean klase ez proletarioak dira, maila galtzen ari baitira, bizkorrago gainera krisialdi ekonomikoen eraginez. Hau da, proletario bihurtzen ari dira. Nekazariak dira, negozio txikien jabeak, lehiakorrak ez diren lanbideetan ari direnak, irakaskuntzaren beheko mailetakoak, etab. Erdi mailako klaseen mugimendua da, eta zabaltzen duen mezua, funtsean, behe mailako burgesiarena.

 

Ideologia

Faxismoan ez da lan teoriko landurik aurkituko; are gehiago, faxismoaren argudioetan hutsunea da, argudiorik eza alegia, alderdirik deigarriena. Edonola ere, ideologiaren anbiguotasun horrexek emango dio, nonbait, arrakastarako aukera. Ideologiaren ezaugarri nagusia eduki positiborik eza da, zeren gauza guztien kontra azaltzen baita funtsean: antiliberala da, antikapitalista, antikomunista, antisozialista, eta antiparlamentarista.

Lema nagusiak horiexek ditu, eta behin eta berriz adierazten ditu. Eta jarrera landuagorik ez izatean, mugimendu berean bil daitezke oso sektore desberdinak, lotura bakarra baitute, hain justu Bigarren Industria Iraultzak ekarritako bilakaera sozio-ekonomikoak gaizki tratatu dituela uste izatea. Mussolinik esan zuen bezala, “faxismoa estilo bat da”.

 

Ideologia faxistaren ezaugarriak

• Ultranazionalismoa Faxismoa, batez ere, nazionalismo erradikalaren, maila oroz gaindikoaren adierazpena da. Ukatu egiten du nazioa borondate indibidualen mendean egotea. Italiako kasuan, hain zuzen, Italia liberala gutxiengo burges baten obra dela dio faxismoak, “herriaren batasuna eratzeko ezgai” den talde baten egina inolaz ere.

Nazionalismo faxistan “Herria” da guztiaren giltza; eta lurra, odola, arraza (italiarrak arraza ariokoak dira faxisten ustez) dira herri horren osagarriak. Elementu irrazionalak baliatzen ditu faxismoak, ikuspegi erlijioso edo mistiko batez. Herria baita garrantzitsua, arraza eta komunitate nagusi bateko kide izatea alegia, eta horren guztiaren azpitik dago gizabanakoa.

Esanaren adierazgarri dugu 1921ean alderdi nazional faxistak bere programan adierazia: “Nazioa ez da bizi diren gizabanakoen batura, ezta alderdiek bere helburuak lortzeko duten tresna ere; nazioa organismo bat da, belaunez belaun dirauena, eta gizabanakoak elementu iragankorrak dira, ez besterik. Nazioa da arrazaren balio material eta izpirituzko guztien sintesi gorena. Eta nazioaren gauzatze juridikoa estatua da”.

• Bortxa, politika jarduerarako baliabide nagusia Bortxaren arrazoia argudio metafisikoetan aurkitzen du, berriro ere. Inongo planteamendu arrazionalik gabe, indarraren erabilera zilegiztatzen du, nazioa eta arraza babesteko eta garbitzeko. Hau da, ideologiaren elementu bat da bortxa. Hitlerrek bere Mein Kampf lanean azaldu zuenez, “mundua gizaki indartsuena da, irtenbideerabatekoak erabiltzen dituztenena, eta ez neurriaren mendean jokatzen duten ahulena”.

Gizarte darwinismo arriskutsua, inondik ere.• Guztiaren kontra Esan dugun bezala, faxismoa ukazioz definitzen da. Parlamentarismoak, alderdi sistemak eta prentsa askatasunak nazioaren indarra ahultzen dute, eta beraz, kendu egin behar dira. Boltxebikeen kontra, sozialismoaren kontra, kapitalismoaren kontra agertzen da. Estatu korporatiboa proposatzen du, totalitarismoa alegia.• Boltxebikeen kontra Gizarte talde batzuk beldur dira, gizarte ordena desegingo ote den, eta talde sakabanatu horiek bildu behar ditu faxismoak.

Horretarako elementu berezi batzuk behar ditu, eta etsai komun bat bilatzen du, baita aurkitu ere, boltxebikeak hain zuzen.

