Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Gizarte jakintza»Gizarte gaiak

Antolaketa politikoaren jatorria eta arrazoia

Nicolas Machiavelo (1469–1527). Printzea izenburuko obran Berpizkunde garaiko aginpidearen eta politikaren inguruko tratatu teoriko bat aurkeztu zuen.<br><br>

Denboran zehar gizakiok hainbat bide baliatu dugu, botere politikoa ulertzeko eta antolatzeko. Munduan asko eta asko izan dira gizarte antolaketarako moduak.

Soziologia, filosofia eta zientzia politikoa gogotik ahalegindu dira, gizarte eta politika ordena ororen oinarrizko azalpena eta arrazoia argitzen. Funtsezko galdera honako hau dugu: zergatik antolatzen ditugu gizarteak politikoki? Eta hurrengo galdera, berriz, segida logiko bati jarraiki helduko zaigu, ezen gobernu, erregimen eta sistema politikoetan aldaketak etengabekoak izanik, zein da nagusi gure mundu honetan, ordena ala kaosa? Galdera hauen erantzunak, zientzia politikoen Historian diren eta izan diren ikuspegi politiko eta antropologiko desberdinen araberakoak dira.

Indarra eta hertsapena, interes partikular edo kooperatiboa, edota adostasuna edo konpromisoa balio komunen inguruan, hauek guztiak argudioak dira, antolaketa politikoaren arrazoia argitzen saiatzen direnak, ikuspegi desberdinetatik.

Argitze ahalegin hauetan, teoria batzuk tesi organizistetan oinarritzen dira, eta beste batzuek, berriz, borondate orokorra hartzen dute elementu nagusitzat. Ostean, teoria pluralistak saiatu dira borondate arrazional eta iraunkorraren monismo edo unitarismoaren kontra jotzen. Eta hauez guztiez gain, beste hainbat tradizio ere bada, libediakrala, sozialista edo kontserbadorea, adibidez, bakoitza eredu ideologiko bati atxikia, gizarte ordena, gobernua eta Estatuaren eginkizuna justifikatzeko. Beraz, argudio teoriko garrantzitsuenei jarraituz, saia gaitezen ordena politikoaren sorburuan diren elementuak adierazten.

 

Indarra eta hertsapena, gizarte ordenaren sortzaileak

Thomas Hobbes izan da Historiako filosofo politikorik handienetako bat. Haren iritziz, gizarte ordena, politikoki antolatutako gizartea, tresna bat da, ordena naturalaren berezko ordenarik eza kaotikoaren kontrakoa, ezen ordena naturalean pertsonak bakardadean, miserian bizi dira, nazka, bortizkeria eta laburtasun egoeran. Zoritxarreko egoera horretatik irteteko, arauak eta legeak finkatu behar dira batez ere, basa legeko egiturazko bortizkeria geldiarazteko.

Giza eta antropologia ikuspegi negatibo honentzat, pertsonak geurekoiak gara funtsean, eta boterea eskuratzeko irrikaz gaude. Beraz, indar antolatua, legea eta zigorra nagusi diren zibilizazio “egoera” berria izango da, inolaz ere, norberaren desirak eskuratzeko nork bere indarra erabiltzea galaraziko duena.

Giza garapenaren ikuspegi honek dioenez, giza izaera ez da inondik ere aldatzen gizartean bizi arren; izan ere, geurekoiak eta aseezinak izanen gara beti. Gizartean, ordea, ingurua aldatzen da, orain soziala eta antolaketa politikoaren araberakoa baita, eta arauak ditu, eta legea hausten duenak zigorra jasoko du. Portaera aldatuko dugu, isuna, kartzela edo kaleratzea saihestearren; edonola ere, sekula ez zaigu itzaliko botere materiala lortzeko eta plazer partikularren gozamenerako grina.

Hobbes aipatu badugu ere, bai lehenago Greziako filosofo sofistek, bai geroago marxistek edo anarkistek, ahalegin hanegin dituzte ordena politikoaren izatea azaltzeko, indarraren erabilerari estu lotutako kontutzat azaltzeko ere. Hauen tesiaren arabera, botere politikoa eskutan dutenek hertsadura errepresiboa erabiltzen dute, gobernari-klase gisa dituzten interesei egokitutako gizarte ordena ezartzeko.

Marxismoak materialismoa erabili du lanabes filosofiko gisa; honen bidez, erakutsi nahi izan du nola diharduen gizarte klase gobernatzaileak, arauak eta legeak ezartzen, produkzio eta antolaketa politikorako modu guztietan; eta itxuraz gizarte osoarentzat onak diren arau eta lege horiek, nola gertatzen diren, beti, klase nagusi horren interesetarako komenigarri. Gainera, neurrira antolatutako estatu baten indar hertsatzailea izan du beti eskura klase nagusiak. Halaz, Karl Marx-en iritziz estatua “gizon armatu talde bat” besterik ez da, gizartea bere interes materialaren arabera antolatzen duena.

