Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Gizarte jakintza»Gizarte gaiak

Estaturik gabeko gizarteak.

Hiri estatua.

Antzinako inperioak

Atenasko akropoliseko Propileoen ikuspegia.<br><br>

Politika antolaketaren arloan jorratutako lehenbiziko bideak asko eta asko izan dira, eta heterogeneoak gainera, tribu edo herrixketako antolaketatik Greziak edo Erromak zituzten modu zeharo landu haietara heldu arte. Atal honetan, forma horietara guztietara hurbilduko gara.

Garai guztietan, antolaketa politikoa bat etorri ohi da gizarteak garatu nahi dituen helburu komunekin. Halaber, lotura estua izan du beti lanaren antolaketarekin, batez ere aipatzen ari garen garaiotan. Izan ere, lanaren banaketa agertzea oso elementu garrantzitsua izango da lehen erregimen hauetan.

Gizarte konplexuagoak, kanporantz zabalduagoak agertzean, Grezian eta Erroman gertatu bezala alegia, askoz ere aginpide egitura sendoagoak sortu behar ziren, eta aginpide honen antolaketa eta gestioa ere bideratu beharra zegoen.

Estatu antolaketa heldu baino lehenagoko gizarteetan, aginpide politikoa, besteren obedientzia lortzeko ahalmentzat harturik, ez dago beste aginpideetatik oso-oso bereizita, esaterako aginpide ekonomiko edo erlijiosotik, eta elkarren artean nahasten dira; hau da, gizabanakoak gizarte talde bakoitzaren baitan duen estatusari dario aginpide politikoa, eta aginpide sozialarekin identifikatzen da.

Halaz, gizarte primitibo, tribal haietan, nahiz eta buruzagiaren figura edo rola agertu, rol hori aldakorra da, iragankorra, unean uneko gizarte egoeraren arabera ad hoc sortua, eta egoera hori aldatuz gero, rol hura ere aldatu egingo da.

Kontu hau hobeto ulertuko dugu adibide sinpleak jarriz gero; esate baterako, aginpidea indarraren mendean baldin badago, indartsuena izango da guztien buru, baina taldean beste gizabanako indartsuago bat agertu orduko, hark eskuratuko du buruzagitza.

Era berean, aginpidea loturik baldin badago talde batek beste talde bat mendean hartzeko duen indarrari, eta taldearen osaketa edo kide kopurua aldatu delarik indar erlazioa aldatzen bada, lehengo talde ahula izango da orain talde nagusia, eta hark lortuko du aginpidea.

Gizartea sedentario bihurtu ahala lanaren banaketarako estreinako formak agertu ziren, eta estratifikazio gero eta konplexuago bat, eta multzo konplexu oso hau antolatu beharraz egin zituen lehen pausuak aginpide politiko bereizi, iraunkor eta egonkor samar batek.

Gune politiko berri honek maila orokorreko eredu bat badu, komuna bera, bi oinarrizko eginkizunez: gizarte osoaren helburu orokorrak zehaztea batetik, eta gizartearen beraren antolaketa edo integrazioa bestetik.

Halaz, estatu modernotik hurbilen dauden antolaketa mailako aurrerakinak, hau da, burokraziaren inperioa edo hiri estatua, aginpidea kontzentratu beharra sortu zenean agertu ziren, gizarte helburu komun nagusiak lortzea izanik xede, esaterako inbasorearen aurkako defentsa, ondasun urrien banaketa –lursailak edo uraren erabilera–, edota herri lan handiak –harresiak, tenpluak, piramideak– gauzatzea, besteak beste.

Tribu edo ahaidetasun loturez antolatutako ordena zaharra ezgai agertu zenean gizarte konplexuagoak egituratzeko, aginpide politiko bereizia azaldu zen, eta hiritartasunarenkontzeptua nagusitu. Gizarte aginpidea duten taldeak aginpide horretara zuzentzen dituzte bere ahaleginak, eta eragina ere izan nahi dute bertan, helburu orokorrak zehazteko bidea horixe baita.