Halaz, erdi mailako klase faxistak, burges txikiak, burgesia handiarekin batera aritu ahal izango dira borrokan. Langileen iraultza sozialistaren aurkako borroka da horiek guztiak biltzen dituen elementua.

Elementu hau beti-beti aurkituko dugu mugimendu faxistan, eta talde paramilitar faxisten helburu behinena borroka horretan aritzea da.• Mugimendu antikapitalista Ideologiako elementu honek apenas duen garapenik, ez teorian, are gutxiago praktikan. Nazien garaiko Alemanian garrantzitsuagoa zen, Mussoliniren Italia faxistan baino. Aldarrikapen antikapitalistak gizarte kapitalistaren joera sozio-ekonomiko batzuen zuzenketa proposatzen du, ez besterik, eta burgesia txikiaren edo garapen kapitalistaren mehatxua jasaten duten nekazarien ikuspegitik betiere. Aniztasun politikoak eta klaseen arteko desberdintasunek ez dute zentzurik.

Hala ere, ez du gizarte antolaketarako inolako proposamen zehatzik egiten. Estatu korporatiboak izan behar zuen ideia hauen guztien adierazpen instituzionala, baina faxistak boterera heldu zirenean, ez ziren inondik ere gauzatzen saiatu halako estaturik eginetaratzen, azal hutsean geratu baitziren. Ez dago egiazko egitura alternatiborik.

Estatu korporatiboa ez zen gauza berria, zeren XIX. mendeko nazionalismo erromantikoan dagoeneko jasota baitzegoen (Hegel). Haren arabera, estatua hiritarren batura hutsa baino gehiago da, eta bizitza organiko berezkoa du. Halaber, “demokrazia mekaniko” (pertsona bat boto bat) deitzen zutenari faxismoak egindako kritika bera ere tradizionalismoan dago.

Alabaina, faxismoak berrikuntza bat eragiten die ideia hauei, zeren eta erabilgarritasun berri bat ematen baitie, gizarte kontrolerako tresnatzat hartuz. Estatu korporatiboak berekin dakar parlamenturik eza, eta haren ordez “demokrazia organikoa” izango da, sindikatu bertikal integratzaileetan oinarritua; sindikatu hauek, bere aldetik, totalitarismoaren zerbitzuan jarriko dira.

Ostean, XIX. mendean korporatibismoaren eginkizuna ordena tradizionalaren defentsa zen. Gizarte kapitalista berrian, aldiz, gizarte elkartasunerako bidea da korporatibismoa. Hala eta guztiz ere, ez da ezinbesteko elementua faxismoaren ideologian, are gehiago, aitzakia bat da, parlamentarismoari alternatiba moduko bat aurkezteko. Azken batean, totalitarismoa finkatzeko tresna bat besterik ez zen izan.

 

Faxismoaren sorrera

 

Faxismoaren arrakastaren arrazoiak

Faxismoa ezin dugu historiaren halako une batean Hitlerrek eta Mussolinik eragindako halabehar baten gisan ulertu. Gogoan izan behar dugu, ezinbestez, bi hauen herrialdeetan 20 eta 30eko urteetan bizi zen egoera (18ko eta 29ko krisiak izan baitziren).

Dena dela, faxismoa ez zen derrigorrezko bidea, bestelako zenbait aukera ere bazen eta.

Faxismoaren arrakastan, batetik, zeresan handia izan zuten beste joera ideologiko batzuek, zeren eta inhibizioz, laguntzaz edo ahuleziaz tokia utzi baitzioten hari.

Esate baterako, 29ko krisia funtsezkoa izan zen naziak boterera heltzeko, baina hala ere ezin lotu daitezke faxismoa eta krisia, ezin esan daiteke faxismoa eta krisia gauza bera direnik. Eta bestetik, Lehen Mundu Gerrak Alemanian eta Italian izandako ondorio bertsuak ere oso gogoan izatekoak dira.

Bitxia bada ere, herrialde hauek aurkako aldeetan izan ziren borrokan, baina gero antzeko aldaketa sozial, ekonomiko eta politikoak ezagutu zituzten.

Izan ere, antz handiak zeuden bien artean.