Beste ikuspegi batetik, hurbilketa psikologiko bat eginez, Sigmund Freud-ek adierazi zuen hertsapen mekanismo sorta bat dela gizartea. Gizakiok zoriontasun pertsonalerantz bideratzen gaituzten bulkadak ditugu, eta gizarteak bulkada horiek kontrolatu nahi izango ditu, frustrazio-eraso ereduan oinarriturik; horrenbestez, gizakion izaera antisoziala zigortzeko baliabidea da indarra.

Azalpen hauek guztiak desberdinak dira, baina guztiek indar hertsatzailea hartzen dute gizarte bizitzaren sorburu eta arrazoi nagusitzat. Osterantzean, gizartea eta estatua bereizten dituzte, eta elkarren arteko aldeak nabarmen uzten; bide batez, ongi erakusten digute estatu-erakundearen ezkutuko aldean, beti, indar errepresiboaren elementuak kokatzen direla, hau da, funtzionario eta epaileen atzean beti-beti daude poliziak, ejertzitoak, kartzelak, borreroak eta torturak, baita estaturik horizontalen eta demokratikoenetan ere.

Bestenaz ere, argudio ildo honek gogorazten digu gaur egungo adostasun eta lasaitasun egoeren atzean daudela, besteak beste, lehenagoko beste garai batzuetako gatazkak, konkistak eta arma bidezko zapalkuntza.

Hertsapenaren teoriaren aurkakoek, edonola ere, aipatu ohi dute indarra ez dela, berez eta besterik gabe, gizarte ordena azaltzeko gai. Izan ere, gizarte ordena guztiak ez dira behartutako batasunean oinarritu, eta bai Historian zehar bai gaur egun, giza taldeak izan dira eta badira, beren gizarte bizitza estaturik zein inolako administrazio hierarkikorik gabe antolatu dutenak; are gehiago, lanean eta komunitatearen jarduerako beste zenbait alderditan, ez dute inolako maila edo status alderik onartu.

Gauzak horrela direnez, ordena politiko-sozialeko beste teoria batzuk ere landu beharko dira, hertsapenaren teoriak lagatzen dituen hutsuneak betetzearren.

 

Interesa lotura politikotzat

Beste teoriagile eta autore batzuek interes pertsonalean oinarritzen dute gizarte ordena. Gizartearen sorburu eta zelula gizabanakoa da, eta teoriagile hauek ahalegintzen dira gizabanakoen nahiak kolektiboaren behar eta ordenantzekin moldatzen, egokitzen, era harmoniatsuan betiere; lantzen duten ildo teorikoaren xedea, gizabanakoaren helburu partikularren eta komunitate politikoetako bizitza-antolaketaren arteko hesia gainditzea da.

Ikuspegi honetan, gizabanakoa da subjektu nagusia, eta funtsean indibidualismotik abiaturik, interes pribatua eta bizi garen ordena sozialeko postulatuak bateratu nahi ditu.

Hala eta guztiz ere, indar hertsatzailearen inguruan mugitzen diren ikuspegietan gertatzen den bezala, oinarri politikotzat interesa hartzen duen joera teoriko honek hainbat eskola eta teoriagileren lanetatik edan du, oso ideologia desberdinetatik inondik ere, eta kontraesanak ditu bere baitan.

Izan ere, interes indibidualaren defentsak oso bide desberdinak har ditzake: ez baita gauza bera interes indibiduala gizarte eraikuntzarako bide modutzat anarkistek hartzen duten bezala, –Piotr Kropotkin-ek zioen bezala, esate baterako–, ala liberalismo ekonomikoaren aitaren, hots, Adam Smith eskoziarraren erretorikan aipatzen den bezala.

Ikuspegi honen baitan, batzuek indibidualismoa erreibindikatzen dutenean kooperazioa dute helburutzat, eta mutualismoa, bide batez, eredu; beste batzuek, berriz, berekoikeria indibidualistari merituborroka lehiakor bat atxikitzen diote, gizarte ordenaren aberasgarri delakoan.

Horrela bada, derrigorrezko bereizketa bat egin behar da, interes kooperatiboaren eta interes lehiakorraren eskolen artean.

Lehenbizikoan sartuko ditugu Thomas Payne eta J.J. Rousseau, Proudhon eta Kropotkin anarkistekin batera inondik ere; autore horiek ikuspegi indibidualista eta, bide batez, igualitarista –berdinzale– batetik abiatu ziren, eta gizarte ordena komunitarioaren bertuteak azaltzen saiatu ziren, pertsonaren garapena izanik xede, eta borondate orokorraren defentsan oinarriturik.

Gizarte ordena zuzen batean, modu horizontalean antolatuta baldin badago, lanaren banaketak eta elkarrekiko kooperazioak berdintasunezko sariak ekarriko dizkiete, gizarteko kideei. Autore hauen ezaugarri komun bat «baikortasun antropologikoa» da, hau da, gizakiak gai dira autogobernurako, eta aske garatzeko; horrenbestez, oreka esparru posible bat ikusten dute, aldebatean norberaren askatasun eta nahiak direlarik, eta bestean gizartearen berdintasun, borondate orokor eta beharrak.