Eta egoera honetatik aurrera politika kontzeptu berri bat sortu zen, gobernatzera, edota gizarte osoaren gobernu, zuzendaritza eta kontrolean eragitera zuzendutako jardueratzat harturik; eta halatan buruzagitza-rol politiko egonkorrak sortu ziren, eta aginpide aparatuak, aginpidea erabiltzeko eta lortu beharreko helburuak gauzatzeko behar beste baliabidez.

 

Estatu aurreko forma politikoak

 

Buruzagitzarik gabeko gizartea.

Tribu ez sedentarioak

Horrelakoen artean sakonen aztertutako kasuak indiar amerikarrena eta inuiten gizartea dira. Gizarte hauek ez dira sedentarioak, hau da, ehizatik eta lurrak berez eskaintzen dienetik bizi dira. Eta izadian aurkitzen dutenaren mendean bizi direnez, talde txikiak izan ohi dira, biziraupen hutsaren mailan dirautenak, garapen ekonomiko urriaz; ez dute soberakin ekonomikorik metatzen, eta ondasunak produzitu edo aurkitu ahala kontsumitzen dituzte.

Gizarte hauetan, gai diren guztiak (umeak eta adinekoak izan ezik) aritzen dira eginkizun eta rol guztietan; edonola ere genero bereizketa bat izaten da, baita gaur egun ere, eta betekizunak, gizarte eginkizunak banatzeko unean gizonezkoei egokitzen zaizkie batzuk, eta emakumezkoei beste batzuk.

Gizonezkoaren eginkizuna ehizari eta taldearen babesari loturik izaten da, eta emakumezkoak, berriz, ia-ia taldearen beste eginkizun eta behar guztiak ditu bere gain, hala nola arropa, etxea, janaria, umeak zaintzea, etab.

Buruzagiaren rola ere ageri da talde edo gizarte hauetan, baina ez du aparteko aginpiderik, eta kasuan kasuko egoeraren araberakoa izaten da; halaz, egoera aldatu ahala buruzagia ere aldatuko da. Honen aginpidea, funtsean, tradizioan oinarritzen da, eta bera ere honexen pean dago.

Gizarte hauetako kideen helburu edo xede komunak ez dira biziraupen hutsetik asko urruntzen, eta ia-ia ez dago inolako helburu finkorik ere, zeren eta kanpo errealitateak berak, habitatak, leinuak eta ohiturak erakusten baitute zer den une bakoitzean behar dena. Eta horrelako egoera batean, aginpide politikoa ez da batere bereizten aginpide sozialetik.

 

Gizarte zatikatua.

Tribu sedentarioak

Tribu sedentarioak, hots, lurralde (geografiko eta sinboliko) batean finkatuak, nekazaritzan eta abere hazkuntzan aritzen diren gizarteak dira, eta dagoeneko janaria lortzea ez da habitatak eskaintzen duenaz baliatze hutseko kontua, zeren eta giza lanak, ingurua eraldatuz, bere emaitzak ere eskaintzen baititu.

Gizarte hauetan dagoeneko hasi da lanaren banaketa, eta gizartea bera gero eta konplexuagoa da. Garapen ekonomikoa gorantz doa, eta ondasunak ere metatzen dira, soberakina sortzen baita, eta hau gestionatu eta antolatu beharraz, halako bereizketa politiko bat, halako aginpide politiko egonkor bat sortzen da, elite bat azken batean, buruzagitza-rol egonkor eta herentziaz eskualdatzen diren batzuez; aipatuaz gain, gizarte mailak edo kastak ageri dira, ahaidetasunean eta leinuan oinarriturik, eta erlijio sinboloen edo halako ideologia baten bidez legitimatzen da estratifikazio hau.

Biztanle kopurua eta lanaren banaketaren beharrak gero eta handiagoak dira, merkataritzak bideratzen du produktu trukea, eta lurraldea ere babestu behar da.