Adibidez, estatu berriak ziren biak (Europan eratutako azkenetakoak hain zuzen), trinko egituratu gabeak, eta nazio integrazio ahulekoak, eta gainera ez zen denbora luzea bat eginda zeudenetik. Horrez guztiaz gainera, inondik ere, epe luzeko eragile bat ere aipatu behar da, Bigarren Industria Iraultza alegia, kapitalismo txikia eta burgesia txikia desagertzeko joera ekarri baitzuen. Azaldutako egoera horrek sortarazi zituen faxismoari, eta bide batez bortxan oinarritutako politikari, indarra eta itxura eman zioten elementuak, hala nola ultranazionalismoa, nazio, herri eta arraza kontzeptua, eta irrazionalismoa (1900 inguruan dagoeneko ageri zen elementu hau, esparru txiki zenbaitetan). Gainera, eta egoerari buruzko ikuspegia osatzeko, esan beharra dago Alemanian eta Italian oso traumatikoaizan zela industrializazio prozesua, berandu eta izugarri bizkor burutua.

Antzak aipatu ondoren, Alemaniaren eta Italiaren arteko aldeei ere gainbegiratua eman behar. Herrialde biotan ildo beretik abiatutako bilakaera izan arren, Alemanian kultura planteamendu berriek ez zioten aurre egin behar ideologia nazionalista nagusiari, dagoeneko bazutelako ideologia egitura bat, planteamendu horiek bere baitan hartzeko gai zena: nazionalismo erromantiko alemaniarra zen, gogo biziz arbuiatzen baitzuen liberalismo burges ortodoxoa. Eta alemaniar kulturaren gailentasunaren ideia ordurako sartuta zegoen nazionalismo germaniarrean; orain, ideia hori autonomo bihurtzea izan zen hurrengo pausua, eta antisemitismora jotzea. Aldaketa hau erabakigarria izan zen Alemaniako nazionalismoan.

Egiten hasitako bideari jarraituz, teoria arrazista bat landu zuen, “gizarte darwinismo” deitzeko moduko eskema batez. Honen funtsezko ideiak hauek ziren: indarraren gorespena, eta senarena, bortxa selektiboarena eta arraza arioaren gailentasunarena.

Eta antisemitismoa ez da, inondik ere, bazterreko kontu bat. Betekizun erabakigarriak ditu. Alde batetik, nazionalismo erradikalari aukera ematen dio kapitalismoaren kontrakotzat agertzeko, industrializazioak ekarritako gaitz guztiak juduen kapitalismoaren ondorioa direla esanez (edonola ere, XIX. mendeko nazionalismo askotan jasota dagoen ideia da); hau da, akats eta gaitz hitzen sinonimotzat hartzen du judu izatea, eta halatan, hauxe izango da kontuguztietarako biktimarik egokiena. Eta bestetik, aukera ultranazionalista antisemitismoan oinarrituko da sozialismo iraultzaileari aurre egiteko, iraultza hau juduen iraultza delako, teoria honen argitan; beraz, eta bide horretatik, iraultzaren kontrakotzat ere agertuko da faxismoa.

Italian ordea, bestelakoak izan ziren kontuak. Faxismoa ekarri zuten aurreko ideien sorrera nazionalismo erradikalak eta sindikalismo iraultzaileak bat egitean gertatu zen; halaz, elementu proletario batzuk eta industrializazio aurreko sektoreei lotuta zeuden burgesia txikiko beste batzuk elkartu ziren. Alemanian, faxismo aurreko ideia hauek zuzendari klaseak landuko zituen, antisemitismoaz baliatuz. Eta fraseologia antikapitalista baliatu zuen, langile sektoreak eta erdi mailakoak proiektu berean biltzearren, aldi berean amets inperialista pangermaniko bat planteatuz, inondik ere, alemaniar nazioarentzako bizi espazioaren aitzakian.«Jakin behar duzu faxistak, eta batez ere milizianoak, ez duela betirako bakean sinetsi behar.

Espetxeko egunak ongi merezitakoak dira beti.

Aberriari mesede egiten dio baita gasolina ontzi bat zaintzen ari denak ere.

Zure kideak anaiak dira. Lehenenik, zurekin bizi direlako, eta gero, zuk bezala pentsatzen dutelako.