Aitzitik, Smithek markatu zuen ildotik abiatutakoak berezko desberdintasunak eta interes egoistak hartzen dituzte ordena soziala sortzeko lehen faktoretzat; halaz, gizartean lorpen onak izan daitezen lehia eta norgehiagoka dira osagarririk egokienak.

Norberaren merituaren tesi honetan oinarritu da filosofia ekonomiko liberala, aldi berean sistema kapitalistari euskarri teorikoa ere eskainiz.

Antzeko ikuspegi batetik, Spencer-ek gizarte darwinismoa proposatu zuen; haren ustez, gizartearen baitan lehia librea bultzatu behar da, zeren eta dinamika eboluzionista batez, gizabanakorik prestatuenek eramango baikaituzte aurrerapen mailarik gorenera.

Darwinismo biologikoaren teorietan oinarritu zen, eta gizakien arteko borroka bultzatu zuen; izan ere, borroka honek eragin onak ekarriko dizkio giza taldeari, izadian gertatzen den bezala hain zuzen, eta gehiagorako gai direnek ezarriko dituzte erritmoa eta arauak; moldatzeko gaitasunik ez duena, horrenbestez, bazterrean geratuko da, eta gizarte zama arinduko da horrela.

Esanak esan, lehian aritzeko zein harremanak izateko unean, gizabanakoek ez dituzte baldintza berdinak izaten, eta interes indibidualari buruzko teoriek ez dute gorabehera hori kontuan izaten; horra zein den teoria hauen arazo nagusia. Izan ere,gorabehera horrexek eragiten du sozialki lortutako ondasunen banaketa desorekatua, eta honen ildotik, etengabeko gizarte gatazkak heltzen dira.

Ostean, interes partikularraren teoriagileek arreta gutxi egiten diote gizabanakoen gizarte portaerari; jokaera komunak, hots, komunitateko bizimoduak ezarritako balio eta jarraibideak onartu izanak eragiten du portaera hau. Edonola ere, hurrengo ikuspegi teorikoan aztertuko ditugu argudio hauek.

 

Gizarte konpromisoaren eta balioei buruzko adostasuna

Denboran oso atzera jotzeke, teoria konduktistak ditugu. Hauetatik abiatuta, Talcott Parsons iparramerikarrak, adibidez, horrelako balio komun batzuen onarpen orokorrean oinarrituz azaltzen digu ordena sozialaren funtsa; izan ere ordenak, iraungo badu, ezinbestekoak ditu balio komun horiek. Parsonsen iritzian, halako gizarte ordena bat ezartzeko unean arau-adostasuna garrantzitsuagoa da lehen aipatutako interes materialak baino. Gizartean gutxieneko egonkortasun maila bat izateko, bertan elkarren arteko harremanetan diren gizabanakoek eta taldeek halako adostasun maila bat finkatu behar dute, gizarte eta politika portaerarako arauen inguruan finkatu ere.

Sistema sozialak eta botere politikoa antolatzeko, gizabanakoek elkarrekintzan jardun behar dute, balio komunez osatutako esparruan; esparru honetan, arauak instituzionalizatu egiten dira, eta hauek babesteko eta erreformatzeko interesak sortzen dira.Gizarte batean, balioek eta arauek moldatzen dute egitura eta kultura; halaz, gizarte ordena eta kohesioa izan dadin, ezinbesteko osagarria dira balio eta arau horiek. Era berean, teoria funtzionalisten aldekoek diotenez, gizarte ordenaren oinarria erakunde moral bat da, arauz, sinesmenez eta balioz osatua; hauek guztiak gizabanakoen gogoan antolatzen dira. Eta E.

Durkheim-ek zioen bezala, jendearen gogoan bilatu behar da gizarte ordenaren sorburua,hots, ikusi egin behar dugu jendeak nola betetzen dituen eginkizunak, eginkizun horiek norberaren sentimenduekin bat ote datozen alde batera utzirik.

Argudio honi jarraituz, adostasunaren teorien aldekoak gauza bat erakusten saiatzen dira, ezarritako gizarte sistema aldatzen ahalegintzen direnak oso gutxi direla alegia. Halaz, ongi ulertzen da zergatik gehienek betetzen dituzten lehendik ezarritako arauak eta balioak. Horrenbestez, dagoeneko gizakia ez da politikoki ezarritako gizartearen jatorri zelularra, baizik eta gizarte produktu bat, komunitatearen produkzioak emandako produktu bat, balio komun eta oro har onartuetan oinarriturik sortua inolaz ere.