Hauen guztien eraginez, antolaketa modu berriak sortzen dira, hala nola: militarra, pisuak eta neurriak, justizia, instituzionalizatutako kontsulta sistema bat, eta hierarkia politiko bat, berau estu loturik erlijioaren, magia edo aztikeriaren, ohituren eta aberastasunak izatearen konbinazioari (horrela biltzen baitira aberatsen eta adinekoen aginpideak).

 

Grezia eta Hiri estatua

Hiri estatua da estatu modernoaren zuzeneko aurrekaria. Grezia eta Erroma ditugu horrelakoen alerik bikainenak. Antolaketa politikorako modu berri bat da, mendebaldeko munduan lehenbiziko esperientzia politiko garrantzitsua. Honen oinarri ideologikoek arrastoa egin diete geroago heldutako formula guztiei.

K.a. 800 eta 500 urteen artean, kostaldean batez ere, eta itsas merkataritzaren eta beronek eragindako garapen ekonomiko garrantzitsuaren eraginez, hiri estatuak eratuz joan ziren, eta hiritartzeko eta aginpide guneak sortzeko prozesua abian jarri zelarik, hauek elkarren aurkako borrokan sartu ziren nagusitasuna lortzeko. Hirietan bizi ziren noble aristokratak, merkatariak, lurjabeak, eta baita hiriak mendean zituen inguruko lurrak lantzen zituzten nekazariak ere.

Hasieran, hiri hauetako gobernua klan edo tribu hierarkiek eratutako nobleziaren eskuetan zegoen. Geroago tirania erregimenak heldu ziren, edo autoritarioak, ekonomiahazkundeko prozesu hauetan aberastutakoen ordezkaritza bere gain hartuz, baina konjurazioen eta aliantza eta laguntza aldaketen eraginez jasaten zuten ezegonkortasunak, gizarte desberdintasunek gora egitearekin batera, zenbait gatazka sortarazi zuten; eta prozesu honetan zehar, erdi mailakoen aginpide politiko eta ekonomikoa sendotuz joan zen pixkanakapixkanaka, jabe txikiena berena bezalaxe.

Osterantzean, antolaketa militarrean izandako aldaketen bidez nekazariak ezinbesteko elementu bihurtu ziren babes eginkizunetarako, eta honen emaitza dagoeneko abian zen prozesua zeharo bizkortzea izan zen.

Esklabotzan oinarritutako ekonomia eta ekonomia jarduera berriak (meatzaritza, nekazaritzaren hedapena, etab.) finkatu zirelarik, hiritar libreen kopurua zeharo handiagotu zen, ezen jopuen ordezkoak esklaboak ziren oraingoan. Eta hiri txiki samar eta trinko hauetan gero eta biziagoa zen komunitate-kide izatearen sentimendua, nortasun sentimendua azken batean, argi eta garbi bereiziz barnekoak eta kanpokoak, hiritar direnak eta hiritar ez direnak alegia. Neurriak, konplexutasun maila txikiak, eta hiritarren eta berauen interesen arteko homogeneotasun handi samarrak, hauek guztiek ahalbidetu zuten zuzeneko demokrazia edo demokrazia asanblearioa agertzea.

Demokrazia klasikoa, neurri handi batean idealizatu dugun hori, Atenasen garatu zen, eredurik tipikoenari buruz ari garela behintzat. K.a. V. mendean, hiri estatu hau zen nagusia greziar munduko aginpide guneen artean. Lehenbiziko esperientziademokratikoa Kios-en sortu omen zen, VI.. endean, eta greziar zibilizazio osoan zehar hedatu zen.

K.a. azken bost mendeetako Grezian, unitate politikoa polis hura da, esklabotzan, nekazaritzan eta merkataritzan oinarritutako garapen ekonomikoaren eraginez sortua.

Unitate honek baliabide eta merkatu berriak izatea ahalbidetu zuen, eta landa mundutik gero eta aldenduago zeuden hiri kontzentrazio berriak sortzean, lanbide berriak ere agertu ziren, merkatariak eta eskulangileak besteak beste, eta hauekin batera baita hezkuntza eta erlijioaren arlokoak ere.