Mosketoia, kartutxoentzako uhala, etab. ez zaizkizu eman astialdian hondatzeko, baizik eta gerrarako gordetzeko.

Sekula ez duzu esango «Gobernuak ordaintzen badu!», zu zeu zarelako ordaintzaile, zuk nahi zenuen gobernua duzulako eta zuk babesten duzun gobernua delako.

Diziplina da gudarosteen eguzkia: diziplinarik ezean, ez dago soldadurik, nahasmendua eta hondamena baizik.

Mussolinik beti dauka arrazoia.

Bolondresak ez du aitzakiarik eta beti betetzen du agindua.

Gauza bat preziatu behar duzu ororen gainetik: Duce-aren bizia» Faxista gazteen 1928ko dekalogotik ateratako aipamena.

 

Boterea eskuratzea

Alemanian eta Italian modu bertsuan agertu zen ideia faxista. Boterea hartzeko moduak, ordea, oso desberdinak izan ziren.

Kasu biotan, oso lotura estua du Lehen Mundu Gerrako emaitzekin.

Italian faxismoaren ezaugarri politikoak, neurri batean behintzat, 1915ean dagoeneko antzematen ziren. Orduan baziren nazionalismo erradikala bultzatzen eta bortxaren apologia egiten zuten talde txikiak.

Gerra izan zen abiapuntua, kontsensurik gabe eta herritarren iritziaren kontra sartu baitziren hartan, baina edonola ere, faxismoaren arrakastaren giltza gerrak berak eragindako kontraesan ekonomikoak izan ziren. Izan ere, gizarte barneko tentsioak areagotu egin ziren, eta halako frustrazio sentimendu bat sortu zen, garaipenean parte hartuagatik inolako saririk ez baitzen izan.

Halatan, nazionalismo erradikala oso bandera erakargarria izan zen aurrerantzean.

Gerraren prezioa izugarri handia izan zen Italian, eta ezin ongi eraman; Frantziaren aurka borroka egiteko prestatu ondoren, azkenean Austria izan zuten etsai, bai maila ekonomikoan bai demografikoan.

Halaz industria gizon handiek, azkenean, estatu demokratiko liberala hartu zuten bere arazoen erruduntzat. Osterantzean, burges txikiek eta errentadunek bere aurrezki guztiak galdu zituzten (gogoan izan 19ko urtarrilean %471koa izan zela inflazioa), eta pobretzean proletario bihurtu ziren.

Borrokan aritutakoen artean ere gauza bera gertatu zen, eta proletarizazio hori berdin-berdin heldu zitzaien gudarosteko ofizialei; ekintza gogorren bat burutzeko prest zirela, berehala sartu ziren alderdi faxistaren talde paramilitarretan.1919-20 ingururako, erdi mailako klasea prest zegoen faxismoarekin buru-belarri aritzeko. Honekin batera borrokatuko zen estatu liberalaren aurka, nozitutako pobretzearen errua leporatzen baitzion hari.

Esandakoaren argitan ikusten denez, 1919ko egoeraz iraultza ateetan zen. Gainera, Errusiako iraultzaren arrakasta eredugarria zen, iraultza borrokari ekiteko grinaz zeuden industriako langileentzat eta nekazarientzat.

1919an hasi ziren lurrak eta lantegiak hartzen, halako mailan non Florentzia, 3-4 bat egunez, errepublika sobietarra izan baitzen.

Hurrengo urtean, 1920an alegia, faxismoa mugimendu populista gisa agertu zen, eskuin tradizionaletik urrun, baina lantegiak hartzen zituztenei eta, batik bat, lurjabeen sailak hartzen zituzten nekazariei aurre eginez.

1921ean dagoeneko masa alderdi bat zen, 700.000 inguru militantez. Huelga iraultzailea egiteko azken ahalegina 1922an izan zen, baina atarramentu txarrez amaitu zen, ez estatuaren ekintzengatik, baizik eta alderdi faxistaren eraso-eskoadren jardueragatik.

Une honetatik aurrera, patronalak bat egingo zuen alderdiarekin.

 

Faxismoa boterean

1922ko urriaren lehen egunetan faxistek, alkandora beltz deitu haiek, milaka, Italiako hainbat eskualde hartu zituzten.