Edonola ere, teoria konduktista eta funtzionalista hauen kontrakoek hainbat arazo planteatzen dute; hauek diotenez, teoria horiek balio komunak aipatzen dituzte, baina era berean adierazten dute balioak ez direla unibertsalak, eta gizarte batean ala bestean, komunitate bateean ala bestean desberdinak direla. Nolatan, bada, balio sistema desberdinak? Zergatik, bada, balio hauek denboran eta espazioan zehar aldatzea? Gainera, balioak eta jokaerak ez dira beti bat joaten. Hau da, gure psikologia eta gure jokaera ez doaz beti bide beretik; beraz, ez dugu beti gure balio kode onartu horren arabera jokatzen. Ezen balioak lotuta daude gure adimen-jarrerari, eta portaera, berriz, gure jarduera sozialari. Eta gure izatearen adierazpen hauen artean, kontraesanak izaten dira.

Ondorio gisa, esan beharra dago gure gizarte konplexuetarako oso egokia dela hiru hurbilketa teoriko hauek kontuan hartzea, gizarteon oinarriak eta aldaketak aztertzeko ikuspegi desberdinak izatearren; dena dela, beti izango dugu batera edo bestera jotzeko aukera, teoria bakoitzak eskaintzen dizkigun alderdirik aberasgarrienak baliatu ahal izateko. Eta gogoan izan, elkarren arteko aldeak asko diren arren, elkarren osagarri ere izan daitezkeela.

Hertsapenaren teoriak erakusten digunez, obedientziaren arrazoia zigorrari diogun beldurra da; interesaren teoriak, berriz, esaten digu asetasun pertsonalaren emaitza dela obedientzia; eta balio adostasunaren teoriari jarraituz gero, arau hutsa da obedientzia, geure buruari galdera asko egiteke betetzen dugun araua.

Hiru teoria hauetako lehenak, estatuaren eta gizartearen arteko aldea erakusten digu, eta gizarte kontrolari eta gatazkari garrantzi handia ematen dio; behar sozialen eta tresna politikoen arteko harremanak argitzen dizkigu bigarrenak (hauteskundeak, alderdiak, hedabideak, …); eta hirugarrenak laguntzen digu, tresna horienguztien elkarrekintzak sortutako arau eta balio konplexuak ulertzen.

Alabaina, aniztasun aberasgarriaren bidetik jatorrizko galderatik urrundu egingo gara, eta oso baso ilunean murgilduko, zeren eta bete-betean eroriko baikara estatuaren eta gizartearen, gobernatu eta gobernarien, eliteen eta masen arteko harreman konplexuen esparruan. Eta honetarako, lanabes finagoak behar ditugu, hertsapenaren, interesaren, edo balio adostasunaren teoria interesgarrietatik harantz eginez. Nolanahi ere, lan kolektibo honen beste atal batzuetan ikusiko ditugu aipatu alderdiok.

 

Botere politikoaren oinarri kontzeptuala

 

Autoritatea eta legitimitatea

Nikolas Machiavelo-k idatzi zuen bezala, botere politikoak bi elementu nagusi ditu, hurrenak hain zuzen: Potestas Hau da, indar hertsatzailea, zapaltzeko eta beldurtzeko gaitasuna. Alderdi ekonomikora ere heltzen da, zapalkuntza hutsetik harantz alegia. Edonola ere, lotura estua du egiaz gauzatu daitezkeen hertsapen mekanismoekin.

Autoritas Legearen erabileraz herriarengandik lortzen den legitimitate eta onespen maila da; horrexetatik esan ohi zaio “de iure”, zuzenbidez alegia.Elementu hauek biak beharrezkoak ditu botereak. Gobernari batek, bi hauetako baten ezean, boterea galduko du berehala.

Horregatik, diplomatiko italiarra gogotik ahalegindu zen bere “Printzeari” erakusten zein den bide egokia botere politikoaren elementu bi horiek eskuratzeko.

Ondoren, hurrengo galdera hau egin behar: Zergatik obeditzen dugu? Zergatik batzuek legeak egin, eta besteek legeak obeditu eta bete? Ezarritako legea bete nahi ez dugunean, isunak, kartzela edo zigorrak jasango ditugu.

Beldurra da jendeak obeditzeko duen eragile nagusia. Hala eta guztiz ere, beldurra ez da obeditzeko dugun arrazoi bakarra.

Zenbaiten ustez, ez ginateke bizi izateko gai izango, botere politiko antolaturik gabe; gainera, egia ere bada jende askok ohituraz onartzen duela bere gainean dagoen gobernaria.Max Weber irakasle eta soziologo alemaniarrak, XX. mendearen hasieran, “Politikoa eta zientifikoa” lana egin zuen; honetan zioenez, botere politikoak hiru bide ditu, legitimitatea eskuratzeko, hala nola:

 

Legitimazio tradizionala

Denboran zehar, edota denborak igaro ahala lortua. Batzuek, halako denbora batez agindu izanaren indar hutsez lortzen dute agintzeko eskubidea.