Polisa hiri bat da, inguruko lurraldea eta herriak mendean dituena; herri hauek polisari loturik bizi ziren (badirudi Espartak 85.000 km 2 inguru zituela, eta 2.500 inguru Atenasek, eta 300.000 biztanle).

Ordena politikoa totalitariotzat har daiteke, ez baitago inolako bereizketarik bizitza publikoaren eta pribatuaren artean; dena dago komunitate erlijioso bati loturik. Komunitateari balio absolutu, mugagabekoa ematen zaio, eta ideien mailan ez dago alderik norberaren interesaren eta interes orokorraren artean, ezta bizitza publiko eta pribatuaren artean ere, eta horrela gobernuak ez du inolako mugarik topatzen bere jarduera esparruan; hau da, gaur egungo ikuspegitik hartuta, aginpidea absolutua dela esan dezakegu.Grezian filosofia politikoa garatu zen, eta honek aztarna sakona lagako zuen mendebaldeko aginpide politikoaren antolaketan; filosofia hau gehien sakondu zutenen artean ditugu Platon (Errepublika eta Legeak lanetan hiri ideala diseinatu zuen) eta Aristoteles (Polisa lanean hiri estatuen konstituzioen azterketa bat egin zuen).

Kultura, gizarte eta ekonomia mailako aldaketa batzuk izan ziren antolaketa modu berri honen eragileak; aginpidearen gunea nahiko bereizita dago, eta printzipio hauek ditu oinarritzat: hiritartasuna, berdintasun politikoa, legearen aurreko berdintasuna, zuzeneko demokrazia asanblearioa, eta karguen txandakatzea. Rol eta jarduera politiko berri hauetara hiritar guztiak hel zitezkeen.

Poliseko gobernua demokrazia da (tipikoa berau Atenasen, Esparta, ordea, autokratikoagoa zen), hiritar guztien partaidetza aktiboan oinarritutako gobernua, baina ez dugu inondik ere kontzeptu hau guztien partaidetzarekin nahastu behar, zeren eta bakar-bakarrik hiritar libreen partaidetzaz ari baikara, ez biztanleen partaidetzaz (ez inoiz ahantzi esklabotzan oinarritutako ekonomia dela hau); esaterako Atenasen Demosa, hau da, politikan parte har dezakeen taldea, gizonezko helduz osatuta zegoen, atenastar jatorri garbikoak izaki guztiak (hiritar libre gehiago bazen, eta oso garrantzitsuak ere bai batzuk, baina beste jatorri batekoak edo esklabo askatuak –metekoak– zirenez, formalki ez zuten parte hartzeko eskubiderik, nahiz eta errespetu handia jaso besterengandik).

Hainbat elementuk ematen zuten gizarte estratifikazioaren oinarria: batetik famili eta leinu tradizioak, eta bestetik estatusak, lurraren jabetzaz zein lanbideaz, edota maila sozio-ekonomikoan eta erlijio-errito arloan lortuak. Elementu hauek guztiak bilduz finkatzen zen estratifikazioa.

Grezian halako kultura komun bat bazen, baina ezin inola ere unitate politikotzat hartu, zeren eta bi ligak osatzen baitzuten, eta liga hauek, bakoitzean hiri estatu bat zela buru, elkarren kontrako borrokan aritzen ziren, hegemonia eta nagusitasuna zeinek eskuratuko; edonola ere, gaur egun dena multzo bat izan balitz bezala hartzen dugu, haien guztien ezaugarri komunek herentzia handia utzi baitigute, oraindik ere partaide gaituen horixe hain zuzen.«Europako Burdin aroko herrixkak bizitoki harresituak izan ohi ziren. Mendi gainetan eraikitako gune gotortuak izaten ziren, esaterako Maiden Castle, Ingalaterra hegoaldean, eta Heuneburg, Alemania hegoaldean.

Edo oppida edo leinuen hirigune harresitu handiak, etxeez, lantegiez, biltegiez eta buruzagien etxeez osatuak, Julio Zesarrek bere ekinaldi militarren kontakizunean azaltzen duenez.