Gobernuak setio egoera aldarrikatu nahi zuen, baina erregeak ez zuen sinatu nahi.

Gobernuak dimisioa emanik, erregeak Mussoliniri eskatu zion gobernu berria eratzeko.

Eta hark horixe egin zuen.

24ko hauteskundeetan, faxistek bost milioi boto lortu zituzten, guztira ziren zazpietatik, baina faxismoaren aurkako erresistentziak gora egin zuen, hauteskunde prozesuan izandako gorabeherengatik. Alderdi sozialistako idazkaria, Matteotti, hil egin zuten, eta oposizioak, protesta gisa, parlamentua utzi zuen. Erregeak ez zion Mussoliniri aurre egiten, eta italiar askok eta askok jo zuten erbestera (Parisen bakarrik, 300.000 baziren). Halatan, Mussolinik eskuratu zuen boterea, estatuaren eta alderdiaren aginte osoaz eskuratu ere. Errejimen totalitarioa jarri zuen, alderdi faxistaren eta Mussoliniren beraren kontrolpean.

 

Alemania

Alemaniako prozesua Italiako baino konplexuagoa da. Weimarko errepublikan, nazionalsozialismoa ahula zen, kopuruz, ez ordea erakusten zuen propagandarako gaitasunari begiratuta. Eta demokraziak ez zuen tradiziorik.

Prozesua pausuz pausu ikus dezagun.

Gerra amaitu zenean Alemania ez zuen inork inbaditu, alemaniar gudarostearen frontea erortzean errendizioa heldu baitzen.Gudarostearen baitako sektore indartsu batzuk ez zetozen bat planteamendu horrekin, artean irabazteko aukera bazutela uste zuten eta. Hau da, haien iritziz inork ez zituen garaitu maila militarrean; oso bestela, traizio politiko baten biktima izan ziren.

Horrekin batera, hiri nagusietan hainbat ahalegin izan zen iraultza sozialista burutzeko, monarkia erbestean zen, eta Weimarko errepublika demokratikoa sortu zuten, oso ahula lehen unetik beretik. Erdi mailako klaseak oso bizkor pobretu ziren 1921etik 1923rako epean, Italian izandakoa baino pobretze latzagoa izan zen gainera, zeren inflazio puntuak milaka kontatu behar ziren, hilean.

1924-25etik aurrera, ekonomiak halako suspertze bat izan zuen, Estatu Batuetatik heldutako maileguei esker batez ere, baina 29ko krisialdiak izugarri laztu zituen Estatu Batuekiko mendekotasun horren ondorioak, eta langabeak milioika ziren. Iraultza proletarioa gertatuko ote zen beldurra zabaldu zen. Gauzak horrela zirelarik, alderdi nazionalsozialistak epe laburrean gauzatzeko moduko irtenbidea zuela adierazten zuen, eta asko hazi zen horrenbestez. Alderdi naziak 1931n eskuratu zuen bere boto kopururik handiena, eta 32ko azaroko hauteskundeetan, eskuinak masa alderdi faxistari iritzi zion egokien, egoera kontrolatzeko; Hitlerri aginpide mugatua ematea pentsatu zuen eskuinak, kontrolatuko zuela uste zuen eta. Aitzitik, 33tik aurrera diktadura heldu zen, eta demokrazia arrasto oro aienatu, bide batez. Sei hilabete besterik ez zituen behar izan alderdiak, oposizioa zeharo desegiteko. Apirilean naziek Gestapo sortu zuten, polizia politikoa alegia. Eta 34ko hauteskundeetan dagoeneko kandidatura bakarra izan zen. Erresistentzia mota guztiek errepresio latza pairatu zuten, eta estatua erabat zentralizatu zen. Hurrengo urtean, 35ean, lege berriak iritsi ziren, “alemaniar odola eta ohorea babesteko”. Horixe izan zen herri juduak kontzentrazio esparruetan jasandako errepresio eta sarraski edo erabateko suntsitze politikaren, munduak inoiz ikusi duen izugarrikeriarik bortitzenaren abiapuntua. 1939ko irailean, alemaniar espantsionismoak Polonia inbaditu zuen, eta Ingalaterra eta Frantzia haren kontrako gerran sartu ziren. Ekainean dagoeneko mendean zuen Frantzia, eta Vichyko erregimena ezarri zuen. 41eko otsailean Errusiaren inbasioa abiatu zen. Eta Afrikako iparraldera ere ailegatu zen gerra. 43an aldatu egin zen gerraren martxa. 45eko maiatzaren lehen egunetan, amerikarrak, ingelesak eta errusiarrak Berlinen sartu ziren. Hitlerrek bere buruaz beste egin zuen maiatzaren 8an, eta Alemaniaren errendizioa heldu zen.