Erlijioak ere bere eginkizun osagarria betetzen du, eta errege/erreginaren gobernatzeko eskubidea, halaz, sakratua da, Jainkoaren nahia horixe baita. Eskubide historiko hauek dinastia batetik hurrengora igarotzen dira. Legitimazio mota honek kontzepzio antropologiko pesimista erakusten digu, eta bide batez, loturen eta gizarte kontrolerako agenteen beharra.

 

Legitimazio karismatikoa

Legitimazio mota honetan, pertsona batzuekiko obedientzia gauzatzen da, ohikoaz kanpoko gaitasunak dituztelako nonbait. Probidentziaren laguntzaz baliatuz, buruzagi batzuek aginpidea eskuratu, eta beren gaitasun bereziak direla-eta halako gizarte legitimazio maila handi bat lortzen dute; normalean militarrak eta diktadoreak izaten dira, ez ordea beti. Horrelakoen lekua nork hartuko, edota erregimena aldatzea, kontu latza izan ohi da. Izan ere, hauek jendeari agintzeko eta jendea nahi duten bidetik eramateko duten gaitasuna, ez da erraz aurkitzen.

 

Legezko , kontratu bidezko edo demokraziazko legitimitatea

Herriaren onespena lortzeko hirugarren bide honetan, gizabanako guztiak berdinak dira agintzeko zein agindua betetzeko unean; teoriak behintzat horixe dio. Inork ez du agindurik onartzeko obligaziorik, ezta agintzeko edo besteren eskubideak mugatzeko eskubiderik, harik eta besteren baimena edo onespena izan arte. Agintaria hautatu ondoren, guk hark agindutakoan obedientzia erakusten dugu, geure buruari obeditzea baita, eta betekizun politikoa, azken batean, autogobernurako tresna bat da.Hiru legitimazio mota hauek ez dira bereizten, eta konturik ohikoena elkarren artean nahasirik aurkitzea da.

Esate baterako, Espainiaren Historiako errege batzuek, Erdi Aroko Txindasvintok edo Rekaredok besteak beste, edota euskal istorioetako Amaiak berak, komunitateak hala erabaki ondoren eskuratu zuten aginpide politikoa. Gero, ordea, betiko mantendu zuten familiaren eskubide dinastikoa, eta hasierako kontratu bidezko legitimitate hura legitimazio tradizional bihurtu zen. Karismaz iritsitako aginpide politikoari dagokionez ere gauza bera gertatuohi da. Beti-beti legitimazio bide desberdinak topatuko ditugu, elkarren ondoan.

 

Estatu kontzeptua eta haren adjektiboak

Nazio Batuen Erakundean, gaur egun, 190 estatu inguru biltzen dira, eta gehiengehienak sortu berriak dira. Egun bizi-bizi dugun estatu eredura heldu aurretik, beste esparru eta eredu politiko asko baziren, nahiz eta orain estatua iruditzen zaigun eredu unibertsala.

Amerika, Afrika, Asia eta Ozeanian, oso gutxi landuta dago, eta idatzirik apenas, estatuaren aurretiko antolaketa moduei buruzko historia. Izan ere, gaur egun ezagutzen dugun estatu-antolaketa Europa zaharrak beste kontinenteetan zehar hedatutako eredua da, hots, azken 500 urte honetan zabaldua. Europar tradizioaren sorburu nagusiak bi dira, aztarna filosofiko grekoerromatarrak batetik, eta kultura judu-kristaua bestetik. Tradizio hau Europatik zabaldu da, bai maila militarrean, bai ekonomikoan, bai kultura arloan, Estatu Batuetara, Japoniara eta Australiara ailegatuz; Ozeania, Asia, Amerika eta Afrikako beste herrialde askotara ere iritsi da, inondik ere.

Historialari eta antropologoek diotenez, ‘Jatorrizko Estatuak’ dira estatu-antolaketaren sorburua; jatorrizko estatu horiek duela 5.000 edo 6.000 urte hasi ziren antolatzen zibilizazio zaharretan, hala nola Mesopotamia, Peru, Ertamerika, Grezia-Egeo edo Egiptoko zibilizazioetan. Lehen estatuantolaketa hauen bidez amaitu zen bizimodu komunitarioa, eta era berean baita lan komunal espezializatu gabekoari dagozkion harremanak ere; eta hala sortu ziren jabetza pribatua, soldaduak, poliziak eta administrazioaren burokrazia, hau da, lanaren gizarte banaketa heldu zen.

Estatu motak eta proposamenak asko dira. Era berean, mota hauek guztiek badituzte hainbat elementu denentzat berdinak.