Europako Burdin aroko herrixka bikainenetakoa, Biskupingoa da. K.a. 700. urte inguruan dago datatua, Poloniako ipar-erdialdeko penintsula batean. Bertan egindako indusketetan hamahiru ilaretan banatutako eta metro batetik gorako hormez eraikitako 100 etxeko herrixka gotortu baten hondakinak aurkitu dira. Etxe ilara horietatik aparte, enborrez zolaturiko kale batzuk zeuden, eta enborrez, lurrez eta harriz osaturiko harresi bat zuen, herri guztia inguratuz. Biskupingo herritarrak (baziren 1.000 edo 1.200 biztanle inguru) penintsularen hegoaldeko larreak eta landak erabiltzen zituzten nekazariak eta abeltzainak ziren. Artatxikia, garia, zekalea, garagarra eta babarruna lantzen zituzten batez ere. Herrixka hartan aurkitutako animalia hezurrek erakusten dutenez, zerriek garrantzi handia zuten elikaduran, baina abereetatik ateratzen zuten esnea eta okela, eta haiek erabiltzen zituzten gurdiabere gisa ere. Urez beteriko hainbat biltegitan zurezko, hezurrezko eta oihalezko gauzaki eta herri landuak eta metalezko bitxi eta tresnak aurkitu dira.» Iturria: «hierro, Edad del», Enciclopedia Microsoft® Encarta®99.© 1993-1998 Microsoft Corporation.

 

Antzinateko inperioak edo inperio burokratikoak

Inperio burokratikoak Politika antolaketako eredu honen baitan dira inperio azteka, inperio inka, eta txinatarra bera (K.a. I. mendetik K.o. XX.era arte).Inperio hauen ezaugarri nagusienetako bat oso garapen handiko burokrazia izatea da; honetan gobernari bat da burua, dinastia baten baitan beti, eta ustezko jatorri jainkotiarrak zilegiztatzen du dinastia. Beraz, ez da ezinbestekoa ideologi eraikuntza bat izatea babes gisa.

Arauak erlijioaren mailan sartzen dira, zalantzan jartzerik ez dagoen dogma arrazoitu gabeak balira bezala; horrela, obedientzia bermatzen da, erlijio ofizial baten indarrez.

Eta horrelakoetan, alor politikoa bereizirik egon arren, ez du erlijioarekiko inolako bereizketa edo autonomiarik, elkarri estu-estu loturik baitoaz biak.

Herria heterogeneoa da, mendekoz osatua, eta ez du inolako eskubide politikorik, ezta aginpidean inolako partaidetzarik izateko modurik ere.

Garapen ekonomikoaren beharrek gizarte helburu material handiak finkatu zituztenean agertu ziren inperio hauek. Esate baterako lursail handiak ureztatu behar zirenean, edo lur, lehengai, esklabo gehiago eskuratu behar zituztenean, edota azpiegiturak (bideak, zubiak, etab.) prestatu, orduantxe agertu ziren; helburu horiek maila sinbolikokoak ere izan zitezkeen (kohesioa lortzeko xedez), erlijio monumentu handiak esaterako, edo ebanjelizazioa, besteak beste.

Antolaketako behar hauek estaltzearren, aginpideak aparatu handia behar du, materialez zein gizakiz hornitua, helburuak gauzatzeko lanak kontrolatzeko zein hauen zuzendaritza eramateko, bide batez gizarte osoaren kohesioa lortuz enperadorearen izenean; horretarako, burokrazia behar du aginpideak, eta gudarostea, zerga-biltzaileak etab. Talde hau osatzeko aristokrazia tradizionalaren hainbat taldetara joko du, eta enperadorearen borondatez halako aginpide maila bat eskuratuko duen talde horixe izango da, aurrerantzean, gobernariaren aginpidearen oinarririk sendoenetako bat. Enperadoreak derrigorrezkoa du talde hau fidel izatea, eta taldea kontrolatzea orobat, bi elementu hauexen mendean dagoelako. Gauzak horrela, lurjabe, militar, erlijiogizon, polizia eta burokraten elite aristokratikoarekin harreman onak izan behar ditu ezinbestez, etengabekoak baitira aginpidea eskuratzeko konjurazioak eta azpikeriak.