Faxisten indarra horrela amaitu zen, baina ezin ditugu ahantzi, inolaz ere, Europan gertatzen ari diren berpizte saioak.Arrazakeria eta bizi eremua dotrina nazionalsozialistan Hitlerren ideia politikoak darwinismotik datoz Alan Bullock-en iritzian: haren politikaren oinarri nagusiak borroka (Kampf-ek «borroka» baino askoz ere esanahi gogorragoa dauka), arraza eta desberdintasuna dira –bakezaletasunari, nazioartekotasunari eta demokraziari kontrajarririk–. Aurretik ere aurkeztu izan ziren arrazakeriari buruzko zenbait teoria, besteak beste Vacher de Lapougeren eskutik (Ariarra eta bere zeregin soziala, 1899), Gobineauren eskutik eta Houston Stewart Chammberlainen eskutik (XIX. mendearen oinarriak, 1899). Baina arrazakeria nazionalsozialista, Mein Kampf obraren XI. atalean («Volk und Rasee») ageri den moduan, edo Alfred Rosenberg-ek XX.. endeko mitoa-n azaldu zuen moduan, ideia berria izan zen: «Beren arrazaren garbitasunari uko egiten dioten herriak beren arimaren batasunari ere uko egiten diote aldi berean… Odolgarbitasunaren galerak barne zoriona deusezten du, betiko gutxiesten du gizona, eta galera horrek betiko aztarnak uzten ditu gorputzean zein moralean». Ordu arte sekula ez zen azaldu antisemitismoa halako indar eta bortxaz. Eta, batez ere, estatu bat sekula ez zen saiatu arraza garbikotzat hartzen ez zirenak sistematikoki suntsitzen.

Inperialismo faxista antzinako joeretatik eta Italiaren eskumena zabaltzeko grinatik sortua zen bezala, «bizi eremuaren» dotrina (Lebensraun) herriaren eta arrazaren ideiei loturik dago. Alemaniako herriak, organismo bizia izaki, bizitzeko eremua behar du.

Pangermanismoaren helburuak biltzen dituen alemaniar asmoak geopolitika du aldeko.

Baina Hitlerren pangermanismoa ez dator 1914 aurreko urteetako pangermanismoarekin bat. Gilermo II.aren garaiko Alemanian, pangermanismoaren helburua merkatu berriak eta salgaientzako irteerak bilatzea zen, ekonomia nazionalen arteko lehia bizia zela eta. Hitlerren pangermanismoa, aldiz, ez dago errealitate ekonomikoen azterketa sakonean oinarriturik; politikoa da ekonomikoa baino gehiago, autarkikoa da, eta ez du zabalkundea ekonomiaren bidez bilatzen. Hitlerrek 1932an esan zuenez, mundua ez da ekonomiaren bidez konkistatzen; estatuaren boterea da merkataritzarako baldintzak ezartzen dituena, eta ez merkataritza zabalkunde politikoa bideratzen duena. «Bizi eremuaren» dotrina politiko, militar, mistikoa, antiekonomikoa da: Reichean sartu nahi ditu haren parte izan behar duten kide guztiak, baita pobreak badira ere, nahiz eta norberaren bizi mailak behera egin dezakeen horren eraginez. Kopurua garrantzizkoagoa da ongizatea baino, eta boterea aberastasuna baino.

Horrela, Hitlerren garaiko Alemania gerra ekonomian sartzen da. Sistemaren logikak gerra eskatzen du, eta Hitlerren erregimenak, hainbat garaipen handiren ondoren, gerran amor ematen du.

Iturria: Touchard, J. «Ideia politikoen historia». Tecnos argitaletxea, Madril. 1981. Encarta 99-tik aterea.