Estatua definitzeko, esan dezakegu instituzio politiko bat dela, gizartetik kanpo edo gizartearen gainetik kokatua, gizarteari arauak emateko eta gizartearen harreman juridikoak arautzeko. Eginkizun hauek ditu estatuak:Estatu guzti-guztiek dituzte aipatutako bi betekizun horiek; adjektiboen kontua, inolaz ere, desberdina da. Estatu kontzeptua XIX. mendean hasi zen erabiltzen, monarkiak utzi zionean estatu eredu nagusia izateari. Edonola ere, kontzeptu hau Machiavelo italiarrak erabilitako l’Stato-tik hartua da. Hark politikaren autonomia eta Estatuaren arrazoia aztertu zituen, metodo induktiboaz baliatuz; azterketa historikoa eta bere garaian ziren estatu formen azterketa batera eraman zituen, eta errege ahalguztidunari (plenitudo potestatis) buruzko hausnarketa zientifikoa egin zuen.

Geroago heldu zen Estatu Modernoaren itxuraketa, iraultza burgesen eskutik; honek botere banaketa ekarri zuen (botere betearazlea, legegilea, eta judiziala), eta hauteskunde sistema ere bai. Honen teoriagile nagusiak Locke eta Montesquieu izan ziren.

Berriro abiatu ziren estatuaren izaerari eta sorburuari buruzko eztabaida teoriko sakonak. Kontraktualisten iritziz, estatuaren hasieran halako gizarte itun edo kontratu bat izan zen, eta honetan finkatu zen bake eta segurtasunerako adostasun bat. Ideia hauetan murgildu ziren Hobbes, Locke eta Rousseau. Beste batzuen iritziz, estatuareneginkizuna arbitroa izatea da, polizia edo zaindaria azken batean; teoria ildo honetan barna abiatu ziren, besteak beste, A.

Smith, utilitaristak, eta lehen liberalak.

Hegel-en arabera, berriz, estatua izaki biziduna da, interes propioak dituena. Honen ustez, estatuak zurgatu egiten ditu gizartearen interes kontraesankorrak, eta proiektu ideal eta goren baterantz bideratzen ditu, birmoldatuz betiere.

Karl Marx-ek beste adjektibo bat erantsi zion estatu kontzeptuari, zapaltzaile alegia.

Marxisten iritziz, estatua bera da klaseen arteko adostasun aukerarik ezaren, klase borrokaren adierazpen eta emaitza zuzena. Estatua indarrez sortu da, eta indarrez birsortzen da, eta indarrez beharko da amaitu; industriako proletarioen eginkizuna izango da, inondik ere, hori.

Estatu-Nazioa lurralde baten errepresentazio politikoa da; hau da, hartan bizi den herriaren ordezkaria. Hasieran Estatu liberala izan zen; ez zuen ekonomian esku hartzen, eta ordena publikoa mantentzea eta merkatua bakean izatea zuen helburu nagusia; burgesiak antolatzen zuen estatuaren alderdi politikoa. Honen beste muturrean Estatu-Gizartea dago («contradictio in terminis»); izan ere, anarkisten eta sozialisten iritziz, Estatu burgesa gainditu ondoren beste era bateko gizarte instituzio bat beharko da, egokiagoa, eta jendearengandik hurbilago antolatuko da boterea. Estatu esperientzia sozialistek Estatu-Alderdia eman dute, zeren eta alderdiak zuzentzen baitu estatua, eta azkenean elkarrekin nahasten dirabai estatua bai alderdi bakarra. Esperientzia honen ondoren Estatu kudeatzailea agertu da, sozialdemokratek, sozialkristauek eta errepublikanoek bultzaturik, Estatu administratzailearen aldekoak baitira. Estatu liberal kapitalista oinarritzat harturik, baina humanismo, pluralismo eta erreformismoaren bideak jorratuz, Estatu kudeatzaile edo asistentzialera helduko gara; honetan, ekonomia eta politika estu-estu egongo dira elkarrekin lotuta. Aipatutako azkeneko honek konponbide bat adierazten digu, liberalismoaren eta sozialismoaren artean, horixe gertatu da-eta mendebaleko demokrazietan.• Estatuak sortzen eta kontrolatzen ditu lege harremanak.

Hark ematen ditu arauak, goitik behera.

Gizarte zibilean, ohikoena onespen bidezko obligazioa da, hau da, itunaren emaitza da obligazioa; estatuarekin, berriz, legeak eta arauak kanpotik ezarrita heltzen zaizkigu, eta derrigorrez behar dira bete.• Estatuak beretzat gorde du bortxaren monopolioa.

Indarra erabiltzeko botere legitimoa duen erakunde bakarra da, bizitzaren segurtasuna bermatu eta babesa ziurtatzeko. Izan ere, bi botere balira, ezegonkortasuna eta gatazka sortuko bailirateke.

 

Demokrazia, askatasuna, berdintasuna, jabetza, segurtasuna

Hitz handiak, askotariko edukiz beteak.

Testu politikoetan erabiltzen dira, oso esangura eta testuinguru desberdinez erabili ere.

Beraz, hitzok aztertu aurretik garrantzi handiko bi ohar egin behar dira: – Kontzeptu hauek ez dira zentzu bakarrekoak; ez dira hitz unibokoak, eta une historikoaren eta erabiltzen diren kontzepzio politikoen arabera, halako esangura izanen dute.