Inperio burokratikoaren gainbehera, maila handi batean, baliabide materialetan eta eskulanean izandako gehiegizko eskariak ekarri zuen; izan ere, aginpidea mantentzeko ahaleginean gauza asko egin behar ziren, hala nola inperioa hedatu, aristokrazia pozik mantendu fidel izaten jarrai zezan; edota herri zein erlijio eraikin handiak altxatu, besteak beste, eta azkenean kontrako ondorioak ekarri zituen prozesu honek, ekonomia ahulduz eta aginpidea,pitinka-pitinka, herri mailan sakabanatu eta fokalizatuz (hauxe izan zen, kasu askotan, feudalismoa agerteko arrazoia).

Ekialdeko inperioak Pertsian eta Mesopotamian, berriz, ekialdeko despotismoa aipa dezakegu. Lehen aipatutako horietan bezala, aginpidearen zilegizkotasunaren oinarria teokrazia da, enperadorearen eta arauen sorburu jainkotiarra alegia (beraz, legez kanpokoa izateaz gain heresia ere bazen horiek zalantzan jartzea).

Enperadorearen aginpidea eta, ondorioz, gobernu aparatuarena, mugagabeak ziren, eta ez zegoen publikoaren eta politikoaren arteko inolako pribatutasun espazio pertsonalik, erromatarren inperioan bazen hartatik zeharo bestela.

Judutarrak Judutarren kasuan, aldiz, zilegizkotasunaren iturri den oinarri teokratikoak berak mugatzen du aginpidea bide batez, eta gobernarien eta burokraziaren aginpide politikoa orekatu egiten da apaizek eta erlijioaren aginduek dutenarekin, aginpide politikoak berak ere bete behar baitu erlijioak esana. Muga hau, geroago, kristau mundura igaroko zen.

 

Erroma

Erromako antolaketa politikoak bestelako ezaugarriak ditu, bere bilakaera historikoan zehar. K.a. I. mendetik K.o. VI.era arte, antolaketa politiko inperialaren baitan koka dezakegu.

Hasieran, Greziako polis haren antzekoa da. Hiri bat (civitas), lurralde esparru txiki baten erdigunetzat, eta erlijio unitate bat, hiritar diren guztiak partaide direlarik hiriaren gobernuan.

Bilakaera prozesuan, civitas hori imperium bihurtu zen, eta inperioaren konkistaz ideia hauek eta politika antolaketarako modu hau (arte, arkitektura, hizkuntza eta beste zenbaitekin batera inolaz ere) Mendebal osoan zabaldu ziren, halako politika batasun bat emanez inguru honi.

Greziarrengandik eskuratutako demokraziaren ideiaren ondotik inperioaren hedapenarena heldu zen, Zesarismoa eta Imperium hura. Enperadoreak herriarengandik hartzen du aginpidea, eta bera da aginpide honen hartzaile bakarra.

Edonola ere inperio handiak, ezin baitzuen gizon bakar batek mendean hartu, burokrazia aparatu handia behar zuen, funtzionarioz eta magistratuz osatua, hauei emango baitzitzaien aginpidea egikaritzeko ardura, metropoliaren izenean jardunez, filosofia zentralista baten ikuspegitik betiere.

Erromak egindako ekarpen nagusienetako bat bere Zuzenbidea da, gaur egun ere lege antolamenduen oinarria bera baita. Ius gentium hartaz ari gara, jendearen zuzenbideaz, nazioarteko zuzenbidearen lehen hasapena izango zenaz, alegia.

Erromatar zuzenbideak zuzenbide publikoa eta pribatua bereizten ditu, eta onartzen du bi esparru bereizi badirela, publikoa bata eta pribatua bestea, eta pribatuan ezin dela aginpide politikoa sartu, honen kontrol eginkizuna publikora mugatzen baita. Subiranotasunaren eta monarkia absolutuaren ideiak ere bereak ditu. Eta baita aginpidea mugatzeari buruzkoa ere, aginpidea legeari egokitu behar zaiola azaltzen baitu.