– Gure helburua abstrakzioa alde batera uztea izango da, eta kontzeptuen erabilpen erretorikoaren atzean dauden errealitateak ezagutzea. Kontuan izan termino hauei buruzko ondorio finkorik ez dela.

Gizarte errealitatearen arabera, mugikorrak eta aldagarriak dira.

Beraz, termino hauek alderatu egin behar dira, erabiltzen diren gizarte errealitateekin.

 

Demokrazia

Kontzeptu hau oso zalua da, eta adjektibo pila itzela har dezake. Demokrazia liberala, kapitalista, burgesa, sozialista, organikoa, kristaua, herrikoia, zuzenekoa… Hitzaren jatorrira joz gero, eta demokrazia lortzeko ibilbide historikoan sakonduz, demokraziaren teoria greko-klasikotik abiatutako ezaugarri batzuk topatuko ditugu, oso gogoan izan beharrekoak inondik ere:Platon eta Aristoteles-ek, bere lanetan, demokrazia hartzen zuten aristokraziaren, tiraniaren eta monarkiaren kontrako gobernutzat; Erdi Aroaren amaiera aldean, terminoa berreskuratu egin zuten, eta Europako iraultza burgesek bere egin zuten (Locke, Montesquieu, Rousseau); geroago, XX.. endean, demokraziari buruzko korronte eta eztabaida berriak sortu ziren, bazireneta elitistak, pluralistak, marxistak, sozialdemokratak, komunitaristak, liberalak, kontserbadoreak, etab. Edonola ere, lehengo garaietan zein oraintxe bertan egiten den demokraziaren balorazioan, begirunez jokatu behar da, eta lehen aipatutako balio horien arabera. Horrela jakingo baitugu zertaz ari garen.• Herriaren nagusitasuna.

• Legitimitateak gobernuari emandako oinarria, hots, gobernatuen adostasuna.

• Legearen inperioa, eta gatazkak bideratzeko baliabide bakezkoena.• Ongizate publikoaren eta interes komunitarioaren babesa.

• Gizabanakoa-herritarra elementu arrazionaltzat eta aktibotzat hartzea.

• Eskubide berdinak guztientzat, denak berdinak legearen aurrean.

 

Askatasuna

Hitz hau erabiltzen dugunean, hainbat galdera egin behar dugu: Noren askatasuna? Zertarako? Noren kontrako askatasuna? Ezen beti gatazkaren bat sortzen da askatasunaren inguruan. Historian zehar, era askotako teoria eta adierazpenak izan dira askatasunaren inguruan.

Gaur egun bizirik diraute askatasunaren erabilera eta interpretazioari buruzko bi kontzepzio kontraesankorrek, eta horiexen inguruan arituko gara.

Lehen kontzepzioa askatasunaren dimentsio negatiboa da. Honen arabera, askatasunak berez dakar zerbait egiteko, edota zerbait proposatzeko mugarik eza.

Hau da, egin nahi dugunaren gainean ez kontrolik ez inolako zentsurarik ez izatea.

Halaz, ez dugu inolako debekurik, nahi duguna egiteko. Hauxe dugu askatasunaren ikuspegi liberala.

Bigarren kontzepzioa, berriz, dimentsio positiboa da. Dimentsio honek ahalegin bat egiten du, nahi duguna ebaluatzeko, eta nahi duguna egiteko baliabideak eta ahalmena eskuratzeko. Hau da, zentsura edo oztoporik ezaz gain, urrunago jotzen du, eta baldintza errealak eskatzen ditu, askatasun teoriko edo legezko hori egiaz gauzatu ahal izateko.

Gauzak hobeto azaltzearren, ikus dezagun, esate baterako, adierazpen askatasuna, sistema demokratiko orotan oinarrizkoa baita. Dimentsio negatibotik abiatuta adierazpen askatasunaz hitz egiten dugunean, esan nahi dugu ez dela izango inolako mugarik, eman nahi dugun mezua emateko, bai hedabide publikoetan bai pribatuetan; hau da, ez dugu inolako lege oztoporik izango.Alabaina, dimentsio positibotik ikusita, urrunago jo beharko dugu, eta aukera eskatuko dugu hedabideetan azaldu ahal izateko, lege, gizarte zein ekonomia mailako inolako oztoporik gabe. Hau da, posibilitate errealak nahi ditugu, baldintza egokiak hedabideetara heltzeko, erretorika hutsa gaindituz, eta edozein ideia azaltzeko moduaz.

 

Berdintasuna

Kontzeptu politiko honek eta oraintxe aipatuak, badirudi oso bestelako bideak jorratu dituztela. Askatasuna eta berdintasuna ez dira batera garatu. Eta munduan gero eta askatasun handiagoa dagoela dirudien arren, desberdintasunak bere horretan dirau.

Atzera Historiari atxikiz, esan dezakegu halako batean denak berdinak izan ginela, Jainkoaren aurrean behintzat. Kristautasunak lortu zuen aurrerapauso hau Erdi Aroan, baina hala eta guztiz ere, Ameriketako indioak ez ziren berdintasun kategoria horretara iritsi XVI. mendea arte. Gero heldu zen legearen aurreko berdintasuna, burgesiaren eskutik, eta aristokraziaren eskubideen kontra. Izan ere, formula honek moztu egin zituen nobleziaren eta goi mailako kleroaren pribilejioak; geroago, idatzitako konstituzioetan finkatu zen bide hau.

Hurrena aipa dezakegu hautatzeko berdintasuna, ideia liberal eta sozialdemokraten artean landua. Guztiok dugu aginpide politikora ailegatzeko aukera, aberatsak izan pobreak izan, eta guztiok bide berbera egin beharko dugu horretarako. Bozketa unibertsalak aukera hori finkatzen du, nahiz eta emakumeak, hainbat urtez, bozkatzeko aukerarik ez izan; are xelebreago atzerritarren kontua, zeren eta hauteskunde-erroldatik kanpo zeuden bazeuden ere, zergak ordaintzetik ez baitzeuden libre.

Ideal sozialistak eta komunistak agindutako berdintasuna ere gogoan izan behar da. Sozialismoan, bakoitzari egin duenaren arabera ordainduko zaio, eta hainbat neurri hartuko da, produkzio prozesutik kanpoko desberdintasunak aienarazteko. Komunismoan, alabaina, beharren araberako berdintasuna aipatzen da; hau da, klaseak eta desberdintasun sozialak gainditu ondoren, bakoitzari behar duenaren arabera emango zaio, ez sozialki eskaintzen duenaren arabera. Hainbat mendetan zehar iraun duten idealak dira, baina oraintxe, mende honen amaieran ikusi da mundu sozialistaren desegitea.

 

Jabetza

Denbora luzez, eskubideetan sakratuena jabetzarena izan da. Alabaina, eskubide hau izugarri aldatuz joan da mendeak joan ahala, zeren eta Historian jabetza mota asko izan baitira.Erdi Aroan jabetza feudala zen, nagusiki lurrean oinarritua; honek, edonola ere, zenbait muga bazituen, lur horren erabilerari buruz. Geroago, burgesiak garrantzia hartu zuenean bai gizartean bai esparru politikoan, mugarik gabeko jabetza indibiduala agertu zen.

Gaur egun, esate baterako Konstituzio espainiarrak jabetzaren eginkizun soziala aipatzen du; honen arabera, estatuak zenbait muga ezar diezaioke jabetza pribatuari, onura komunaren edo interes publikoaren izenean; hain zuzen ere, bide honexek justifikatzen du hainbat desjabetze.

Dena dela, kontzeptu honen inguruko eztabaidak oso sakonak izaten ari dira azken aldi honetan, ezen jabetza, merkatua eta plangintza berriro ari dira aztertzen, are gehiago Europa Ekialdean gertatutako aldaketen ondotik. Eta eztabaida horien berri izan behar dugu, kontzeptu honen bilakaera ezagutzeko. Izan ere, gogoan hartu behar dugu lehengo sistema sozialista burokratikoak bakar-bakarrik estatuari onartzen ziola produkzio baliabideen jabetza, jabetza kooperatibo eta komunitarioko formula apalago batzuekin batera inondik ere; eta gaur egun, merkatu kapitalistaren arauei moldatzeko arazo latzen eragilea horixe da, lurren eta produkzio baliabideen jabetza publiko masiboa pribatizatzeko prozesu zaila alegia. Eta are kontu korapilatsuagoa da, sozialista izandako herrialde horietako egoera ekonomiko eta soziala gero eta txarragoa delako.

 

Segurtasuna

Segurtasun terminoaren erabilera ere eztabaidagai izanen dugu, eta askatasunaren kasuan gertatzen den bezala, gutxienez bi ikuspegi eskaintzen dizkigu, hala nola:– Segurtasuna behar dugu, dagoeneko eskura duguna bakean gozatu ahal izateko.

– Segurtasuna behar dugu, duintasunez edo behar bezala bizi izateko.Eta bi ikuspegion arteko bereizketan datza, hain justu, arazoa. Izan ere, batzuentzat segurtasuna berme bat da, orain gozatzen ari direna mantentzeko; besteen segurtasuna, berriz, unibertsala da, eta segurtasuna lortu nahi duten guztiek dute hartaz gozatzeko eskubidea.

Oraindik ere asko dago justiziaz eta oinarrizko beste kontzeptu politiko batzuez idazteko, eta eremu dialektikoan sar gaitezke; baina oraingoz, gure asmoa zera da, irakurlea jabetzea kontzeptu hauen guztien erlatibotasun historikoaz. Eta jabetu ondoren, abstrakziotik jaitsiko gara, errealitate politiko zehatzari helduz, horixe besterik ez baitugu fenomeno politikoak ulertzeko bide.