Zuzenbide erromatarrak berak eskaintzen digu, gainera, nortasun juridikoaren kontzeptua. Honen bidez, pertsonak ez ezik erakunde, elkarte edo korporazioak ere zuzenbidearen subjektu dira, eta herri agintaritzak horrelakotzat onartzen ditu, eta bide batez gauza desberdintzat hartzen ditu erakundea batetik, eta erakundea osatzen duten pertsonak bestetik. Hauxe dugu, gaur egun ere, gure harreman politiko, ekonomiko eta laboralen oinarri sendoenetako bat.

Inperio handi batek, mantenduko bazen, gizarte egitura konplexu bat behar zuen. Eta kasu honetan, esklaboak izan ziren produkzioa egitura mantentzeko beste areagotzeko modua.

Erromako inperioaren beste ekarpen bat Europaren batasun antzeko hura izan zen.

Eta aginpide haren pean zabaldutako kultura komun hura gaur egun bizirik da, Mediterraneo aldeko Europan batik bat.

Merkataritzak, halaber, pausu handia egin zuen, merkatu txikietatik Mediterraneo osoa eta Europa erromatarraren zati bat hartzera heldu baitzen. Horretarako, bide sare itzela eraiki zuten (galtzada erromatarrak hain justu), eta itsas bideak ere ongi hornitu zituzten portuz, Europaren garapenaren ildoak finkatuz horrela, neurri handi batean.

Bilbe izugarri hau mantentzeko behar ziren egitura politikoak konplexuak ziren, eta aristokrazian oinarritu arren halako ordezkaritza-printzipio bat behar-beharrezkoa gertatu zen. Senatuak garrantzi handia zuen, eta Erromaren ordezkariz, zibilez zein militarrez, osatutako sare konplexu bat zabaldu zen Europa osoan zehar, konkistatutako lurraldeetan kontrola mantentzeko.

Eta zesarren ohitura bat, bere zerbitzupean ongi aritzen zirenei lurrak ematekoa alegia, izango zen geroago feudalismoa agertzeko oinarrietako bat.Munduko sistema berria«(…) aldaketa sakonak jasaten ari den munduko sistema baten aurrean gaude, gatazka eta tentsio handien artean nazioarteko harremanetarako sistema berri bat bilatu nahi duen sistema baten aurrean, eta ondorioz, gero eta gehiago nabarmentzen ari den errealitate horretara egokituko bada, kontzeptu berriak, ideia berriak, eredu eta adierazpen berriak, nazioarteko lege eta araudi berriak eta, batez ere, politika berriak eskatzen dituen sistema baten aurrean.

Garbi dago, nahiz eta estatuetako buruzagiek ez dituzten gertaera horren ondorio guztiak beren gain hartu oraindik, Westfalian finkaturiko nazioarteko ordena eta sistema, II. Mundu gerraren ondoren era espezifikoan zehaztuak, eta ordena hura sustatu zuten politikak ez direla nahikoak nazioarteko egitura eta dinamika tradizionalak gainditzen dituzten errealitate eta arazo batzuei aurre egiteko.

Nazioarteko sistema krisian dagoela esatea aldaketa prozesu sakon baten murgilduta dagoela esatea da. Prozesu hori nola bukatuko den ezin antzeman daitekeen arren, etorkizunean, edo hobeki esateko, dagoeneko aldaketa handiak eragin ditu boterearen eta legitimotasunaren banaketan eta kokapenean, nazioarteko eragile estatal zein ez estataletan, eta eragile horiek orain arte izan dituzten jarduera alor eta moldeetan, batetik, eta aldaketa sakonak eragin ditu, halaber, gatazkaren izaeraren eta segurtasunaren arazoan.» Celestino del Arenal (Nazioarteko Harremanetarako Katedraduna). «Nazioarteko gizartearen baitako aldaketak eta Nazio Batuen Erakundea», Nazio Batuen berrogeita hamargarren urteurrenari buruzko jardunaldiak.

Colección Escuela Diplomática, 2. zbkia., 7-24 orr.